Ana, Andoni eta Leire
Aspaldian nahi nuen Irungo Meaka auzotik buelta bat eman Aiako Harriko parketik barrena. Batez ere, Aitzondoko ur-jauzia ikusi nahi nuen.
Ana, Andoni y Leire, estas líneas en castellano.
Iritsi ginen bertara, ikusi genituen ikusi beharrekoak eta gero Enbido eta Meazuritik barrena jarraitu genuen.
Elurretxe aparkalekutik gertu samar, lagunak gaizki zapaldu eta erreka batean erori egin zen. Ez zuen minik hartu, baina blai eginda atera zen uretatik.
Pixka bat atzerago topo egin genuen bikote gazte batek esan zigun onena izango zela Elurretxera hurbiltzea eta han baten batek eramango gintuela guk autoa genuen tokira, Ola sagardotegiko atarira. Bost bat kilometroko bidea zen.
Eguraldi ona lagun, hogei bat minututan iritsi ginen Elurretxeko aparkalekura. Auto asko zegoen bertan, baina lehen asmoa izan zen Irungo taxi zerbitzura deitzea.
Kostatu zitzaidan telefono estaldurarekin arazoak izan nituelako. Bosgarren ahaleginean lortu nuen bertako telefonistarekin hitz egitea. Aipatu nion taxi bat behar genuela handik Ola Sagardotegira jaisteko. Hori bai, abisatu nion taxistak manta bat edo antzeko zerbait ekartzeko, laguna blai eginda baitzegoen eta ez genuela taxia busti nahi.
Hori entzun zuenean, telefonistak esan zidan ezetz, bustita baldin bazegoen, taxistak ez gintuela eramango. Bigarren aldiz esan nion, manta edo antzeko zerbait jarrita ez genuela autoa izorratuko. Berak bigarren aldiz berretsi zidan taxiak ez daudela horretarako. Agur esan nion eta ataka hartatik nola atera pentsatzen jarri nintzen.
Telefonoa estaldurarekin arazoak nituenean, emakumezko bati galdetu nion ea telefonorik ba ote zuen berak. Deia moztu nuenean eta ikusi zuenean ez genuela lortu taxia, berak bere burua eskaini zuen gu jaisteko.
Iritsi berriak ziren Elurretxera. Anak eta bi seme-alabek, Andonik eta Leirek, orduan zuten mendi buelta bat hasteko asmoa.
Jaitsi gintuen Ola sagardotegira, aldatu zituzten goiko planak (bueltaxka behean egingo zutela esan zigun Anak). Eskertu genion egindakoa, baita telefono zenbakiak trukatu ere.
Larunbatean, urtarrilak 3, itzuli ginen Irunera eta Elkarrek Colon hiribidean duen dendan (Bertso-Hop) detaile bat utzi genien Anari eta seme-alabei, Aiako Harria eta Jaizkibel barrena hainbat ibilibide egiteko liburuxka.
Errege bezperan jaso zuten eta mezu bat bidali zigun Anak: ibilbide horiek egiterakoan gurekin gogoratuko direla.
Gu ere onerako gogoratuko gara beraiekin eta ez, aldiz, Irungo taxi zerbitzuarekin.
