Komikien itzulpenari buruzko artikulua "Senez" aldizkarian
EIZIE elkartearen Senez aldizkariaren abenduko alean agertu zen Bego Montoriok komikien itzulpenaren inguruan idatzitako artikulua, baina nik orain izan dut horren berri, Amaia lankideari esker. Artikulu zinez gomendagarria, gaia ongi ezagutzen duen batek idatzia, egilea itzultzailea izateaz gain komikizalea ere baita, eta hainbat komiki itzuli izan du.
Oso artikulu interesgarria da, komikien itzulpenari buruz aritzeko komikien ezaugarriak azaltzen baititu, batez ere itzulpenarentzat bereizgarriak direnak, baina baita bestelakoak ere.
Horrez gain, komikiaren apologia sutsua egiten du artikuluan. Literatur itzulpenaren arloan kokatzen du komikien itzulpena (izan ere, literatur itzulpenaren inguruan Unibertsitatean ematen dituen eskoletan ere komikien itzulpena ere irakasten du) eta komikien itzulpenaren beharra aipatzen du. Ongi etorriak bitez horrelako aldarrikapenak!
Artikulua online ere badagoen arren (gorago duzue bertarako esteka), testuaren lagungarri diren irudiak paperezko bertsioan soilik daude.