Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Amona Ramona eta amona Joakina

Amona Ramona eta amona Joakina

Mikel Iturria 2021/01/08 19:00
Amarengana joan nintzen urteko lehen larunbatean eta familiako argazki albumak atera zizkidan. Arreta berezia jarri nien bere ama (Joakina) eta aitaren amaren (Ramona) erretratuei.

Ramona y Joakina, mis abuelas, este apunte en castellano

Amona Ramona (1899-1971) terriblea zen. Garai hartako argazkiak ezkontzetakoak izaten ziren normalean. Askotan ganberradak egiten ateratzen da. pic.twitter.com/SxkCAN4Scd

— Mikel Iturria (😷) (@iturri) January 2, 2021

Amona Ramona

1899an Irunen jaioa, 1920an izan zuen lehen alaba. Oiartzungo nobioa izan zen haurraren aita. Ez dakit zergatik, baina beste aldera pasa behar izan zuen gizonak. Umea hegoaldea eta iparraldea banatzen dituen puntu batera eramaten omen zuen Ramonak aitak alaba ikus zezan.

Ez zen harekin ezkondu: hiru seme-alaba zituen alargun batekin hasi zen amona. Gure birramonak esaten omen zion: «Errukituko haiz».

Harekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen. Azkena nire aita, 1932ko apirilean jaio zena. Handik hamabost egunetara hil zen gure aitona.

Beraz, Ramona alargundu eta zortzi haurrekin geratu zen. Bost bereak, beste hiruak zendu berriarenak.

Hiru hauek senarraren familiak hartu zituen. Batzuek diote amonak bideratu zituela haiengana, beste batzuek senarraren sendiak eman zuela urratsa, ez zegoelako oso gustura Ramonak ume haiek nola tratatzen zituen ikusita (jatekoak eta abar).

Gure aitak eta amonaren gainerako seme-alabek ez zuten izan harremanik hiru haiekin, nahiz eta horietako batzuk Irunen bertan jarraitu bizitzen.

Gerra Zibila iritsi eta Irun 1936ko irailaren hasieran erori zen Francoren esku.

Ezer gutxi dakit nik garai hartako amonaren bizimoduaz, baina bai kontatu zidala amak kaskamotz utzi zutela amona. Zergatik? Ideiarik ez.

Berriro esposatu zen Ramona: kasu honetan inguruko baserri batean morroi lanetan zebilen batekin. Nire kalkuluak eta datuak okerrak ez badira, amona senarra baino hamar bat urte zaharragoa zen. Haurdun geratu bai, baina haurra galdu egin zuen.

Bigarren aldiz alargundu zen. 1951n hil baitzen gizon hura, 41 urte zituela. Amonak 51-52.

Badakit amona estraperloan (kontrabandoa) aritu zela, kafearekin, adibidez. Osaba zaharrena ibili zen mendiz mendi gaulanean, gure aitak ere egin zuen bidaiaren bat edo beste.

Datu bat gehiago: amonak Irungo plazan (azoka) postu bat zuen. Ezagun samarra omen zen plazan.

1971ko abuztuan zendu zen, nik hiru urte nituela. Bere errain batekin haserretu omen zen. Bakeak egitera etorri erraina, amona hunkitu... eta hil.

Polaroid bakarra daukat gordea nire kaskezurrean. Baserriko sukaldeko harraska batean nago zutik, berak eusten nau atzetik. Leihotik begiratzen dut gurasoak nola alde egiten duten auto batean. Agur esaten diet.

Gure amak behin eta berriro esan izan dit txikitan ez nuela lo egiten gauez eta gurasoek lo gutxi egiten zutela horren ondorioz. Ama jaiki eta eguneko martxari heltzeko, amonaren ohean sartzen omen ninduen. Amonaren agurra: «Akabo nire loak! Ume puta hau...!!!»

Kar kar kar. A ze pertsonaia!

Amona Joakina

Amarekin ikusitako argazkietan, amona Ramona askotan ganberroarena egiten agertzen da ezkontzetako irudietan: xanpain botila edo kopa kamerari erakutsiz, zigarroa edo tabako paketea eutsiz, aldamenekoa musukatuz edo lepotik estutuz.

Amaren aldeko amona, berriz, ez da apenas agertzen etxeko albumetan. Galdetu nion amari eta esan zidan ez zela joan seme-alaben ezkontzetara. Eta garai hartan hori izaten zen ohiko photocall-a.

Esan dut gauez firin-faran ibiltzen nintzela jaio berritan. Askotan amaren aldeko baserrira bidaltzen nindute. Denak gustura (amaren aldetik ni nintzen lehen biloba), ni ere bai.

Polaroid bat ene buruan dagoena. Baserri horren azpialdean bazen arropak garbitzeko gune bat. Amonak arropa garbitzen zuen bitartean, kaka egiteko gogoa sortu zitzaidan eta han bertan egin nik. Izeba bat iritsi eta hari amonarena zela esan omen nion, amona bertan ez zela aprobetxatuz.

Aitona 1973an hil zen eta haren oroimen bakarra dut: egun batean idi parearekin (edo behiak ziren?) lurra goldatzen ari da. Bost urte nituen nik hura zendu zenean.

Amonarekin batera Joxepa ahizpa bizi zen, baita seme zaharrenak ere, biak ezkongabeak. Ahizpa biak elkarrekin bizi izan ziren beti. Zaharrek denbora gehiegi pasatzen bakarrik herritik urrundutako baserrian eta gure auzora etorri ziren laurak 1970eko hamarkada amaieran edo.

OHOko 8. maila arte (DBHko 2. maila izango da, ezta?) nire eskola izandakoa haien etxetik hurbil zegoen eta denbora asko pasatzen nuen amonarenean. Lo berarekin egiten nuen askotan.

OHO ikasketak amaitu eta Irunera joan nintzen ikastera. Orduan urrundu egin nintzen amonarengandik.

1980ko hamarkadaren erdialdean, bere seme gazteena joan zen (urte hasieran 80 urte egin dituena) harekin bizitzera, emaztea eta hiru seme-alabak barne. Norbaitek zaintzea tokatzen zitzaion.

1991ko ekainean hil zen, San Juan bezperan, 85 urte zituela. Zuzenbide ikasketak bukatzen ari nintzela, azterketa garaia bete-betean.

Lanean ezagutu nuen beti, besteei erabat emana.

Orain pasa zait burutik zer nolakoa izango zen berarentzat baserria uztea eta lau altuerako etxebizitza blokean pasatzea bizitzako azken hamar-hamabost urteak.

Amona Ramona eta Joakina bezalako emakumeentzat Ruperrek idatzitako «Aspaldian» kantua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter