Komikien munduko hainbat berri
Post honetan, komikien munduen inguruko hainbat berri dakarzkizuegu denak batera, blog honetan ohitura bihurtzen ari den gisan.
Batetik, Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalaren laguntzarekin, Galtzakomik lehiaketa antolatu du. Hiru kategoria daude, bakoitza bere sariekin: 12 urtetik beherakoak (komiki-bilduma, marrazketarako materiala eta argitalpena), 12tik 18 urtera artekoak (400 euro eta argitalpena lehenarentzat, 200 euro eta argitalpena bigarrenarentzat) eta adinez nagusiak (600 euro eta argitalpena lehenarentzat, 400 euro eta argitalpena bigarrenarentzat). Lanek euskaraz izan behar dute eta azaroaren 19ra arte bidal daitezke.
Bestetik, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP) Euskal Irudigileen III: Topaketak antolatu ditu (gaztelania hutsean daude bi estekak). Larunbat honetan izango dira, urriak 12, goizeko 10etatik aurrera, Bilboko Yohn Jauregian. Gaia ingurune digitala eta egile-eskubideak izango da, eta hau da egitaraua (dena gaztelaniaz izango da):
- 10:00: Los retos de la creación en ilustración ante los nuevos soportes de comunicación. Hizlaria: Gemma Cortabitarte, kazetaria eta APIC-eko gerentea (Asociación de Ilustradores de Cataluña).
- 11:00: Atsedenaldia
- 11:30: La legislación ante el entorno digital. Hizlaria: Javier Gutiérrez, abokatua eta VEGAP-eko zuzendari orokorra.
Azkenik, Bilboko Alhondegiak antolatutako Komik Online lehiaketaren lehenengo edizioaren irabazlea aukeratu du Antonio Altarriba, Leandro Alzate eta Juan Berriok osatutako epaimahaiak: beste 68 lanekin lehiatu ondoren, Francisco Valentín Sordo Artarazen Opiniones lana saritu dute komiki-sorta batekin.