e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
Café Budapest Alfonso Zapico asturiarrak, Astiberriren eskutik, Espainian publikatzen duen lehen albuma da (lehenago Frantziako merkatuan publikatuta zuen beste bat). Oraingo honetan ere jende arrunta gatazka eta gerra egoeretan kokatzen ditu, berauen zentzugabekeria salatzeko.
2006an Paquet etxearekin La guerre du professeur Bertenev argitaratu zuen. Crimeako gerratik desertatu eta errusiarrek preso hartzen duten irakasle ingeles baten istorioa kontatzen du, preso-esparruko bizitza berrira moldatu beharko dena, bertan dauden bere herkideek arbuiatuta. Lan txukun eta atsegina da oso, irudi oso sinpatikoz egina. 2007an Moulins-eko FestiBD-n Prix BD Romanesque saria irabazi zuen. Album horren promozioa egitera Angulemara joan zenean ezagutu nuen Iñaki Holgadoren bidez (honek ere Paquet-ekin atera zuen Muraille), nire furgonetan egin baikenuen harako eta handiko bidaia, eta beherago ikus dezakezuen dedikatoria eder hori egin zidan bere editoreak oparitutako albumean... furgonetan gindoazela!!!
Café Budapesten ere beste gerra bat du gaitzat, baina oraingoan tratatzeko askoz zailagoa, gatazka hain luze eta aldi berean hain gaurkoa izanik: Israel-Palestina gatazka. Aita Auschwitz-en galdu eta gero amarekin Palestinara doan eta neska arabiar batez maitemintzen den biolinista hungariar judutar baten istorioa kontatzen du, eta biek eta osabaren kafetegian elkartzen diren arraza eta ideia denetariko beste lagunek nola bizi dituzten hurrengo urteetako garai gogorrak: Israelgo estatuaren sorrera, liskarren eta gatazka armatuen hasiera...
Irudia: Alfonso Zapico
Une historiko horien kronika zehatz eta dokumentatua egiten du baina, horren gainetik, berriz ere gizakien eta gizatasunaren alde egiten du, alde guztietako politika eta fanatismoen aurka, istorio hunkigarria (nahiz eta agian pixka bat naive-a ere bai) osatuz. Album mardula da (beharko, gai hain korapilatsua ganora eta zorroztasun apur batekin landu nahi bada), 168 orritako edizio txukunean argitaratuta, eta duen preziorako (16 euro) erabat gomendagarria. Eta hau ez diot nik soilik, ikusi zer dioten berataz La cárcel de papel-en edo Diario Siglo XXI-n.
Fitxa |
---|
Izenburua: Café Budapest Gidoia eta irudiak: Alfonso Zapico Argitaletxea: Astiberri Urtea: 2008 ISBN: 978-84-96815-62-9 |
Eta bide batez, ezin duzue galdu Alfonso Zapicoren web gunea, Zapiburgo. Flash-en egindako web guneak ez ditut normalean atsegin, baina honetan hiri batek izan ohi dituen eraikin ezberdinak komikigileen web gune batek izan ohi dituen atal ezberdinekin lotzen dituen modua guztiz-guztiz jeniala da, benetan!
Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
Egun tristeak dira hauek komikiak eta euskara maite ditugunontzat: salmenta eta harpidetzen jaitsiera medio, Ipurbeltz haurrentzako komiki-aldizkari beteranoa argitaratzeari utzi dio Erein argitaletxeak, 31 urteko ibilbidea eta gero.
Blog honetan ez dut askotan mintzagai izan Ipurbeltz aldizkaria, gazte edo helduentzako komikigintza gehiago landu dut. Baina Ipurbeltz 1977an atera zenean, nik sei urte nituela, nik irakurritako lehenengoetako komikia izan zen, eta zalantzarik gabe komikizaletasuna eta irakurzaletasuna piztu izanaren "errudun"etako bat da. Urte luzez egon ginen harpidetuta, eta bertako denborapasen atalera behin baino gehiagotan bidali nituen gauzak (publikatu ere egin zizkidaten!). Gainera, Ximun semeak 6 urte ditu eta orain hasi behar du Lehen Hezkuntzan irakurtzen ikasten. Kristoren gogoa nuen horren aitzakiaz Ipurbeltz berriro jasotzen hasteko...
Irudia: Antton Olariaga
Berriako artikuluan Ipurbeltz bera berpizteko edo antzeko beste komikiren bat sortzeko aukerak aipatzen dituzte. Ea horrela gertatzen den! Baina horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait niri Ipurbeltzek eman duen "material pila harrigarria" (Julen Lizundia sortzailearen hitzetan), digitalizatu eta Interneten kontsultagai eta eskuragarri jartzeko proiekturen bati ekitea, sekulako ondarea baitago hor. Eta bide batez, zergatik ez, berdin egin beharko litzateke HABEko Mik eta desagertutako euskarazko beste komiki-aldizkariekin...
Eskerrik asko urte hauetan guztietan emandakoagatik. Agur Ipurbeltz! Edo laster arte...?
"Watchmen" filma
Blog hau jarraitzen duzuenok ezagutzen duzue Alan Moore jeinuari eta bere maisulan Watchmen nobela grafikoari diedan debozioa (ikus "Watchmen", inoizko komikirik onena, "Watchmen" 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen artean, "Time" aldizkariaren arabera eta "Watchmen" 20 nobela geek-enen artean). Eta agian gogoratuko duzue duela ia bi urte esan genuela bazirudiela azkenean Zack Snyder eta Warner-en eskutik zinemaratuko zela...
Estreinaldirako ia urtebete falta den arren, badira hilabete batzuk filmatzea amaitu zutela, eta aste honetan Interneteko foro komikizaleetan ez da filmaren trailerra beste gairik ibili.
Niri, egia esan, asko gustatu zait, jende askori bezala. Trailerrean badirudi komikiarekiko fidela izateko asmoa dutela (eta baita promozioko posterretan ere), eta nahiz eta Watchmen-en xehetasun eta bigarren irakurketa guztiak film baten islatzea ezinezkoa den, uste dut istorioa eta mezu nagusia ongi trasladatzen asmatzen badute film bikaina atera daitekeela, lehengaia ikaragarri ona baita. Agian azkenean Alan Moore-en komikiek merezi duten moduko zinemaratze bat izango dute?
Euskarazko Ubunturi buruzko artikulua Lantalan-en
Emuneko lankide ohiek eskatuta, euren Lantalan blogerako euskarazko Ubunturi buruzko artikulu bat osatzeko ataltxo bat idatzi nuen. Online dago jada artikulua, nireaz gain Gorka Julio Teketen, Luistxo Fernandez eta Arkaitz Zubiagaren testuak ere dituena. Ea gustuko duzuen!
Clara-Tanit Arquék irabazi du Alhóndiga Bilbaoren beka
Otsailean eman genizuen Alhóndiga Bilbao elkarteak antolatutako komiki bekaren berri, zeinaren irabazleak Angoulêmeko La Maison des Auteurs-en urtebeteko egonaldia irabaziko baitzuen.
Ba La cárcel de papel-en bidez jakin dut lehiaketak jada baduela irabazlea: Clara-Tanit Arqué, Astiberri Bilboko argitaletxearekin Wassalon lana atera zuena, eta beragatik aurtengo Bartzelonako komiki-azokan autore berriaren sarirako izendatua egon zena.
"Teknologia berriak" umore grafikoko VIII lehiaketa
Barakaldoko Udalak umore grafikoko lehiaketa antolatu du zortzigarrenez, teknologia berriak gaitzat hartuta. Umorezko irudi edo eszenak nahi dituzte Internet, espazioa, telekomunikazioak eta antzekoen inguruan. Lehiaketaren helburua gizartean aurrerapen zientifikoen inguruko ezagutza eta hausnarketa sorraraztea da.
Lanak
euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke, eta urriaren 13a baino
lehenago bidali behar dira. Sariketa diruz ederto hornituta dago,
guztira 4.500 euro saritan, bost sariren artean banatzeko: 1.500 euro lehenengoari, 1.000 bigarrenari, 800 hirugarrenari, 700 laugarrenari eta 500 bosgarrenari. Orri bakarreko lanak izango dira, euskaraz edo gaztelaniaz, eta adin mugarik ez dago.
Lehiaketaren oinarri zehatzak euren web gunean dituzue. Animatu!
Xabiroi-ren 12. alea atera da
Maiatzetik kalean da Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 12. alea, eta berriz ere puntual-puntual iritsi zitzaizkidan 4 ale etxera (lortzeko arazorik duenak lasai eskatu niri), baina oporrak eta lan-kontuak medio Marokon eman ditut bi aste eta erdi eta orain arte ezin izan dut horren berri eman...
Hau da ale honen edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Alex San Vicenteren irudiekin
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Jean Michel Darlot-en gidoia duen Agertokira! istorioa
- Loperen Behien Tarzan
- KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Joseina Etxeberriarekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Julen Ribasen Ikasten 8 orriko istorioa
- Ricardo Peláezen Egunsentia
- Manu Ortegaren Uxue
- Alex San Vicenteren Turistak
On egin dagizuela!
"Komiki bat egitea. Komikiaren teoria eta praktika" ikastaroa
Ikastaro zinez interesgarria EHUk Alhóndiga Bilbaorekin elkarlanean Bilbao arte eta kultura uda ikastaroen barruan antolatu duena. Komiki bat egitea. Komikiaren teoria eta praktika izeneko ikastaro hau ez da soilik komikiak marraztearen ingurukoa: gidoia, edizioa, sektorearen analisia eta horrelakoak ere landuko dituzte, klaseez gain mahai-inguruak eta elkarrizketak ere eginez. Eta jende oso ezagun eta onak emana gainera: Antonio Altarribaren koordinaziopean, Mauro Entrialgo gasteiztar komikigile ezaguna, Toni Guiral komikiei buruzko hainbat libururen egilea, Fernando Tarancón Bilboko Astiberri komiki-argitaletxearen zuzendaria eta Álvaro Pons blogari ezaguna arituko dira irakasle lanetan.
Hauek dira ikastaroaren datuak:
- NOIZ: ekainaren 30etik uztailaren 2ra arte
- NON: UPV/EHU-BBK Etxea
- TARIFA: maiatzaren 31 arte 90€, ekainaren 1etik aurrera 100€; ikasle eta langabetuak maiatzaren 31 arte 45€, ekainaren 1etik aurrera 50€
- IKASLE KOPURUA: 20 ikasle
- MATRIKULA EPEA: maiatzaren 05etik, plazak agortu arte
- BALIO AKADEMIKOA: 30 ordu
- KOORDINATZAILEA: Antonio Altarriba, UPV/EHU
- HIZKUNTZA: Gaztelera
Eta hau egitaraua:
- Astelehena ekainak 30
10:00-11:30 Ikastaroaren aurkezpena
Arrakastaren gainaldetik: Antonio Altarriba nazioarteko artista frantziar batekin elkarrizketan.
12:00-13:30 Gidoia. Teoria eta oinarrizko planteamenduak
Irakaslea: Toni Guiral eta taldea.
16:00-19:00 Gidoi baten elaborazioa
Irakaslea: Toni Guiral eta taldea. - Asteartea uztailak 1
10:00-11:30 Tebeoaren industria gaur egun
Irakaslea: Álvaro Pons.
12:00-13:30 Errealizazioa, teoria eta oinarrizko planteamenduak
Irakaslea: Toni Guiral eta taldea.
16:00-19:00 Komiki baten errealizazioa
Irakaslea: Toni Guiral eta taldea. - Asteazkena uztailak 2
10:00-11:30 Mauro Sefija. Sektorearen analisia: nola lortu arrakasta
Irakaslea: Mauro Entrialgo.
12:00-13:30 Edizioa. Hautaketa prozesuak, erreprodukzio teknikak eta hedapen sistemak
Irakaslea: Fernando Tarancón.
16:00-17:30 Autoedizioa. Abantailak eta mugak
17:30-19:00 Ikastaroko tebeoa. Ikastaroan zehar egindako komikien autoedizioa
19:30 Mahai inguru irekia: "Komikia XXI mendean. Gaur egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak"
Gidari: Antonio Altarriba. Irakasleak: Álvaro Pons, Mauro Entrialgo, Fernando Tarancón eta Toni Guiral.
Mila esker informazioagatik, DabilenHarria!
OLPC, beste bi artikulutan
OLPCri buruz hitz egiten duten beste bi artikuluren berri eman behar dizuet gaurkoan ere. Lehenengoa, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Kontaizu.net hilabetekari digitalerako Gorka Julio Teketenek egin zidan elkarrizketa da. Bertan hainbat gauzetaz egiten dut berba, ez OLPCz soilik: blog hau, laneko gauzak, Elebila, Ikasys proiektua...
Bestalde, Zientzia.net-erako OLPCri buruz idatzi nuen artikulua jada osorik irakur daiteke online. Baina nik jatorriz idatzitako artikulua luzeegia geratu zen, eta paperezko aldizkarian ateratzekoa zenez, ia erdiraino moztu behar izan nuen. Jarraian irakur dezakezue artikulua osorik.
Hirugarren munduko haurrentzako ordenagailua, aurrerapen teknologikoaren aitzindari
"Emaiozu gizon bati arrain bat, eta gaur jango du; erakutsi iezaiozu arrantzan, eta egunero jango du", dio txinatar esaera zahar batek. Eta horri kasu eginez dihardute One Laptop Per Child (OLPC) proiektukoek. Hirugarren munduaren garapena eta aurrerabidea hezkuntzaren bidez etorriko delakoan, eta hezkuntzan atzera ez gelditzeko IKTak eta Internet beharrezkoak direla sinetsita, herrialde behartsuetako haurrei ordenagailu eramangarri bana helarazi nahi dien proiektua jarri zuen martxan GKE horrek. Horretarako, ordenagailu merke baina ahaltsu eta funtzional bat diseinatu zuten. Eta, poliki-poliki, OLPC proiektua, hirugarren mundukoa ez ezik, mundu osoko teknologia iraultzen ari da.
Hirugarren mundu edo Garapen bidean dauden herrialde esaten zaie ezaugarri hauek dituzten herrialdeei: nekazaritzan oinarritutako ekonomia, lehengai gehienak esportatzea, herrialde industrializatuagoekiko zorra, azpiegitura urriak, analfabetismo-tasa altua, teknologia atzeratua... Eta, azken urteetan, beste ezaugarri bat ere gehitu zaie aurrekoei: IKTen (Informazio eta Komunikazio Teknologien) eta Interneten eskuragarritasun eta hedapen-maila txikia, eta, horren ondorioz, gizartearen alfabetizazio teknologiko apala. Herri garatuen eta azpigaratuen arteko ezberdintasun berri hori sortzen duen fenomenoari haustura digital deritzo.
OLPC proiektua
Haustura digitalak etorkizunean beste ezberdintasunak areagotu besterik ez dituela egingo sinetsita, hura txikitzen laguntzeko eratu zuten One Laptop Per Child edo OLPC (Ordenagailu Eramangarri Bat Haur Bakoitzeko) izeneko fundazioa 2005eko urtarrilean. Haren helburua hirugarren munduko haurren hezkuntza da, IKTak erabiliz eta alfabetizazio teknologikoaren bidez.
Proiektuak hainbat enpresa ezagunen laguntza ekonomikoa jaso du, tartean AMD, eBay, Google eta Red Hat -bakoitzak bina milioi dolar jarri du-. Baina OLPCren ernamuina eta arima MIT (Massachusetts Institute of Technology) ezaguna da, harekin modu batean edo bestean lotutako informatikaren hainbat pisu astunek osatzen baitute fundazioa, teknologiaren benetako dream team bat: fundatzaile eta zuzendaria Nicholas Negroponte da, MIT-eko Media Lab-eko zuzendaria, Wired aldizkariaren sortzaileetako bat eta informatikako guru famatua; sistema eragilearen arduraduna Jim Gettys da, X leiho-sistemaren eta HTTP 1.1 protokoloaren sortzaileetako bat; zuzendari teknikoa Mary Lou Jepsen da, pantailetan eta sistema holografikoetan aditua; softwarearen eta edukiaren arduraduna Walter Bender da, argitarapen elektronikoetan aurrendaria; beste arduradunetako bat Seymour Papert da, inteligentzia artifizialaren aitzindarietako bat, Logo lengoaiaren sortzaileetako bat eta Piaget-en irakaskuntza konstruktibistaren teoriaren garatzaileetako bat; eta, azkenik, Alan Kay-k ere parte hartzen du proiektuan, objektuei orientatutako programazioaren asmatzaileetako bat, leihodun erabiltzailearen interfaze grafikoen diseinatzaileetako bat eta liburu elektronikoaren kontzeptuaren sortzailea.
XO ordenagailua
OLPC proiektuaren helburua lortzeko ezinbestekoa da garapen bidean dauden herrialdeetako haurrek ordenagailuak eskura izatea eta, haien bidez, baita Internet ere. Jomuga hori buruan, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ez ohiko irizpideen araberakoa, herrialde behartsuetako haurren beharren araberakoa baizik: arina, kontsumo txikikoa, iraunkorra, eguzki argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta hori guztia, gainera, prezio merkean lortu beharra zegoen. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek kantitate handietan erostea, gutxienez milioi bat unitateko lotetan, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea. Hortik etorri zaio proiektuari bere ezizen ezagunenetako bat, 100 dolarreko ordenagailua.
Esan eta egin, 2005eko azarorako diseinatuta zuten lehen prototipoa, eta geroztik garatzen eta hobetzen joan da, gaur egun produkzioan dagoen XO izeneko modelora iritsi arte. Ikuspuntu askotatik begiratuta, oso ezaugarri onak ditu XO ordenagailuak:
- 1,5 kg besterik ez du pisatzen.
- 7,5 hazbeteko pantaila du, 1200x900 pixeleko
erresoluziokoa. Baina ez da LCD edo TFT pantaila, tinta elektronikozkoa baizik.
Pantaila mota horretan, paperean inprimatuta balego bezala ikusten da, baita
kanpoan eta eguzki-argitan ere. Gainera, beste pantailek baino askoz gutxiago
kontsumitzen du. Horrez gain, pantaila biratu daiteke eta, tapa ixtean, liburu
elektroniko baten gisan gelditzen da, teklaturik gabe, liburuan zehar
mugitu ahal izateko geziekin soilik.
- Oso kontsumo txikia du. Ohiko eramangarriek 10-45W artean kontsumitzen badute, XO-ak 2W besterik ez du behar; gutxiago liburu elektroniko gisa funtzionatzen duenean, 0,3-0,8W baino ez (funtzionamendu-modu honetan dena itzaltzen da, pantaila izan ezik; beste orri batera mugitzen garenean, ordenagailua esnatu, egin beharrekoa egin eta berriz itzaltzen da, baina pizteko segundo-hamarren bat besterik behar ez duenez, nabaritu ere ez da egiten). Kontsumo-maila horrekin, orduak edota egunak egin ditzake bateria kargatu gabe. Horrez gain, bateriak 2.000-3.000 karga onartzen ditu, normalek baino 4-5 aldiz gehiago. Entxufatuta bateria kargatzeko osagarria ere badu, korrontearen gorabehera altuentzako prestatuta. Eta, hori gutxi balitz, soka bati tiraka karga daiteke, karelez kanpoko motordun txalupa bailitzan. Horri esker, elektrizitaterik ez dagoen tokietan ere erabil daiteke.
- Internetera konektatzeko Wi-Fi erabiltzen du. Bi antena ditu, ordenagailuaren tapa irekitzeko derrigorrez altxa behar direnak, eta antenon bidez ohiko Wi-Fi txartelek baino irismen handiagoa du. Gainera, ekipoa itzalita dagoenean ere, Wi-Fi sistemak router gisan funtzionatzen du, eta konexio-puntutik urrutiegi dauden beste haurren ordenagailuei konexioa ahalbidetzen die. Hori guztia ohiko Wi-Fi konexioek baino askoz gutxiago kontsumituz.
- Ordenagailuaren teklatua iragazgaitza da, eta ura edo lurra lasai bota dakioke, ez da barrura sartzen. Eta ez da beste ordenagailu eramangarriak bezain hauskorra, lurrera erorita ez da apurtzen.
- Bideokamara, mikrofonoa, bozgorailuak, 3 USB ataka eta SD txartelarentzako slot-a ere baditu.
Noski, horrelako ezaugarriak prezio txikian lortzeko, beste gauza batzuk sakrifikatu behar izan dituzte. Beste osagai gehienak ez dira ohiko ordenagailuenak bezain azkarrak edo ahaltsuak:
- Mikroprozesagailua AMD etxeko bat da, 433 MHz-ko abiadurakoa, eta kontrolatzaile grafikoa integratuta du
- 256 MB-eko DDR memoria du
- Ez du disko gogorrik, 1 GBko flash memoria bat baizik
Gainera, kontsumo txikia lortzeko, XO ordenagailuak ez du inongo parte mekanikorik: ez du disko gogorrik, diskete unitaterik edo CD/DVD irakurgailurik (horrelako periferikoak USB portutik konektatu daitezke nahi izanez gero). Eta haizegailurik ere ez du, ez baitu behar; prozesagailuak duen abiadurarekin ez da apenas berotzen.
Laburbilduz, XO ordenagailua gaur egun merkatuan dagoen beste edozein baino askoz ahalmen txikiagokoa izanagatik, ez du ezer horiei inbidiatzekorik. Ordenagailu batek egin ditzakeen ia gauza guztiak egin ditzake, ia besteen abiadura berdinean. Informatikaren azken urteetako joera izan da ordenagailu gero eta azkarragoak eta ahalmen handiagokoak egitea, eta softwareak ere gero eta makina-ahalmen gehiago eskatzea. Proiektu honetan hardware aldetik ordenagailu merke bat behar zenez, softwarearen optimizazioa ere bilatu behar izan dute, informatikaren lehenengo garaietan bezala, eta baita lortu ere. Ingeniaritza-lan ikusgarria egin dute, eta geek eta teknologiazale ugari liluratuta ditu XO txikiak.
Hezkuntza helburu
Baina Negropontek berak sarritan esan duen bezala, OLPC ez da ordenagailu eramangarri baten proiektua, hezkuntza-proiektu bat baizik. Horregatik, oso garrantzitsua da softwarearen aldea ere. Daukan guztia software librea da, normala denez hirugarren mundurako proiektu batean. Linux sistema eragilea du, Fedora banaketa zehazki. Interfaze grafiko gisa, proiektu honetarako berariaz diseinatutako Sugar izenekoa dauka, ohituta gaudenetatik oso ezberdina baina haurrentzat edo ordenagailu bat lehen aldiz hartzen duen batentzat oso intuitiboa.
Hainbat software orokor ditu instalatuta, ikasteko balio dutenak: Internet nabigatzailea, RSS-irakurgailua, testu-prozesadorea, txat-programa, audio- eta bideo-grabaziorako eta -erreprodukziorako programak, komando-lerroko terminala, marrazteko programa, dokumentu-irakurgailua, kalkulagailua... Eta hezkuntzarako beste programa asko, horietako asko jokoak, Piageten irakaskuntza konstruktibistaren teorian oinarrituak: bikoteen jolasa, musika konposatu eta ikastekoak, programatzen ikasteko jokoak, osziloskopioa, bi XOren arteko distantzia neurtzeko programa... Horrez gain, mundu osoko laguntzaile askok XOrako sortutako programa ugari oso erraz jaits eta instala dakioke, eta egunetik egunera berriak agertzen dira. Eta hori gutxi balitz, Linux sistema bat denez, Linuxerako egindako edozein software jaits eta instala dakioke.
Gainera, XOarentzat diseinatutako programa guztiek kolaboratzeko aukera ematen dute: nahikoa da aplikazioa konpartitzea, jarduera taldeka egin ahal izateko, norbera bere ordenagailutik arituta.
XO ordenagailuaz gain, OLPC proiektua tokian tokiko beste hainbat betekizunekin osatzen da:
- Ordenagailuaren lokalizazioa egin behar da, hau da, sistemaren eta programen menuak, mezuak eta testuak bertako hizkuntzara itzuli eta egokitu
- Wi-Fi bidezko Interneterako sarbidea jarri behar da eskoletan eta herrixketan
- Curriculumerako edukiak sortu behar dira, hau da, testu-liburuak, ikus-entzunezko materiala... Baina paperean, plastikoan eta banaketan asko aurreztuz, formatu digitalean sortu eta zerbitzari baten jartzea nahikoa baita
- Eskoletan zerbitzariak jarri behar dira (irakasleek lanak banatzeko, ikasleen lanak biltegiratzeko...)
- Irakasleak trebatu behar dira
Azken bi urteetan, hainbat herrialdetako herrixka batzuetan esperientzia pilotuak egin dituzte XOaren prototipoak eskoletan banatuz, eta badira hilabete batzuk produkzioko modeloa erosi duten herrialdeetako eskola batzuetara XOak iritsi direla. Haurrek egin dioten harrera eta balorazioa ezin hobea omen da. Bizitza aldatu die, mundu berri bat ireki. Aurrez imajinatu ezinezko erabilerak ematen dizkiete, batak bestearengandik ikasiz. Herrixka askotan, XOa iristeak benetako aldaketa ekarri du, eta esperientzia oso politak irakur daitezke sarean. Adibidez, Peruko Arahuay herrixkan eskolara doazen haurren kopurua 10 aldiz handiagoa da XOa iritsi zenetik, lehen txikitatik nekazari-lanetan hasten baitziren haurrak. Eta Indiako Khairat herrixkan bueltaka dabiltzan behiak erabiltzen dituzte dinamo baten bidez eskolako XOentzako elektrizitatea lortu eta haurrak eskuz kargatzen ez ibili behar izateko.
Hedapena, ez behar bezalakoa
Beraz, OLPC proiektuaren balorazio kualitatiboa ezin hobea da. Makina bikaina diseinatu dute, eta helburuak ederto bete ditzakeela erakutsi du. Alabaina, proiektuaren balorazio kuantitatiboa ez da hain ona. Tunisian 2005eko azaroan izandako Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran lehen prototipoa aurkeztu zutenean, oso harrera ona izan zuen, eta gobernuburu askok adierazi zuten interesa. Eta Davosen 2006ko urtarrilean izandako Munduko Ekonomia Foroan, Nazio Batuen Garapenerako Programak OLPC proiektua babestu zuen. Hori guztia ikusita, oso aurreikuspen baikorrak egin zituen OLPCk: 2007an 10 milioi eta 2008tik aurrera urtero 100 edo 150 milioi unitate saltzea espero zuten. Eta oraindik milioi batera ere ez dira iritsi salmentak...
Horren arrazoiak asko dira. Hasteko, behin betiko lehen modeloaren fabrikazioa 2007ko azarora arte berandutu da. Gainera, ez dute 100 dolarreko kostuaren helburua bete, eta ia bikoitza balio du. Igoeraren zati handienaren errua, baina, ez dute OLPCkoek, azken urteetako dolarraren jaitsiera etengabeak baizik. Dena dela, kostuaren igoera hori ez da guztiz erreala, orain dolar gehiago kostatu arren, dolarrak gutxiago balio baitu... Alabaina, igoerak atzera bota ditu hitza emandako hainbat herrialde, Txina adibidez, eta ordenagailu merkeak egiteko euren programa propioak garatzen hasi dira batzuk, India eta Venezuela kasu.
Beste arrazoi nagusietako bat, zalantzarik gabe, konpainia handi askok proiektuaren aurka dituzten interesak dira. Orain arte herrialde behartsuengatik batere kezkatu izan ez diren ordenagailu- eta software-ekoizle askok, etorkizuneko merkatu potentzial handi bat beste batek eraman ez dezan, euren produktuak eta kontraeskaintzak atera dituzte. Microsoft, adibidez, Windows eta Office hiru dolarretan eskaintzen hasi zen iazko apirilean garabidean dauden herrialdeetako haurrei. Eta Intel-ek, OLPCri lehia egiteko, Classmate ordenagailua atera du, erabiltzaile berdinei zuzendutako ordenagailua, eta ezaugarrietan antzekoa izan nahi duena, nahiz eta lortu ez (garestiagoa da, 10 aldiz gehiago kontsumitzen du, Wi-Fiak irismenaren herena du eta ez du proxy gisa funtzionatzen...).
Bi produktu horiek ez liokete round bat ere eutsiko XOari, baina, hala ere, hainbat herrialde eurenganatu dituzte, bi enpresa erraldoiok OLPCk ez duen beste gauza batzuk dituztelako: azpiegitura komertziala lurralde askotan, lehentasunezko tratua medioetan eta, zergatik ez esan, multinazional guztiek bezain eskrupulu gutxi. Eroskeria eta intoxikazio-kanpainetan adituak izan ohi dira multinazionalak, eta kasualitatea izateko gauza gehiegi gertatu dira: OLPCren aurkako teoria konspiranoikoak (Negroponteren anaia John AEBetako inteligentzia-zerbitzuen zuzendaria delako, XOen kokapena satelite bidez jakin dezaketela eta XOen edukiak ikusi ditzaketela esan izan da), Nigerian XOaren teklatuak patente bat hausten omen duelako auzitara eraman dute eta ezin da bertan banatu, herrialde batzuk Windows instalatuta izatea eskatu diote...
Eragozpen eta arazo hauek guztiak medio, OLPC proiektuak egin nahi ez zituen hainbat gauza egitera behartuta ikusi du bere burua. Esate baterako, OLPCk kritikak jaso zituen AEBn bertan ere badituztelako IKTak eta hezkuntza arloan beharrak dituzten zonaldeak, eta nahiz eta Negropontek pentsatu AEBek, benetan nahi izanez gero, badutela dirua IKT azpiegitura egokiak ezartzeko, azkenean XO batzuk bertako eskola batzuetan saldu behar izan dituzte. Edo proiektua bera finantzatzeko Give One Get One kanpaina martxan jarri behar izan dute, AEBn eta Kanadan erabiltzaile indibidualei XO ordenagailua prezio bikoitzean erosteko aukera emanez eta, hala, hirugarren munduko haur bati beste bat oparituz. Edo azkenaldian Microsoft-ekin elkarlanean hasi behar izan dute Windows-en bertsio bat XOan instalatzea lortzeko, hainbat herrialdetan Windows instalatuta izatea eskatzen baitzieten, Linux pobreentzakoa eta txarragoa delakoan edo. Hau izan da erabaki zail eta gogorrena, proiektuaren filosofia eta hasierako helburuekin guztiz aurka baitoa: batetik, proiektuari beharrezkoa ez den kostua gehitzen dio, eta, nahiz eta hasieran Microsoft prest egon XOrako Windows doan lizentziatzeko, etorkizunerako sistema garesti batera lotzen ditu hirugarren munduko haurrak; eta, bestetik, proiektuaren aprobetxamendu egokirako eta etengabeko hobekuntzarako software librea da aukera onena. Baina OLPCk exijentzia horietara makurtu behar izan du...
Aldaketa teknologiaren munduan
Edozein modutan, dela XOren bidez nahiz beste batzuen ordenagailuen bidez, hirugarren munduko haurren alfabetatze teknologikorako helburuan aurrerapenak egingo direla ez dago dudarik, eta dena OLPCk irekitako bideari esker. Baina hirugarren munduko hezkuntzaren panorama ez da OLPCk aldatzea lortu duen gauza bakarra, teknologiaren munduan orokorrean ere eragin du.
Izan ere, ordenagailu eramangarrien ekoizleak hasi dira herrialde garatuetarako ere modelo merke eta arinak komertzializatzen. Lehenengoa eta ezagunena Asus-en EEE PC da, baina beste batzuk ere badira: Longmeng txinatarra, VIAren Nanobook... Eta mahai gaineko ordenagailuetan ere 200 dolarretik beherakoak ateratzen hasi dira AEBn, azalera handiko denden bidez banatuta: Everex gPC (Wal-Mart), Mirus Linux PC (Sears), Shuttle KPC... Urtarrilean Apple-k aurkeztutako Macbook Air famatuak ere, gutun-azal batetik aterata aurkeztu zuten munduko ordenagailurik meheena omen den horrek ere, asko zor dio XOari. Noski, ezin dira biak konparatu, Macbook Air askoz ahaltsuagoa da (beharko, 10 aldiz gehiago balio baitu!), baina XOaren iturrietatik asko edaten du: arina, prozesagailua ez hain potentzia handikoa, disko gogor txikia, CD/DVDrik ez, Ethernet porturik ez...
Azken finean, XOa diseinatzean erabilitako irizpideak (merkea, arina, kontsumo txikikoa) eta hori lortzeko bidea (flash memoriak disko gogorren ordez, CD/DVDrik ez, potentzia baxuagoa) ez dira egokiak hirugarren mundurako soilik; herrialde garatuetarako ere egokiak dira, zalantzarik gabe. Hemen, merkatuak edo kontsumitzaileek ez, baizik ordenagailu eramangarrien ekoizleek markatu izan dute orain arte bidea: beti gero eta ordenagailu azkarragoak, disko ahaltsuagoekin eta gaitasun grafiko hobeekin egin izan dituzte, baina pisutsuak eta garestiak. Auskalo zergatik egin duten hori, inertziagatik, edo ekoizleen arteko lehiagatik, edo prezioak ez jaistea justifikatzeko...
Behintzat, orain, ordenagailu ekoizleak konturatu dira potentziagatiko lasterketa zoroaren antzuaz eta, neurri baten bederen, irizpide praktikoagoekin hasi dira lanean (prezioa, pisua, kontsumoa, baliabideen aprobetxamendua eta optimizazioa...). Azkenean, OLPC apalaren XO txikiak enpresa teknologiko handien mundua ere irauli du.
Give One Get One kanpaina |
---|
OLPC proiektuaren finantzaketan laguntzeko, Give One Get One kanpaina (hau da, Bat Eman Bat Eraman) martxan jartzea bururatu zitzaien. 2007ko azaroan eta abenduan AEBko eta Kanadako hiritarrek aukera izan zuten, bi XO ordenagailu 400 dolarretan ordainduta, bat beraientzat lortzeko eta beste bat hirugarren munduko haur batentzat emateko. Kanpainaren bidez 83.000 pertsona inguruk erosi dute bere XOa, ia 17 milioi dolar lortuz, eta beraz beste 83.000 XO iritsiko zaizkie Afganistan, Kanbodia, Haiti, Ruanda eta Mongoliako haurrei (momentuz azken honetan ari dira banatzen). Baina lortutako onura hori baino gehiago da: jende pila bat hasi da XOarentzako hezkuntzako software berria garatzen, edo erabilera berriak asmatzen, edo informazioa sarean jartzen... Kanpainak izandako arrakasta ikusita, beste herrialde batzuetara zabaltzea pentsatzen ari dira, Europa ere tartean. |
Orain arteko salmentak |
---|
Orain arte, herrialde eta kantitate hauetan saldu edo banatu da XO ordenagailua:
Eta beste herrialde hauek erosteko asmoa dute, edo interesa agertu dute:
|
Rober Garay-ren komiki-tailerra
Rober Garay komikigile ezagunak 24 orduko komiki-ikastaro intentsiboa emango du, komikigintzaren bidez espresatu nahi duten egileei zuzenduta. Bermeoko Kafe Antzoki berrian izango da, maiatzaren 6tik aurrera, 6 astez astearte eta ostegunetan. Komikiak egiten hastea pentsatzen ari bazara, apunta zaitez giz@bermeo.org hebidean!