"Bus bat Alabaman"-en komentarioa
Sandra Garcia Ruiz izeneko marrazkilariak Jean-François Sauré-k egindako gidoia hartuta argitaratu dau "Bus bat Alabaman" komiki-liburua eta, orain dala denpora gitxitik, euskaratuta be badaukagu kalean. Itzultze lana Pedro Diez de Ulzurrunek egin dau eta zuzenketak Inaxio Lopez de Aranak.
Liburua atal laburretan banatuta dago, eta 32 orrialde baino ez ditu. Deigarria dan lelengo gauza marrazkiak dira. Komikietan aditua ez nazenez, ezin deutsuet esan zelan deukon izena Sandra Garciak erabiltzen dauan marrazte teknika bitxi horrek. Baina deskribatze aldera, argi eta itzalekin egindako konposizinoak dirala esango deutsuet, detaile eta xehetasun gitxigaz egindakoak. Pertsonak, objektuak eta paisaiak agertzen dira, beraz, zirriborratuta legez. Bestela, pertsonaien aurpegietan askotan ez dago keinu-aldaketarik binetaz bineta, eta honek emoten dau batzuetan estatismoaren sentsazinoa. Beste batzuetan, keinuek bat egiten dabe alkarrizketekin modu egokian: hasarrea, barrea, tristezia,... Orokorrean, hartzen dozun inpresinoa da marrazkiak baino argazkiko irudiak dirala, modu bitxian koloreztatuak eta argi-itzal joko berezi horregaz hornitutakoak. Beste pertsona batek, ziur aski, berba bategaz emongo euskun teknika horren izena, baina...
Mamiari jagokonez, arrazismoaren aurkako mezua da ardatza eta, zehazki, XX. mendeko bigarren erdialdean pertsona baltzek AEB-etan pairatutako egoera gogorarazten dabe egileek, beti be Martin Luther King-en irudi miresgarria aldarrikatuz. Izenburua, orduan, Alabamako herri batean afro-amerikarrek autobusei egindako boikotetik dator, sasoi hartan garraiobide publikoetan jasandako diskriminazinoa zala eta.
Halandabe, komikia abiatzen da Afrikako esklabo baltzen sasoietan eta, jarraian, XX. mendean sartzen da buru-belarri. Aitatutako boikotaren nondik norakoak azaltzen ditu eta, liburuaren bigarren erdialdean, Martin L. Kingen borroka paketsuaren pasarte batzuk eta laga euskun hainbat gogoeta baliotsu ekartzen ditu. Mezu guztiak ondo laburbiltzen dituen esaldia hauxe izan zitekeen: "Buruzagi afroamerikarren iritziz, tragediarik handiena ez da gizon gaiztoen ankerkeria, gizon onen isiltasuna baizik."
Azkenik, komentau behar da lan honek "Bakearen aldeko III. Fernando Buesa Saria" irabazi dauala. Izan be, komikia Saure argitaletxeak Fernando Buesa Blanco Fundazioagaz batera kaleratu dau. Halaber, esan behar da terrorismo mota baten biktima batzuen elkarte horrek (AVT) be sostengatu egin dauala liburua. Seguru asko aurreko paragrafoan letra etzanaz azaldutako esaldiak balio dau Euskal Herrian deukogun egoera sozio-politikoari be aplikatzeko. Eta, neure ustez, leku ezbardinetako gatazkak konparatzea positiboa da oro har, alkarretik ikasteko eta gauzak erlatibizatzeko, ahal dan neurrian. Baina oker ikusten dodana da, komiki txukun hau albo batean lagata, askok alde guztietatik egiten dabena, arinkerietan erortzea alegia: ETAk mehatxatutako uritarren egoera latza Holokausto garaian judutarrek sufridutakoagaz konparatzea, edota Ezker Abertzale ilegalizatuak bizi dauan ukapen politikoa eta kriminalizazinoa erkatzea Hego Afrikan pertsona baltzek Apartheid sasoian pairatutakoagaz. Ez da bidezkoa eta errespetu falta izugarria iruditzen jat orduko judutar edota hego afrikarrekiko.
Ikasteko momentuetan murgilduta gagoz.
Fitxa |
---|
Izenburua: Bus bat Alabaman Gidoia: Jean François Sauré Irudiak: Sandra García Ruiz Argitaletxea: Sauré Urtea: 2006 ISBN: 84-95225-34-4 |
Hemen ere bai su-etena? Su-etenari buruz asko hitz egiten da, baina hori da problema, arin, oso arin. Asko eta arin, eta ez zehatz eta sakon.