"Xabiroi" liburudendetan salgai dago
Ikastolen Elkartearen Xabiroi liburudendetan eros dezakegu jada. Duela urte bete inguru atera zuten gazteentzako komiki-aldizkari hiruhilabetekari hau orain arte Ikastoletako ikasleen artean banatzen zen soilik.
Behin baino gehiagotan aipatu dugu aldizkari hori blog honetan. Oso ekimen interesgarria da, euskal komikigileei Euskal Herrian eta euskaraz argitaratzeko aukera ematen diena. Komiki ederrak biltzen ditu, kalitate handiko egileek eginak, adibidez Juan Luis Landaren irudiak eta Joxean Muñozen gidoia duen El ciclo de Irati apartaren jarraipena. Orain edozeinek izango du erosteko aukera, Ikastolako ikasle edo guraso izan nahiz ez.
Nik liburudenda baten ikusi dut, eta lehen hiru aleak saltzen zituzten, goma batekin elkartuta. Prezioa galdetzea ahaztu zitzaidan, baina dena dela ere merezi duela zin dagizuet.
Banuen Xabiroi ezagutzeko gogoa: guraso ez naizenez nere txikitako ikastolatik pasa nahi nuen komikia eskuratzera, baina beti atzeratu egiten nuen erabakia... ez da lotsa kontua, baina ikastolako idazkari eta irakasleei nere eskaera xelebrekeri bat irudituko zitzailea sentitzen nuen...
Euro ta erdi ordaindu eta Xabiroiren hiru aleak etxeratu ditut; ale bakarrarengatik prezio hori ordaindu ahal izatea, komikien salneurria ikusita, kristona iruditzen zait.
Aldizkaria nerabeei zuzentzen zaie, eta beraz niri, nahiz eta "komiki-gosez" egon beti, komiki-istorio batzuk ez naute asko unkitu (kasu honetan nik nerabezaroa aspaldi utzi nuela da arrazoia eta ez komikiaren edukia). Ortegaren Haizearekin, Dani Fanoren abentura espazialarekin edo Guaikaipuroko pertsonaiekin gertatzen zait hau; dena den Argitxo "makarra" hori gustatu zait, eta pertsonaiak gazte bizitzaren islada umoretsua izan daitezkeela uste dut.
"Irati" komikian Landaren marrazkiak ez nituen zuzenean ezagutzen, ez baitzaizkit komiki-historikoak asko gustazten, baina marrazkietan edertasuna eta bortizkeria nahastea, Iratiren sentsualitatea... eta gidoiaren bilakaerak harrapatu naute. Ziur gaztetxo askori asko gustatuko zailela, eta ni bezala "El ciclo de Irati" irakurtzera bultzatzen baditu honek, askoz hobe.
Piztia otzanak ere gustura irakurtzen ari naiz, misterio eta suspensea oso lortua dago.
Marko eta Asiskoren marrazteko era eta hauen ideia bitxiak beti gustatu izan zaizkit. Markok mundu berri bat sortu du, eta lehendabiziko alean maraztutako mapak kuriositatez bete nau.
Ale bakoitzean beste autoren komiki motxak sartzea gustatu zait ere. Komikitaun saila oso ondo dago, gazteentzat erreferentzia diren pertsonaiek komikiekin izan duten harremana ezagutzea oso ondo iruditzen zait.
Argi dago diseinatutako produktu batetaz ari garela, eta honekin ez dut ezer asmatzen, baina aldizkaria aztertzeko garaian zenbait ideia datozkit burura. Helburu zehatza du Xabiroik: "gazteek ikasgelatik kanpo euskara erabili dezaten sustatzeko eta nerabeek eskura duten literatura grafikoa indartu eta aniztea". Irakurzaletasuna eta euskararen erabilera handitzea azken finean: ez zaizkit helburu txarrak iruditzen, eta Xabiroiko komikilari eta gidoilarien lanak seguraski eragina edukiko du gazteen irakurketa ohituretan, baina euskararen erabileraren arloan eredu zuzenago bat erabili beharko luketela uste dut, komiki motxagoak, kaleko pertsonaiak eta gaiak sartuz, zirikatzaileagoa izan... Bestela gazteon hizkuntza aberasteko balio dezake, baina euskara gehiago erabiltzeko ez dakit...
Maiztasuna ez zait oso egokia iruditu: urtean soilik hiru ale ateratzen badituzte istorio bakoitzaren haria galdu egingo dela iruditzen zait, erritmoa ere mantxotu egiten da ... ulertzen dut seguraski arrazoi ekonomiko bat dagoela horren atzetik (aldizkariak ez du kanpoko publizitaterik). Bdakit hau ere kontuan izango zutela "produktua" diseinatzerakoan, baina irakurle gisara eta , lehen esan dudan bezala, orain arteko maiztasuna mantendu ezkero nere ustez istorioen artean gehienak laburragoak izan beharko lukete, ale bakoitzean hasi eta bukatzen diren horietakoak.
"Kritiken" zakua erabat hustutzeko, marrazki oso txukunak dauzkala iruditu zait (hau kritika ez den arren ...) eta aldizkaria "koloretsuegia" dela pentsatzen dut: komiki eredu horren aldeko apustua egin dute, txuribeltza eta beste marrazketa mota soilago bati lekurik egin gabe. Badakit ikastolen konfederazioak ezin duela Napartheid gisako bat argitaratu (ez itxura ezta irudietan ere), baina nire ustez hautatu duten komiki eredua bestearekin nahastu beharko lukete. Komiki oso elaboratuak aurkezten dizkigute, baina gaztetxoek "arkatzaren boterea" beraien esku ere badagoela sentitu behar dute, komikilari izateko ez dela derrigorrezkoa marrazketan oso trebea izan behar (nahiz eta komiki askotan hau eskertzen den): marrazki ederrak sortzea aukera bat dela jakin behar dute, baina ez bakarra, ideiak eta sentimentuak transmititzeko modu asko daudela jakin behar dute.
Ekainean edukiko dugu eskuartean Xabiroiren 4. alea, eta idatzi honetan kritikoegia izan banaiz ere, bizi luzea opa diot komiki honi; nik behintzat lekutxo bat egingo diot nere bilduman eta gustura jarraituko ditut pertsonai hauen gertaerak.