Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Kirol kazetari frantses bat preso Aljerian

Kirol kazetari frantses bat preso Aljerian

Mikel Iturria 2026/01/11 21:53
Christophe Gleizes izeneko kirol kazetari bati zazpi urteko kondena jarri zioten pasa den udan Aljerian. Haren abokatuak dio bahituta daukala Aljeriak. Frantzia eta Afrikako ipar aldeko herrialdearen arteko gatazkaren beste adibide bat. Sareetan #FreeGleizes ez da asko mugitu.

Ez nuen Christophe Gleizes auzia ezagutzen eta aurreko batean Panenka aldizkariaren Brazalete negro izeneko podkastean iritsi zitzaidan berria. Aitor Lagunasek gidatzen duen programak saio berezia eskaini baitzion gaiari. Horretarako Sofoot aldizkariko erredakzio burua, Javier Prieto-Santos, eta abokatua, Emmanuel Daoud, elkarrizketatu zituen. 

Prieto-Santosek kontatu zuen Gleizes 2024ko maiatzean bidali zuela Tizi Ouzoura bertako JS Kabylie futbol taldeari buruzko erreportaje bat egitera. Kazetaria ez dago plantillan eta free lance moduan aritzen da.

Nik Aljeriaz gutxi dakit, bertako futbolaz are gutxiago. Diotenez, JS Kabylie da Aljeriako ligako talderik indartsuenetako bat. Nortasun berezia dauka Kabiliak eta hori ere nabaritzen da klubean.

Iritsi eta berehala poliziak atxilotu egin zuen kazetaria, entrenamendu bat ikusten ari zenean. Libre utzi zuten, baina goizero eta gauero sinatzera joan behar izaten zuen polizia-etxera edo. Epaiketa egin eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten terrorismoaren apologia argudiatuta. 2025aren amaieran helegitea ez zioten onartu eta bere horretan utzi zuten epaia. Gleizes gaur egun kartzela batean dago.

Diotenez, hainbat kontu nahasten dira: alde batetik, kazetari honek segimendu berezia egin zuen 2014ko abuztuan Kabylie taldeko jokalari zen Albert Ebossé Bodjongo kamerundarraren heriotzaz. Harmailetatik «zale» batek harria bota, buruan jo eta handik ordu batzuetara hil egin zen.

Bestetik, eta hau izan daiteke gakoa, Kabiliaren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideekin izan omen zituen harremanak kazetariak aurreko bi bisitatan. Mugimendu hori Aljeriako estatuarentzat erakunde terrorista da 2021etik. Sofoot-eko buruak zein abokatuak diote beti ere kazetari baten lanean eginiko kontaktuak direla.

Horretaz gain, Frantzia eta Aljeriaren arteko harremanak ez daude unerik onenean. Horregatik dio abokatuak presoa bahitu bat dela kromo aldaketetarako. Duela aste batzuk Aljeriako presidenteak askatu egin zuen Boualem Sansal idazle frantziarra.

Sofoot-eko erredakzio burua, Prietos-Santos, oso negatibo zegoen Aitor Lagunasek elkarrizketatu zuenean. Errudun sentitzen zen kazetaria Aljeriara bidali izanagatik erreportaje hori egitera. Eta oso kritiko agertzen da Frantziako politikariekin, baita bertako futbol erakundeekin ere. Adibide moduan, Parisko PSGko zalea omen da Gleizes eta hain klub indartsuak apenas agertu duen bere babesa txio ziztrin baten bidez.

Mugarik Gabeko Kazetariak dio bera dela kartzela batean dagoen kazetari frantses bakarra.

Arraroa iruditu zait gai honek gurean ez izatea inolako oihartzunik. Edo agian da ni ez naizela enteratu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter