Komiki-ekitaldi ugari Donostian eta Gasteizen
Jada hasita daude edo hurrengo egunotan izango dira komikien inguruko hainbat ekitaldi Donostian eta Gasteizen. Hemen daukazue horien berri.
Donostiako VI. Komiki Jardunaldiak
Aurten ere, urriaren 31tik azaroaren 6ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astearen barruan Donostiako VI. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 31tik azaroaren 30era izango direnak. Aurtengoan hiru erakusketa egongo dira, lau egileri dedikatuak: Juan Giménez (Okendo Kultur Etxean eta Vito 021 Galerian azaroaren 14a arte), Euskadi fantastikoa V Manu Ortega (Udal Liburutegi Nagusian azaroaren 21a arte) eta Álex Orberekin (Ernest Lluch Kultur Etxean azaroaren 21a arte) eta Eva Conde (Principe zinemetan azaroaren 30a arte).
Métal Hurlant zinema zikloa
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Aste horren barruan, zikloetako bat Métal Hurlant eta fantasiazko zinemari dedikatua dago. Métal Hurlant 70 eta 80ko hamarkadako zientzia-fikziozko komiki-aldizkari frantziar mitikoa da. Bertan Moebius eta Alejandro Jodorowski bezalako komikigile ezagunek hartzen zuten parte, eta partehartzaile horietako asko gero zineman ere aritu ziren dekoratzaile, gidoilari edo zuzendari gisa. Zientzia fikziozko titulu ezagun askotan dago beraz aldizkariaren marka. Film horietako ezagunenetako batzuk emango dituzte zikloan: Barbarella, El topo, Alien, Heavy Metal, Les maîtres du temps, Tron, The Keep, Taxandria, El quinto elemento eta Kamikaze 1999 – El último combate.
Komik 10 gida
Donostiako Udal Liburutegien sareak Komik 10 izeneko gida kaleratu du. Beste komiki-gidek ez bezala, honek Euskal Herriko komiki ekoizpenaren erakusgarri izan nahi du, eta azken 10 urteotako lanik garrantzitsuenak azaltzen ditu. Azala Dani Fanorena da.
Fanzine erakusketa
Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan azken lau hamarkadetako fanzineen erakusketa paratu dute, 200 ale baino gehiagorekin. 1970etik gaur arterainoko fanzine piloa daude erakusgai: Euskadi Sioux, Pott, TMEO, Mamorro, La Comictiva, Ekintza Zuzena, Araba Saudita, Karma, Muskaria... Abenduaren 31 arte duzu altxor hau ezagutzeko aukera.
Crash Comic 09 gazteentzako komiki-lehiaketa
Aurreko urte batzuetan bezala, Crash Comic 09 gazteentzako komiki-lehiaketa antolatu dute Gasteizen TMEO aldizkariaren inguruan ibiltzen diren hainbat komikigilek osatutako Atiza komikigileen elkarteak eta Gauekoak ekimenak.
Lehiaketa honetan 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek dute parte hartzeko aukera eta hiru komiki onartuko dira egile bakoitzeko, originalak eta lehenago argitaratu gabeak, eta pertsonaiek ere originalak izan beharko dute. Lanak zuri-beltzean edo koloretan eta edozein teknika erabilita aurkez daitezke. Lanak orrialde beteko luzera izango du, eta gaia librea da. Lehenengo 3 sariak 500, 400 eta 300 eurokoak izango dira. Arabako komiki onenak 200 euro jasoko ditu eta TMEOn argitaratuko da, eta emakume baten lan onenak 500 euro.
Izena emateko epea azaroaren 2an hasiko da eta 2009ko abenduaren 3an amaituko da. Ebazpena abenduaren 11n jakinaraziko da. Aldabe Gizartetxean erakusgai jarriko dira ondoren aurkeztutako lanak.