"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
Bizilagun berriak ditugu auzoan. Euskarazko komikigintzara argitaletxe berria bildu zaigu, Alberdania hain zuzen ere, eta baita egile berriak ere, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia. Ihes ederra izeneko nobela grafikoa (edo, euren hitzetan, irudi-eleberria) atera dute duela gutxi.
Zuri-beltzean dagoen 175 orriko komiki mardul hau ukronia bat da, hau da, gertaera historiko bat beste modu batera gertatu izan balizko garai alternatibo bat. Zehazki, irudikatzen du orainaldi bat non Espainiak Frantziaren aurkako 1808tik 1814rako Iberiar Penintsulako Gerra galdu zuen eta Euskal Herria Frantziaren barruko errepublika askeetako bat den. Egun errealitate alternatibo horretan bizi den bikote baten bizitzaren bitartez, Joanes Apaolaza argazkilariaren eta Olga Perls irakaslearen arteko harremanaren bitartez, politika, maitasuna, gizartea, sexua eta historiari buruzko hainbat gogoeta kontatzen zaizkigu.
Apustu arriskatua da egileek eta argitaletxeak Ihes ederra honekin egiten dutena. Komiki bat euskaraz ateratzea berez da ekintza ausarta eta txalogarria, baina areago, kasu honetan bezala, ohiz kanpoko gai eta moldeekin egiten bada. Ez da ohiko fikzioa ez slice of life tipikoa. Kontatzen den istorioaz harago, pentsarazteko eta hausnarketarako helburua duela esan daiteke. Kontaezinak dira eleberri grafiko honetan agertzen diren pertsonaia eta erreferentziak, egungoak, historikoak nahiz fikziozkoak. Iban Zalduaren hitzaurrea ere jeniala da.
Telebistak eta zinemak, zalantzarik gabe, gero eta digeritzen errazagoak diren lanak ematen dizkigute, eta literaturaren infantilizazioari buruz ere gero eta gehiago entzuten da azken aldian. Baina nahiz eta publiko zabalaren irudiko haurrentzako generoa izan, komikiak (edo komikiaren munduaren zati handi batek behintzat) merkantilismotik at jarraitzen duela esango nuke, oso lan gutxiren salbuespenarekin komikia ez baita negozioa egiteko modurik onena. Euskarazko komikigintzak ere, orohar, bide hori jarraitzen du, eta esango nuke azken urteetan, gainera, heldutasunera iristen ari dela. Lan gero eta kalitatezkoagoak eta sakonagoak ikusten ari gara (Gartxot, Pololoak, Saiak, Piztia Otzanak, Numenak...), eta hau ere hori konfirmatzera dator.
Hala ere, argitaletxeak bere promozio orrian eta egileek eurek elkarrizketaren baten Ihes ederra hau euskarazko lehen nobela grafikotzat saldu nahi izan dute, eta honekin ez nator batere ados, uste baitut goian aipatutako horietako asko ere (eta baita aurretiko beste batzuk ere) nobela grafikoak direla. Hala esan nien egileei beraiei ere Oreretako Mikelazulon egin zuten aurkezpenean, eta eztabaida polita izan zen eleberri grafikoa kontzeptuari buruz. Tira, eleberri grafikoaren definizio oso murriztaile baten arabera (gai serioduna, irudi errealistarekin eta abar) izan daiteke... Eta agian horrela deitzeak balioko die, estrategia komertzial gisa, komikietara hurbilduko ez liratekeen hainbat irakurle/erosle lortzeko (eta hala bada pozten naiz beraiengatik), baina komikizaleei orokorrrean ez zaigu izendapen hori gustatzen, bestelako komikienganako suposatzen duen mespretxuarengatik... Edozein modutan, horretara jartzekotan, lehenengo nobela grafikoa baino, lehenengo saiakera grafikoa edo olerki grafikoa dela esan dezakete, ze nire ustez kontatzen den istorioak berak baino garrantzia handiagoa daukate istorioa inguratzen duen testuinguruak (bikotearen istorioa bera ia anekdotikoa da) edo kontatzeko moduak berak (narratiboki nahiz grafikoki asko esperimentatzen dute).
Azkenik, benetan aipagarria da komiki honetan web-ak eta sare sozialek duten garrantzia (guztiz normala bestalde, egileak gazteak izaki horiek beraien bizitzaren parte izango direla suposatzen dut), eta berauek paperezko argitalpen baten integratzeko egindako saiakera eta ahalegina. Batetik, orriaren ertzetan, bertikalean, diskoak, liburuak edo URLak sartzen dituzte noizbehinka komikian egiten diren erreferentzia askori buruzko informazioa osatu ahal dezagun, web orrietan estekekin egiten den gisan. Bestetik, Joanes Apaolaza nobelako protagonistak blog bat (http://joanesapaolaza.wordpress.com) eta fotolog bat (http://www.fotolog.com/joanes_apaolaza/) izan ditu azken urte osoan, eta besteen blogetan erantzunak uzten aritu izan da (nirean pare bat aldiz erantzun zuen!). Oso originala iruditzen zait fikziozko pertsonaia baten bizitza benetakoa balitz bezala kontatzen duten gune horiek sortzearena (edo agian hor fikziozko pertsonaia baino gehiago egileen alter egoa islatu da?), eta txalotzekoa horrek eskatzen duen lana ezagututa. Berriki, gainera, Twitter kontua ere ireki du Joanesek, @joanesapaolaza! Eta followatzen nau! Una ilu!
Ongi etorriak ba, Hedoi, Alain eta Joanes, eta zorionak apustuan erakutsitako ausardiagatik!
Fitxa |
---|
Izenburua: Ihes ederra Gidoia: Hedoi Etxarte Irudiak: Alain M. Urrutia Argitaletxea: Alberdania Urtea: 2009 ISBN: 978-84-9868-086-7 |
Irakurri berri dut liburua eta nere inpresioak patxi lurrak esandakoaren bidetik doaz. Nik ez nuke komiki liburua denik esango, kasu honetan komikia liburuaren elementu bat gehiago besterik ez da eta. Poemak, argazkiak, errezetak, elkarrizketak, musika... zer ez dago liburu honetan! Detaile eta erreferentzia pila bat ditu, irakurketa ezberdinetarako gonbita luzatzen dutenak.
Era berean, formatu zaharrean argitaratu den liburu berria ere bada, agian pantaila aurrean irakurri izan banu gehiago gozatuko nukeena (estekak jarraituz, Lisabö entzunaz...). Bigarren bueltarako gelditzen da hori.
Aitortu behar dut irakurtzerakoan gozatu ezinda ibili naizela. Komiki pasarteak arin eta erraz irakurtzen nituen bitartean, beste batzuk, Euskal Iraunari buruzkoa adibidez,luuzeak eta geldoak ziren oso. Densoegiak neretzat. Bilatutako efektua dudarik gabe, eta irakurketa "jasoagoen" zaleek topatuko dute bertan gozatzeko materialik.
Esandakoa, liburu berria eta berritzailea gurean. Elementu asko biltzen eta nahasten dituena. Baina tamalez, nere ustez behintzat, liburuko elementuek nahasketak ez du koktelik osatu.