Komikien inguruko ekitaldi gehiago Bilboko Alhondegian
Urriaren amaiera honetarako, eta astebete eskaseko tartean, komikien inguruko bi ekitaldi antolatu ditu Bilboko Alhondegiak, blog honetan sarritan aipatu dizuegun AlhóndigaKomik programa aberatsaren barruan.
Batetik, larunbat honetan, urriak 23, 12 komiki-ordu izeneko tailerra egingo da. Goizeko 9tan hasi eta gaueko 9ak bitartean, Clara-Tanit Arquék eta Martín Romerok, AlhóndigaKomik bekaren lehenengo bi lehiaketen irabazleek, komiki bat 12 ordutan nola marrazten den irakatsiko dute hasiberrientzako ikastaro moduko honetan. Parte hartzearen prezioa 30 eurokoa da.
Bestetik, hurrengo ostegunean, urriak 28, arratsaldeko 7tan, El Secreto de la Alhóndiga liburua aurkeztuko da. Liburuak Alfonso Font, Daniel Torres, Miguel Ángel Martín, Raquel Alzate, Laura Pérez-Vernetti-Blina, Santiago Valenzuela, Paco Roca eta David Rubín egileen binetak ditu, eta Alhondegiak komikien inguruan eskainiko dituen ekitaldien garrantziaren isla izan nahi du, originaltasuna eta xarma erakutsiz. Aurkezpenean komikiaren inguruko zuzeneko ekitaldia egongo da, Laura Pérez-Vernetti eta Javier de Isusi komikigileen eta Mikel Andueza saxofonistaren parte-hartzearekin.
Segi dezala Alhondegiak komikien inguruko programa oparoa antolatzen! Baina, ahal izanez gero, euskarazko gauza gehitxoagorekin...