Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Pierre Christin: "Gidoilari lana oso bakartia da"

e-gor 2020/10/10 09:13
Komiki-gidoilari mitikoari Xabiroi aldizkarirako egindako elkarrizketa
Pierre Christin: "Gidoilari lana oso bakartia da"

Argazkia: Adur Larrea

(Xabiroi aldizkariko 32 zenbakian, 2014ko ekainekoan, argitaratutako elkarrizketaren jatorrizko extended bertsioa)

2014ko Angulemako azokan Pierre Christin komiki-gidoilaria elkarrizketatu genuen. Christin-ek 40 urtetik gora daramatza marrazkilari ezberdinekin genero ezberdinak komikian lantzen. Valérian serie famatu eta arrakastatsuak Star Wars eta “space opera” genero guztia inspiratu eta sortarazi zituela esaten da. Horrek eta Partie de Chasse eta Les Phalanges de l'Ordre Noir bezalako lanek mito bihurtu dute komikiaren munduan. Elkarrizketa luze bezain mamitsuan, kontu oso interesgarriak esan zizkigun artearen izaeraz, zientzia fikzioaz, faxismoaz, komunismoaz... eta Euskal Herriaz, zeina ongi ezagutzen duen.

Literatura ikasketak egin eta unibertsitatean literatur irakasle gisa lanean hasi zinen, baina ondoren komikia egiten hasi zinen, literatura munduko jende askok (behintzat Frantziatik kanpo) bigarren mailakotzat kontsideratutako adierazpide artistiko bat.

Bai, nire bizitza intelektual frantses erabat klasiko baten gisan hasi nuen: ikasketak Sorbonan eta Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan, ondoren unibertsitateko literatura irakasle AEBn... Hori nire alderdi klasiko eta serioa zen. Baina horren ondoan zientzia-fikzioa, komikiak, jazza eta horrelako gauza askoz dibertigarriagoetarako zaletasuna ere banuen. Horrek ekarri zuen, artean oso gazte nintzelarik, marrazkigile batzuen lagun egitea, ni bezain gazte eta batere ezagunak ez ziren marrazkigile batzuk: Jean-Claude Mézières [Valérianen marrazkilaria], Jean Giraud [Moebius gisa ere ezaguna den komikigile mitikoa] eta beste. Haiek komikien munduan sartu zirenean, nigana jo zuten laguntza eske bazekitelako idazten nuela eta komikiak atsegin nituela. Hala hasi nintzen, ohartu gabe komiki-gidoilari bilakatzeko bidean nintzela, nahiz eta segituan konturatu nintzen oso lan entretenigarria zela.

Baina egia da garai hartan guztiz ezohikoa zela unibertsitateko irakasle izatea eta komikien gidoiak idaztea. Izan ere, komikia zen genero bat oso gaizki ikusia, oso ezezaguna jende askorentzat. Eta izengoiti bat erabiliz idazten nuen, jendeak ez zezan jakin hori egiten nuela. Baina aldi berean ederki pasatzen nuen, eta harro nengoen egiten nuenaz hasieratik.

“Literaturaren mundutik nentorrela, segituan konturatu nintzen komiki-gidoigintza oso lan entretenigarria zela”

Gehienbat komiki-gidoilari gisa ezaguna bazara ere, beste gauza ugari egin duzu: kazetaria zara, eleberriak eta antzerkia idatzi duzu, filmen eta telebistako serieen gidoiak idatzi dituzu, literatura irakatsi duzu unibertsitatean... Zein da zure ogibideetan gogokoena?

Beti galdetu izan diot nire buruari zer nintzen ni. Idazle zarenean, harro erantzuten duzu “idazlea naiz”. Gidoilari zarenean, tira... Izan ere, zer da gidoilari izatea? Ogibide apur bat berezia da. Adibidez, unibertso pertsonal bat ba al duzu? Ba, bai eta ez. Badago nire unibertsoaren zati bat pesimista dena, esaterako, eta Bilal-ekin da; beste zati bat optimista da, Mézières-ekin; eta beste bat feminista da, Annie Goetzinger-ekin partekatzen dudana. Hau da, gidoilari izateak maiz esan nahi du nortasun ezberdinak izatea. Hori da lanbide honen gauzarik interesgarriena, nortasunez alda dezakezula eta gauza oso ezberdinak idatz ditzakezula Mézièresentzat, Bilalentzat, Juillard-entzat edo Miguelanxo Pradorentzat, marrazkigile oso ezberdinak direlako. Eta asko betetzen zaitu aldi oro haiek atsegin ditzaketen istorioak aurkitu ahal izateak.

Bestetik, komiki-gidoilari izatea ogibide zoragarria da, baina komikiarekin ezin da edozer egin, hau da, edozein istorio ezin da komikitan egin. Adibidez, nik unibertsitate bati edo hiri bati buruzko eleberriak egin ditut, eta ongi funtzionatzen dute eleberri gisa. Baina komikian ezin dituzu izan bizpahiru pertsonaia mahai baten inguruan mugitu gabe 250 orritan zehar, ez da posible. Komikian, ez da ezer hoberik iristen den kotxe bat baino, edo abiatzen den espazio-ontzi bat baino. Alderdi bisuala izan behar du, eta mugimendua. Hau da, komikiak ezin erantzuteak nire adierazteko desio guztiei, beste gauza batzuk ere egitera eraman nau.

“Komikia oso gaizki ikusitako genero bat zen, horregatik izengoiti bat erabiltzen nuen”

Azkenik, gidoilari edo idazle izatea lanbide oso bakartiak dira. Zeure etxean zaude, zure idazmakinaren aurrean (edo, geroago, ordenagailuarenean), baina ez zara jende askorekin egoten. Horregatik, denbora askoan irakasle ere aritu nintzen Bordeleko unibertsitatean, ateratzeagatik eta ikasle gazteekin egoteko aukera nuelako. Beraz, astean bi egunez jende gaztearekin egoteko aukera nuen, eta ideiak freskatu eta arnasa hartzeko aukera nuen.

Beraz, azken finean hainbat lanbidetan aritu behar izan dut nire oreka aurkitzeko.

Pierre Christin 2
Argazkia: Adur Larrea

Zure ustez, gidoilariaren lana gutxietsia dago marrazkigilearenaren aldean? Noizko Angulemako Sari Nagusia gidoilari batentzat, adibidez?

Kar kar kar! Txantxa hori daukagu gure artean aspaldidanik, gidoilari askok uste baitu gure lana gutxiesten dela. Sari Nagusiaren asuntoa apur bat ridikulua iruditzen zait eta guztiz berdin zait, ez nagoelako ados baieztapen horrekin. Zinean gidoilarien tokiari erreparatzen badiozu, zineko afixa bati begiratzen badiozu, gidoilariaren izena oso txiki agertzen da, behean ezkerrean, eta hori agertzen denean! Baina komikien albumetan bi izen daude, irudigilearena eta gidoilariarena. Horrek frogatzen du gidoilariak garrantzitsuak garela komikietan. Gainera, nire iritziz uste hori zinematik datorren eztabaida zahar bategatik da. Zineman ustea dago bakarrik egindako autore-zinema nolabait moralki hobea dela gidoilariekin egindakoa baino. Baina hori uste dutenen zoritxarrerako, egile onenek beti gidoilariekin egin dute lan, eta gidoilariekin egindako film oso on eta arrakastatsuak daude. Beraz, nire ustetan horrek ez du inongo zentzurik, ezta komikiaren munduan ere. Komikian, egile batzuk bakarrik lan egiteko eginda daude eta beste batzuk biren artean lan egiteko eginda daude; eta beste batzuk, nik esango nuke hoberenak, batzuetan bakarrik lan egiten dutenak eta batzuetan gidoilari batekin.

“Komiki-gidoigintzaren gauzarik interesgarriena da nortasunez alda dezakezula marrazkilari ezberdin bakoitzarentzat”

Zure lanik garrantzitsuenetako bat Valérian da, Jean-Claude Mézièresek marraztua. Nola elkar ezagutu zenutenekoa istorio bitxia da.

Gerran, bonbardaketak zirenean, haurrak soto blindatuetara eramaten ziren babesteko. Gu Jean-Claude Mézièresen gurasoen kale berean bizi ginen, eta bonbardaketa baten erdian soto batean ezagutu genuen elkar eta lagun egin. Haurretan lagunak izan ginen, baina gero banandu, eta Parisen egin genuen berriz ere topo, ikasketak egiten ari ginela, kasualitatez. Ni lizeoan nenbilen eta bera arte aplikatuen eskolan, marrazketa ikasten, Giraud-ekin, eta bi zentroak bi kaletako distantziara zeuden, beraz goizetan elkarrekin hartzen genuen metroa. 16-17 urte genituen, edozer egin genezakeela uste genuen! Eta hainbat proiektu egin genituen batera, nahiz eta hasieran komikiak ez izan, film labur bat egin genuen lehenbizi.

Valérianek eragin handia izan du zientzia-fikzioko film mitiko askotan, adibidez Star Warsen, Blade Runnerren... Zuek biok space opera generoaren sortzaileak zarete neurri batean.

Ez dut uste sortzaileak garenik, sormen kolektiboa da. Nik gaztetan, AEBn bizi nintzen garaian, Poul Anderson, Isaac Asimov, Ray Bradbury eta abar irakurtzen nituen, eta asko maite nituen. Eta nire buruari galdetzen nion ea zergatik ez zegoen amerikarra bezain zientzia-fikzio ona Frantzian. Hala, itzuli nintzenean, Jean-Claude Mézièresi esan nion: “egin behar dugu zerbait frantsesa baina amerikarrek egiten dutena bezain espektakularra”. Eta AEBek beti liluratu izan nauten arren, aldi berean gorroto ditudan gauza asko dituzte, superheroiak adibidez ezin ditut jasan. Beraz, asmoa zen amerikarrek bezalako space opera eder bat egitea baina superheroirik gabe. Valérian ez da super heroi bat, izan ez da heroia ere, ez baita batere heroikoa, eta benetako heroia Laureline da, emakumezkoa. Hala, guk sortu genuen zientzia-fikzioa AEBtik dator, baina han egiten zenaren kontra egindakoa da.

“Komikian ezin da edozer gauza egin; alderdi bisuala behar du, mugimendua”

Hala ere, AEBn beranduago sortu zen “space opera” berria, Star Warsek abiatu zuena, asko inspiratu zen (eta Star Wars bereziki) Valérianen eta zuen lanetan.

Bai, hori hala da. Hor paradoxa bat dago: Frantziako komikia, hau da, Bande Dessinée edo BD delakoa, salbuespen bakan batzuk kenduta, apenas saltzen da AEBn; aldiz, zineko zuzendari artistiko guztiek dituzte BD albumak beraien apaletan.

Valérianeko benetako heroia Laureline da, esan duzun bezala. Bere garaiari aurreratu zitzaion, ziurrenik BDko lehenengo emakumezko heroia izango da.

Esaten da orain garai hartako BDa, 60-70 hamarkadakoa, oso “matxo”a zela... Nik esango nuke konformista zela, hau da, gizonezko helduek gizonezko gazteentzat egindako gauza bat zen, mutilen arteko gauza bat. Eta komikietan neskak beti ziren ergelak edo gona oso motzekoak. Baina aldi berean emakumeak asmatu eta marraztea oso interesgarria da. Beraz, erdi nahita erdi nahi gabe, esan nion Jean-Clauderi: “Eta orain arte egin denaren kontrakoa egiten badugu? Benetako neska bat sartuko dugu”. Ezustekoa izan zen irakurleei asko gustatu zitzaiela, nik pentsatzen nuenean jendeak gaitzetsiko zuela, eta horrek asko animatu gintuen. Eta egia da, Laureline BDko lehenengotako emakume gazte modernoa da.

Pierre Christin 3
Argazkia: Adur Larrea
“Gidoilari lana oso lan bakartia da”

Valérianen, zientzia-fikzio, umore eta abentura sinplearen mozorropean, jarrera bat ere badago. Baikorxeagoa, zuk esan duzun bezala, baina badago jarrera feminista bat, kritika sozial, politiko eta erlijiosoa...

Bai, badago hasieratik Valérianen jarrera bat, printzipio batzuk, horiek ere amerikarraren jarreraren kontrakoak direnak: Valérian ez da xenofoboa, Valérian xenofiloa da. Mezu nagusia ezberdintasunaren onarpenari buruz da, arrazen onarpena, extralurtarrena... Valérianen ez dago on eta gaiztorik, denek dituzte beren arrazoiak eta lurtarrak ez dira derrigorrez besteak baino hobeak. Bestalde, Valérianen album bakoitzean gaiz aldatuz dibertitu naiz, hau da, gaur egungo arazo bat hartu eta zientzia-fikzioaren angelutik landuz. Hori egin dut zientzia-fikzioaren akats bat (beno, zientzia-fikziozko egileen akats bat), beti gauza bera errepikatzearen akatsa, ekiditeko. Maiz hasierako kontzeptu ikaragarri on bat egoten da baina ondoren albumak eta albumak eta albumak dira, denak antzeko samarrak. Hala, Valérianen album bat izango da gizon-emakume erlazioari buruz, beste bat ekologiari buruz, beste bat kapitalismoari buruz... Aldi bakoitzean ezberdina izango den gai bat tratatzen dut.

Animaziozko serie bat ere egin zen, Valerian eta Laureline, ETBn eman zena, gure irakurletako askok beharbada ezagutuko dutena. Serie horretan parte hartu zenuen? Zer esan diezagukezu berataz?

Asko pozten naiz euskaraz horrelakoak izan ditzakezuelako, baina nahiago nuke beste gauza batzuk ikusi ahal izango bazenituzte horren ordez. Telebistako serieen betiko arazoa da. Beti ongi hasten da: egileen iritzia eskatzen da, esaten zaigu “asko atsegin dugu egin duzuena, zuen lana errespetatuko dugu”... Baina gero jende ugari aritzen da hor lanean, kasu honetan lanaren zati bat Japonen egiten zen eta beste zati bat Frantzian... Azkenean, guk ez genuen ezer kontrolatzen. Beraz, emaitza Valérian komikiaren oso ezberdina den zerbait zen. Haurrentzako egindako produktu bat egin zuten, eta Valérian komikia haurrentzat zein helduentzat zen. Nik lauzpabost kapitulu soilik ikusi nituen eta gero utzi.

“Ez dut uste gidoigilearen lana gutxietsia dagoenik komikian”

Zure beste kolaborazio emankor eta ezagunenetako bat Enki Bilalekin izan da. Partie de Chasse, Les Phalanges de l'Ordre Noir, Legendes d'Aujourd'Hui seriea... Horietan XX. mendeko Europaren (eta baita mundu osoaren) erretratua egiten duzu, gertaera garrantzitsuenekin: komunismoa, gerrak, faxismoa...

Komunismoarenaz, nik beti asko bidaiatu izan dut, eta nire lehen iniziazioko bidaia AEBra izan zen, Kennedyren, espazioaren konkistaren, jazzaren, rock-and-rollaren eta abarren garaia baitzen. Baina handik itzultzean, AEBekiko nire iritzia banatua zegoen, ona eta txarra erdibana. Garai hartan jende gutxik (eta gaur ere askok ez) egiten zuen zerbait egin nuen, justu beste aldera joateko beharra sentitu nuen eta hurrengo urtean herrialde komunistetara abiatu nintzen. Eta hori, orduan, oso zaila zen: bisak lortzea, bidaia bera... Onartzen zuten gauza bakarra sindikatuek antolatutako bidaiak ziren, baina ez norberak bere kontura egiten zituenak, argazkiak ateratzen eta horrela. Hasieran, hango gauzei buruzko artikuluak idatzi nituen. Baina konturatu nintzen jendeak oso gutxi ezagutzen zuen gaia zela, eta horrek ekarri zuen beranduago Partie de Chasse. Ondoren ere bidaiatzen jarraitu nuen, horregatik nire albumetako asko Ekialde Urrunean, SESBen edo egon izan naizen beste herrialdeetan gertatzen dira. Interesatzen zitzaidana zen komikian ordura arte herrialde horiek oso gutxi azaldu zirela, inork ez zuen hori marraztu, horregatik zen interesgarria niretzat.

Lan horietan istorio eta problematika politiko eta sozialak lantzen dituzu. Lehen lanetan (Le Croisière des Oubliés eta Le Vaisseau de Pierre albumetan), ezkerreko jarrera hartzen duzu, baina gero La Ville qui n’Existait Pas, Les Phalanges de l'Ordre Noir eta Partie de Chassen ezkerraren jarrera asko kritikatzen dituzu. Norabide aldaketa bat dago hor zure aldetik?

Bai, arrazoi duzu. Horiek idazten hasi nintzenean urte batez ere baikorrak ziren, lehen esan dudan bezala (Kennedy, espazioaren konkista...). Frantzian ere gizartearen garapeneko urteak ziren. 68ko maiatza zen! Eta hori oso gauza itxaropentsua zen. Nire lehen album horiek garai horrek markatuak daude, nahiz eta elementu ezkor batzuk ere badituzten, zeren eta, adibidez, Rumeurs sur le Rouerguen (Tardirekin egindakoa), Frantziako landa-bizitzaren suntsiketaren hasieraren lekukotasuna dago, hainbeste maite nuen bizitza horren suntsipena. Eta modernitatea... ba, tira. Beraz, hasieran ere bazegoen nostalgia hori. Ondoren, 70-80 hamarkadekin eta batez ere terrorismoarekin, ikusi nuen ezkerrean bazegoela zerbait jada ez zebilena ongi. Eta ez zebilen hobe komunismoaren aldean, SESBa erabat maldan behera zihoan, ezer ez zebilen, dena hautsita zegoen... Beraz, 80ko hamarkadan bazegoen nigan (eta baita beste jende askorengan ere) etsipen izugarri bat. Ezker-muturrak zein ezker komunistak porrot egin zuten. Eta hori ikusten da nire komikietan.

“Frantziar komikia apenas saltzen da AEBn, baina zineko zuzendari artistiko guztiek dituzte BD albumak beraien apaletan”

Erregimen komunistaren gainbehera eta erorketa aurreikusi zenuen Partie de Chassen ia 10 urteko aurrerapenarekin.

Nire bizitzan bi intuizio izan ditut: bat Valérianen, non 1967an esan nuen 1996an kataklismo nuklear bat gertatuko zela eta kale egin nuen, eta bestea Partie de Chassen, non esaten nuen SESBa zela, frantsesez esaten den bezala, buztinezko hankadun erraldoia. Orduan jende askok zioen “ez, ez, SESBek etorkizun distiratsua du, betirako iraungo du”. Baina ez ziren bertan inoiz izan. Jende asko zen komunista, baina amets hutsa zen. Han egon ez zirenez, nahi zutena esan zezaketen. Eta joan zirenak, alderdi komunistak antolatutako bidaietan izaten zen. Santiago Carrillo [Espainiako Alderdi Komunistako burua, diktaduraren garaian Frantzian erbestean izan zena] ezagutzen nuen, laguna nuen baina aldi berean oso komunista sektarioa zen. Berak SESBeri buruz zioena entzunez gero, dena zoragarria zen. Eta komunista bazinen, zuretzat ere dena zoragarria zen. Baina ez, han egonez gero, ez zen batere zoragarria, begiratu besterik ez zegoen. Hori ikusi banuen, ez zen politikari handia nintzelako, komiki-gidoilaria nintzelako baizik. Komikia egiten duzunean gauzak sakon behatzera ohituta zaude.

Pierre Christin 4

Les Phalanges de l'Ordre Noiren Espainiako Gerra Zibila eta diktadura, faxismoa, ezkerreko zein eskuineko terrorismoa eta horrelako gai arantzatsuak lantzen dituzu.

Bitxia da, baina horretan Espainiak garrantzi handia izan zuen. Betidanik Espainia asko maite izan dut eta oso gaztetatik joan izan naiz bertara. Francoren garaian ere joaten nintzen, hara inor joaten ez zen garaian. Jakina, hondartzetara bai joaten zela jendea, baina ez zen hori niri interesatzen zitzaidana, Espainia “sakona” baizik. Garai hartako errepideetan barna ibiltzen nintzen, 10 km/h abiaduran-eta. Eta beti anitz maite izan dut espainiar pintura, Goya bereziki. Hala, behin, duela urte asko, herri txikitxo batera iritsi nintzen, orduko edozein herritxo bezalakoa: ez zegoen ezer, ez kotxerik ez jenderik, zegoen jende apurra beltzez jantzita, bero sapa... Eta kalean zehar nindoala, plaka bat ikusi nuen “Aquí nace Francisco de Goya...”. Goyaren jaioterria zen!

“Frantziar komikia apenas saltzen da AEBn, baina zineko zuzendari artistiko guztiek dituzte BD albumak beraien apaletan”

Justu garai hartan, terrorismoaren inguruko istorio bat idaztea nuen buruan. Orduantxe terrorismo asko zegoen, Alemanian, Italian, Frantzian... Baina nola hitz egin horretaz komikian? Eta bat-batean, nire buruari esan nion “bai, jakina, marraztu behar dena gerraren izugarrikeria da, Goyaren zuri-beltzezko grabatuetan bezala”. Eta hala esan nion Bilali, “aizu, Goyaren grabatuen ideiatik abiatuko bagina?”. Eta berak baietz, bikain. Eta hala sortu zen benetan terrorismoaz Goyak Espainiako izuaz hitz egin zuen izpiritu berarekin hitz egitearen ideia, hori izan zen abiapuntua. Faxismoarengatik ere bai, jakina, zeren eta, Espainiaren zoritxarrerako, faxismoak benetan eta luzaz iraun zuen tokia Espainia izan baitzen. Horregatik, istorioaren zati handi bat Espainian gertatzen da, Pirinioetan. Euskal eta espainiar Pirinioak asko maite ditut, dena oinez egina dut.

Les Phalanges de L'Ordre Noiren zati bat Euskal Herrian gertatzen da, Donibane Garazitik abiatzen dira eta Espainiarako muga Euskal Pirinioetatik zeharkatzen dute. Eta Castejón abadearen pertsonaia, euskalduna da? Castejón Nafarroako herri bat da...

Bai. Ondoren damu izan dut, euskal izen tipikoago bat ez jarri izana. Baina sarritan frantsesei euskal izenak barregarri iruditzen zaizkie. Gaur egun ohituago daude, baina duela 40 urte, izen bitxiak ziren. Baina orain damu dut.

Valérianen album bakoitzean gaur egungo arazo bat hartu eta zientzia-fikzioaren angelutik landu dut”

Izan duzun beste kolaborazio garrantzitsu bat Annie Goetzingerrekin izan da.

Bai, 30 urte iraun du kolaborazio horrek. Interesatu zitzaidan talentua duelako, jakina, baina baita emakumea delako. Uste nuen BDan gai posible asko zeudela inoiz heldu ez zitzaienak mutilei interesatzen ez zitzaielako. Seme-alabez hitz egitea, neska gazteen bizitzaz, horrelakoak. Beraz, Annie Goetzinger konbentzitzeko lan handia hartu nuen, eta azkenean lortu. Horrek ahalbidetu dit Frantziako arrazakeria bezalako gaiei heltzea, bere garaian BDan lantzen ez ziren gaiak. Edo biongan eragin handia duen beste gauza batez hitz egiteko, Parisez (gure hiria baita). Lehengo Paris bat dago, Paris zahar bat, desagertzear dagoena, eta asko paseatu genuen Parisen. Annie izan da, beraz, nire lanaren beste zati garrantzitsu bat.

Beste egile batzuekin, beste genero batzuetan eta beste estilo batzuekin ere egin duzu lan: Aymond, Bouq, Tardi... Zer esan diezagukezu horretaz?

Hala da, beste jende batzuekin ere egin izan dut lan, oso gustura, bidai-liburu txiki modukoetan. Lehen hitz egin dizut Miguelanxo Pradori buruz, marrazkigile liluragarria dena, zeinarekin Prestige ontziaren hondoratzearen inguruko zerbait egin nuen. Eta Jean-Claude Denis ere dago, marrazkilari oso-oso on bat, eta Jacques Ferrandez, eta horrelako gehiago zeintzuekin ez dudan serierik egin baizik eta liburu txikiak, euren marrazkiak asko maite ditudalako. Ni ez naiz oso gidoigile komertziala, ez dut serie askorik egin, plazerarengatik egiten baitut hau. Beraz, marrazkilari bat hautatzen dudanean bere lana miresten dudalako da, ez arrazoi komertzialengatik. Eta egin ditut gauzak arrakasta handiagoa edo txikiagoa izan dutenak. Badago lan bat zeinarekin oso-oso pozik nagoen, André Juillard-ekin egina, serie bat (bi albumetakoa) Léna izenekoa, ahalbidetu didana inoiz ekin ez nion genero bati heltzea, espiotzarena, John Le Carré-ren miresle handia bainaiz. Eta André Juillard marrazkigile zoragarria da. Baina nire plazerik handiena marrazkilari ezberdinekin lan egin izana da.

Pierre Christin 5
Argazkia: Adur Larrea
“AEBtik itzultzean, iritzi kontrajarriak nituen hartaz, eta justu beste aldera joan nintzen, herrialde komunistetara”

Zertan ari zara lanean orain eta zein proiektu duzu etorkizunerako?

Orain Olivier Balez-ekin ari naiz, marrazkilari gazte bat, gauza berriz ere guztiz ezberdin bat egiten. Hirigile handi baten biografia da, New York-eko hiri modernoa literalki modelatu zuena (ez berak bakarrik, jakina), Robert Moses izenekoa. Garrantzi handia izan du 50 urtetan, autobideak, zubiak, estadioak, igerilekuak, joko-zelaiak, eraikinak eta abar egin zituen. Ez da oso ezaguna (Frantzian batere ez, eta pentsatzen dut Espainian ere ez), baina rol oso-oso garrantzitsua izan zuen. Bestalde, biografiaren generoa inoiz ez nuen landu eta horregatik egin zitzaidan interesgarria, baina hau egiteko arkitektura asko interesatzen zitzaion irudigilea behar nuen, eta Olivier Balez zale amorratua da.

Eta orain beste biografia bat amaitu dut, oraindik ez dagoena marraztua, asko miresten dudan gizon batena: George Orwell. Hau ere beste marrazkilari batekin, guztiz ezberdina, Orwellen biografia bestearenaren oso ezberdina baita. Eta beste proiektu asko ere baditut.

“Herrialde komunisten erorketa aurreikusi banuen, komiki-gidoilaria nintzelako izan zen; komikia egiten duzunean gauzak sakon behatzera ohituta zaude”

Zure album, serie edo pertsonaietatik bat eta bat bakarrik aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke, zein maite duzu gehien?

Bitxia da, baina berriki Les Phalanges de l'Ordre Noirerako zinemarako gidoia idazteko eskatu didate (ez dakit azkenean egingo den, zinema gauza oso konplikatua baita). Nik inoiz ez ditut nire lanak berrirakurtzen, baina arrazoi honegatik Les Phalanges berrirakurri dut, eta 40 urte geroago ez dago hitz bat bera ere aldatuko nuenik, zinez.

Zein da gehien maite duzun generoa?

Literaturan gauza asko maite ditut, baina baita prentsan ere. Kalitatea maite dut, beraz ia dena maite dut, komiki historikoa izan ezik. Baina aldi berean ez da guztiz egia, Alexandre Dumas maite baitut, logikoa ez izan arren.

Euskal Herria ezagutzen duzula esan duzu, han izana zarela. Euskal Herriaz zer konta diezagukezu?

Euskal Herriaz, batez ere Frantziatik etorrita, beti atentzioa eman dit langileen herria dela: landan, hirian... herri langilea. Horrek asko hunkitzen nau. Aldi berean, Euskal Herria ezagutu nuen garaian, oso pobrea zen. Bilbo beldurgarria zen, beldurgarria, beldurgarria! Eta orain polita da! Horrek liluratzen nau. Nik maite dut Donostia, beti maite izan dut, ederra delako, baina Bilbo ere beti maite izan dut itsusia zelako, itsustasun ikaragarria zuelako. Eta Bilbo gorabidean eta hiri moderno eta polit bihurtzen ikustea, sekulakoa da. Era berean, ez naiz inoiz nekatzen Pirinioen azpiko euskal herri txikietara joateaz, dena hain polita da, janaria aparta... Euskal sukaldaritza onena da! Gauza asko maite ditut Euskal Herrian. Terrorismoa izan ezik, jakina.

Pierre Christin (Saint Mandé, Frantzia, 1938) ez zen hasieratik komikiaren munduan aritu. Literaturaren alorreko ikasketak eta doktoregoa egin zituen, eta gero literatura frantsesa irakatsi zuen AEBn. Baina 60ko hamarkadaren amaieratik aurrera poliki-poliki joan zen komiki-gidoigintzan sartzen. Jean-Claude Mézières bere txikitako lagunarekin Valérian serie arrakastatsua hasi zuen, Star Wars eta hortik eratorritako space opera genero guztia inspiratu zuena, eta 40 urte baino gehiagotan zehar argitaratu dena. Enki Bilal marrazkilariarekin egindako komiki-sorta ere oso ezaguna da, Partie de Chasse eta Les Phalanges de l'Ordre Noir albumak eta Legendes d'Aujourd'Hui seriea, Frantzia eta Europako XX. mendeko gertaera garrantzitsuenen erretratua osatzen dutenak. Beste irudigile anitzekin (Aymond, Goetzinger, Tardi, Juillard, Bazes, Bouq, Denis, Ferrandez...) ere beste komiki asko egin ditu, eta oraindik jarraitzen du. Horrez gain, kazetaritzan aritu da, eleberriak eta antzerkia idatzi ditu, telebista eta zinemarako gidoiak egin... Gizon polifazetikoa, komikiaren mitoa.

Pierre Christin karikatura
Irudia: Dani Fano

"Kobane calling", euskaraz!

e-gor 2020/10/07 19:17
Zerocalcareren lan ezaguna gure hizkuntzan gozatzeko aukera, Farmazia Beltza etxeari esker
"Kobane calling", euskaraz!

Irudia: Zerocalcare

2018an Farmazia Beltza etxeak Michele Rech Zerocalcare komikigile italiar ezagunaren Hondamuinean lana atera zuen eta 2019an haren jarraipena, Hondamuinean - Sei hilabete geroago. Biak, gainera, jatorrizko italierazko bertsioa atera eta gutxira, eta beste hizkuntza boteretsuago askotan baino lehenago. Luxua! Oraingoan beharbada egilearen lanik ezagun eta goretsienetakoa dena dakarkigu, Kobane Calling, beste lanek bezala hau ere Koldo Izagirrek euskaratuta. 2016koa da komiki hau, orain eduki gehigarriarekin berrargitaratu dutena, eta berrargitaratze horrekin batera ekarri dute euskarara.
Kobane callingek kurduen zapalkuntza eta askapenerako borroka dakarkigu egileak Siriako gerra puri-purian zenean Rojavara (Siriako Kurdistango lurralde autonomoa) egindako bidaia baten bidez, ISISek Kobane hiria inguratuta zuenean. Kontu gogor baina ezagutu beharreko hauek berarengan ohikoa den umore puntuarekin kontatzen ditu Zerocalcarek, lan jakingarri bezain entretenigarria eginez. Berrargitaratze honetan bi istorio berri daude, Zurrunbuila eta Garhaziak, istorioa eguneratzen dutenak. Gaztelaniaz bazenuen ere, arrazoi nahikoa berriz erosteko!

Euskarazko komiki-lehiaketak martxan: I. Kromiki lehiaketa eta XIII. Ibarra-Galtzakomik lehiaketa

e-gor 2020/10/04 10:15
Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak antolatzen du lehena eta urriaren 16a du lanak bidaltzeko epea; bigarrena, aldiz, Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean, eta azaroaren 30a bitarte aurkez daitezke lanak

Euskarazko komikientzako bi lehiaketak dituzte epeak zabalik egunotan. Batetik, lehenbizikoz egingo den Kromiki lehiaketa, Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Lanek euskaraz egon eta Hernanirekin zerikusia izan beharko dute. Adinaren araberako hiru kategoria egongo dira. Epaimahaikideak hiru kromikilari izango dira (Hernaniko Kronikako komikigileak, alegia): Ana Almandoz, Alai Zubimendi eta Ainara Azpiazi Axpi. Sariak komiki sorta bat, komikia Kronikan argitaratzea eta epaimahaikideen ilustrazio pertsonalizatu bana izango dira. Lanak aurkezteko epea urriaren 16a da. Oinarri zehatzak Doberaren webgunean daude eskuragarri.

Bestetik, Ibarra-Galtzakomik lehiaketaren XIII. edizioa martxan da, Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatuta. Hemen ere lanek euskaraz egon beharko dute, gaia librea da eta adinaren arabera banatutako lau kategoria daude, bakoitza babesle inoiz baino ugariagoek (Ibarrako udala, Xabiroi komiki-aldizkaria, Mahala, Tamayo, Ibarrako merkatarien elkartea, Danon Txokoa eta Eguzkilore tabernak, Babel liburu denda eta Elkar megadenda) emandako sari ezberdinekin. Lanak azaroaren 30a bitartean aurkez daitezke, eta oinarriak Galtzaundiren webgunean ikus daitezke.

Animatu, bada!

Kinton manga-komikiak webgunea

e-gor 2020/10/02 06:55
Dragoi Bola Super saileko komikiak euskaraz
Kinton manga-komikiak webgunea

Irudia: Kinton

Iaz LainoMehe webgunearen berri eman genizuen, hainbat komiki euskaratzen zituen webgunea. Gaur beste bat dakarkizuegu, Kinton. Ez da kasualitatea izango biek Son Gokuren Kinton lainoa izatea izenburuan, Dragoi Bolak euskaldunen belaunaldi oso baten utzitako arrastoaren seinale argia baizik... Ai, ETBk kalitatezko eta modako fikzioa, animaziozkoa zein irudi errealekoa, euskaratzen zuen garaiak... Haren eragina orain ikusten da, oraingo politikaren eragina geroago ikusiko den bezalaxe...
Kinton Manga-Komikiak webguneak, bere izenagatik asma daitekeenez, manga eta zehazkiago Dragoi Bolaren zale batek egina da. Euskarara ekartzen ari da Dragoi Bola Super manga-komikien saila, eta momentuz lehenengo zortzi atalak daude eskuragarri, baina gehiago jartzeko asmoa du. Ongi etorriak!

Komikiak, literaturzaletasunerako bide?

e-gor 2020/09/27 08:15
Komikiak, literaturzaletasunerako bide?

Irudia: Elkar aldizkaria

(Elkar argitaletxearen aldizkariko 2017ko udazkeneko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Egungo gazteen irakurzaletasun faltaren inguruko kezka orokortua dago azken aldian hezitzaileen artean zein literatura munduan. Agian komikia, literatura eta pinturaren batuketa den aldetik, irakurzaletasuna pizteko bidea izan daiteke? Edonola ere, azken urteetan komikiak gero eta gehiago pasatu dira haur eta gazteentzako produktu izatetik helduentzako produktu izatera... Gai honen inguruan hausnartzeko Iratxe Retolaza eta Iban Zalduaren iritziak jaso ditugu.

Zalantzarik ez dago azken urteetan haur eta gazteei aisialdirako aukerak asko ugaritu zaizkiela, bereziki (baina ez soilik) gailu digitalei eta hauetatik eskuratzen diren eduki eta jarduerei esker: ikus-entzunezko eduki-kopuru itzela (telebista-kate mordoa, Youtube...), bideo-jokoak, komunikatzeko aplikazioak eta sare sozialak... Panorama horren aurrean, gustukoa ez badugu ere, ia logikoa eta guzti dirudi gazteen liburuak irakurtzeko joeran beherakada egotea, gero eta gehiago salatzen den bezala.

Iban Zaldua: "Gazteen irakurzaletasuna, aukera bat gehiago den neurrian, ziurrenik, literaturzaleok uste edo nahi genukeenaren azpitik dago"

Benetan hala gertatzen ote den galdetuta, Iratxe Retolazak (Donostian 1977an jaioa, literatura irakaslea EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailean, kritika literarioaren alorrean lan egindakoa eta EHUren eskutik Egungo euskal komikiaren historia liburua argitaratu berri duena) uste du zehaztu beharra dagoela. “Haur eta gazteengan irakurketarekiko jarrera askotarikoa da. Gehienek irakurri egiten dute, hainbat gailutan, baina irakurketa-moldea aldatu da gailu berri horietan (azkarra, azalekoa, jauzikakoa…). Irakurketa-molde horrek ez dio literatur testuen irakurketari laguntzen, oro har literatur testuek irakurketa patxadatsuagoa eskatzen dutelako (interpretazio sinbolikoak egiteko, anbiguotasunekin jolasteko, musikalitateari bide emateko…).” Iban Zalduak (Donostian 1966an jaioa, historia irakaslea EHUn, idazlea, Euskadi Literatura Saria hiru bider irabazitakoa modalitate eta hizkuntza ezberdinetan, tartean Haur eta Gazte Literaturakoa “Azken garaipena” komikiaren gidoiarengatik) ere gazteen irakurzaletasuna “aukera bat gehiago den neurrian, ziurrenik, literaturzaleok uste edo nahi genukeenaren azpitik” dagoela uste du, nahiz eta onartzen duen berea ez dela “ikuspegi objektibo bat, oso interesduna baizik”.

Egoera honen aurrean, komikia izan daiteke literaturzaletasuna bultzatzeko bideetako bat. Izan ere, adin batetik aurrera dugunotako asko horien bidez zaletu ginen liburuak irakurtzera. Iratxeren kasuan ere hala izan zen: “haurtzaroan zein gaztaroan komikiak irakurtzeko ohitura handia nuen, eta nire kasuan, batik bat haurtzaroan, liburu-formatuko lanak osorik irakurtzeko denbora pertsonal hori hartzen ikasteko funtsezkoak izan ziren; nolabait, bakarkako irakurketa horretan urratsak egiteko garrantzitsua izan zen, kontzentrazio-ariketa horiek egiten trebatzeko; gainerakoetan ere lagunduko zuen (narrazio-tekniketan eta testuartekotasunean), baina, batik bat gogoan dut bakarkako espazio hori eraikitzeko funtsezko izan zirela: egunero-egunero, irakurketari tarte hori eskaintzeko, haurra nintzela”.

Iratxe Retolaza: "Haurtzaroan zein gaztaroan komikiak irakurtzeko ohitura handia nuen, eta nire kasuan, batik bat haurtzaroan, liburu-formatuko lanak osorik irakurtzeko denbora pertsonal hori hartzen ikasteko funtsezkoak izan ziren"

Ibanek diosku bere kasuan ere eragin zutela komikiek: “nire kasuan oso lotuta daukat, eta gainera ez diot komikia kontsumitzeari utzi, nahiz eta liburuzale bihurtu; baina, esan bezala, ez zegoen hainbeste alternatibarik, kirola gustatzen ez bazitzaizun behintzat; gaur egun askoz ere alternatiba gehiago dago, ez dakit irakurzale egingo nintzen testuinguru garaikidean”. Baina ez dago hain ziur bere kasua estrapolagarria denik. “Ezagutzen dut jendea txikitan komikizalea zena oso, eta ez zuena inolako interesik garatu liburuekiko, eta are komikiak irakurtzeari utzi ziona gero. Gure alabek komikiekiko esposizio bera izan dute (nahiko handia), eta bat oso komikizalea bihurtu da eta bestea ez. Baina komikizalea ez denak liburu gehiago irakurtzen du komikizale denak baino.”

Alabaina, Iratxe Retolazak uste du kasu batzuetan gaur egungo testuinguruan komikiak lagun lezakeela literatura-irakurle berriak sortzen, hainbat arrazoirengatik: “Lehenik, komiki-liburuak edo albumak irakurtzeak balio du liburu-formatuan irakurtzen ohitzeko, gaur egun bestelako euskarriak eskura izanda, garrantzitsua da liburu-formatuarekin lotura afektibo eta efektibo hori sortzea. Bigarrenik, komikien narrazio-tekniketan trebatzea narrazio literarioetan trebatzeko urrats ona da (narratzaile-motak, ahots narratiboak…). Sarritan oso egitura narratibo garatuak eta konplexuak irudikatzen dira komikietan (denbora-jauziak, ikuspuntu-aldaketak, narrazio-maila ugari...), eta beraz, arkitektura narratiboetan trebatzeko bide ona dira. Hirugarrenik, komiki askotan testuartekotasunarekin egiten da jolas (beste komiki batzuei egiten zaie erreferentzia –testuala edo irudizkoa–, eta irakurketa-kate hori segitzea garrantzitsua da komikiaren mamira heltzeko); bestalde, beste diziplina batzuekin harremanetan garatu ohi dira komiki asko (izan zinemara eraman direlako, izan bideo-joko bihurtu direlako…), eta beraz, diziplinartekotasunean eta transmedialtasunean lehen urratsak emateko bide egokia dira. Azkenik, komikiaren tematikak eta motiboak askotan literatur erreferentziei, literatur tradizioei edo mito literarioei egiten diete erreferentzia, eta hortaz, izan bada lotura tematiko eta erreferentziazkoa literatur testu edo joera batzuekin.”

Iratxe Retolaza: "Lehen komikiak kioskoetan eskura zeuden, eta gurasoak prentsa erostera joaten zirenean (gaur egun ere galtzear den ohitura), haur edo gaztetxoei komiki-albuma edo aldizkaria erosten zitzaien"

Hori horrela izanik ere, haur eta gazteei zuzendutako komikiaren egoerak okerrera egin du hamarkada batzuetatik hona. 50etik 80rako hamarkadetan komikien helburu-publikoa haur eta gazteak ziren, komikiak nonahikoak eta erraz eskuratzekoak ziren, edozein kioskotan aurkitzen ziren, komiki-aldizkaria formatu ohikoa zen... 90eko hamarkadako komikien krisiaren ondotik, AEBtako superheroien komikiak publiko helduari zuzentzen joan dira gero eta gehiago, Espainiako komikiak ere nobela grafikoa deituriko formaturantz eboluzionatu du, komiki-aldizkariak desagertzen joan dira... Salmenta puntuei dagokionez, normalean hiri handietan soilik egoten diren komiki-dendetan eta liburu-denda handietan eros daitezke, haur eta gazteak joateko ohitura edo aukera handirik ez duten tokiak. Salbuespenak Frantzia (non haur, gazte zein helduentzako komiki asko egiten jarraitzen den eta oso eskuragarri dauden) eta manga japoniarra (haurrei zuzendutako komiki asko kaleratzen jarraitzen duena) lirateke.

Dena kontuan hartuta, komikien eragina adin txikikoetan askoz txikiagoa da egun “aldizkari merkeenak, astekariak edo hilabetekariak desagertu edo asko murriztu diren neurrian, hori baitzen gure sarbidea komikiaren mundura”, Ibanek konfirmatzen duenez. “Beste alternatiba batzuk daude, albumetan. Posible da, baina ez dago horren eskuragarri, gurasoen aldetiko lan gehiago eskatzen du”. Hala uste du Iratxek ere: “Egia da haur eta gazteen artean ez dela sumatzen komiki-zaletasun askorik; lehen komikiak kioskoetan eskura zeuden, eta gurasoak prentsa erostera joaten zirenean (gaur egun ere galtzear den ohitura), haur edo gaztetxoei komiki-albuma edo aldizkaria erosten zitzaien. Garai batean kultura horri lotuta ere bazegoen haur eta gazteen zaletasuna”.

Iratxe Retolaza: "Kontuan harturik eskaintza askotarikoa dela (tematikatan zein estetikatan), komikiak eskolan presentzia izateko baldintza hobeak daude gaur egun"

Argitaletxeek eta hezkuntza-erakundeek haur eta gazteen esparruan ipuin eta liburu ilustratuen aldeko apustua egiten dute gaur egun. Baina agian komikia ere gehiago bultzatu beharko litzateke, literaturzaletasuna bultzatzeko bide gisa? Iratxek uste du “kontuan harturik eskaintza askotarikoa dela (tematikatan zein estetikatan), komikiak eskolan presentzia izateko baldintza hobeak” daudela gaur egun. “Are gehiago komikia ere ikus-entzunezko kulturan trebatzeko formatua dela jakinda. Baina komikiek eskolara jauzi egiteko modu egituratuan, lehenik irakaskuntza-materialak edo irakaskuntza-gidak sortu behar dira, irakasleei ere komikiez jarduteko tresnak emateko”.

Euskarazko haur eta gazteentzako komikigintzari dagokionean, ezin da esan proportzionalki eta konparatiboki egoera hain txarrean gaudenik. Frantsesarekin konparatuta ia edonor ateratzen da galtzen, baina gaztelaniari begiratzen badiogu, hobeto gaudela esan daiteke, azken hamabost urteetan ezagutzen joan garen egitasmo berriei esker. Iratxe Retolazak azpimarratzen duenez, “haurrei zuzenduriko egitasmo gehienetan komikiak badu lekurik (esaterako, Irria aldizkaria)”. Sauré argitaletxeak euskaraz haurrentzako komiki ugari atera zituen iraun zuen urteetan. Ikastolen Elkarteak duela hamar urtetik hona ateratzen duen gaztetxoentzako Xabiroi aldizkariak (urtean lau zenbaki eta album bat ateratzen dituena) lan aipagarria egiten du. Eta duela bi urte Harriet argitaletxea sortu zen, haur eta gazteentzako esparruan asko argitaratzen ari dena.

Iban Zaldua: "Mainstream gehiago, pop kultura gehiago beharko genuke. Itzulpen gehiago beharko genituzke euskaraz, superheroien komikienak adibidez."

Iban Zalduak ohartarazi nahi du, hala ere, “gurean proportzioak kontsolamendua ekar” dezakeela. Eta bere ustez, “arazoa ez da proportzioa, zenbaki absolutuak baizik, eta hor gu ere oso gaizki gaude”. Kantitateaz harago, genero batzuen falta ere sumatzen du Ibanek: “nire irudikoz, [euskarazko komikiak] arty-egiak dira batzuetan, multzo bezala kontsideratuta. Mainstream gehiago, pop kultura gehiago beharko genuke. Itzulpen gehiago beharko genituzke euskaraz, superheroien komikienak adibidez. Baina Stephen King ez badago itzulita, nola egongo dira itzulita X-Taldearen ibilaldiak?”.

Kioskoenak eta beste kontu batzuk ez dute bueltarik izango, baina argitaletxeek adin-esparru horretarako komikien (berrien zein itzulpenen) aldeko apustua eginez gero, hezkuntza-erakundeek komikiak landu eta baliatuz gero eta erakunde publikoek horrelako ekimenak bultzatuz gero, agian lor liteke komikien bidez gure haur eta gazteak irakurzaleago egitea. Ea bada.

Buyan, app-ean ere bai

e-gor 2020/09/26 08:30
Paperezko komikiak ahalbidetzen duenaz haragoko efektuekin: animazioak, efektu bisualak...
Buyan, app-ean ere bai

Irudia: Aritz Trueba / Josu Igoa

Iazko urteko nobedade interesgarrienetako bat Buyan – Heriotzaren uhartea komikia izan zen, Martin eta Xabier Etxeberria anaiek eta Aritz Truebak egindakoa. AEBtan eta Frantzian atera zen, eta baita euskaraz ere, autoedizioan. Bada, orain telefono mugikorrentzako aplikazio edo app formatuan atera dute, Android zein iOS sistementzat, Josu Igoa taldeko laugarren kidearen eskutik. Paperezkoak uzten ez duen hainbat gauza ditu: mapa interaktiboa (behean), aurkibidea, hizkuntza-aldaketa, efektuak (arretaz begiratu artikulua ilustratzen duen irudiaren 3D efektuan), gailuaren sentsoreen bidezko animazioak, glosarioa... Komikiak gozatzeko beste modu bat, etorkizuneko modua, beharbada.

Buyan app - Mapa interaktiboa

2020ko komiki didaktiko-dibulgaziozko-aldarrikatzaileak

e-gor 2020/09/19 15:33
Etxeko eta zainketa lanetan aritzen diren Nikaraguako emakumeak, auzo autogestionatuak, matematika eta informatika, abortatzeagatik kartzelatutako El Salvadorko emakumeak, enplegu publikoko behin-behinekotasuna...
2020ko komiki didaktiko-dibulgaziozko-aldarrikatzaileak

Irudia: Amaia Ballesteros / Susanna Martin / Han-Mi Kim / Higinia Garay / Irati Merino "Iratink"

Urtearen erdia baino dezente gehiago pasatuta, eta blogean 2020ko euskarazko komikien berri ematen oraindik hasi gabe... Izan ere, urte zoroa daramat: guztion pandemia kontuez gain, lanean lepo nabil Aditu.eus transkribatzailearekin (garatzen lehenengo, aurkezten gero, hobetzen ondoren...), proiektu pertsonalen bat, beste kontu batzuk... Tira, bada, ekin diezaiogun! Eta hasteko, urtearen lehen erdian atera diren 5 komiki didaktiko-dibulgaziozko aldarrikatzaileren berri emango dizuegu.

Irabazi asmorik gabeko elkarteek euren mezua zabaltzeko komikia gero eta gehiago darabilten erakusgarri, horrelako hiru lan berri atera dira aurten. Susanna Martinek Oxfam Intermon elkartearen enkarguz egin du Samaldan, eta Bizkaian etxeko eta zainketa lanetan aritzen diren Nikaraguako emakumeen errealitate gogorra kontatzen du. Kanpoaldean REAS Euskadi elkarteak atera du, Al Borde Films-en gidoiarekin eta Amaia Ballesterosen irudiekin, eta sistema kapitalistari aurre eginez beste ekoizpen- eta kontsumo-modu batzuk praktikatzen dituzten auzo autogestionatuei buruzkoa da. Eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Hari batetik zintzilik: enplegu publikoaren kronika komikia argitaratu du, enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruzkoa, Ivan Batty-ren gidoiarekin eta Irati Merino Iratink-en marrazkiekin. Hiruak euskaraz eta gaztelaniaz atera dira, eta beraien webguneetatik doan deskargatu daitezke (hemen Samaldan, hemen Kanpoaldean eta hemen Hari batetik zintzilik).

Sauré argitaletxeak ere dibulgaziozko komiki bat dakarkigu. Sauré zen duela urte batzuk euskarazko komiki gehien egiten zituen argitaletxea, bereziki helburu eta gai hezitzaileekin, 2014 inguruan bat-batean desagertu zen arte. Orain ere bat-batean berragertu da, linea bereko komiki batekin: 2018an Frantzian atera zen Nesim Fintz eta Han-Mi Kim egileen Matematikako eta informatikako aparteko istorioak komikian. Izenburuak dioen bezala, komikia baliatuz ezagutarazi nahi dizkie gazteei matematika eta informatikaren historian izan diren aurkikuntza nagusiak eta pertsona garrantzitsuenen bizitzak.

Azkenik, Astiberrik eta Mundubat elkarteak ateratako Emakume guztiok komikian abortatzeagatik kartzelatutako El Salvadorreko emakumeen istorioak kontatzen dira. Herrialde hartan abortuak bi eta zortzi urteko kartzela dakar, haurdunaldia eteteko arrazoiak edozein izanik ere: abortu terapeutikoa, nahigabeko abortua... Baina areago, abortua leporatutako emakumeei hilketa larriagatiko epaia eta 30 eta 40 urte bitarteko kartzela ezartzen diete... Elizabeth Casillas eta Higinia Garay hortik pasatutako lau emakumeren istorioen bidez azaltzen saiatuko dira legedia horren izugarrikeria.

2019ko Xabiroiak

Igor Leturia 2020/06/06 11:34
52, 53 eta 54 zenbakien edukiak
2019ko Xabiroiak

Irudia: Xabiroi

2019ko komikien berri ematen bukatzeko, ezin ahaztuta utzi euskal komiki munduko azken urteotako argitalpenik garrantzitsuena, egungo loraldiaren errudun nagusietakoa: Xabiroi, alegia. Ikastolen Elkartearen komiki-aldizkariaren 2019ko lau zenbakietatik hiruren berri eman gabe nuen! Barkaezina... Baina berandu bada ere, horien konstantzia geratzea nahi dut blogean, euskarazko komiki (ia) guztiek ohi duten legez.

Guztietan aurkituko ditugu ohiko atalak: nik egiten ditudan albisteak, Aritz Irigoienen Xabiroienea, Manu Ortegaren Haizea, Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak eta Asiskoren Horkonpost! zintak eta Sanviren Auzomorro eta Zaldieroaren Arranotxu 2 orriko istorioak. Asiskoren gidoia eta Joseba Larratxeren irudiak dituen Basolatik berri onik ez seriearen beste 6na orri datoz 52 eta 54 zenbakietan. Koldo Izagirreren gidoia, Dani Fanoren irudiak eta Garluken koloreak dituen Sasi artean Elgeta sail berria dator 52 eta 53 zenbakietan, Jazinto Rivas Elgeta trikitilariaren bizitzari buruzkoa. Eta Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiak dituen Haur besoetakoaren beste 6na orri 53 eta 54 zenbakietan.

Horiez gain, ekaineko zenbakiak, 52ak hain zuzen, ohiko sailetatik aparteko beste eduki hauek zekartzan:

Urrikoak, 53ak, beste hauek:

Eta, bukatzeko, 54 zenbakiak, abenduan ateratakoak, eduki hauek zituen:

Beti bezala, ikaragarri eder eta interesgarriak guztiak, euskal komikigileen lanaren erakusgarri bikaina. Horrela jarrai dezala urte askoan!

Komikiak egiten ikasteko komikia

e-gor 2020/05/19 17:34
Jess Smart Smiley-ren "Egin zeure komikiak!"
Komikiak egiten ikasteko komikia

Irudia: Jess Smart Smiley

Eta 2019ko komikiekin bukatzeko, Ibaizabal argitaletxeak ateratako Egin zeure komikiak! aipatu behar dugu. Jess Smart Smileyren liburu hau komikiak nola egin irakasten duen liburua da, baina komiki bidez, hau da, pertsonaia batzuk, marrazkiak eta bunbuiloak dituen istorio baten bidez. Komikiak egiten ikasi nahi baduzu, edo gustatzen ote zaizun probatu, edo besterik gabe komikigintzako teknikei buruz gehiago jakin, hona bide aproposa!

Superpatata gehiago!

e-gor 2020/05/17 10:35
Haurrentzako komiki honen bederatzigarren zenbakia ere atera zen iazko urtearen amaieran
Superpatata gehiago!

Irudia: Artur Laperla

Urte hasiera honetan lanez lepo egon naiz (laneko kontuak) eta bloga ia-ia abandonatuta izan dut hilabetetan. Berriz helduko diot euskarazko komikigintzaren zabalkundearen gaiari, eta lehenbizi 2019 urte emankorreko iragarri gabeko komikien berri ematen hasiko naiz, gero 2020koei heltzeko.

Ekainean genionez, Artur Laperlaren Superpatata komikiaren zortzi zenbaki euskaraz ateratzekoa zen Bang Ediciones urte amaiera baino lehenago. Bada, denak erosi bazenituen (urrian atera zen zortzigarrena), konturatuko zinen azken honek istorioa amaitu gabe uzten zuela (izan ere, Augusta Handimandiren gutizia arriskutsuak – 1. zatia zuen izenburua). Nola egin daiteke hori, irakurlea suspensean uztea hurrengo urtera bitartean? Bada, konturatu ziren egindako akatsaz, antza, eta bederatzigarrena ere atera zuten abenduan, Augusta Handimandiren abentura hura amaitzen duena. Eskerrak! Orain irakurri eta lasai lo egin ahal izango duzu, azkenean!

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10