e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Zesarren papiroa", Asterixen album berria
Bihar, urriak 21, Asterix galiarraren abentura berriaren mundu mailako lantzamendua izango da. Post-Uderzo garaiko bigarren album honek ere, aurrekoak bezala, Jean-Yves Ferriren gidoia eta Didier Conraden marrazkiak ditu. 20 hizkuntzatan aterako da, tartean euskaraz, Zesarren papiroa izenburuarekin.
Komiki-pertsonaia mitikoekin jatorrizko egileak ez diren beste batzuek jarraitzea ez dut asko atsegin (eta Asterixen kasuan, Uderzok Goscinny gidoilariaren heriotza eta gero egindakoak ere ez ditut gustuko), baina horrelako pertsonaia klasiko bat euskaraz argitaratzea beti da berri ona, haurrentzako komikiak jada oso gutxi ateratzen baitira, eta harrobia landu beharra dago komikiek etorkizuna izatea nahi badugu. Ongi etorria, beraz, Asterix!
Parrapean jardunaldiak, Mahatserriko euskal komikiaren egunak, hemen dira berriz ere
Komiki-azokak gogora ekarriz gero, hemengo jende gehienari Getxokoa etorriko zaio burura, bera baita Euskal Herriko azokarik, handiena, beteranoena eta ezagunena. Eta horrekin lotzen duen irudia, bertan izan delako edo medioetan ikusi duelako, izango da stand mordoarena, jende andanena, aurkezpen eta hitzaldi ugariena... Iaz geroztik Parrapean Komiki Egunak egiten dira garai bertsuan eta hor ondoan, Bilboko Santutxu, Begoña, Txurdinaga eta beste auzo batzuk osatzen duten Mahatserria deituriko inguruan (hortik azokaren izena). Parrapean, Getxoko azokaren aldean, apalagoa da; izan ere, euskal komikigintzari eskainia dago nagusiki. Bertoko eta bereziki euskarazko egungo eta atzoko obra eta egileei eman nahi die protagonismoa, eta hor datza bere xarma. Ekitaldi, informazio eta bestelako guztia euskaraz izaten da, gonbidaturen bat tarteko ezin denean izan ezik.
Aurtengoan urriaren 24tik 31ra izango dira Parrapean Komiki Egunak, Begoña eta Santutxun. Baina egun horien aurretik ere egiten dira hainbat ekitaldi, girotzen joateko. Amaia Ballesteros komikigileak tailerrak emango ditu eskoletan eta gaztetxoentzako komiki-lehiaketa ere egingo da. Eta urriaren 19tik aurrera hiru erakusketa irekiko dira, azokaren amaiera arte irekita egongo direnak, Marika Vila, Gregorio Muro eta Amparo Acarreguiren lanei buruzkoak.
Aurtengo omendua, Gregorio Muro Harriet
Parrapean-ek urtero euskarazko komikigintzan nabarmendu den norbait omentzeko asmoa du. Lehenengo edizioan Joseph Camino idazle eta ohorezko euskaltzaina izan zen saritua, 1960etik 1970era argitaratu zen Pan Pin haurrentzako komiki-aldizkariaren sustatzaile nagusia. Uztailean zendu da Camino, eta aurrerantzean bere izena izango du sariak.
Aurtengo Joseph Camino saria Gregorio Muro Harrieti emanen diote. Komiki-gidoigile emankorra, 80ko hamarkadan euskarazko komiki ugari egin zituen, batez ere Habeko Mik-en eta Erein argitaletxean: Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Eguzkiaren izerdia eta Simon Besaluze sailak, Ion eta Mirka, Hontza, Hermes, Indianoa... Lan horietako asko hizkuntza anitzetan argitaratu ziren eta nazioarteko sari ugari irabazi zituzten. Ondoren animazioan eta zineman ere aritu zen, gidoigile eta zuzendari. Saria jasotzeaz eta berari buruzko erakusketa izateaz gain, Murok Justin Hiriarten berrargitaratzea aurkeztuko du eta bere animazio filmen emanaldiak izango dira.
Egitaraua osatuko dute beste hiru komikiren aurkezpenek, emakumeak eta komikia gaia duten hitzaldi batek eta mahai-inguru batek, Ainara Azpiazu Axpik gidatutako hainbat tailerrek, lehenengo aste bukaeran izango den euskal komikien azoka batek eta hiru komikigilek izango duten Klasikoen Borrokak. Egitarau xumea baina polita bere txikitasunean, euskarazko komikigintzaren ispilu.
Egitaraua egunez egun
Erakusketak
- Urriaren 19tik 31ra: “Harriet: komikiaren adorea” (Begoñako Udaltegiko liburutegian)
- Urriaren 20tik 31ra: “Marika Vila, emakume ahotsa. Estereotipoak apurtzen” (Begoñako Udaltegiko erakusketa-aretoan)
- Urriaren 24tik 31ra: “Amparo Acarregui: Haize berritzailea” (Santutxuko Udaltegian)
Euskal komikien azoka
- Urriaren 24ean (12:00-14:00 eta 17:00-19:00) eta 25ean (12:00-14:00) Karmelo Plazan
Urriaren 24an
- Carlos Zabala eta Gregorio Muroren El rey de la granja animazioko film luzearen proiekzioa (euskaraz, Santutxuko Udaltegian 12:30ean)
- Amaia Ballesterosen Oletakorta. Una aventura de economía solidaria komikiaren aurkezpena (Karmelo Plazan 13:30ean)
- Dani Fano eta Guillermo Gonzalezen Kortsarioen Ostatua komikiaren aurkezpena, egileen eskutik eta nik egileak aurkezten ditudala (Santutxuko Udaltegian 18:00etan)
Urriaren 26an
- Amparo Acarregui. Presencia de la mujer en el comic vasco hitzaldia, Josune Muñoz eta Amparo Acarreguirekin (Begoñako Udaltegian 19:30ean)
Urriaren 27an
- Animazioko film laburren proiekzioa Zinebi Jaialdiaren eskutik (Begoñako Udaltegian 19:30ean)
Urriaren 28an
- Mujeres y comics: leerlos, crearlos, analizarlos mahaingurua, Marika, Mamen Moreu eta Isabel Francekin, moderatzailea Josune Muñoz dela (Begoñako Udaltegian 19:30ean)
Urriaren 29an
- Adur Larrearen Gabriel Aresti, BioGrafikoa komikiaren aurkezpena (Santutxuko Udaltegian 12:00etan)
Urriaren 30ean
- Komikiak sortzen tailerra Axpirekin (Begoñako Udaltegian 18:00etan)
- Gregorio Muroren eta Francisco Fructuosoren Justin Hiriart liburuaren berrargitalpenaren aurkezpena, Ion Iñaki Artetxek aurkeztuta (Santutxuko Udaltegian 19:30ean)
Urriaren 31n
- Komikiak sortzen tailerra Axpirekin (Begoñako Udaltegian 11:30ean)
- Parrapean Komikien II. Lehiaketaren sari-banaketa (Begoñako Udaltegian 12:00etan)
- Joseph Camino ohorezko sariaren ematea Gregorio Muro Harriet-i (Begoñako Udaltegian 12:15ean)
- Gregorio Muroren film laburren proiekzioa (Begoñako Udaltegian 12:30ean)
- Trapuak Kakoan Adur, Mikel Mardones eta Asiskorekin, Lutxo Egia aurkezle dutela (Santutxuko Udaltegian 19:30ean)
Corto Maltese-ren berpizkundea
Europako komikiaren munduan dauden pertsonaia famatuenak Tintin eta Asterix izango dira ziur aski. Publiko ororentzat diren hauek bazter utzi eta publiko helduagoarentzakoetan zentratuz gero, esango nuke Corto Maltese dela ezagun eta maitatuena. Bada, azken abentura agertu zenetik ia 30 urtera, Hugo Prattek asmatutako marinel honen abentura berri bat argitaratu da oraintsu, lehenengoa jatorrizko egilearen heriotzaz geroztik. Juan Díaz Canales (Blacksad) da gidoilaria eta Rubén Pellejero marrazkilaria. Espainian Norma argitaletxeak atera du, Bajo el sol de medianoche izenburuarekin. Abentura berri hau Alaska eta Kanadan gertatzen da, eta Jack London eta altxor bat daude tartean.
Premisa hauek irakurtzeko gogoa pizteko modukoak dira. Baina nahiz eta ni Cortoren oso zalea naizen (edo beharbada horregatik), arras mesfidati nago. Ene irudiko, komiki-pertsonaia batzuk beren egileekin batera hilez gero hobeto leudeke, baina argitaletxeek, utziz gero, nahiago dute urrezko arrautzen oiloa zukutzen jarraitu. Nik behintzat, Tintinek utzitako betirako oroitzapen ona nahiago, Goscinnyren heriotzaren ondoren Uderzok eta bestek egindako Asterixek utzitakoa baino.
Jakina, aukera bat emango diogu album berri honi, baina horrelakoekin jada ez naiz ilusioz betetzen, beldurrez baino... Urte batzuk baditugunoi gehiegitan zapuztu dizkigute ilusioak komiki edo film gogokoenaren bigarren parteek, komiki edo liburu gogokoenaren zinemaratzeek... batez ere jatorrizkoa ez den beste egileren batek eginak direnean. Ea aldi honetan ez den hala, baina ez dakit. Album honekin ez bada, aukera asko daude hurrengoren batekin Cortotaz dugun irudia kakazteko, edo ustiatzen jarraitzearen jarraitzeaz aspertzeko...
"Maríak 20 urte ditu" atera du Astiberrik
María y yo Miguel Gallardoren lan autobiografiakoa da, María bere alaba autistarekin bizitzen dituen abenturak kontatzen dituena. 2007an argitaratuta, sari ugari irabazi zuen eta film dokumentala ere egin zen komikian oinarrituta. 2014an Astiberrik euskaraz atera zuen, María eta biok.
Udaberrian bigarren zati bat, María cumple 20 años, atera zuen Astiberrik, eta hilabete batzuk berandutxoago euskarara itzulita kaleratu du, Maríak 20 urte ditu. Bigarren honetan ere aita-alaben eguneroko bizipenak kontatzen dizkigu egileak, tonu umoretsu eta hunkigarrian, autogupidari ihes eginez eta maitasunez beteta.
Ez bazenituen ezagutzen, ez galdu biak euskaraz irakurtzeko aukera!
Komiki-lehiaketen sarituak
Jada ohikoak bihurtu zaizkigun Ganorabako eta Portugalete Uri Urena komiki-lehiaketek martxo partean zuten aurtengo lanak bidaltzeko epemuga, eta epaimahaiek eman dute beren deliberoa.
Basaurikoa Sergio Ballesterren Un día con Prometeok eraman du. Bigarren saria Pere Botsmann-en Eros y Thanatos lanarentzat izan da, hirugarrena Victor Gimenez-en Kotitorentzat, euskarazko akzesita Iosu Mitxelenaren X taldearentzat eta Basauriko autore onenaren saria Jon Vivancorentzat Tartalorengatik.
Portugaletekoa Raúl Ariñoren The badulaque affairek irabazi du komiki modalitatean, bigarren saria Javier Isasi Floresen Gorroto zaitutek eta Adrián Arias Astorganoren Vecinos Extrañosek. Egile lokalaren saria Naiara Marcos Fernándezentzat izan da No te lo pierdasengatik, euskarazko egilearena Aitor Urkiola Badiolarentzat Beep... Beep!!engatik eta 16 urtetik beherakoen akzesita Diana Escrivá Chordárentzat Historias de familiasengatik. Komiki-zinta modalitatean Virginia Moncaliánen Recreok irabazi du eta 18 urtetik beherakoen akzesita Naiara Marcos Fernándezek Dos telediariosengatik.
Zorionak egileei!
Joseba Larratxe "Josevisky"-k komikiaren hizkuntza ulertzeko sarrera tailerra emango du Irunen larunbat honetan
Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria Komikia: mugimendu ikusezina ikastaroa ematen ari da Tolosan hilabete honetan eta hurrengoan zehar. Bada, ikastaro horren bertsio laburra emango du larunbat honetan Irunen, Kontenporanea jaialdiaren barruan. San Juan Plazan izango da arratsaldeko 17:00etan, pare bat orduko saio irekian.
Bestalde, Larratxek berriki Vertigo AEBko argitaletxearekin komikia atera zuen. Strange Sports Stories 4 komiki kolektiboko lau istorietako bat marraztu du, Waking, Genevieve Valentineren gidoia duena (bertakoa da artikulua ilustratzen duen irudia). Bertan Euskal Herriko hainbat ikur ezkutatu omen ditu egileak! Komikia bere orrian bertan online eros daiteke.
Parrapean eta Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketen edizio berri bat
Parrapean Komiki-Lehiaketaren II. edizioa eta Rekalde-Ortzadar KMK Lehiaketaren V. edizioa martxan dira. Bietara euskarazko lanak aurkeztu behar dira, eta aste batean amaitzen da bietara lanak bidaltzeko epea.
Parrapean lehiaketa 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, bi orritako komikiak aurkeztu behar dira, euskaraz daudenak edo mutuak, eta epea urriaren 19an amaitzen da. Rekalde-Ortzadar KMK lehiaketan ez dago adin mugarik, lau orritako eta euskaraz dauden lanak aurkeztu behar dira eta epemuga urriaren 18a du.
Informazio gehiago, goian estekatutako euren webguneetan daukazue. Animatu!
Bihar emango diote hasiera Intxaurrondoko komiki-solasaldien kurtso berriari
Bihar, urriak 13, emango diete hasiera Intxaurronodoko Kultur Etxeko komiki-solasaldiei. Aurreko urteetan bezala, hilero solasaldi bat egingo da, komiki bat gaitzat hartuta. Aurten Juan Manuel Diaz de Guereñu adituak zuzenduko ditu solasaldiok, eta El fotógrafo, Los surcos del azar, Píldoras azules eta Notas al pie de Gaza moduko lanak izango dituzte mintzagai. Egitarau zehatza kartelean aurki dezakezue. Egitarau interesgarria zalantzarik gabe, baina pena da, aurreko bi ekitaldietan ez bezala (non solasaldien ia erdia euskarazko komikiei buruzkoak eta euskaraz ziren), aurtengoan denak gaztelaniaz eta euskaraz ez dauden lanei buruzkoak izango direla...
Jodorowsky-ren inguruko hitzaldia, Luis Gascaren eskutik
Alejandro Jodorowsky txiletarra, beste gauza askoren artean (idazle, zine- eta antzerki-zuzendari, aktore, musikari...), komiki-gidoilari ezaguna ere bada. Moebiusekin L'Incal egin zuen, Juan Giménezekin Metabaroien saga, Manararekin Borgiatarrei buruzko seriea, Boucq-ekin Bouncer... Bada, bere lagun Luis Gascak, komikian eta zineman aditua dena (Donostiako Zinemaldiko zuzendari izana da, hainbat komiki-argitaletxetan editore, komikiei buruzko liburuen idazle eta komiki-kritikari...) eta Koldo Mitxelenako Komikigunearen sorgune izan zen bilduma Gipuzkoako Foru Aldundiari eman ziona, berari buruzko hitzaldia emango du Donostiako Egia auzoko kultur etxean arratsaldeko 18:30ean.
Benetako luxua.
"Ötzi - Por un puñado de ámbar" komikiaren aurkezpena Donostian
Tristísima ceniza - Un tebeo de Robert Capa en Bilbao eta El pico de los cuervos - Matar a Franco komikien egile Mikel Begoña (gidoilaria) eta Iñaket (marrazkigilea) bilbotarren azken lana da Ötzi - Por un puñado de ámbar. 1991n bi mendizale alemaniarrek Alpeetako glaziar batean 3.200 metroko altueran izoztuta aurkitutako gorpu momifikatua da Ötzi, k.a. 3.300 urtearen inguruan bizi izandakoa. Trilogia bat izango denaren lehen zatia den komiki honetan, haren bizitzaren fikziozko istorio posible bat kontatzen dute egileek, Sergio Leonek zuzendu eta Clint Eastwoodek antzeztutako Dolarraren trilogiaren antzeko izenburu eta azalekin kontatua.
Ostiral honetan, irailak 25, 18:00etan, komikiaren aurkezpena eta beraren inguruko solasaldia egingo da Donostiako Elkar aretoan. Komikia egileen eskutik ezagutzeko eta ale sinatua lortzeko parada paregabea!