Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Messi Etxe Zurian

Messi Etxe Zurian

Mikel Iturria 2026/03/21 08:00
Inter Miami da MLSko azken txapelduna. Horregatik joan ziren futbolariak Etxe Zurira martxo hasieran. Argentina, AEB, Trump, Messi, Israel, Iran, Golkoa, eta abar.

Jarraitzen ditudan podkastak eguneratu egin nituen aurreko batean eta Ezequiel Fernández Moores kazetari argentinarrak Buenos Aireseko irrati batean gidatzen duen Era por abajo programaren saio berri bat agertu zitzaidan: Trump eta Messiren arteko topaketa jorratzen zuten bertan.

Messi en la Casa Blanca, este apunte en castellano

Fernández Moores 68 urteko kirol kazetari zentzuduna da, orain gogoan ez ditudan arrazoiak direla medio, duela zenbait urte ezagutu eta geroztik jarraitzen dudana. Futbol kontuak jorratzen dituzte aipatu irratsaioan eta noizean behin entzun egiten ditut haien esanak, gaia interesgarria iruditzen zaidanean.

Fernández Mooresek La Nación egunkarian ere argitaratzen ditu zutabeak. Kasu honetan, gainera, gai berbera aipatu zuen joan den asteko kolaborazioan. Hasiera esanguratsua du:

Hubo un acto público en el que, deliberadamente, Leo Messi decidió no aplaudir. Sucedió el 16 de mayo de 2019, en el Auditorio Forum de Barcelona. Messi, junto a muchos más, recibía la Creu de Sant Jordi por sus servicios a Cataluña. Por ser “el mejor futbolista de todos los tiempos”. Y por su “humildad, honestidad, aprendizaje, creatividad, sentido de equipo y respeto”. El presidente de la Generalitat, Quim Torra, cerró el acto pidiendo por líderes independentistas encarcelados. El público (unas 3000 personas) y los premiados aplaudieron unidos al grito de “libertad a los presos políticos”. Pero Leo, ubicado en el centro de la escena, a la vista de todos, cerró su boca y bajó las manos. “Muy bien”, felicitaron su gesto hasta en El Chiringuito, el programa de TV que cuida los intereses de Real Madrid.

Argentinan zeresan handia eman du Messi Etxe Zurian agertu izana Trump-ekin batera. Ángel Cappari, adibidez, ez zaio batere gustatu. Esan bezala, eta zehatzago esanda, taldeak egin zion bisita Trumpi. Inter Miamik irabazi baitzuen iaz MLS txapelketa. Horregatik joan ziren presidentearengana.

Une esanguratsuan gertatu zen topaketa: Estatu Batuek eta Israelek egun batzuk lehenago hasi baitzuten Iranen aurkako erasoa. Besteak beste, dozenaka haur hil zituzten eskola baten kontra eginiko erasoan. Eta betiko moduan aritu baitzen gizon laranja denen aurrean.

Inter Miami, Floridako taldea, 2018an sortu zuen David Beckham kide zuen inbertsore talde batek. Gaur egun, Mas Canosa anticastrista ezagunaren seme den Jorge Mas da jabe nagusia. New York Times egunkariaren kirol kazetan, The Athletic, agertutako elkarrizketa batean esan berri du 70-80 milioi dolar pagatzen dizkiotela urtero Argentinako izarrari. Ez dena dirutan, tartean klubeko akzioak ere baitaude.

Esan beharra dago David Beckham ez zela Etxe Zuritik pasa, Europan lehendik hartutako konpromisoak zituela argudiatu baitzuen.

Era por abajo saioan Fernández Mooresek berak aipatu zuen Financial Timeseko kazetari den Simon Kuper-ek New York Timesen hilabete hasieran sinatutako artikulua. Simon Kuper, Oxford eta Harvard unibertsitatean ikasitakoa, da Football Against the Enemy eta Soccernomics liburuetako egilea. Azkena Stefan Szymanski-rekin batera idatzitakoa da eta biblia moduko bat da kirol honi dagokionez. Gauza da Kuperrek diola ez duela inoiz ikusi munduan zehar gaur egun estatubatuarren kontra dagoen giro hau.

Fernández Mooresen saioan Adrián Paenza izan zen gonbidatu nagusia. Ez nuen ezagutzen, baina entzunaldian jakin nuen matematikari, unibertsitate irakasle eta kirol kazetari argentinarra dela. 77 urte ditu eta bizitza Argentina eta AEBen artean egiten du. Saskibaloia eta futbola ditu gustuko eta harreman handia izan du Maradona, Guardiola eta enparauekin, besteak beste.

Paenzarekin eginiko solasean aipatu zuten udan AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatzekoa den gizonezkoen munduko futbol txapelketa. Oker ez banago, AEBek 13 egoitza izango ditu. Horietako 11 hirik Alderdi Demokratako alkatea dute, beste batek demokrata izandako eta gaur egun errepublikarra dena; azkena, berriz, ez bateko ez besteko politikaria da. Beraz, esan daiteke udako norgehiagoka AEBetako alde demokratan jokatzekoa dela, baina ikusteko dago Trumpek zer nolako interesak dituen hiru hilabete barru. 

Hainbat hiri egoera zailean daude. Eta horretan Gobernu federalaren itxierak badu zerikusia, Washington baita dirua jarri behar duena hirietako hainbat azpiegitura garatzeko. 

Estatu Batuetan futbolak zer interesa piztu dezakeen ere aipatu zuten solaskideek. Are gutxiago (edo gehiago) bertako taldea hasierako fasean kanporatua izanez gero.

Gogoratu beharra dago ere Irango selekzioa sailkatuta dagoela, baina ezin jakin AEBetara joango ote diren, han jokatzea tokatuz gero.

Amaitzeko, gogoratu beharra dago 2030eko txapelketa Espainia, Maroko eta Portugalek antolatuko dutela. Donostia eta Bilbo daude egoitza izateko zerrendan. Egun hauetan, FIFAko ordezkariak bisitak egiten ari dira. Ez dirudi Donostia aukeratua izango denik. Urtea amaitu aurretik izango dugu horren berri. 

Bonus Track: Fernández Mooresen azken zutabean aipatzen du futbolaren mezenas diren Golkoko petrodolar ugari horiek kolokan daudela une honetan. AEB eta Israelen erasoaren beste zeharkako ondorio bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter