e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña", mugarria euskal komikigintzan
Joan den astean aurkeztutako Patxi Gallegoren "Pololoak I - Poxpoliñen lurriña" komikiaren argitaratzea berri ona da euskarazko komikigintzan, hainbat molde hausten baititu.
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak aurkezpenean esan bezala, "komikigintza oso gutxi landu da Euskal Herrian, are eta gutxiago euskaraz, are eta gutxiago helduentzako". Nik gehituko nuke "are eta gutxiago euskal gaiei edo Euskal Herriari buruzkoa, are eta gutxiago ikuspegi kritiko, ironiko, politikoki ez zuzen eta sexualki esplizitu batetik". Alde horretatik, lehenengoa dela esango nuke.
Euskal Herrian egin izan den komikigintza gehiena gaztelaniaz egin da. Euskaraz oso gutxi egin da, eta egin dena beti izan da hauetakoren bat:
- Haur eta gaztetxoentzat: Ipurbeltz, bertatik ateratako pertsonaien ingurukoak (Prontxio eta Martxelino, Mintxo... nire garaian)...
- Euskal tradizio, historia eta mitologiari buruzkoak: Justin Hiriart, Gartxot, Basakumeak...
Helduentzat ezer gutxi egin da euskaraz. Tira, esango didazue aurreko ataletakoak helduentzat ere izan daitezkeela, eta ados nago, esan nahi nuen soilik helduentzat berariaz eginikoak. Eta egin dena itzulpena izan da (Sauré etxearen Jeremiah, Kondoi Hiltzailea...), baina hori ezin da euskal komikigintza kontsideratu.
Napartheid aparta izango zen euskaraz helduentzako komikigintza landu duen bakarra. Hau ere, euskaraz izateaz gain, kritikoa, euskal munduaren ingurukoa eta zuzena da. Baina comic-book formatuan, uste dut esan daitekeela hau dela lehenengoa.
Gainera badirudi Elkar-ek gogor egin duela apustu honegatik. Prentsaurrekoa eman zuten Koldo Mitxelenan, euskal komunikabide gehienetan agertu da... Berri ona da euskal komikigintzarentzat giganteek horrelako apustua egitea, eta eskertzekoa beraz. Hala ere, kritikatxo bat egin nahiko nuke: aurkezpena egin eta hurrengo egunean Donostiako Bilintx-en ez zeukaten, eta Megadenda eta Elkar-eko webguneetan ez dago nobedadeen artean.
Obra hau mugarria da, beraz. Baina hori izateak badu bere alde txarra ere: muga gaindituko den edo ez obraren esku dagoela hein haundi baten. Esan nahi dudana da azkenean ausartu direla euskaraz horrelako zerbait argitaratzen, baina gero benetan emaitza ez bada ona eta kalitatezkoa, gerta daiteke gero berriz ere beste urte batzuetan ezer ez ateratzea...
Tira, nik eskuratu dut obra eta hurrengo baten idatziko dut horren kritika.
Erlazionatutako artikuluak:
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea IV: MythTV instalatzeko ekipoa
Zure ekipoak lehenago aipatu izan dugun hardwarea badu, zuzenean proba dezakezu MythTV ea ondo dabilen berarekin. Baina MythTV-rekin erabiltzeko ekipo bat erosi behar baduzu (nik bezala), ondo aukeratu hardwarea, gero arazorik ez izateko eta instalatu MythTV instalatu ezin diozun ekipoa ez izateko.
Lehen esan nuenez, MythTV-k Linux-en gainean funtzionatzen du. Linuxek sistema eragile zabalduagoa bihurtzeko duen arazorik handienetakoa da, nire ustez, hainbat hardwarerekin duen bateragarritasun eza. Esperientziagatik diot. Horregatik komeni da ekipoa aukeratzean aurrez ziurtatzea Linux-en ibiliko dela, gero ezusteko ezatseginik izan ez dezagun. Horretarako internetera jotzea da onena.
Aurreko baten esan bezala, hau da behar dugun hardwarea:
- Disko gogorra: normalean ez dago inkonpatibilitate arazorik hauekin (normalean diot, baina kontuz!, nik izan dut eta, geroago ikusiko duzuen bezala).
- Interneterako konexioa: aurrez ziurtatu internetera konektatzeko erabiliko dugun medioa (modema, kable-modema, adsl-modema edo sare-txartela) Linux-en badabilela; kable- eta adsl-modem modelo askok arazoak dituzte; modem normalek ere bai, batez ere winmodem delakoek (ikus winmodems are not modems orria), nahiz eta horietako batzuk martxan jarri ahal diren (ikus linmodems.org orria); sare txartela da aukerarik ziurrena (router bati konektatuta, noski), nahiz eta horiekin ere sorpresak izan ditzakegun (nik bezala).
- Txartel sintonizatzailea: Linux-en txartel sintonizatzaileak kontrolatzeko Video4Linux APIa erabiltzen da; horren azpian txartel mota ezberdinentzako driver ezberdinak daude, eta driver horien webguneetan lor dezakegu maneiatzen duten txartelen zerrenda; bt848 eta bt878 chip-a duten txartel sintonizatzaileentzat bttv driver-a dago, hardware bidezko MPEG2 konpresioa egiten duen iTVC15 familiako chip-a dutenentzat ivtv driver-a (familia honetakoak dira Hauppage WinTV PVR-250 eta -350 txartelak, MythTV-ren dokumentazioan asko aipatzen direnak), webcam-entzat usbvision driver-a...
- Telebistarako irteera: orokorrean, txartel grafiko gehienak ongi dabiltz Linux-en gauza ohikoak egiteko, hau da, Linux-en eta X-Windows -en lana egiteko; baina txartel grafikoen funtzio aurreratuak erabiltzeko (3D azelerazioa, telebistarako irteera...) NVidia txartelak hobe dabiltz ATI txartelak baino; hau horrela da NVidia etxeak berak egiten dituelako bere txartelentzako Linux-erako driver-ak (nahiz eta libreak ez diren), ATI etxekoentzat Linux komunitateak egin behar izaten dituelako.
- Soinu-txartela: ALSA driver-a erabiltzen da gaur egun Linux sistemetan soinu-txartelak kontrolatzeko; bertan begiratu dezakegu gure modeloa ba ote dabilen.
- Urruneko managailua: txartel sintonizatzaileek ekartzen dituzte, edo bestela bat eros dezakezu (kontuz, ez telebista eta bideoarentzako managailu horietako bat, ordenagailuarentzako baizik, seinale-jasotzailea ere duena); hauentzako kontrolagailua Linux-en lirc da; bere webgunean ikus dezakegu zeintzuk badabiltzan berarekin.
Hurrengo atalean nire ekipoa nola aukeratu nuen azalduko dut.
Aurreko artikuluak:
"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña" kalean
Azken urtean prestatzen egon ondoren, Patxi Gallego errenteriarrak atera du hainbeste itxaroten nuen comic-booka. Bere estilo sarkastiko, garratz, esplizitu eta politikoki-ez-zuzena ezagututa, ziur merezi duen lana izango dela.
Errenteriako Lau Haizetara euskara elkarteak argitaratutako izen bereko hilabetekarian ezagutu nuen Patxiren lana. Adopzioz errenteriarra izan arren, ez naiz bertako natiboa, eta normalean ni bezalakoei herri aldizkariek ez dizkiete bertan jaiotakoei besteko interesik sortzen. Baina Patxiren tira irakurtzeko irrikitan egoten nintzen. Ez zen beste euskarazko herri aldizkarietako tirak bezala, non irakurlego euskaldun eta askotarikoa (tartean nagusiak direla) errespetatzen saiatzen diren. Patxiren tirak oso barregarriak ziren, kritikatu behar zena zuzenean kritikatzen zuen, umore azidoz. Gogoan dut urte berria zetorrela-eta egindako tira bat, non hurrengo urtea aurrekoa bezalakoa izatea opa zigun, aurreko urteko irudiak sartuz: horietako baten beltz argal eta biluzi bat ageri zen, beste tipo potolo, trajedun eta purodun bat popatik ematen ari zitzaiola!
Gero Sauré etxeak argitaratu zion John Vaina lana aurkitu nuen behin kasualitatez Durangoko Azokan. Ez nekien lan hori existitzen zenik ere, Patxik ez zidan inoiz aipatu. Gero jakin nuen ez zegoela oso harro lan horren edizioaz. Egia esan, Sauré argitaletxeak ez zuen lan onik egin: Epifanio izeneko beste lan batekin batera atera zuten, beste egile batena eta guztiz testuzkoa, bataren eta bestearen orriak tartekatuz; eta azala... azalean egin zutena txapuza izugarria zen, ez zuen barkamenik... Baina Patxiren lana ona zen, barregarria oso.
Bere beste lan bat ezagutu nuen ondoren. Infomart argitaletxeak (Nafarroako Foru Aldundiarekin batera uste dut) argitaratu eta Orreaga Ibarrak idatzitako Nafarroako euskalkien inguruko liburu bat ilustratu zuen. Baina ez zen ohiko ilustrazioa. Euskalki bati buruzko atal bakoitza komiki batekin laguntzen zuen. Lan polita hau ere, nahiz eta besteak baino zuzenagoa izan.
Eta azken urtean orain Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri den lana prestatzen ibili da. Lanaren sketch batzuk ikusi nituen Errenteriko Gaspar tabernan egindako erakusketa baten, eta oso orijinala iruditu zitzaidan. Euskal tradizioko mundua (poxpoliñak, errepresio sexuala...) eta gaur egungoa (sexu-askapena, gatazka politikoa...) nahasten ditu. Pololoen misterio sugerentea, neska jarraitxuen enkantua...
Ba atzo aurkeztu zen lan berria Koldo Mitxelenan. Hurrengo baten idatziko dut berari buruz.
Erlazionatutako artikuluak:
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea III: MythTV
PVR eta multimedia-zentro oso bat zure ordenagailuan muntatzeko, MythTV software egokia duzu.
Ordenagailuak PVR baten funtzioak egin ahal izateko software ugari dago, aurreko atalean ikusi genuenez. Zergatik aukeratu dut ba MythTV? Arrazoi hauexegatik:
- Librea delako
- Aldizkari baten besteak baino hobeagoa eta konpletoagoa dela irakurri nuelako
- Bakoitzaren webguneetan dokumentatuta niri ere hala iruditu zitzaidalako
- Itxura aldetik ere politena iruditu zitzaidalako, eta gainera skin edo itxura ezberdinak jar dakizkiokelako
MythTV-k PVR guztiek dituzten funtzioak ditu, hau da:
- Grabazio guztiak disko gogorrean izatea
- LiveTV funtzioa telebista ikustean
- Programazioan aukeratuz grabazioak programatzea
- Publizitatea kentzea
Baina horiez gain, beste ezaugarri hauek ere baditu, aparteko aukerako moduluen bidez (oharra: horietako batzuk beste programetako batzuk ere badituzte):
- Txartel sintonizatzaile bat baino gehiago izateko aukera (hainbat programa aldi berean grabatu ahal izateko edo leihotxo ezberdinetan hainbat programa batera ikusi ahal izateko)
- DVDak erreproduzitu, ripeatu eta formatuz aldatzeko aukera (MythDVD modulua)
- Beste bideo fitxategiak ikusteko aukera (MythVideo modulua)
- Argazki albumak ikusteko aukera (MythGallery modulua)
- Bideo-jokoekin jolasteko aukera (MythGame modulua)
- Musika entzun eta ripeatzeko aukera (MythMusic modulua)
- RSS bidez berriak irakurtzeko aukera (MythNews modulua)
- Eguraldia (gaurkoa, iragarpena, satelite irudiak...) ikusteko aukera (MythWeather modulua)
- Web bidez grabazioak programatzeko aukera (MythWeb modulua)
- Bideo-konferentzia (MythPhone modulua)
- Interneteko nabigatzailea (MythBrowser modulua)
Ikusten denez, MythTV PVR soil bat baino gehiago da. Multimedia eta aisia zentru gisa erabiltzeko pentsatua dago. Ordenagailu bat izan dezakegu MythTV-rekin telebistari konektatuta, eta managailu baten bidez (txartel sintonizatzaile gehienekin datoz hauek) etxeko multimedia guztia kudeatu eta ikusi, hainbat informazio jaso internetetik, telefonoz hitz egin... Beraz, horrelako aparatu batek bideo-grabagailua, DVD erreproduzigailua, musika aparatua, ordenagailua eta telefonoa ordeztuko lituzke!
Hurrengo baten kontatuko dut MythTV instalatzen izandako esperientzia.
Aurreko artikuluak:
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea II: PVR-a ordenagailuan
PVR-ak hemen merkaturatu artean, badago aukera sistema horien abantaila eta mirarietaz gozatzeko: ordenagailu normal bat munta dezakezu PVR gisa lan egin dezan, hardware egokia baduzu eta doako softwarea erabiliz. Gaur egun saltzen diren ordenagailu ia guztiek dute PVR gisa erabiltzeko hardwarea. Hori nola egin azaltzen duten webgune ugari ere badago (Build Your Own PVR adibidez). Aurrekoan aipatutako PVR-en ezaugarriak kontuan izanik, hau da beharko dugun hardwarea:
- Disko gogorra: PVR-ak disko gogorrean oinarritutako bideo-grabagailuak direnez, disko gogor bat beharko dugu; hau gaur egungo ordenagailu guztiek dakarte.
- Interneterako konexioa: telebistako programazioa jaitsi ahal izateko, interneterako konexioa behar dugu; hau ere ia ordenagailu berri guztiek dute, dela ADSL, kable edo modem bidez.
- Txartel sintonizatzailea: telebistako programak grabatu ahal izateko, gure ordenagailuak telebista ikusi ahal izatea behar dugu; horretarako erabiltzen dira txartel sintonizatzaileak; hauek ere gaur egungo ordenagailu berri askotan datoz, eta bestela ere oso merkeak dira.
- Telebistarako irteera: ez da derrigorrezkoa, ordenagailuaren monitorean ikusi baitezakegu PVRa, baina bai beharrezkoa telebista aparatuan ikusi nahi badugu; hauek ere gaur egungo txartel grafiko gehienetan daude.
- Soinu txartela: beharrezkoa telebista eta programak ikusteaz gain entzun ere egin nahi baditugu; hauek ere edozein ekipotan daude.
- Urruneko managailua: hau ez da derrigorrezkoa, nahi badugu teklatuaz kontrola baitezakegu gure PVRa (gaur egun kable gabekoak oso ohikoak dira), baina erosoa bada; txartel sintonizatzaile gehienek badakarte, edo bestela aparte eros daiteke.
Hardwarea edukiz gero, hardware hori guztia PVR gisa lan egiten jarriko duen softwarea behar dugu. Horrelako software asko dago. Gama altuko txartel sintonizatzaile batzuk beraiekin badakarte PVR-en funtzio gehienak egiteko softwarea. Windows plataformarako ere horrelako doako softwarea badago (GB-PVR adibidez). Eta Linux -erako badago software libre ugari: VDR, Freevo, MythTV...
Nik MythTV zer den, nola dabilen eta berau instalatzen izandako esperientzia azalduko dut hurrengo ataletan.
Aurreko artikuluak:
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea I: PVR-ak
Etxean telebistaren ondoan VHS bideo-grabagailu bat duzu eta laster gero eta merkeago dauden DVD grabagailu horietako bat erostekotan zaude? Ez ezazu dirua bota! Itxoin apur bat gehiago PVR-ak hemen merkaturatu arte, edo egin zuk zeuk zure PVRa.
Zer da PVR bat? PVR-k Personal Video Recorder esan nahi du. Bideo-grabagailuen hurrengo generazioa da. Bideo-zintetan oinarritutakoak izan ziren lehenengo, eta oraindik ere hori da gure etxeotan gehien ikusten dena. Gero duela urte pare bat DVD grabagarrietan oinarritutakoak etorri ziren, orain artean gutxi ikusi direnak beraien prezioa dela-eta, baina prezioa jaisten doan neurrian gero eta gehiago ikusten direnak. Baina hurrengo generazioa existitzen da jada, nahiz eta hemen oraindik ez den merkaturatu.
Hurrengo generazioa disko gogorrean oinarritutakoak dira, PVR izenez ezagutzen direnak. Hemen ez dira oraindik merkaturatu, baina AEBetan badira urte batzuk badaudela, eta hona ere iritsiko dira. Teorian luze gabe hemen egon beharko lukete, baina, ziurrenik interes komertzialak medio, atzeratzen ari da. Seguru aurrez DVD grabagailu asko saldu nahiko dituztela, egindako inbertsioa amortizatzeko, eta gero etorriko dira esaten teknologia hori hilda dagoela eta etorkizuna hurrengo generazioa dela (telefono mugikorrekin egiten duten gisan).
Disko gogorrean oinarritutako PVR hauek abantaila garbia dute DVD grabagailuekiko: ez duzula DVDak sartu eta atera ibili beharrik. Disko gogor handi bat duzu eta hor dauzkazu grabatutako filma edo programa guztiak, menu batetik aukeratu eta nahikoa. Baina ez da hori bakarra:
- PVR aparatu horiek interneterako konexioa dute, eta konexio horren bidez telebista-kateen programazioa jaisten dute zerbitzu hori eskaintzen duen webgune batetik. Horrela grabatu nahi duguna ez daukagu era klasikoan programatu beharrik (katea - eguna - hasiera ordua - bukaera ordua), programazioan programa aukeratu eta kitto.
- Horrela, programazioan edo ordutegian aldaketarik badago ere, ondo grabatuko digu programa (baldin eta aldaketa iragarri badute eta interneteko programazio zerbitzuan jarri badute).
- Gainera, serie bateko kapitulu guztiak grabatzeko esan diezaiokegu, eta oporretara joan lasai...
- Grabatutakotik publizitatea detektatu eta ezabatu daiteke automatikoki.
- Disko gogorrean posible denez aldiberean idatzi eta irakurtzea, Live TV funtzioa erabil daiteke. Zer den hau? Ba programa bat ikusten bagaude eta zerbaitek eteten bagaitu (kakagureak, telefono dei batek...), programa hori pausatu eta gero ikusten jarraitzeko aukera. Bideo-grabagailu konbentzionalean grabatzen jar dezakegu, baina gero dena hurrengo egunean ikusteko, handik ordu laurdenera amaitzen dugunean ezin baitugu grabatutakoa ikusten hasi grabazioa gelditu gabe... Live TVren pausa-funtzioa grabatzen hasiko da, baina itzultzen garenean grabatutakoa ikusten has gaitezke berak grabatzen jarraitzen duen bitartean.
Esan bezala, AEBetan badaude horrelako asko. Informatikari askori ezaguna egingo zaizue agian TiVo (slashdot-en sarri aipatzen duten PVRa, Linux-en oinarrituta baitago). Hona ere etorriko da, interes komertzialek baimentzen dutenean. Baina bitartean, zuk zeuk egin dezakezu PVR bat ordenagailu batekin eta MythTVrekin...
...jarraituko du...
Informatika atalaren aurkezpena
Informatikan egiten ditudan ibilera eta aurkikuntzen berri ematea da atal honen helburua, beste batzuei lagungarri suerta dakiekeelakoan. Hemen ere, komikietan bezala, kolaborazioak onartzeko prest nago.
Xabier Mendiguren eibar.org-eko kidearen blogeko aurkezpenaren antzeko zerbait egin beharko banu, hau esango nuke: informatikaria naiz formazioz, informatikaria ofizioz, informatikaria afizioz, informatikaria bokazioz, informatikaria bizioz, informatikaria bedeinkazioz edo madarikazioz (eta bestela galdetu neskalagunari!). Tira, pixka bat exageratu dut, hori ez da nire fazeta bakarra (ikus bestela komikien atala), baina nire alde garrantzitsu hori islatuko da atal honetan.
Komikien atalaren aurkezpena
Ez dago gune askorik euskaraz komikien inguruan aritzeko, eta blog honen atal honen bidez hutsune hori betetzen lagundu nahiko nuke.
Ez guztiz, noski, zeren ez da foro guztiz ireki bat. Blog pertsonal bat da, eta nik dut bertan publikatzeko ardura eta baimena. Baina gune irekia izateko intentzioarekin jaio da gune hau, eta komikiren baten inguruko artikulu bat euskaraz idatzi nahi duenak ateak zabalik ditu hemen publikatzeko, niri bidaltzea besterik ez du. Eta bestalde, erantzunen aukera guztiz irekia izango da.
Nire asmoa noizean behin egiten ditudan aurkikuntzen eta nire komiki kuttunen berri ematea da, eta beste edozeini ere aukera ematea bertan horrelako gauzak publikatzeko. Euskarazko komikigintzari arreta berezia jarri nahi nioke, baina ez da soilik euskarazkoa tratatuko, bestela urtean behin soilik publikatuko nuke zeozer!
Ez da blog honen helburua komiki munduan dauden berri guztiak (komiki berriak, feriak...) publikatzea, beraz ez beza inork horren bila jo edo haserretu ez dugulako zerbaiten berri eman. Blog xume honen baliabideak murritzak dira, eta helburua noizbehinka komentario batzuk idaztea da, besterik ez. Baina nork daki, bertan laguntzeko prest dauden kolaboratzaile asko agertuz gero, agian bihur daiteke komikigintzako notizien euskarazko gunea egunen baten...
Euskara eta komikigintza, bi mundu txiki eta marjinal... Zenbat jende egongo da bi afizioak dituena? Eta gainera interneten ibiltzen dena? Inork irakurriko al du hau? Batzutan pentsatzen dut masokista naizela...