Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Basaurikomik 2005: Basauriko komiki astearen lehenengo edizioa

e-gor 2005/04/26 21:45
Maiatzaren 5etik 8ra
Basaurikomik 2005: Basauriko komiki astearen lehenengo edizioa

Irudia: Danimaiz

Kultur Basauri elkarteak eta EIEP (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala)-ek antolatuta, maiatzaren 5etik 8ra egingo da Basauriko I Komiki Astea.

Hauek dira bertan antolatuko diren ekitaldiak:

Maiatzaren 5a, osteguna

  • 19:00tan: Hitzaldia. "La historia de un cómic: La pipa de Marcos". Javier de Isusi eta Fernando Tarancón.

Maiatzaren 6a, ostirala

  • 18:30ean: Mahaingurua. Egile gazteak. Alex Orbe, Enrique Vegas eta Víctor Santos.
  • 21:00etan: Music & Art. Miopía eta The Sinclair taldeak eta Danimaiz eta Javier de Isusi ilustratzaileak.

Maiatzaren 7a, larunbata

  • 18:30ean: Mahaingurua. Habeko mik. Juan Manuel Díaz de Guereñu, José Ibarroña, Rober Garay eta Carlos C. Borra.
  • 19:00tan: Ganorabako sarien banaketa.
  • 19:30ean: Cortomanía proiekzioak.

Maiatzaren 8a, igandea

  • 11:30ean: Komikia kalean. Gazte Leku fanfarrea eta Alberto Pecharomán eta Imanol Balenciaga karikaturistak.

Oharrak

Hitzaldi, mahainguru eta beste ekitaldiak zein hizkuntzatan izango diren ez dakigu. Programa gaztelaniaz iritsi zaigu eta itzuli egin dugu, izenburuak izan ezik.

Berri hau La cárcel de papel webgunetik hartu da.

Komikiak, Espainiako monarkia, blogak eta beste

e-gor 2005/04/24 00:30
Magneto - Juan Carlos Borboikoa aferaren inguruan
Komikiak, Espainiako monarkia, blogak eta beste

Irudia: Alberto Schommer / Mike Mayhem

Espainiako Erret-Etxea eta eguna beroni ipurdia zuritzen ematen duten Espainiako medioak (hau da, ia guztiak) aztoratuta omen daude astearte honetan, hilak 19, Telecincok berria eman zuenetik: Marvel etxeak uda honetan aterako duen "House of M: The Pulse" komikian Magneto irudikatzeko Espainiako erregearen argazki ofizial bat erabili dutela, Espainiako Armadaren Kapitain General gisa agertzen den argazki bakarra hain zuzen ere (komiki hau What if edo "Zer gertatuko zen baldin eta..." unibertso paraleloen seriekoa da, eta bertan Magneto mutanteen errege izatera iristen da).

Berria ez da hain berria, komikien blogosfera jarraitzen dugunok aspaldi genekien. Eta gainera ez da lehenego aldia horrelako zerbait gertatzen zaiona Espainiako monarkiari...

Notizia eta bi argazkiak komikiei buruz Espainian dagoen blog onenak, Álvaro Pons-en "La cárcel de papel"-ek, argitaratu zituen apirilaren 8an. Eta komikizaleon katxondeoaz gaindi ez zuen inongo eraginik izan. Medio tradizional baten agertu zen arte.

Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da hau. Gaur egun, sarri gertatzen zait blog baten berri edo erreportaje bat irakurtzea eta medio tradizional baten handik denbora batera ematea. Blogosferan gaur egun dagoen jende kopurua eta medioaren dinamikotasuna dela-eta, blogak aurrea hartzen ari zaizkie telebista, irrati, egunkari eta enparauei. Eta azken hauek gero eta gehiago erabiltzen dituzte blogak informazio iturri gisa. Blog tematikoek, komikiei buruzkoek adibidez, segituan izaten dute edozerren berri eta ia instantean argitaratzen dute, eta horrelako konpetentzia sano bat ere egoten da nork berri baten primizia eman. Anekdota gisa, esango dut nik beste inon irakurri edo entzun aurretik Frantziako Neuvième Art blogean jakin nuela ia zuzenean aurtengo Angoulèmeko komiki festibalean sari nagusia Marjane Satrapik irabazi zuela, eta nire blogean Espainiako beste edozein blogek baino lehen publikatu nuela (gero beste blog batek eman zion meritu hori bere buruari, euskarazko blogosfera beste mundu bat baita, baina nik harrotasuntxo hori izango dut beti).

Jarrai dezagun hariarekin. Telecincok astearte honetan berria eman zuenetik, gauzak nahastuz joan dira: La cárcel de papel erorita, Espainiako Erret-Etxeko zerbitzu juridikoak neurriak hartzea aztertzen... Lurrikara!

Espainiako komiki-blogosferak, zorionez, ez dauka monarkiarekiko herrialde horretako jende gehienaren iritzi bera. Blog gehienetan aipatu dute, beti barre-tonuan eta asuntoari garrantzia kenduz. Izan ere, liburu, film eta komikietako pertsonaia asko eta asko pertsonaia errealetan inspiratuta egon dira. Hala ere, komentarioetan ez da falta garrantzia kentzen ez dionik, arrazoi hauengatik:

  • Magnetoren irudia ez dago erregearenean inspiratuta soilik, guztiz anaroseatuta baizik.
  • Erregea edo beste norbait izan, irudi- eta egile-eskubideen urraketa garbia dago; egile-eskubideak Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrarenak dira
  • "Inspiratutako" pertsonaia ere ez da nolanahikoa, diktadore ero bat baizik! (Magnetori buruz ari naiz)

Edonola ere, aurrez ere oinarritu izan dira Borbondarretan komiki-pertsonaia bat sortzeko. El Gatu-ren blogean jakin dut Hergé ere Tintin-en Le sceptre d'Ottokar komikiko Muskar XII Syldaviako erregea eta Alfonso XIII-ren arteko erlazioarena:

Alfonso-Syldavia
Irudia: Hergé / Philip Alexius de Laszlo

Egia da kasu honetan antza ez dela hain erabatekoa eta ziur aski Europako beste erregeak ere antzera jantziko zirela garaiotan, baina inspirazio hori dagoela pentsatzeko beste arrazoi batzuk daude: Tintinen abentura horretan, Muskar erregeak bere burua ia-ia abdikatzera behartuta ikusten du (azkenean, noski, Tintinek salbatzen du egoera); Alfonso XIII-k abdikatu egin zuen 1931n, komikiak 1939an argia ikusi baino 8 urte lehenago. Orduan ez zen horrelakorik muntatu... Agian Muskar istorioan pertsonaia on gisa agertzen delako? Edo urte hartan bazutelako arduratzeko gauza garrantzitsuagorik horrelako tontakeriak baino...

Edozein modutan, nork esango zidan niri Borboi baten argazkiren bat jarriko nuela nire blogean... Ba baten faltan, horra bi!!!

Moblogging-ak porrot

e-gor 2005/04/23 00:42
Ezin IEB 2005en argazki kronikarik egin

Gaur ezin izan dut Miramondik Informatikari Euskaldunen V. Bilkuraren moblogging-ik egin. Mezu bat posteatu ahal izan dut, baina gero telefono mugikorra arazoak ematen hasi zait.

Atzo idatzi nuen bezala, telefono mugikorra eramatea erabaki nuen, nahiz eta ez nengoen ziur erabiliko nuen. Baina goizaren hasieran CodeSyntaxeko Mikel Larreategi "erral"-ek galdetu dit ea telefono mugikorra gainean nuen, eurek CoreBlog aurkezten zutenean ondo egongo litzatekeela moblogging aukera ematen duela zuzenean erakustea, aurkezpenaren argazki bat posteatuz.

Ideia gustatu zait, baina behin hastekotan pentsatu dut gutxienez Elhuyarreko eta Elekako lankideen aurkezpenak ere publikatu beharko nituzkeela, eta horrela hasiz gero guztiaren kronika egitea hobe zela.

Eta horretan hasi naiz, lehenengo saioari, aurkezpenari, argazki bat ateraz eta blogean ager zedin MMS bat bidaliz. Dena ongi. Gero hitzaldietako baten ere egin dut eta ondoren aurkezpenetako baten.

Baina halako baten konturatu naiz mugikorrean errore mezu bat zegoela eta ez dizkidala azken bi mezuok bidali. Hainbatetan birbidaltzen saiatuta ere, alferrik. Euskaltel-era deituta ere ezin izan didate konpondu.

Mikelek CoreBlog aurkeztean esan du moblogging aukera ematen duela, nik egin nuela igandean, gaur ere horretan ari nintzela eta agian orain zuzenean ikusi ahal izango genuela (eskerrik asko aipamenagatik!). Nahiz eta ia ziur egon ez nuela lortuko, saiatu naiz, alferrik.

Horrekin penatuta, azkenean ez ditut atera benetako kronika egiteko atera nahiko nituzkeen argazki guztiak (kafea, bazkaria, mahaingurua...) eta orain damu dut. Atera ditudan beste hiru argazkiak gutxienez posteatuko ditut mugikorraren arazoa konpontzen denean (hor gordeta daude), baina atera ez ditudanak...

Blogak ematen dituen satisfakzioetako bat da jendeari bertan esaten eta egiten duzuna interesatzen zaiola jakitea. Nik moblogging-a esperimentu gisa hartu nuen, baina gero jendeari interesatzen zaiola ikusi dut (igandekoaren ondoren erantzunak jaso nituen, Luistxok, Maitek eta Joxek euren blogetan ere aipatu zuten, Oier Araolazak erantzun baten idatzi dit oso ongi etorriko zaiela kronika joan ezin direnei, Mikelen aurkezpenarena ere...)

Azkenean kale guztiei. Sorry. Tira, Oier, argazki kronika utzi du bide tradizionalez eginda (argazki kamera digitalari bide tradizionala deitzen ari natzaio!?) zure anaia Garik hemen...

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

IEB 2005 Argazki kronika IV

e-gor 2005/04/22 13:15

Coreblog-en aurkezpena
Coreblog-en aurkezpena

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

IEB 2005 Argazki kronika III

e-gor 2005/04/22 12:00

Elekako lankideen produktuen aurkezpena
Elekako lankideen produktuen aurkezpena

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

IEB 2005 Argazki kronika II

e-gor 2005/04/22 10:30

Hitzaldi bat
Hitzaldi bat

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

IEB 2005 Argazki kronika I

e-gor 2005/04/22 09:59

Aurkezpena
Aurkezpena

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

Informatikari Euskaldunen V. Bilkura bihar

e-gor 2005/04/21 23:45
Moblogging gehiago agian?
Informatikari Euskaldunen V. Bilkura bihar

Irudia: UEU

Bihar da UEUk (oraingoan Miramon digitalarekin batera) antolatzen duen Informatikari Euskaldunen Bilkura. Han izango naiz eta, badaezpada ere, berriz eramango dut Alaitz neskalagunaren telefono mugikor kameraduna, moblogging berriz egiteko aukera interesgarri bat ikusten badut-edo erabiltzeko.

Aste gogorra hau geek euskaldunontzat. Igandean lehen euskal Blogs & Beers izan zen, eta bihar IEB 2005. Sarri hilabeteak pasatzen dira ezer egon gabe, eta orain bi horrelako aste baten! Tira, broma da, ederto pasatzen dugu horrelakoetan. Bi urtean behin izaten diren Informatikari Euskaldunen Topaketen edizio guztietan egon naiz, eta oso interesgarria izan da beti.

Aurten, gainera, informatikarientzakoagoa da. Beste edizioen gaiak Informatika eta euskara, Euskara eta internet, Informatikaren irakaskuntza eta irakaskuntza informatikan eta Informatikaria gizarte elektronikoan izan dira, askoz orokorragoak, eta jende ez informatikari asko agertzen zen (irakaskuntzako jendea, euskalgintzakoa...). Edizio honen gaia Softwaregintzaren erronka berriak da, askoz espezializatuagoa eta beharbada "sekatarioagoa". Jende gutxiago egongo da ziurrenik, baina giro "etxekoagoa" ere bai agian informatikariontzat...

Telefono mugikorra ere eramango dut badaezpada ere. Igandea eta gero esan nuen moblogging-a esperimentu gisa egin nuela soilik, nire blogaren orientazioa ez dela hori. Baina agian proba gehiago egingo ditut, argazkien argitasun eta kalitatearekin batez ere. Arantza hori sartua geratu zitzaidan... Lankide batzuen mugikorrekin probatu dut eta beraienek argazki hobeak ateratzen dituztela iruditu zait. Eta akaso han badago informatikariren bat interesa duena asuntu horretan, eta horrela erakutsiko ahal izango nioke. Tira, eta inoiz ez da jakiten noiz tokatuko den inmortalizatzea gustatuko litzaizukeen une horietako bat...

Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: .

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak

e-gor 2005/04/18 23:08
Topaketa zer iruditu zitzaidan eta moblogging-a zer den, nola egin nuen eta egiten dudan balorazioa

Atzo Elgetako Espaloia kafe antzokian antolatu zen blogari euskaldunen topaketan egon nintzen, eta asko gozatu nuen bertan, jarraian kontatuko dizuedan legez. Esperimentu bat egiteko asmoarekin joan nintzen, haren fotokronika telefono mugikorraren bidez (inongo ordenagailuren laguntzarik gabe) egiteko asmoarekin. Lortu ere lortu nuen (blog hau jarraitzen duzuenok ikusiko zenuten bezala), eta nola egiten den eta horretaz zein balantze egiten dudan kontatuko dut hemen.

Euskal Blogs&Beers Elgetan

Inoiz izan gabe nintzen Elgetako Espaloia kafe antzokian. Martxan jarri zutela jakin nuenean, harritu egin nintzen. Elgeta ez da Bilbo, mendian galdutako herri txikitxo bat da. Pentsatu nuen kafe antzokia izen pretentziosoa jarritako taberna-elkarte txiki bat besterik ez zela izango. Eta funtzionatuko zuen zalantza handiak nituen.

Atzo hara sartzean guztiz harrituta gelditu nintzen. Lokala oso handia eta txukuna da, Bilbokoari ezer enbidiatzekorik ez diona. Azpiegitura ederra dute gainera, eszenatoki handia, pantaila erraldoia, wifi sarea, ordenagailuak... Eta gainera jende asko zegoen bertan, blogileok artean iristear ginela. Ez dute meritu makala Iban eta besteek, hori aurrera ateratzea lortzea!

Gero ilunkera guztian oso gustura egon nintzen. Blog hau idazten dudanetik beste blogari batzuk ezagutu ditut zibernetikoki, izan ere blogak irakurri eta berauetan erantzuteko ohitura handiena guk geuk blogariok daukagu, eta halako konplizitate bat sortzen da guztion artean, koadrila txiki bat sortzen da, blogarion koadrila. Baina koadrilakide horietako asko ez nituen pertsonalki ezagutzen, eta horregatik bakarrik merezi izan zuen gauak.

Baina hori baino gehiago ere izan zen. Hemen agertu izan dut kezka ez dakidala ea nire bloga inork irakurtzen ote duen (monoblogoa ote den), eta han ziurtatu nuen gutxienez beste blogari batzuk ere irakurtzen dutela. Oso polita da jendeari entzutea "A, zu zara beraz Igor! Banuen gogoa zu ezagutzeko!".

Eta horrez gain, ikusi nuen euskaldun jendearen artean badagoela komikien munduarekiko interesik. Sinestezina badirudi ere, bost pertsona ezberdinekin egon nintzen komikiei buruz berba egiten! Batzuekin, gustuko ditugun komikien berri elkarri ematen egon nintzen. Orain zerrenda handia dut eMulen bilatzeko! Eskerrik asko batez ere Iban batelaria, Elena eta John "Bixen" Whitechapel Etiam kapitainari.

Zer gehiago eska daiteke? Chapeau antolatzaileei!

Moblogging-a zer den

Moblogging hitza mobile phone (telefono mugikorra) eta blog hitzen arteko jokoa da. Telefono mugikor batetik blog baten artikuluak idaztea da moblog egitea. E-mail bat idazten da posta elektroniko jakin batera klabe konkretu batekin, eta automatikoki titulutzat e-mail horretako gaia eta edukitzat mezuaren edukia duen artikulu bat agertuko da publikatuta blogean. Beraz, moblog egiteko telefono mugikorretik e-mailak bidaltzeko aukera izan behar dugu.

Nola egin nuen

Eibar.org-eko blogak Zope-rentzako CoreBlog produktuan oinarrituta daude, eta CoreBlog-ek moblog egiteko aukera ematen du, baina badirudi oraindik inork ez duela probatu. Beste batzuk posteatzeko asmoa zutela banekien, argazki kamerak digital eta ordenagailu eramangarrien bidez. Eta ni saltsero hutsa naizenez, probatu nahi izan nuen ea egin zitekeen hainbeste mobidarik gabe, telefono mugikor sinple batekin, ekitaldia zuzenean emanez. Ez dut asmorik normalean moblogean aritzeko (nire bloga ez da aktualitatea jasotzen duten horietakoa), probatzeagatik egin nuen.

Eibar.org-en blog bat ematen dizutenean, moblog egin ahal izateko datuak ere ematen dizkizute: posta elektronikoko helbidea eta klabe sekretua. Helbide horretara testu hutsezko e-mail bat bidali behar da (ez HTML edo RTF), mezuaren edukiko lehen lerroan klabe sekretua idatzi behar da, ondoren bi lerro jauzi eta gero artikuluaren edukia izatea nahi dugun testua. Postaren gaia izango da artikuluaren tituluan agertuko dena. Eta posta elektronikoak irudi bat erantsita badu, irudi hori artikuluaren hasieran agertuko da.

Baina posta elektronikoa blogean artikulu gisa publikatuta agertzeko, blogari esan behar zaio begiratu dezala posta elektroniko berririk ote dagoen publikatzeko. Hori egiten da nabigatzaile baten blogaren helbidea eta ondoren "/receive" idatziz. Eibar.org konfiguratuta daukate gauero hori egin dezan, baina bestela nahi duzunean eskuz egin dezakezu.

Beraz, Alaitz neskalagunari telefono mugikorra eskatu nion (argazki kamera dauka) eta bertan MMS (Multimedia Message System) aktibatzeko eskatu nuen. Horrela e-mailak irudi eta guzti bidaltzeko aukera nuen. Aurrez apur bat praktikatu nuen @, letra larriak eta xeheak, lerro jauziak eta horrelakoak nola idatzi ikasteko (lerro jauzientzat espazioa jarraian sakatuta eduki behar da).

Gero bidaltzen nuena lehenbailehen blogean publikatuta ager zedin, "receive" egiteko WAP aktibatu nuen mugikorrean. Arazoak ematen zizkidan, eta orduan WML orri bat sortu nuen blogean "receive" egin zezan, baina horrela ere ez. Orduan konturatu nintzen arazoa baimenena zela. CoreBlog-en erabiltzaile anonimoak ezin du "receive" egin, orduan erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen ditu, eta horrek ez du WAP-en funtzionatzen. Orduan etxeko ordenagailua piztuta utzi nuen 10 minutuz behin "receive" egiteko konfiguratuta.

Moblogging-aren balorazioa

Esperientzia polita izan da probatzeko. Eta aukera polita izan daiteke moblogging-a blog mota jakin batzuentzako: eguneroko detailetxoei argazkiak atera eta testu txiki batekin zuzenean argitaratzeko, edo kazetari-kronika batez ere bisualak denbora errealean egiteko.

Baina bestelako blogentzat bere desabantailak ere baditu. Nagusia, noski, mugikorren teklatuetan idaztea oso astuna dela. Horregatik, artikuluaren testua oso laburra idazten nuen. Hala ere, uste dut badaudela mugikorrei jartzeko teklatu txikiak. Horrelako zerbaitek asko lagunduko luke.

Idazten nuenaren testua laburra izateaz gain, sinplea ere bazen, hau da, kurtsibarik, estekarik edo horrelakorik gabe, ez bainuen aurrez probatu ea zein formatutan onartzen duen mugikorretatik datorren testua (testu hutsa, egituratua edo HTML). Agian testu hutsa besterik ez du onartzen? Hori horrela balitz, beste desabantaila bat liteke...

Beste desabantaila bat blogari jasotzeko agindua eman beharra da. Moblogging-arekin argazki kamera, portatila eta internet konexioaren ordez telefono mugikorra soilik behar dugu. Baina gero idatzitakoa ez bada automatikoki publikatuta agertzen, eta horretarako interneterako konexioa duen ordenagailu bat behar badugu... Baina hau ere konpondu liteke CoreBlog produktuaren iturburu kodean "receive" egiteko baimena ematen bazaio erabiltzaile anonimoari.

Eta bukatzeko, azken desabantaila argazkien kalitatea da, nabarituko zenutenez. Gure mugikorrarenena behintzat ez da batere ona. Bereizmen txikia du, zoom egiteko aukera du baina ez da benetako zoom-a, argazki txikiagoa egiten du aukeratutako zonaldean (lehen bi argazkiak dira horrelakoak). Eta argitasuna ere ez zait gustatu (tira, horrekin jokatzeko aukera ere ematen du, baina ez nuen probatu, beraz agian hori nire errua da eta zerbait hobe daiteke). Nik ez dakit mugikorren kameren kalitatea beti horrelakoa den edo askoz hobeak ere badiren...

Tira, behintzat noizbait kaletik noala gertakari historiko baten lekuko izatea tokatzen bazait, badakit mugikorra gainean eramate hutsa nahikoa dela zuzenean nire blog xume honetan argazki-kronika egiteko!

Moblogging live from Elgeta V

e-gor 2005/04/17 21:39

Hauteskundeak jarraitzen
Hauteskundeak jarraitzen...

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10