Euskal komikigileek Frantziako merkatuan ateratako albumak
Euskal komiki-merkatua eta -industria txikiak dira oso, eta bertako komikigileak kanpoan argitaratu beharrean aurkitzen dira. Frantziako merkatua da handienetako bat eta, aldi berean, baita exigenteenetako bat ere. Baina gure egileek han arrakastaz publikatzen jarraitzen dute.
Julen Ribasek (Azken garaipena Euskadi literatura saria irabazitako komikiaren marrazkilaria), esaterako, bi album kaleratu ditu Frantzian 2013an Ankama argitaletxearekin. Kerubim 1 eta Kerubim 2 dira, biak Eric Hérenguelen gidoiarekin.
Mikel Begoña (Komikeri blogaren egilea) gidoilari eta Iñaket marrazkilari dituen El pico de los cuervos - Matar a Franco (duela gutxi hitz egin genizuen berataz) ere herrialde hartan atera da, Cambourakis argitaletxearen eskutik eta Le bec des corbeaux - Abattre Franco izenburuarekin.
Azkenik, Markok serie berri bat hasi du Bamboo argitaletxean Béka gidoilariarekin, herrialde ezberdinetan zeharko bidaiak umorez kontatzen dituena. Iaz eta aurten artean lehen bi albumak atera ditu: Voyage en Chine eta Voyage en Inde.
Zorionak denei eta segi horrela! Eta ea noizbait euskaraz ere ikusten ditugun!