Guillermo Gonzalez zendu da
Joan den ekainaren 25ean eraman zuen eritasun batek Guillermo Gonzalez Escalada (Bilbo, 1971). Euskal komikizaleok ziurrenik Kortsarioen ostatua komikiaren irudi ederrengatik gogoratuko dugu, baina lan asko eta ona egina da hemen zein kanpoan.
Bere ibilbide profesionalaren hasieran animazioan aritu zen 10 urte baino gehiagoz Bilboko Merlin estudioan lanean, eta geroztik han ezagututako Sanvi eta Sedyasekin batera sortu zuen artboxINK estudioan ilustrazioan aritu izan da batez ere. L'Univers des Nains liburua ilustratu zuen Frantzian, Laurent eta Olivier Souillé anaien testuekin. Komikian gorago aipatutako Kortsarioen ostatua egin zuen Xabiroin Dani Fanoren gidoiarekin eta Frantzian Le chevalier à la licorne Stéphane Piatzszek gidoilariarekin, biak 2015ean. Xabiroi eta El Balanzín komiki-aldizkarien ohiko kolaboratzailea ere izan da hainbat urtetan.
Edozein profesionalek jaso dezakeen errekonozimendurik handienetakoa bere kideen partetiko miresmena da, eta euskal komikilariek beraien arteko handienetakotzat daukate Guillermo marrazki zoragarriak egiteko bere gaitasunagatik. Galera handia dudarik gabe euskal komikigintzarako.