El Supergrupo is back!
Jan marrazkigile handiaren Superlópez da niri gehien gustatzen zaidan komikietako bat, Supermanen parodia aparta. Lehenengo 9 albumak, La gran superproducción arte, bikainak dira, nahiz eta ordutik aurrerakoek ez duten ezer balio (hau ez da nire ustea soilik, jende askok pentsatzen du horrela). Eta 9 horietan onenetakoak dira El Supergrupo eta ¡Todos contra uno, uno contra todos!, 2. eta 3. albumak hain zuzen ere. Francisco Pérez Navarro Efepéren gidoia duten abentura hauetan Supergrupo izeneko superheroi-taldearen kide gisa agertzen da Superlópez, Capitán Hispania, El Bruto, La Chica Increíble, Latas eta El Mago lagun dituela, Marvel-eko hainbat pertsonaiaren parodiak.
Kontua da Francisco Pérez Navarrok dituela talde horretako pertsonaien eskubideak, eta berak eta Sergi San Julián marrazkigileak, Glénat argitaletxearen eskutik, Supergrupoaren album berri bat atera behar dutela, fan ugarion gozamenerako! Eta beste era batera izan ezin zenez, buruzagi berriaren bila ari dira! Proiektua oraindik hastapenetan zegoela, martxoan Sergik berak esan zuen bertan behera gelditu zela, baina urrian Glénatek iragarri du albuma bidean dela.
Gustuko komiki, liburu edota filmen jarraipen edo bigarren parteekin desengainua eraman ohi badut ere, Superlópezen spin-off honek ilusionatzea ezin dut ekidin. Batetik, gidoia Efepék berak egingo duelako, Supergrupoaren jatorrizko istorio bikainak egin zituenak, eta ez da zaila izango Superlópezen azken abenturak baino askoz hobeagoa izatea. Eta bestetik, Sergik irudiak Janen estilo bikaina imitatuz egiteko asmoa du, eta oraingoz erakutsi duenagatik, oso ongi egiten du gainera. Ezin dut itxaron...