Web mugikorretik, nabigatzeko modu berriak: Geokokapena eta atzipen multimodala
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko uztaileko eta iraileko argitaratutako artikuluen jatorrizko extended bertsioa)
Weba sortu zenetik oraintsu arte, nagusiki ordenagailu arruntetan erabili da, Internetera konektatzeko kable bidezko konexioa behar izaten baitzen. Baina azken urteotan, WiFi edo telefonia mugikor bidezko konexioak ugaritu direnetik, web mugikorra deritzon fenomenoa sortu da, edozein tokitan gaudela gailu mugikor bat erabiliz nabigatzea, alegia. Horrelako gero eta gailu mugikor gehiago dago: ordenagailu eramangarriak, netbook edo ultraeramangarriak, nabigatzeko gaitasuna duten telefono mugikor edo smartphoneak, Apple-ren iPad-a eta haren arrakasta aprobetxatuz berpizten ari diren tabletak... Mugikortasunak berak eta gailu hauek dituzten ezaugarriek aukera berri ugari sortu dituzte nabigazioan, eta gailuen ekoizleak eta zerbitzu-emaileak hasi dira nabigazio-aukera berriak ematen. Baina gauza guztien hasieretan gertatzen den bezala, bakoitzak bere modura egiten du, eta horregatik ari da W3C horiek estandarizatu nahian, edozein zerbitzu-mota edozein gailutan erabili ahal izateko.
Geokokapena: gauden tokiari egokitutako zerbitzuak
Gailu mugikor batek baditu bideak zein koordenatu geografikotan dagoen jakiteko. Gailu batzuek GPS sistema daukate txertatuta, eta horren bidez zehaztasun handiz jakin dezakete kokapena. Telefonia mugikorreko sarearen bidez konektatzen direnek, hurbilen dituzten telefonia mugikorreko antenen triangelaketaren bidez ezagut dezakete posizioa. WiFi bidez konektatzen direnek, berriz, hornitzailearen IP helbidea eta Interneteko datu-baseak erabil ditzakete gutxi gorabehera non dauden jakiteko. Gaitasun horri geokokapena deritzo.
Gailu mugikorretako hainbat aplikaziok erabiltzen dute jada posizioa informazio hobea emateko. Esate baterako, errealitate gehituko aplikazioentzat funtsezko informazioa da hori, ikusten ari denaren inguruko informazio gehigarria emateko (ikus 2009ko abenduko artikulua).
Baina Interneten nabigatzen ari garela ere oso baliagarria izan daiteke informazio hori: gure nabigatzaileak web-zerbitzu bati non gauden esaten badio, informazio egokitua eman ahal izango digu web-zerbitzu horrek. Adibidez, Googlen edo beste bilatzaileren batean "jatetxeak" bilatuz gero, gugandik hurbil dauden jatetxeak erakutsi ahal izango lizkigukete; nahi izanez gero, haietaraino dagoen distantziaren arabera ordenatu ahal izango lirateke emaitzak, eta nola iritsi ere adierazi ahal izango ligukete. Publizitatea ere fokatuagoa eta baliagarriagoa egin ahalko lukete: gaur egun ikusten ari garen web-orri baten gaiarekin lotutako publizitatea erakusten diguten bezala, etorkizunean inguruan ditugun dendena erakutsi ahal izango ligukete.
Web mugikorrean ez ezik, ohiko ordenagailu finko bateko nabigazioan ere erabil daitezke zerbitzu horiek. IP helbidearen metodoaren bidez jakin daiteke gutxi gorabehera, non gauden eta bilaketa baten emaitzak edo publizitatea gure herrikoak soilik izatea ere posible da.
Estandarra definitzen
Aipatutakoak eta beste asko errealitate bihurtu ahal izateko, W3C erakundean lantalde bat dago, helburutzat daukana "kokapena kontuan hartzen duten web-aplikazioetarako interfaze bat definitzea, segurua eta pribatutasuna kontuan izango duena, bezeroak geokokapenaren inguruko informazioa erabili ahal izateko". Hau da, geokokapenerako API estandar bat definitzen ari da, guk hala nahi badugu web-zerbitzuek non gauden jakin ahal izan dezaten. 2009ko uztailean aurkeztu zuten azken zirriborroa, eta orain gomendio bihurtzeko prozesuan dago.
Hala ere, nabigatzaile batzuek jada inplementatua dute geokokapeneko APIa (Firefox 3.5 edo berriagoa, Google Chrome 5.0 edo berriagoa, iPhone 3.0 edo berriagoa eta Android 2.0 edo berriagoa). Horietako bat baduzu, jada erabili edo probatu ditzakezu geokokapena erabiltzen duten hainbat web-zerbitzu edo demo, adibidez http://diveintohtml5.org/geolocation.html (Google Maps-en erakusten dizu non zauden), http://www.beowulfe.com/oil/ (BP-ren petrolio-isuriaren orbana mapa batean kokatzen du zu zauden tokian zentratuta, bizi zaren lurraldearen tamainarekin konpara dezazun) edo http://www.html5rocks.com/samples/geolocation/trip_meter/ (ibilitako distantzia neurtzen doana).
Ziurrenik, laster gaur egun existitzen diren web-zerbitzuek aukera berri oso interesgarriak emango dituzte geokokapena erabilita, eta horretan oinarritutako zerbitzu berriak ere sortuko dira.
Zer da atzipen multimodala?
Atzipen multimodala deritzo sistema batekin modu askotara elkarrekintzan aritu ahal izateari. Ordenagailu arruntetan teklatua eta sagua erabiltzen dira normalean, baina badira beste baliabide batzuk ere, hala nola urrutiko aginteak, ukipen-pantailak, ahotsa... Eta ikerketa-mailan badira beste batzuk ere: begien, buruaren nahiz gorputzaren mugimenduak, zeinu-hizkuntza, burmuineko seinale elektrikoak...
Atzipen-modu horiek, sarritan, erabilgarritasuna hobetzen dute: adibidez, sofatik bideo-grabagailu batekin elkarrekintzan aritzeko, egokiagoa da urrutiko agintea teklatu eta sagu bat erabiltzea baino; edo telefono mugikor batean aritzeko teklatu txiki horiek baino egokiagoa izan daiteke ahotsaren bidez aginduak ematea. Baina urritasun edo minusbaliotasun kasuetan irisgarritasuna hobetzeko ere balio dute: ahots bidezko interfaze baten bidez, itsuak ordenagailu bat erabil dezake; edo elbarritasun sakonen kasuetan, begien mugimenduak edo burmuineko seinale elektrikoak erabil daitezke interfaze gisa.
Egon badaude gailuak horrelako interfazeak inplementatzen dituztenak, baina software berezia behar izaten dute gure aginduak interpretatu eta bidaltzeko, eta software horrek ez du sistema guztietarako balio. Horregatik ari da W3C atzipen-modu batzuentzat protokoloak estandarizatu nahian, nabigatzaileek protokolo estandar horiek inplementatu ahal izateko eta, hala, edozein gailutan nabigatzean atzipen-mota berri horiek erabili ahal izateko.
Ahots bidezko nabigazioa
Telefono mugikor batekin elkarrekintzan aritzeko eta Interneten nabigatu ahal izateko, oso egokia izan daiteke ahotsaren bidez aginduak ematea. Batetik, telefono guztiek badute mikrofonoa, eta berarekin ahotsa erabiltzera ohituta gaude. Bestetik, gailu txikiak dira eta teklatu txikiak dituzte; edo zenbakizko teklatuak soilik, eta tekla asko zapaldu behar dira letra bakarra idazteko; edo ukipen-pantailan gainjartzen diren teklatuak txikiak eta ezerosoak dira (letrentzat, zenbakientzat eta ikurrentzat teklatu batetik bestera aldatzen ibili behar da). Azkenik, gailu aurreratuenek GPS moduko aplikazioak ere badituzte, non nahitaezkoa den eskuak libre izatea.
W3Ck badu estandar bat, VoiceXML deritzona, ahotsezko aplikazioetarako balio duena eta ahots-nabigatzaile baten bidez interpretatzen dena. Aplikazio asko ditu: call-centerak, garraio-enpresetako paketeen segimendua, ahots bidezko posta elektronikoa... Baina estandar horrek soilik ahotsa erabiltzen du, ahots-ezagutzarekin ematen dira aginduak eta ahots-sintesiarekin erantzunak.
VoiceXML horren azpimultzo batean eta HTMLn oinarrituta, XHTML+Voice protokoloa definitu zuten IBMk, Motorolak eta Operak, ikusmenezko eta ahotsezko web-aplikazioak egin ahal izateko, eta W3C erakundeari bidali zioten, estandar gisa onartzeko. Oraingoz ez dago onartuta, baina ikusita HTML5-ekin web-aplikazioak ikusmenaren eremutik haratago doazela, baliteke etorkizunean onartzea. Edonola ere, Opera nabigatzaileak inplementatuta dauka; beraz, jada, posible da nabigatzaile hori darabilten telefono mugikor edo ordenagailuentzat ikusmena eta ahotsa integratzen duten web-aplikazioak egitea.
Esku-keinuak
Bestalde, gailu mugikorrek ukipen bidez nabigatzeko modu berriak ere ekarri dituzte. Orain arte, saguarekin egin izan diren ekintzak, funtsean, klik egitea, klik bikoitza egitea eta arrastatu eta askatzea izan dira. Eta ukipenezko pantaila gehienek ekintza horiek berak interpretatzen dituzte. Baina iPhone-ak esku-keinu deritzenak jendarteratu zituen: atzamarren mugimenduaren arabera ekintza desberdinak egin ahal izatea, hala nola argazki bat biratu; eta atzamar bat baino gehiago erabili ahal izatea, adibidez batera dauden bi atzamar banatzen joatea zoom egiteko. Interneten nabigatzeko balio duten gailu mugikor gehienek ukipen-pantaila dutenez, eta etxeko ordenagailuetan edo aisiarako bestelako aparailuetan ere gero eta gehiago ikusten direnez, oso interesgarria litzateke web-aplikazioetan horrelako keinuak erabiltzea. Bestalde, saguarekin ere erabil daitezke atzamar bakarreko esku-keinuak.
W3Ck badu estandar bat InkML deitzen dena. Jatorrian marrazteko tableten sarrera deskribatzeko hizkuntza da, baina ukipen-pantaila batean egindako keinu eta mugimenduak deskribatzeko ere balio du, gero mugimendu horiek interpretatu eta ekintza bihurtzeko. Oraindik behar adina garatu ez bada ere, W3Cren estandar bat denez, logikoa da etorkizunean estandar hori nabigatzean ere erabili ahal izatea, eta, beraz, nabigatzaileetan ere esku-keinuak erabili ahal izatea.
W3Cren lan-ildoak ikusita, badirudi etorkizunean gero eta gehiago ikusiko ditugula Interneteko nabigatzaileetan web mugikorretik etorri diren joera horiek, ahots bidezko nabigazioa eta esku-keinuak alegia. Hori gertatzean, Interneten ibiltzeko esperientzia Minority report filmean ikusten denaren antzekoa izango da.