Zerocalcareren "Armadiloaren igarkizuna" ere euskaraz!
2018an Michele Rech Zerocalcare komikigile italiarraren lanak euskaratzeari ekin ziotenetik, urtero haren komiki bat argitaratu dute Farmazia Beltzakoek. Urte hartan eta hurrengoan Macerie primeren bi tomoak, orduan atera berri zirenak, beste hizkuntza askotan baino lehenago ekarri zituzten argitara Hondamuinean eta Hondamuinean - Sei hilabete geroago izenburupean. Iaz ziurrenik bere lan ezagunena izango den Kobane calling kaleratu zuten. Eta orain bere lehenengo komiki luzea izan zena dakarkigute, 2011ko Armadiloaren igarkizuna, Zerocalcare ezagun eta arrakastatsu bihurtu zuena. Berari gertatutako istorioak kontatu ohi ditu bere komikietan Rech-ek, bere beldur eta segurtasun gabeziak pertsonifikatzen dituen armadilo pertsonaia alegiazkoaz eta bere koadrilakoez lagunduta, eta kasu honetan bere txikitako lagun eta lehen maitasun izandako Camilleren heriotzaren berri izatean datozkion oroitzapenak eta pentsamenduak dira gaia. Beste guztiak bezala, hau ere Koldo Izagirrek itzuli du, eta darabilen euskara jostari eta bereziak are gozagarriagoa egiten du lan dibertigarri eta aldi berean sakon hau. Beste bat bildumarako!