Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Rodrigueztarrak: Txani eta Yeyo

Rodrigueztarrak: Txani eta Yeyo

Mikel Iturria 2021/01/17 08:45
Ostiral goizean bi elkarrizketa entzun nituen DK Irratiko «Ispilu Beltza» saioan: Txani idazlea ezagutzen nuen, baina ez nuen Yeyo musikariaren berri.

Los Rodríguez: Txani y Yeyo, este apunte en castellano.

Txani Rodríguez

2020ko abuztu amaieran itxi zituen ateak Irungo Brönte liburu-dendak. Loturan ikusiko duzue Ylenia Benitori eginiko azken bisitan idatzitako lerro batzuk.

Orduan ez nuen esan, baina azken bisita hartan Txani Rodríguez-en «Los últimos románticos» liburua erosi nuen.

Abuztuan bertan irakurri nuen. Di-da irakurtzen diren horietakoa baita, besteak beste ez delako luzea.

Di-da irakurri ahal izatea gauza bat da eta liburuaren oihartzunik norberaren buruan ez gelditzea bestea. Eta hau buruan geratzen den horietakoa da.

Eta hori diot irakurritakoa azkar samar ahazten dituen pertsona izanik, tamalez.

Garai pandemiko hauetan, urte hasierako helburuetako bat da astean behin kultur ekitaldi presentzial batera joatea. Ea zertan gauzatzen den.

Ostiralean bertan, urtarrilaren 15ean, Okendo Kultur Etxean egon ziren Txani Rodríguez eta Ylenia Benito, biak mano-mano, liburua aurkezten. Ekainean kaleratu bazen ere, apenas izan duen aukera egileak jendaurrean aurkezteko (oker ez banago, bakarra oso edukiera mugatuarekin Bilbon).

75 bat minutuko saioa egin zuten biek, arimarentzako elikagai goxoa.

Ekitaldi hasieran Yleniak liburuaren eskaintzak aipatu zituen. Bigarrena ekarriko dut hona:

Y a todas las personas que fueron amables conmigo alguna vez (Eta noizbait nirekin atseginak izan ziren lagunei).

Pertsona atseginak. Eta toki atseginak. Eskertzen dira pertsona atseginak, are gehiago toki desatseginetan.

Gu bezain galduta dagoen Irune protagonistaren mundutik zehar eraman gintuen bikoteak. Laudioren antza duen herri batean bizi den 40 bat urteko emakumea da, industria hilzorian duen herria, garai bateko lan baldintzak pikutara doazen papertegi bateko langilea. Bakarrik bizi bai, baina ez isolatua, bizilagunei gertatzen zaiena axola baitzaio (bereziki aldameneko andre edadetuarengatik kezkatzen da, seme alproja eta tratu txarren emaile denarekin bizi baita gaixoa). Inoiz egingo ez dituen bidaiak planifikatu eta erreserbatzen dituena tren konpainiako telefonoan, baina hariaren bestea aldean bere amodio platonikoa den ahotsa agertzen denean soilik.

Nahi baduzue, entzun Cristina Tapiak Txani Rodríguezi eginiko elkarrizketa (57. minututik aurrera).

Yeyo Rodríguez

Irratsaioan bigarren Rodríguez bat ezagutu nuen, Txanirekin soilik abizena partekatzen duena.

Sergio Rodríguez Vitta (aka Yeyodrummer) Bogotan jaiotakoa da. 40 urteko langaren bueltan dagoen bateriak, ama bogotarra eta aita donostiarra ditu. Berak ere jaiotzetik ditu gurasoen nazionalitate biak.

Bogotako La Severa Matecera taldearekin hasi zuen ibilbidea, eta haren curriculumari erreparatuz gero hainbat taldetan ibili da 1996tik hona. Rock, funk, reggae, soul... doinuetan murgildu bada ere, gaur egun inprobisazioa, jazza, du eremu gustukoena.

Kolonbia, Erresuma Batua, Herbehereetatik... pasa ondoren egun Donostian bizi da. Eta Musikagelan ari da erresidentzia bat egiten (Buenawista Prolleckzioms-ek Donostia Kulturarentzat kudeatzen duen zerbitzua).

Estudioko musikari eta ekoizle izateaz gain, Yeyoren egungo proiekturik kuttunena DOS Musika da (orain Ibon Irijoa saxo-jotzailearekin batera). Abuztuan Kutxa Kultur Gauetan egon zen Tabakaleran eta urtarrilaren 31n, agintariek kontrakoa esaten ez badute, ¡Be! Club-en egingo du bikoteak agerraldia.

Behean utziko dizuet Yeyok aitari eskainitako In kanta.

Oier Aranzabalek eginiko elkarrizketa hemen entzungai (7. minututik aurrera). Ibilbidearen errepaso polita egiten du eta nabari zaio honi ere pertsona jatorra dela, atsegina Txaniren hitzak erabiliz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter