Stephen Miller, Trumpen aholkularia
Jonathan Blitzer elkarrizketatu zuen Silvia Viñasek El Hilo izeneko podkastean, gaztelaniaz. Hura transkribatzeko erreminta bat erabili dut eta gaztelaniazko blogean jarri dut transkripzioa: Miller y la política del enemigo interno.
Trumpen inguruan izen batzuk besteak baino ezagunagoak egiten zaizkit niri: J.D. Vance presidenteordea, Marco Rubio estatu idazkaria, Pete Hegseth, Defensa idazkaria...
Dena den, podkast honetan atera zait izen bat niretzat erabat ezezaguna zena: Stephen Miller. Kalifornian 1985ean jaiotakoa, Trump-engandik oso gertu egon da Donaldek Estatu Batuetako presidente izateko lehia abiatu zuenetik.
2020an Blitzerek Miller-en profila egin zuen eta podkastean horri buruz galdetu zion Silvia Viñasek New Yorkerreko kazetariari.
Jonathan Blitzer: [Millerek] oso ikuspegi pertsonala du, bera pertsonalki sentitu delako migrazioagatik mehatxatua. Erridikulua da, baina, Los Angeleseko haurtzarotik, berak pentsatu izan du herrialdea urtzen ari zela Estatu Batuetako usadioak eta tradizioak asimilatzeko gai ez ziren beste herrialdeetako migranteen etorreragatik.
Trumpen lehen administrazioan boterera iritsi aurretik, pailazo moduko bat zen komunitatearentzat, baita errepublikanoentzat ere, migrazioari buruzko ikuspegi hain desitxuratua izateagatik. Trumpekin batera Etxe Zurira iristerakoan, abantaila bat zuen, presidentearen aholkulari fidelenetako bat izategatik, Trumpen kanpainaren lehen unean, denek iseka egiten ziotenean, Millerrek Trumpen alde egin baitzuen erabat. Eta hori oso garrantzitsua zen Trumpen zirkuluetan, boterea kontsolidatzeko balio izan ziolako eta migrazio kontuetan Trumpen lehen gobernuan aditu nagusia bihurtu zelako.
Trumpen lehen gobernuan gauza asko lortu zituen: errefuxiatuak prozesatzeko sistema aldatu zuen, Estatu Batuetako migrazio sistemaren legeriako hainbat kontu ere aldatu zituen.
Azken finean, Trumpen lehen administrazioan, Millerrek bazuen bisioa, baina eskarmentua falta zitzaion.
Urteak pasa ditu orain bizi duen une honetarako prestatzen, boterea hartzeko une honetarako.
Gainera, [lehen agintaldian] administrazioko beste kide batzuk, konbentzionalagoak edota Estatu Batuetako burokrazian pisu nabarmena zuten hainbat funtzionariok, aurre egin zezaketen Millerren inpultso oldarkorrenen aurrean. Gaur egun ez dago halako filtrorik eta berak nahi duena egin dezake. Eta ikusten ari gara zeintzuk diren ondorioak.
(...)
Berak orain eragin paregabea dauka Etxe Zuriaren baitan eta administrazioa ari da exekutatzen agenda aurkariak kriminal eta terrorista bihurtzeko. Eta honek jasotzen du zein den Millerren ikuspegia.
