e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Komikien inguruko ekitaldi gehiago Bilboko Alhondegian
Urriaren amaiera honetarako, eta astebete eskaseko tartean, komikien inguruko bi ekitaldi antolatu ditu Bilboko Alhondegiak, blog honetan sarritan aipatu dizuegun AlhóndigaKomik programa aberatsaren barruan.
Batetik, larunbat honetan, urriak 23, 12 komiki-ordu izeneko tailerra egingo da. Goizeko 9tan hasi eta gaueko 9ak bitartean, Clara-Tanit Arquék eta Martín Romerok, AlhóndigaKomik bekaren lehenengo bi lehiaketen irabazleek, komiki bat 12 ordutan nola marrazten den irakatsiko dute hasiberrientzako ikastaro moduko honetan. Parte hartzearen prezioa 30 eurokoa da.
Bestetik, hurrengo ostegunean, urriak 28, arratsaldeko 7tan, El Secreto de la Alhóndiga liburua aurkeztuko da. Liburuak Alfonso Font, Daniel Torres, Miguel Ángel Martín, Raquel Alzate, Laura Pérez-Vernetti-Blina, Santiago Valenzuela, Paco Roca eta David Rubín egileen binetak ditu, eta Alhondegiak komikien inguruan eskainiko dituen ekitaldien garrantziaren isla izan nahi du, originaltasuna eta xarma erakutsiz. Aurkezpenean komikiaren inguruko zuzeneko ekitaldia egongo da, Laura Pérez-Vernetti eta Javier de Isusi komikigileen eta Mikel Andueza saxofonistaren parte-hartzearekin.
Segi dezala Alhondegiak komikien inguruko programa oparoa antolatzen! Baina, ahal izanez gero, euskarazko gauza gehitxoagorekin...
Komikien munduko hainbat berri
Post honetan, komikien munduen inguruko hainbat berri dakarzkizuegu denak batera, blog honetan ohitura bihurtzen ari den gisan.
Batetik, Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalaren laguntzarekin, Galtzakomik lehiaketa antolatu du. Hiru kategoria daude, bakoitza bere sariekin: 12 urtetik beherakoak (komiki-bilduma, marrazketarako materiala eta argitalpena), 12tik 18 urtera artekoak (400 euro eta argitalpena lehenarentzat, 200 euro eta argitalpena bigarrenarentzat) eta adinez nagusiak (600 euro eta argitalpena lehenarentzat, 400 euro eta argitalpena bigarrenarentzat). Lanek euskaraz izan behar dute eta azaroaren 19ra arte bidal daitezke.
Bestetik, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP) Euskal Irudigileen III: Topaketak antolatu ditu (gaztelania hutsean daude bi estekak). Larunbat honetan izango dira, urriak 12, goizeko 10etatik aurrera, Bilboko Yohn Jauregian. Gaia ingurune digitala eta egile-eskubideak izango da, eta hau da egitaraua (dena gaztelaniaz izango da):
- 10:00: Los retos de la creación en ilustración ante los nuevos soportes de comunicación. Hizlaria: Gemma Cortabitarte, kazetaria eta APIC-eko gerentea (Asociación de Ilustradores de Cataluña).
- 11:00: Atsedenaldia
- 11:30: La legislación ante el entorno digital. Hizlaria: Javier Gutiérrez, abokatua eta VEGAP-eko zuzendari orokorra.
Azkenik, Bilboko Alhondegiak antolatutako Komik Online lehiaketaren lehenengo edizioaren irabazlea aukeratu du Antonio Altarriba, Leandro Alzate eta Juan Berriok osatutako epaimahaiak: beste 68 lanekin lehiatu ondoren, Francisco Valentín Sordo Artarazen Opiniones lana saritu dute komiki-sorta batekin.
Bilboko barrea, bihartik igandera
Irailaren 22tik 26ra, hau da, bihartik igandera, ospatuko da Bizkaiko hiriburuan Bilboko Barrea jaialdia, umorezko literaturaren eta umore grafikoaren lehen nazioarteko astea. Beronen barruan hainbat mahai inguru, erakusketa, emanaldi, aurkezpen eta sinadura-ekitaldi egingo dira, egile eta pertsonaia ezagunen parte hartzearekin: Forges, Michel Houellebecq, Tom Sharpe, Antonio Altarriba, Kirmen Uribe, Gallego & Rey, Jon Arretxe, Félix Linares, Rafael Reig, Zulet... Jarraian duzue programa zehatza.
Mahai inguruak
IRAILAREN 22a, ASTEAZKENA (Arte Ederren Museoko Entzunaretoa)
- 19:30: Mahai-ingurua. La literatura de humor, ¿un género menor? Juan Basek moderatu eta parte hartuko du. Gonbidatuak: Rafael Reig eta Fernando Iwasaki.
IRAILAREN 23a, OSTEGUNA (Euskalduna Jauregia. A3 aretoa)
- 19:00: Mahai-ingurua El humor inglés y el resto del mundo. Pablo Martinez Zarracinak moderatuko du. Gonbidatuak: Luis Alberto de Cuenca, Felipe Benitez Reyes eta Jorge Herralde.
- 20:30: Cesar Cocak elkarrizketa egingo dio Michel Houellebecqi.
IRAILAREN 24a, OSTIRALA (Euskalduna Jauregia. A3 aretoa)
- 19:00: Mahai-ingurua. El humor que burló a la censura. Felix Linaresek moderatu eta hitz egingo du. Gonbidatuak: Ramon de España eta Antonio Altarriba.
- 20:30: Jorge Herraldek elkarrizketa egingo dio Tom Sharperi.
- 21:00: BBK Bilboko Barrea Saria emango zaio Tom Sharperi.
- 21:30: Wilt filmaren proiekzioa.
IRAILAREN 25a, LARUNBATA (BBK aretoan)
- 18:00: Mahai-ingurua. El humor gráfico como sátira política. Jesus Zuletek moderatu eta parte hartuko du. Gonbidatuak: Forges eta Gallego & Rey.
Erakusketak
IRAILAREN 22tik 26ra (Arenala)
- 22tik 25era 11:00 - 21:00, 26an 11:00 - 14:00: FORGESen erakusketa, "LOS FORRENTA AÑOS" obrari buruzkoa.
IRAILAREN 17tik URRIAREN 5era (BBK aretoan)
- 10:00 - 14:00, 16:30 - 21:00: LA CODORNIZ umorezko aldizkariari buruzko erakusketa.
Emanaldiak
IRAILAREN 22a, ASTEAZKENA (Arenalean)
Karpa nagusia
- 11:30 - 13:30: Kukubarre Jazz Quartet
- 13:00 - 14:00: Animazioa Renatoren kontura
- 17:00 - 18:00: Animazioa Renatoren kontura
- 18:30 - 19:30: Kukubarre Jazz Trio
- 19:30 - 20:00: Musika-animazioa
Ipuin-kontalarien karpa
- 12:00 - 13:00: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (La risa también cuenta, Ez ez ez Ines aldrebes, Kontalariak: Pedro Ruiz eta Begoña Gómez)
- 18:00 - 19:30: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Chupeteando, Eta hala bazan ala ez bazan, La risa también cuenta, Kontalariak: Joaquín Ponte, Pedro Ruiz eta Anabel Muro)
IRAILAREN 23a, OSTEGUNA (Arenalean)
Karpa nagusia
- 17:00 - 18:00: Animazioa Renatoren kontura
- 18:30 - 19:30: Kukubarre Jazz Trio
- 19:30 - 20:00: Musika-animazioa
Ipuin-kontalarien karpa
- 12:30 - 13:30: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Monstruo beldurgarria???, Contemos juntos. Kontalaria: Begoña Gómez)
- 17:00 - 17:45: Magia
- 18:00 - 20:00: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Ceniciento; Ez ez ez Ines aldrebes; Chupeteando, Elkarrekin konta dezagun, Kontalariak: Joaquín Ponte eta Begoña Gómez)
IRAILAREN 24a, OSTIRALA (Arenalean)
Karpa nagusia
- 17:00 - 18:00: Animazioa Renatoren kontura
- 18:00 - 19:00: Kukubarre Jazz Trio
- 19:10 - 19:40: Musika-animazioa
Ipuin-kontalarien karpa
- 12:00 - 12:30: Magia
- 12:45 - 13:45: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Eko-ipuinak (Kamishibai saioa) Érase una vez, un colorín colorado, Ceniciento, Senarra etxean, Kontalariak: Pedro Ruiz , Anabel Muro, Joaquín Ponte eta Begoña Gómez)
IRAILAREN 24a, Ostirala (Euskalduna Jauregia. A3 Aretoa)
- 21:30: Wilt filmaren proiekzioa
IRAILAREN 25a, LARUNBATA (Arenalean)
Karpa nagusia
- 11:00 - 12:00: Animazioa Renatoren kontura
- 13:00 - 14:00: Kukubarre Jazz Duo
- 17:00 - 18:00: Animazioa Renatoren kontura
- 18:00 - 19:15: Kukubarre Jazz Quartet
- 19:15 - 19:45: Musika-animazioa
Ipuin-kontalarien karpa
- 11:00 - 11:45: Magia
- 12:00 - 14:00: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Chupeteando, Monstruo beldurgarria???, Ceniciento, Elkarrekin konta dezagun, Kontalariak: Joaquín Ponte eta Begoña Gómez)
- 17:00 - 17:45: Magia
- 18:00 - 20:00: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (La risa también cuenta, Zenbat ipuin!!!, Érase una vez, un colorín colorado, Eta hala bazan, ala ez bazan, Kontalariak: Anabel Muro eta Pedro Ruiz)
IRAILAREN 26a, IGANDEA (Arenalean)
Ipuin-kontalarien karpa
- 12:30 - 14:00: Kandelen argipean ipuin-kontalari taldea (Ceniciento, Eko-ipuinak (Kamishibai saioa), Chupeteando, narradores: Joaquín Ponte eta Pedro Ruiz)
Liburuak sinatzea
IRAILAREN, 22a, ASTEAZKENA (Arenalean)
- 19:30 - 21:00: Fernando Mariasek, Lola Beccariak Kirmen Uribek beren liburuak eta aurkeztutako liburua sinatuko dituzte.
IRAILAREN 23a, OSTEGUNA (Arenalean)
- 19:30 - 21:00: Fernando Iwasakik, Rafael Reigek eta Manuel Manzanok liburuak sinatuko dituzte.
IRAILAREN 24a, OSTIRALA (Arenalean)
- 19:30 - 21:00: Martin Amisek, Felipe Benitez Reyesek, Luis Alberto de Cuencak, Michel Houellebecqek eta Raul Argemik beren liburuak sinatuko dituzte.
IRAILAREN 25a, LARUNBATA (Arenalean)
- 19:30 - 21:00: Liburuak sinatuko dituzte: Tom Sharpe, Ramon de España, Antonio Altarriba, Fernando Trias de Bes eta Toni Batllori idazleek
Liburu aurkezpenak
IRAILAREN 22a, ASTEAZKENA (Arte Ederren Museoko Entzunaretoa)
- 18:30: Bilboko Barrea bildumako lehen kontaketa-liburuaren aurkezpena. Fernando Mariasek aurkeztu eta hitz egingo du. Gonbidatuak: Lola Beccaria eta Kirmen Uribe.
IRAILAREN 23a, OSTEGUNA (Arenalean)
- 12:00: Fernando Mariasek Manuel Manzanoren El hombre de plastilina eleberria aurkeztuko du.
IRAILAREN 24a, OSTIRALA (Arenalean)
- 12:00: Jon Arretxek Raul Argemik haurrentzako idatzitako bi umorezko eleberri aurkeztuko ditu: Ladrones y Paraguas eta Bandidos y dragones.
IRAILAREN 25a, LARUNBATA (Arenalean)
- 12:00: Aldi bereko aurkezpena: Forgesek Jesus Zulet umorista grafikoaren Black & White aurkeztuko du, eta Juan Basek, berriz, Fernando Trias de Besen eta Toni Batlloriren Mil millones de mejillones umorezko saiakera.
Bestelakoak
IRAILAREN 23a, OSTEGUNA (Euskalduna Jauregia. A3 aretoa)
- 20:30: Cesar Cocak elkarrizketa egingo dio Michel Houellebecqi.
IRAILAREN 24a, OSTIRALA (Euskalduna Jauregia. A3 aretoa)
- 20:30: Jorge Herraldek elkarrizketa egingo dio Tom Sharperi.
- 21:00: BBK Bilboko Barrea Saria emango zaio Tom Sharperi.
IRAILAREN 25a, LARUNBATA (BBK Aretoan)
- 19:30: Rodrigo Fresanek elkarrizketa egingo dio Martin Amisi.
- 20:45: Omenaldia Forgesi.
IRAILAREN 26a, IGANDEA (Arenalean)
Karpa Nagusia
- 12:30: La Risa de Bilbao / Bilboko Barrea umore-mikroipuinen lehiaketako ebazpena. Finaleko hamar ipuinak eta irabazlea irakurriko dira. Eroski Bidaiak saria emango zaio
IRAILAREN 26a, IGANDEA (BBK Aretoan)
- 12:00: La Codorniz aldizkariari buruzko hitzaldia, Fernando Garcia Garretaren eskutik. Fernando Garcia Garreta gaian aditua eta erakusketaren jabea da.
Gauzen Internet: mundu adimendunerantz
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko ekaineko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Jadanik badaude ordenagailuak ez diren hainbat aparailu, Internetera konektatzen direnak: informazioa zerbitzari batera automatikoki bidaltzen duten eguraldi-baldintzen (tenperatura, presioa, haizearen abiadura...) sentsoreak, hainbat tokitan jarrita etengabe transmititzen ari diren webkamak, taxi edo autobusen kokapena zentral batera igortzen duten GPS aparailuak, zirkulazio-sentsoreak... Aplikazio horietan oinarritutako zerbitzuek denbora dezente daramate gure artean eta aski ezagunak dira.
Baina horrelako gailuak oraindik ez dira hainbeste ere; makinek pertsonen laguntzarik gabe eragindako trafikoa gutxi gorabehera Internet osokoaren %12 izan daitekeela kalkulatzen da. Baina Gauzen Internet garatuz gero, askoz objektu edo tresna gehiago egongo dira Internetera konektatuta pertsonak baino.
Etxetresnak Internetera konektatuta
Logikoa denez, Internetera lehenbizi konektatuko diren hurrengo gailuak etxetresna elektrikoak izango dira. Horrek ekarriko dituen aukeren adibide praktiko bat elektrizitate-kontsumoaren optimizazioa da. Gaur egun badaude etxeetan kontsumo elektrikoaren optimizagailuak, gauean eta tartekatuta garbigailua, ontzi-garbigailua eta abar martxan jartzeko; bada, etxetresnak Internetera konektatuz gero, elektrizitate-konpainiak jakingo du zenbat gailu diren martxan jarri beharrekoak, eta martxan jartzeko aginduak koordinatu ditzake. Optimizazio globala egiten du horrela. Beste adibide bat da telebistak Internetera konektatuta ikusleriari buruzko informazio zehatza lor daitekeela. Edo etxetresnak martxan jarri edo itzali ahal izango genituzke, kanpoan garela ere.
Internetera gailu txikiagoak konektatuta ere gauza ugari lor litezke. Esate baterako, iratzargailuak guk esan gabe jakin dezake gu noiz esnatu, gure on line agendara konektatuta eta trafikoaren egoera ezagututa. Edo gure zapatilek automatikoki bidal diezaiokete gure entrenamendua gidatzeko programari zenbat kilometro eta zer abiadatan egin ditugun egun bakoitzean.
Edozein objekturen informazioa
Hala ere, Gauzen Interneten kontzeptua haratago doa. Elikadura elektrikorik gabeko edozein objektuk dauka lekua bertan, modu pasiboago batean bada ere, RFID bidez. RFID siglek Radio Frequency IDentification esan nahi dute; irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, alegia. Sistema hori RFID etiketez eta RFID irakurgailuez osatuta dago; irakurgailuak irrati-frekuentziako seinaleak igortzen ditu, eta, haiek, hurbil dagoen RFID etiketa batekin topo egitean (txip eta antenadun pegatina txiki-txiki bat), bere identifikazio-zenbakia detektatzen du irakurgailuak.
2006ko maiatzeko zenbakian agertu zen RFID teknologiari buruzko artikulu bat Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian. Han aipatzen ziren erabilera posibleen artean, supermerkatuetan ordainketa orga hustu beharrik gabe egitea zegoen, supermerkatuko gauza guztiek RFID etiketa izanez gero, edo hozkailuak ohartaraztea beti izaten dugun produktu bat agortzen ari zaigunean. RFID teknologia Internetekin konbinatuta, aukera asko zabaltzen dira. Hozkailuaren adibidean, esate baterako, hozkailuak berak egin dezake falta zaigun gauzen erosketa Internet bidez.
Gainera, jada badaude merkatuan etxeko ordenagailura konektatzeko eros daitezkeen RFID irakurgailuak, etiketa bakoitza detektatzean ekintza zehatz bat egiteko programa ditzakegunak. Horrela, adibidez, gure haurren motxilan pegatina bat jarrita, etxera iristen denean automatikoki gure lantokiko posta elektronikora abisua bidaltzeko programatu dezakegu.
Pribatutasun kezkak
Gauzen Interneten ahalmena izugarria bada ere, horretarako gure gailuek eta bestelako gauzek bertara konektatuta egon behar dute. Gainera, informazioa zabaltzen dute, guri buruzko informazioa azken finean, eta asko, gainera. Informazio hori soilik guri zerbitzu egokiak emateko erabil daiteke (gure pribatutasuna babestuz), baina kontrol sozialerako, publizitateaz bonbardatzeko... ere bai. Ahalegina egin beharko dugu sortzen ari den Gauzen Internet hau Anaia Handia bihurtu ez dadin.
Hala ere, maila pertsonalean gure bizi-kalitatea hobetzeaz gain, gizartean ere aurrerapenak egiteko bidea eman lezake Gauzen Internetek, hor sortzen den jakintza kolektiboa aprobetxatuta. Ekoizten den informazio hori guztia globalki egokiro tratatuz gero, munduaren ezagutza zehatzago eta hobe bat eskuratu eta antolaketa nahiz baliabideen kudeaketa eraginkorrago bat lor daiteke.
Wave garatzen ez du jarraituko Google-k, jendearen erabilpen urria argudiatuta
Google Wave iazko maiatzean aurkeztu zuen Google-k, posta elektronikoa ordezkatzera zetorren tresna. Beraien hitzetan, horrela izango litzateke posta elektronikoa gaur egun asmatu izan balitz. Eta egia da komunikaziorako eta elkarlanerako tresna itzela dela, posta elektronikoaren, berehalako mezularitzaren, wikien eta beste hainbat tresnaren ezaugarriak biltzen baititu. Gainera, ez da Google-n tresna bat soilik, kode irekiko software bat eta protokolo ireki bat baizik, nahi duenak bere zerbitzarian instalatu dezan edo bere inplementazioa egin dezan. Arrakastarako aukera handiak zituen, beraz. Nik neuk ere, guztiz liluratuta, Elhuyar aldizkarian artikulua idatzi nuen berari buruz. Eta tresna erabiltzeko gonbidapena lortu nuenean ere, ikaragarria iruditu zitzaidan.
Baina egia da ez duela espero zen adinako zabalkunderik izan, eta Google-k, zerbitzua mantentzen jarraituko duen arren, bere garapena uztea erabaki du. Zergatik gertatu da hau, hain potentzial handia izanik? Zergatik hain erabilpen urria, hain erreminta ahaltsua bada? Nire ustez, Google-k berak du horren errua; ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, Google-k utzi du Wave poliki-poliki hiltzen. Eta azalduko dut zergatik.
Niretzat posta elektronikoa funtsezko tresna da. Sare sozialak ere erabiltzen ditut lagun eta ezagunekin komunikatzeko, baina komunikazio pribaturako edo lanerako posta elektronikoak jarraitzen du izaten nire tresna nagusia. Eta Google Wave-k hori bera eskaintzen du, baina aukera gehiagorekin: wikiak, berehalako mezularitza... Eta hala ere, Google Wave kontua izanik ere, apenas erabili dut, posta elektronikoarekin jarraitu dut. Kontua da, posta elektronikoa ez bezala, oso jende gutxik zuela Wave, eta zerbait bidali behar denean ez da erosoa Wave-ra joatea ikusteko ea hartzaileak hor konturik baduen, eta bestela postaz egitea. Modu berean, komunikaziorako edozein tresnatan bezala, noizean behin begiratu behar duzu ea zerbait iritsi zaizun, baina gehienetan ezer iristen ez bada, azkenean aspertu eta sartu ere ez zara egiten. Eta gertatu izan zait norbaiti wave bat bidali eta ondoren e-mailez abisatu behar izatea wave bat bidali niola, ez zuelako erantzuten...
Nire esperantza zen laster Google-k Wave Gmail-en interfazean integratuko zuela: Gmail-eko interfazean norbaiti idaztean, hartzaileak Wave konturik duela ikusiko balu, Wave bidez komunikatzeko aukera emango zuela Gmail-ek; era berean, jasotzen genituen Wave berriak Gmail-en erakutsiko zizkigutela. Jokaldi logikoa da benetan Wave bultzatu nahi bada, eta zeozergatik konbentzituta nengoen Google horretan ari zela, edozein unetan jarriko zuela martxan aukera hori, ziur bainaiz horrek Wave berpiztuko zuela... Baina ez du hori egin.
Aldiz, Google Buzz sare soziala atera eta segituan integratu zuen Gmail-ekin. Badirudi Google-k esfortzuak sare sozialetan protagonismo apur bat lortzera bideratu nahi dituela, nahiz eta nire ustez hori askoz zailagoa izan: Facebook eta Twitter etsai gogorrak dira; posta elektronikoa, aldiz, teknikoki askogatik gainditzen du Wave-k...
Oraingoan, beraz, txistuak Google-rentzat. Hala ere, sarean asko dira Google-ren erabakiaren kontrako iritziak. Ea, aldarrikatzen duen moduan, jendeari entzuten dakien enpresa den eta bidea aldatzen duen...
"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
Euskal Encodings webgunean euskarazko bideoak denon eskura jartzeko egiten duten lan bikainarekin jarraitzen dute. Bertan film eta serie mordoa aurki badaiteke ere, azkenaldian igo dituzten biri buruz hitz egin nahi dizuet gaurkoan, niretzat azken urteetan ETBk emandako onenetakoak baitira.
Batetik, Heroiak (Heroes) telesaila. Hau izan da, Vrekin batera, Euskal Telebistaren azken urteetako apustu nagusietakoa kanpoko fikziozko serieei dagokionez. Baina hala ere ez zuen batere egoki jokatu berarekin: urte bat baino gehiagoko atzerapenarekin bota zituzten lehenengo bi denboraldiak, ordurako DVDak aterata zeudenean euskarazko audio eta guzti, eta ETB2n eman zuten, gaztelaniaz! Behintzat 2. denboraldia Euskal Encodings-en jarri zuten euskaraz ETBk eman aurretik... Lehenengo denboraldiko atalen erdia edo lehendik jarrita bazeuden ere, oraintsu amaitu dute 23 atalak jartzen.
Bestetik, Avatar, azken aire maisua (Avatar, the last airbender) marrazki bizidunetako seriea. Nickelodeon etxearen serie hau bihurtu da nire inoizko marrazki bizidunetako sailik gustukoena, Gargoyles-i tokia kenduz. Duela hiru bat hilabete semeak ikusten hasi zirenean, nik ere pare bat ikusita guztiz engantxatu nintzen, eta ezagutzen ditut beste hainbat aita berdin gertatu zaiena. Haurrentzako serie egokia da, baina helduentzat ere oso ongi dago, irakurketa sakonago bat ere eskaintzen baitu. Umorea eta abentura ederto konbinatzen dira bertan. Ekialdearen itxurako mundu imajinario baten, non jendeak arte martzialak eta elementuak menderatzen dituen, haur koadrila batek mundua salbatu beharko du. Animaliak, tokiak, trajeak eta abar irudikatzeko kristoren imajinazioa daukate, eta irudi oso eder eta kalitatezkoekin gauzatu dituzte gainera. Pertsonaiak oso interesgarriak dira, batez ere Katara, neska gogor eta zentzudun baina aldi berean goxoa (ahots bikaina du euskarazko bikoizketan), edo Zuko, errege gaiztoaren seme tormentatua. Eta ez da dena borroka, laguntasuna, ohorea, zintzotasuna edo maitasuna bezalako sentimenduak asko lantzen dira, eta haurrek sarri erakusten dituzte. Sari ugari irabazi ditu gainera. Beno, nabari da asko gustatzen zaidala, ezta? Tira, harira. Kontua da Euskal Encodings-ekoek denok jaisteko moduan jarri dutela serie osoa (1. denboraldia, 2. denboraldia eta 3. denboraldia). Jaitsi ezazue sin falta zuentzat edo zuen haurrentzat, ez zaizue damutuko!
Bide batez, ni bezala, M. Night Shyamalan ere seme-alabekin ikusita engantxatu zen seriera (alabak Halloween-en Kataraz mozorrotu nahi zuela esan zionean ezagutu omen zuen), eta filma egiteko eskubideak erosi zituen (aurreratu egin zait, kasuen! ;-). AEBetan uztaila hasieran estreinatu zen lehen denboraldian oinarritzen den lehen filma, The last airbender ("Avatar" hitza ezin du izenburuan jarri James Cameronen beste film haren erruz), eta Espainian abuztuaren 6an estreinatuko da Airbender: el último guerrero izenburuarekin. Ez du kritika onegia ere jaso, besteren artean 3D faltsuan ematen dutelako, baina hala eta guztiz ere han izango nauzue semeekin estreinatzen denean...
"María y yo" filma estreinatu da
María y yo Miguel Gallardok (beste batzuen artean Makokiren egilea denak) Astiberri Bilboko argitaletxearen eskutik 2007an argitaratutako komiki bikaina da, Kataluniako Komiki-Sari Nazionala irabazitakoa. Bertan autista den bere alaba Maríarekiko erlazioa kontatzen du oso modu hunkigarrian. Komiki bikaina da zinez.
Orain, istorio horretan oinarrituta, izenburu bereko film dokumentala egin du Félix Fernández de Castro zuzendariak, orain artean publizitatean sari ugari irabazitakoak. Miguel eta María eurak dira aktoreak. Jada sariak irabazi ditu eta baita kritika oso onak jaso ere. Trailerrak ere oso itxura ona du.
Gaur estreinatu da filma, beraz ahal baduzue ez galdu ikusteko aukera. Tamalez, Euskal Herrian Bilbon eta Gasteizen soilik dago, momentuz behintzat...
Hainbat komiki-lehiaketaren berri
Gaurkoan lehiaketen inguruko hainbat berri dakarzkizuegu. Batetik, Fernando Buesa Fundazioak, Sauré argitaletxearen laguntzarekin, Giza eskubideen aldeko tira nazioarteko 1. lehiaketa antolatu du. Sariz ederto hornitua dago, 5.000 euro lehen 5 sarien artean. Lanak aurkezteko epea urte honen amaieran bukatzen da.
Bigarrenik, Barakaldoko Udalak, honek ere Sauré argitaletxearen laguntzarekin, 10. aldiz antolatu du Teknologia berriak umore grafikoari buruzko lehiaketa. Honek 4.500 euro ditu saritan, eta urriaren 13a baino lehenago aurkeztu behar dira lanak.
Azkenik, blog honetan sarritan hizpide izan dugun Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketak erabaki ditu jada 2010eko edizioaren irabazleak. Hemen duzue lan irabazleen zerrenda:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Juan Díaz Faesen Barcos
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: Jesús Delgadoren Los libros sibilinos
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Jorge Rodrigoren El pestillo
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Jose Angel Labariren El secreto mejor guardado de Javier
- Euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua: Javier Navarroren Mess lakuko munstroa
- Basauriko egile onenaren saria, 300 eurorekin hornitua: eman gabe
Horiez gain, iazko eta beste urte batzuetako lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean.
Interneteko bilatzaileak, etengabeko eboluzioa
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko maiatzeko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Weba sortu zenean bilatzaileak oso sinpleak ziren. Emandako hitza edo hitzak zituzten dokumentuak bilatzen zituzten; gero irizpide orokor batzuen arabera ordenatu, eta kito. Baina arazo ugari zituzten: adibidez, askotan (izen bereziak, hitz teknikoak edo hitz laburrak bilatzean, esaterako), hasieran agertzen ziren emaitzak ez zeuden guk nahi genuen hizkuntzan; edo bilatutako hitzaren eratorriak ez zituzten bilatzen; ezta bilagaiaren sinonimoak ere; edo zerbaiti buruzko informazioa bilatu nahi genuenean, berau zein hizkuntzatan egon axola ez zitzaigula, informazioa hizkuntza bakarrean lortzen zen, baldin eta bilagaia ezberdin esaten bazen hizkuntza ezberdinetan; edo bilatu nahi zenak esanahi ugari bazituen, esanahi guztiei buruzko orriak agertzen ziren nahasita; eta abar.
Normalean, erabiltzaileak konpondu behar izaten zituen arazo horiek. OR (EDO) operatzaileekin eratorriak, sinonimoak edo beste hizkuntzetako ordainak gehitu behar ziren. Edo hizkuntza bereizteko edo esanahia zehazteko hitzak gehitu behar zitzaizkien bilaketari. Askotan bilaketa ugari egitea beste erremediorik ez dago. Eta, edozein kasutan, esperientzia nahiko frustrantea suertatu daiteke.
Denborarekin, arazo horiei konponbidea eman diete bilatzaileek. Aukera batzuk zuzenean integratu dituzte bilaketetan, eta beste batzuk aukera aurreratuetan eskaintzen dituzte. Horrez gain, bilatzaile espezializatuak sortu dira, arazo horietako batzuen konponbidea ematen dutenak. Alabaina, jende askok ez ditu ezagutzen aukera aurreratu edo bilatzaile espezializatu horiek, eta bilaketak lehengo moduan eta aipatutako trikimailuak baliatuz egiten jarraitzen du.
Hizkuntzaren araberako hobekuntzak
Lehen hobekuntzetako bat hizkuntzaren detekzioa izan zen. Hizkuntza-teknologiak erabiliz, webeko orri bat zer hizkuntzatan dagoen detektatzeko gai dira bilatzaileak, eta, horrela, hizkuntza jakin bateko orriak soilik eskaintzen dituzte. Hala, Avatar edo sistema bezalako hitzak bilatzean, beste hizkuntza askotan ere berdin esaten direnak, emaitzak guk nahi dugun hizkuntzan soilik egotea lor dezakegu.
Gainera, orrien hizkuntza ezaguna dutenean, hizkuntza horren araberako tratamendu berezia eskaintzen diote orriari. Adibidez, stemming edo sasi-lematizazioa aplikatzen diete hitz guztiei, eta horrela bilaketa hitzaren lemaren araberakoa izatea lortzen dute, aipatutako eratorrien arazoa gaindituz.
Hala ere, bilatzaile nagusiek hizkuntza garrantzitsuenekin edo sarean presentzia handiena dutenekin soilik egiten dute hori; eta hori ez da euskararen kasua. Euskarazko emaitzak soilik eta lema bidezkoak nahi ditugunean, Elebila bilatzailea erabil dezakegu (http://www.elebila.eu), Elhuyar Fundazioko I+G taldearen teknologian oinarrituta Eleka enpresak komertzializatutako bilatzailea.
Eleaniztasuna
Beste kasu batzuetan kontrakoa interesatuko zaigu, hau da, gauza jakin bati buruz dauden web-orririk interesgarrienak lortzea, zernahi hizkuntzatan daudela. Hau ahalbidetzea helburu duen ikerketa-lerroari hizkuntzarteko informazio-bilaketa deritzo. Bilatu nahi den hitza edo hitzak beste hizkuntzetara itzultzen dira, bai eta horietan bilaketa egin ere; ondoren, hizkuntza bakoitzeko emaitzarik esanguratsuenak bueltatzen dira. Zirkulua ixteko, emaitza guztiak itzulpen automatiko bidez hasierako hizkuntzara itzul daitezke.
Horrelakoen adibide esperimental batzuk http://terpconnect.umd.edu/~dlrg/clir/systems.html helbidean aurki daitezke. Bilatzaile komertzialetan Google da horrelako zerbait egiten duen bakarra, Google Translated Search zerbitzuaren bidez (http://translate.google.com/translate_s). Hala, esaterako, "bars in Moscow" ("tabernak Moskun") bilatzeko eska diezaiokegu errusieraz dauden orrietan. Hark galdera errusierara itzuli, bilaketa egin, eta ondoren ingelesera itzuliko ditu emaitzak.
Euskarari dagokionean, Elhuyar Fundazioaren I+G taldeak laster kaleratu behar du Zientzianitz hizkuntzarteko zientzia-bilatzailea. Bilatu nahi duguna euskaraz emanik, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko zientzia-webgune esanguratsuenetan bilatuko du eskatutakoa, aurrez bilagaia hizkuntza horietara itzulita noski.
Esanahia oinarri
Gerta daiteke guk bilatu nahi dugun kontzeptua adierazteko hainbat hitz egotea. Guk horietako bat emango diogu bilatzaileari, eta berak hitz zehatz hori duten orriak soilik bueltatuko dizkigu, ez sinonimoak dituztenak. Emaitzak hobetzeko, batez ere emaitza gutxi dauden kasuetan, galderaren hedapena deritzon teknika erabil daiteke, hitzaren sinonimoak edo aldaerak ere bilatzean datzana. Horrelakoekin ari dira ikertzen eta esperimentatzen informazio-bilaketan ari direnak. Googlek, adibidez, sinonimoak ere bilatzen ditu hitzaren aurretik ~ ikurra jarriz gero. Elebila euskarazko bilatzaileak automatikoki bilatu ez, baina aukeran emango dizkizu hitzaren aldaera edo sinonimoak.
Bestalde, bilatu nahi dugun hitzak esanahi bat baino gehiago baditu, guri horietako batekin lotutako emaitzak soilik interesatuko zaizkigu normalean. Horiek bakarrik itzultzea oso lagungarria da, edo gutxienez emaitzak esanahi ezberdinen arabera taldekatuta agertzea. Horrelako zerbait egiten saiatzen dira Microsoft-en Bing Reference bilatzailea (http://www.bing.com/reference) -Wikipediako artikuluen gainean soilik, hala ere- edo Hakia bilatzailea (http://www.hakia.com).
Duela hilabete batzuk web semantikoari buruz hitz egin genizuen, eta hau ere esanahian oinarritzen da. Semantikoki etiketatutako weba iristen denean (iristen bada), esanahian oinarritutako bilatzaile oso ahaltsuak egin ahal izango dira.
Edonola ere, ikusi ditugun azken lau aukerak inplementatu ahal izateko (hitza beste hizkuntzetara itzultzea, galdera sinonimoen bidez hedatzea, esanahi zehatzarekin lotutako emaitzak soilik bueltatzea eta web semantikoko bilatzaileak), bilatzaileak asmatu beharra du hitzaren esanahietako zein interesatzen zaion erabiltzaileari. Hori egiteko hainbat modu daude. Bat da erabiltzaileari zuzenean galdetzea zein den interesatzen zaion esanahia edo hitza ongi itzuli den. Beste bat da hizkuntza-teknologien bidez esanahia asmatzen saiatzea beste hitzek ematen duten testuingurua baliatuz, baina horretarako hitz bat baino gehiagoz osatua egon behar da bilaketa. Eta beste bat da erabiltzailearen bilaketa-historialaz edo kokapen geografikoaz baliatuz esanahia asmatzen saiatzea. Azken hau egiten du Googlek, baina berariaz horretarako baimena ematen badiogu soilik, pribatutasuna babesteko.
Galderak erantzunez
Hainbat kasutan, ez dugu Internetera jotzen zerbaiti buruzko informazioa emango diguten dokumentu edo orrien bila, galdera baten erantzun zehatzaren bila baizik. Bilatzaile arrunt bati galdera eginez gero, galderako hitzak dituzten dokumentuen zerrenda itzuliko digu; zortea badugu, erakusten dizkigun laburpen edo erauzkinetan erantzuna aurkituko dugu, bestela, emaitzetako orrietan sartu beharko gara eta erantzun zehatza guk geuk bilatu.
Baina badaude hizkuntza naturalean egindako galderei erantzuteko gai diren sistemak ere. Hauek normalean hizkuntza-teknologiak erabiltzen dituzte galdera ulertzeko, eta erantzuna bilatzeko hurbilpen ezberdinak daude. Batzuek testuak eta informazio-bilaketako eta hizkuntza-teknologietako teknikak darabiltzate, hala nola MIT-eko START sistemak (http://start.csail.mit.edu/) edo IXA Taldeak garatutako Ihardetsi, euskarazko galderei erantzuten diena. Beste batzuek ezagutza egituratua eta arrazonamendu automatikoa erabiltzen dute, adibidez Wolfram Alpha (http://www.wolframalpha.com) edo TrueKnowledge (http://www.trueknowledge.com). Eta web semantikoa erabiltzen dutenak ere ari dira garatzen, DBPedia (http://dbpedia.org) kasu.
Zalantzarik ez dago bilatzaileek asko eboluzionatu dutela euren sorreratik, eta gaur egun ere hobetzen jarraitzen dutela. Horiei esker, eta oraindik nahiko egoera esperimentalean dauden eta ahalmen nahiz aukera berriak eskaintzen dituzten bilatzaile berriei esker, etorkizunean webean egingo ditugun bilaketak asko erraztuko dira, ziur.
Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko apirileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Zer da sarearen neutraltasuna?
Sarearen neutraltasunaren kontzeptua hobeto ulertzeko, beharrezkoa da Interneten funtzionamenduaren oinarrizko gauza batzuk ezagutzea. Elkarri konektatutako milioika sarek (pribatu nahiz publiko, akademiko nahiz enpresarial, handiago nahiz txikiago) osatzen duten sare erraldoi deszentralizatua da Internet. Maila fisikoan azpiko sare horiek teknologia oso ezberdinak erabiltzen badituzte ere, maila logikoan guztiek TCP/IP protokolo-familia erabiltzen dute, eta, horrela, sare bakar bat bezala funtzionatzen du praktikan. Protokolo horietan (eta, beraz, Interneten), helbide batetik bestera helarazi behar den edozein informazio (posta-mezu bat, eskaera bat, web-orri bat, irudi bat...) paketetan banatzen da; gero sarea osatzen duen nodo bakoitzetik hurrengo nodora bideratzen dira paketeak, hainbat parametro kontuan hartuta (trafikoa, nodo eroriak...), helmugara ahalik eta ondoen eta azkarren irits daitezen; eta, bertan, informazioa berriz osatzen da, (pakete batzuen birbidalketa eskatuta, beharrezkoa bada). Beraz, edozein informazio ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzeko pentsatuta dago sarea.
Sare horretara konektatzen dituzte enpresa zerbitzu-emaileek euren zerbitzariak, eta bezero edo erabiltzaileek (telekomunikazio-enpresa baten bidez) euren ordenagailuak. Eta bezero batek zerbitzu bat erabili nahi duenean, horren abiadura baldintzatuko duten parametro bakarrak amaiera-puntu horien ezaugarriak izango dira (bezeroak kontratatua duen abiadura, enpresa zerbitzu-emaileak jarri duen zerbitzariaren ahalmena...), guztiz logikoa dena; baina Internet sarean beste edozeinen tratamendu bera jasoko du informazio horrek, edozein delarik haren sorburua edo helmuga.
Sarearen neutraltasuna, beraz, Internet sarea gaur egun dena eta etorkizunean izan beharko lukeena definitzen duen printzipioa da, eta hau dio: saretik doan informazioak ez du inolako diskriminaziorik jasango edukia, jatorria, helmuga, plataforma, aplikazioa edo protokoloa edozein delarik ere, eta erabiltzaileak kontratatutako banda-zabalera duen komunikazio-kanala eskaintzera mugatuko da telekomunikazio-enpresa, bertatik doan informazioan inongo esku-sartzerik egin gabe.
Neutraltasunik gabe, akabo ezagutzen dugun Internet
Telefónicak egin nahi duena sarearen neutraltasunaren aurka doa erabat; izan ere, ordaintzen ez badiete neurriak hartzeko asmoa izango dute ziur, beraiekiko konexioak mantsotu edo moztea, adibidez. Horren aurrean, logikoena da Googlek eta besteek Telefónica antzarrak ferratzera bidaltzea. Nork kontratatuko du horiekiko konexioak poliki edo batere ez dabiltzan zerbitzua? Baina eta telekomunikazio-enpresa guztiak ados jarriko balira eta berea egingo balute? Internet guztiz aldatuko litzateke, Internet ez den beste zerbait bihurtzeraino.
Hasteko, esan bezala, telekomunikazio-enpresei ordaintzen dieten zerbitzu-emaileekiko trafikoa azkarrago joango litzateke, eta besteenekikoa polikiago. Horrekin akabo enpresa txikiek Interneten lehiatzeko gaur arte izan duten aukera-berdintasuna. Edo, bestela, ordaintzen ez dietenen trafikoa azkar joatea nahiko bagenu, erabiltzaileok ordaindu beharko genuke, eta erabili nahi ditugun zerbitzuen araberako tarifa ezberdinak egongo lirateke. Baina, gainera, behin ate hori irekita eta neutraltasunarekin amaituta, nahi dutena egingo dute telekomunikazio-enpresek. Beraien konpetentzia diren webgune eta zerbitzuekiko trafikoa mantsotu edo moztu lezakete, Skype eta haren antzekoak galaraziz, adibidez. Edo, zergatik ez, edozeinek ordain liezaieke bere konpetentziaren aurka egiteko...
Gainera, proposatzen dutena ez da bideragarria ekonomikoki ere. Gaur egun Interneterako sarbidea nahi duen edozeinek, erabiltzaile nahiz zerbitzu-emaile izan, telekomunikazio-enpresaren bati ordaintzen dio bertara konektatuta egoteagatik, baina bati soilik, eta orduan beste edozeinekin komunikatu daiteke; baina Telefónicaren gurariak arrakasta balu, ez berak soilik, Internet osatzen duten milioika sare txikiagoetako edozeinek bidesaria kobratu ahal izango lioke bertatik pasatu nahi duen edozeini. Interneten egotearen kostua bideraezina litzateke enpresa txikientzat, eta, handientzat ere, nork daki!
Partida, une erabakigarrian
Ez da hau sarearen neutraltasunak jasaten duen lehen erasoa. Egile-eskubideen defentsarako elkarteen lobbyak aspalditik ari dira eskatzen P2P programen trafikoa mugatzeko Espainian, Frantzian eta beste herrialde batzuetan. Baina, orain, Espainiako Industria ministroak esan du Telefónicaren asmoa ona izan daitekeela, eta badirudi Espainiako Gobernuak Europako Batasuneko presidentetza baliatu nahi duela legea SGAE eta Telefónicaren nahietara moldatzeko. Aldiz, AEBko presidente Barack Obamak argi dauka sarearen neutraltasuna babestu beharreko printzipioa dela. Bere hauteskunde-programan defendatu zuen, eta, oraingoz, behintzat, arlo horretan esandakoa betetzen ari da. Ikusi behar bi interes kontrajarri hauetatik zein gailentzen den.