Pololoak 3: The making of
Patxi Gallegoren Pololoak komiki-trilogia (zeina sarritan izan baitugu blog honetan hizpide) komunikabideetan daukagu berriz ere, atzo bertan estreinatu zen antzezlana dela-eta, eta ziur aski gehiago izango dugu hurrengo asteetan, egun gutxi barru Elkarrek Pololoak 3 - Atxeritoko balada trilogiaren azken alea kaleratu behar baitu.
Horri buruz idazteko Patxiri komikiaren azala eskatzeko atrebentzia izan nuen, bera aspalditik ezagutzen baitut. Horren ordez, Patxik etxera gonbidatu ninduen, liburuaren sorkuntza prozesua bertatik bertara ezagutzera!
Esperientzia ikaragarria izan zen. Han nintzen ni, komikigilearen santutegian, nire komikirik gustukoenetako baten jaiotza sortzaileak berak xehetasun guztiz azaltzen zidala! Pololoak 3-ren sorreraren testu, zirriborro eta original mordoa erakutsi zizkidan, paperean eta ordenagailuan (horietako hainbati argazkiak atera nizkien, 1, 2, 3, 4, 5 eta 6), eta komikiaren sortze-prozesua azaldu zidan: nola dena akuarelaz koloreztatu duen, nola orri berezi bat erabili behar izan duen bestela akuarelak tinta korritzen zuelako, nola Mari ongi ateratzeko ia obsesionatu arteko probak egin zituen... Azkenean baztertutako azalak ere erakutsi zizkidan (bat ezkerrean azal definitiboaren azpian daukazuen Batman-en omenaldia, eta bestea hemen ikus dezakezuena).
Gainera, Pololoak-en lehen libururako egin zituen proba eta zirriborroak ikusi nituen, Xabinaitor superheroi klasikoago, gihartsuago baten gisan irudikatzen zuenekoa. Eta izenaren probak ere bai!
Horiek guztiak ikustean jabetzen da bat zenbat lan suposatzen duen komiki bat egiteak. Pololoak-en bezalako trilogia baten kasuan, obra faraoniko bat da. Eta euskara merkatu txikia izanik, ez da posible euskarazko komikigintzaz soilik bizitzea, eta ordu horiek guztiak jaten ematen duen laneko orduez gain egin behar dira. Patxik, eta komikiak euskaraz egiten ari diren beste jendeak ere (Xabiroikoak, Ihes Ederrakoak, Numenakekoak, Gartxotekoak...), kristoren sakrifizioak egiten dituzte komikiei eta euskarari dieten maitasunagatik... Hauek bai benetako superheroiak!
Patxik esan zidanagatik, Durangorako egongo da. Berak dena amaituta eta entregatuta dauka duela ia bi aste, eta denbora ematen omen du inprimatu eta banatzeko.