"Dayanne eta Murillo, nanozientziaren indarra" komikia atera dute CIC nanoGUNEk eta DIPCk
nanoKOMIK ekimena nanoteknologia zertan datzan gizartean zabaltzeko CIC nanoGUNEk eta Donostia International Physics Centerek abiarazitako ekimena da. Bertan 12 eta 18 urte arteko 200 gazte inguru aritu dira nanobotereak izango dituen superheroi bat asmatzen. Bertako ideiarik onenekin superheroi bat ez baizik eta bi osatu ahal izan dituzte, Dayanne eta Murillo, eta pertsonaia horien inguruko komiki bat egin dute.
Dayanne eta Murillo, nanozientziaren indarra Hodei Iparragirre komikigileak marraztu du Amaia Arregi, Itziar Otegui eta bere gidoiaren gainean. Bi protagonistak nanoteknologian aritzen diren ikertzaileak dira, eta gaur egun existitzen diren hainbat nanoteknologia aplikatuz (kamaleoi efektua, gekko indarra, beso bionikoa, botere ignifugoa eta abar) superheroi bilakatzen dira.
Komikiaren paperezko bertsioa euskaraz eta gaztelaniaz dago eta doan banatuko da. Horrez gain, dohainik deskarga daiteke lau hizkuntzatan http://www.nanokomik.com/index.php/eu/komikia helbidean. Creative Commons - Aitortu -Ez komertziala - Partekatu berdin lizentziapean banatzen da lana.
Horrez gain, ekimenean parte hartu duten lanik esanguratsuenekin erakusketa ibiltaria jarri dute martxan. Momentuz, Donostiako Carlos Santamaria zentroan ikusgai daukazue abenduaren 30era bitartean.
Nanobotereak lagun zaitzala!