e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Francisco de Goya, Henri Rousseau eta Van Gogh: mihisetik komikira" paperera ekarri du Saurék
Sauré argitaletxeak urte luzez euskarazko komiki ugari argitaratu zituen, gehienak haur eta gazteen hezkuntzara begirakoak eta artea, historia eta zientzia gisako gaietakoak. Orain digitalean soilik argitaratzen zuen urteetan bakoitza bere kabuz atera zituen margolariei buruzko hiru komiki elkartu eta paperean atera du: Francisco de Goya, Henri Rousseau eta Van Gogh: mihisetik komikira. Inge Eguiluz eta Moratharen gidoiak ditu eta Moratharen irudiak.
Euskarazko komiki-solasaldien kurtso berria Intxaurrondon
Kurtso honetan ere bi hilean behin, gaztelaniazko beste solasaldiekin tartekatuta, euskarazko komiki solasaldiak izango ditugu Intxaurrondo Kultur Etxean, nik gidatuta eta egileak bertan direla.
Hasteko, hurrengo asteartean, azaroak 9, Xabiroiko iazko komikia izango dugu hizpide, Basolatik berri onik ez, bere gidoilari Asisko Urmeneta eta marrazkigile Joseba Larratxerekin.
Urtarrilaren 11n Xabiroiko aurtengoaz ariko gara, Sasi artean Elgeta, gidoilari Koldo Izagirre eta marrazkigile Dani Fanorekin.
Martxoaren 8an, Harriet argitaletxeak atera berri duen Unai Elorriaga eta Alex Orberen Jarraitu inurriari izango da gaia. Unai Elorriaga gidoilaria izango dugu bertan gurekin.
Eta bukatzeko, maiatzaren 10ean Shu Otero etorriko zaigu Astiberrirekin atera duen Voces de Chimalpopoca komikiaz hitz egitera.
Solasaldi guztiak Intxaurrondo Kultur Etxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Ikusten denez, lan bikainak dira denak, eta egileek gauza oso interesgarriak kontatzen dituzte beti haietaz. Animatu etortzera!
Arranotxu, euskal gerlari mitikoa
Xabiroiren ohiko irakurle zaretenek ezagutzen duzue Arranotxu. Urte asko dira Haizearen eta Oihanaren semea den Zaldieroaren pertsonaia honen umorezko istoriotxoak aldizkari horretan argitaratzen hasi zirela, jada abentura ugari bizi izan ditu basoan euskal mitologiako beste izaki ezagun askorekin, eta garaia zen horiek guztiak batuta liburuan ateratzeko. Aurten Xabiroik baten beharrean bi komiki-liburu aterako ditu, eta hau dugu lehenengoa: Arranotxu – Euskal gerlari mitikoa, 88 orriko bilduma. Egile honekin ohikoa den legez, barrez lehertuko gara euskal mitologiaren berrirakurketa pertsonal honekin.
Tupust! 2
Tupust! kolektiboa 2019an plazaratu zen, tradizionalki egile, gai zein irakurleen aldetik nagusiki gizonezkoen esparrua izan den komikiaren mundura aire freskoa, emakumezkoen presentzia eta ikuspegi feminista ekartzeko. Orduan hainbat autoreren artean egindako Tupust! bilduma atera zuten, “ni”a gaitzat hartuta eta Txalapartaren eskutik, eta orain Tupust! 2 atera dute, gaia “zu” dela eta autoedizioan. Lehenengoan bezala bigarren honetan ere egile ezagunago zein hasiberriek hartu dute parte, hauek zehazki: Irati F.G., Regina Salcedo, Irati Eguren, Maitane Gartziandia, Aintzane Usandizaga, Maite Caballero, Maite Gurrutxaga, Irati Jimenez, Mikel Larraioz, Ainara Azpiazu Axpi, Ane Zaldibar, Asteazkenak komandoa (Maddi Zumalabe, Jon Aranguren), Dominique Dom Campistron, Irkus M. Zeberio, Josune Urrutia, Loinaz Lekuona, Paula Estévez, Raisa Alava, Susanna Martín eta Yolanda Mosquera. Ongi etorriak bueltan!
"Isaline 3 - Txakurrezko sorginkeria" eta "Jules jauna"
Harriet argitaletxeak Maxe L’Hermenierrek idatzi eta Yllyak marraztutako Isaline sail arrakastatsuaren abenturak argitaratzen jarraitzen du. Azken urteetan ateratako Isaline 1 – Sukaldaritzako sorginkeria eta Isaline 2 – Sorginkeria izoztua albumen ondoren, orain Isaline 3 – Txakurrezko sorginkeria izenburudun abentura berria dakarkigu. Gure sorgin nerabe hasiberriak bere aztikeriekin jarraituko du, eta ohi bezala horien bidez abentura barregarriak biziaraziko dizkigu berriz ere.
Horrez gain, Jules jauna komikia ere atera du Harrietek. Aurélien Ducoudrayk idatzi du prostituzioari, Afrikako neska gazteen trafikoari eta drogei buruzko fikziozko istorio gogor hau eta Arno Moninek jarri irudiak.
Nabarralde: Historia, binetaz bineta
Gure historia beste era batera kontatzea: hori da Nabarraldek 2016 urteaz geroztik garatzen duen komiki-bildumaren abiapuntua. Umiltasunez baina zehaztasun eta maitasun handiz egindako komikiak, gure marrazkilari onenetako batzuen eskutik. Joseba Larratxe Josevisky, Adur Larrea, Asisko, Ainara Azpiazu Axpi edo Iñaketek Angel Rekalde, Miren Mindegia eta Mikel Begoñaren testuak marraztu dituzte Nafarroako historia kontatzeko. Horiekin guztiekin hitz egingo dugu proiektua ezagutzeko. Kike Infameren elkarrizketa.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Zer da Nabarralde?
Angel: Gure herriaren historia, oroimena eta ondarea ardatz dituen taldea da. Ondarea da gizarteak heredatzen duena, oroimena barne. Gure historiaren zati bat ahaztuta dago. Iraganean, Nafarroako Erresuma izan da erdigunea, baina denborarekin ondare hori bazter batean geratu da eta berreskuratzeko Nabarralde sortu zen.
Memoria berreskuratzeko zuen ekimenetako bat komikitik sortu da.
Angel Rekalde: "Berehala ikusi genuen komikia jendearentzako komunikazio-bide irisgarria dela"
Angel: Hasierako proposamena komikilari baten eskutik, Joseba Larratxe Joseviskyrenetik, jaio zen. Bere proposamena gustatu zitzaigun, eta berehala ikusi genuen komikia jendearentzako komunikazio-bide irisgarria dela. Gure kezka beti izan da gure historiako pertsonaia enblematikoak berreskuratzea, eta Joseviskyk horrekin komiki bat egitea planteatu zigun. Denek dakite nor den El Cid, baina oso jende gutxik ezagutzen ditu Antso Jakituna edo Eneko Aritza.
Joseba: Gurasoen bitartez ezagutu nuen Angel Rekalde. Erdi brometan esan nion Nabarraldek komikirik beharko balu prest nengokeela elkarlanerako. Baina Angelek azkar erantzun zidan baietz, bazutela burutan komiki proiektu bat eta hitz egingo genuela. Gero etorri ziren bilera eta brainstorming-ak eta hasieran biñeta gutxi batzuetako triptiko bat izango zena 20 orrialdeko komiki bihurtu zen.
Zer da Eneko Aritza, Lehen errege baskoia?
Joseba: Eneko Aritza, Lehen errege baskoia da Angel Rekalderen gidoiarekin Nabarralderentzako marraztu nuen komikia.
Angel: Joseba oso pertsona irekia da, ni datuak ematen aritu nintzen pertsonaia ezagutu zezan eta berak gidoilari gisa akreditatu ninduen, nahiz eta lan guztia berak egin.
Joseba: Nabarraldek egin ohi duen bezala, komiki honen helburua Nafarroaren historiari buruzko begirada alternatibo bat erakustea da.
Joseba Larratxe: "Garrantzitsua da herri bezala iruditeria propio bat edukitzea [...] Ezinbestekoa da nazio bezala biziraun nahi badugu kultura eta sorkuntzari lehen mailako garrantzia ematea"
Izan ere, garrantzitsua da herri bezala iruditeria propio bat edukitzea. Iruditeria honek gure pentsamolde eta baloreei forma ematen die. Ez badugu iruditeria propio bat eraikitzen beste batzuek egindakoa barneratuko dugu, haien balore eta pentsamoldeekin batera. Horregatik da ezinbestekoa nazio bezala biziraun nahi badugu kultura eta sorkuntzari lehen mailako garrantzia ematea.
Formatu zaindua eta aldi berean apala da.
Angel: Formatu sinplea izatearen abantaila du. Narrazioarekin jolas egin dezakezu. Pertsonaia oso modu argian aurkezten dugu. Ahaleginik txikienarekin oso emaitza interesgarria lortzen duzu. Historia irakurri ondoren, beste ikuspegi bat izango duzu. Gainera, hogei orrialderekin lortzen dugu.
Joseba: Momentu horretan ez nekien sail baten lehen alea egiten ari ginenik, baina zein formatu, material eta teknika erabiliko genituen erabakitzeko aukera izan nuen eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Sail ederra geratu dela esango nuke.
Hartu dituzuen erabakiek euskal komikiaren onenaren erakusgarri bihurtu dute bilduma.
Angel: Bai, baina zerikusi handiagoa du euskal komikiarekin gurekin baino. Haiek ari dira bilduma hazten. Adiskidetasun-errealitate bat dago, baina haiek egin dizkigute proposamenak. Marrazkilari guztiak oso indartsuak dira eta kalitate handikoak. Guretzat luxua da haiek bezalako artista handien adiskidetasuna izatea. Oso jende irekia da, eta lanerako gaitasun handikoa.
Joseba: Nabarraldek apustu polita egin duela iruditzen zait. Batez ere sail bat egitea ideia bikaina dela esango nuke. Euskal Herrian badago talentudun komikilari sorta eder bat eta ederra da Nabarraldek talentu horri etekina ateratzen diola ikustea. Garbi dago euskaldunok badugula gure historia ezagutzeko ase gabeko behar bat. Izan ere, euskal komikigintzan arrakasta handiena komiki historikoek izan dute, Gabai-tik hasi eta Sugarren Mende-ra arte. Irudiaren hizkuntza unibertsalean oinarritzen da komikia. Garai batean "txiroen zinema" esaten zioten. Erraza eta hurbila da eta, beraz, oso didaktikoa izan daiteke.
Ekimena 2016. urtean sortu zen, 2017an ez zenuten komikirik atera, eta 2018an Adur Larrearekin itzuli zineten sorginei buruzko komikiarekin. Zer da Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak?
Angel: Ez da inoiz aurrez prestatutako planik izan. 2017an ez zen egin lehena mugitzen ari ginelako, arrakasta handia izan baitzuen.
Kasu honetan, sorginen gaia dugu abiapuntu, beti modu penagarrian bideratu izan dena. Oso irudi folklorikoa iritsi zaigu, baina atzean errepresio bortitzeko istorio bat dago.
Adur: Maria Zugarramurdikoa fikziozko istorio txiki bat da, Maria Baztan benetako pertsonaian oinarritua. Ez dakigu gauza handirik bere bizitzaz, Zugarramurdiko prozesuan bizirik erre zutela besterik. Hala ere, istorio bat kontatzeko eta gertatutakoaren ikuspegi zabalagoa eman dezaketen gako eta gertaera kontrastatu batzuk irakurleari helarazteko balio izan digu.
Nolako esperientzia izan da?
Adur: Marrazkilari gisa asko gozatzen dut dokumentazio-lanarekin, eta kasu honetan Zugarramurdiko prozesuari buruz asko ikasteko aukera eman dit.
Adur Larrea: "Zugarramurdiko prozesuari buruz asko ikasteko aukera eman dit [...] Askotan, gaia hutsaltzen da edo inguruan sortutako izua alde batera utzita tratatzen da"
Askotan, gaia hutsaltzen da edo inguruan sortutako izua alde batera utzita tratatzen da. Zugarramurdiren kasuan, 300 pertsonatik gora salatu zituzten, dozena bat baino gehiago exekutatu zituzten, asko kartzelan hil ziren eta zigor asko kondenatuen ondorengoetaraino iristen ziren.
Angel: Adurrek harremanak ditu Zugarramurdiko elkarte batekin, eta elkarte hori ere kritikoa da emakume horien inguruan zabaltzen den irudiarekin. Memoria historikoak ez du izan behar boterearekin atsegina, alderantziz, boterea jasan duen jendearen ikuspegia transmititu behar du.
Gidoia Miren Mindegiarena da.
Angel: Bera ingurukoa da, Elizondokoa, eta berehala barneratu zuen proiektua. Komikiak autoreek egiten dituzte, zuk datuak ematen dizkiezu eta horiekin beraiek ederto moldatzen dira.
Hurrengo zenbakia Asiskok egin zuen.
Angel: Asisko Asisko da. Esan zuen guztiari men egin genion. Komikia Nafarroako Erresumaren likidazioaren bostehungarren urteurrenean atera zen. Ordurako oso txikitua zegoen, baina independente izaten jarraitzen zuen. 1620an likidatu zuten. Datu hori ez da oso ezaguna, baina garrantzi handia du.
Asiskok bere erara egin zuen. Bere estiloko komikia, oso pertsonala. Tintekin ere jolastu zuen. Inprimategira joan zen eta han dena aukeratu zuen.
Zer da 1620, Nafarroa Beheregaina?
Asisko: Gure buruari galdetuz gero zein urtetan kendu zioten independentzia Nafarroari -independentzia kendu egiten baita, eta ez norberak galdu- automatikoki erantzunen genuke 1512an. Eta urte hartan inbasioa eman bazen ere, eta hiriburuaren okupazio militarra ere, Henrike II.ak lurralde puska bat liberatzea lortu zuen, eta bertan estatu subiranoa berrezarri 1527an. Mende baten ondotik, Frantziak diktat bat bota zuen Nafarroako estatuaren kontra, eta bi erresumak batu egin zituen, indarrez. Urte horrez geroztik da Nafarroa dependente.
Azterketa historikoa baino gehiago manifestua da.
Angel: Hain zuzen ere. Asisko da. Autoreek badakite beren lana, eta adieraz daitezen uzten diegu.
Estève Polverel-en azterketa batetik abiatzen da.
Angel: Garaiko liburua da, gutxi ezagutzen dena. Liburu hori argitaratu egin dugu, baina Asiskok lehenago aurkitu eta irakurri zuen, eta komikirako oinarri horretatik abiatu zen. Xabier Irujo historialariari zor diogu liburua argitaratzea. Efemeride hori izan da iazko gure lanaren ardatza.
Asisko: Polverel erraldoi horietako bat da, defentsa jarraikiaren nondik norakoak markatzen dituena. Baina obra hau beste erraldoi baten inguruan doa: Pèir Lostau, Parlamentuko Presidentea. Gizon ilustratu honek badauzka obrak idatzirik espainiarren okupazioaren kontra, eta 1617an argitaratu du Ihardespena izeneko liburua, Frantziari azaltzeko ediktu hark ez zukeela legezko baliorik Nafarroan, bi estatu ezberdin eta subirano direnez geroztik.
Ohi ez bezala jokatzen duzu formatuarekin eta tintekin. Nola bizi zenuen esperientzia?
Asisko: "Herri normala bagina, Ihardespena denon ezaguna litzateke, baina nazio ukatu eta urratu honetan, sakon arakatu behar izaten da, den funtsezkoa azalarazteko"
Asisko: Hasteko, Lostauren testua atzeman behar izan dut; herri normala bagina, Ihardespena denon ezaguna litzateke, baina nazio ukatu eta urratu honetan, sakon arakatu behar izaten da, den funtsezkoa azalarazteko. Testu horrek hartu du albumaren erdia, eta urrezko bitonoa eman diot, orduko garai barrokoari fidel. Ihardespenaren aitzin-gibel azalpen historikoa egin dut, zuri-beltzean: Nafarroa 1527tik [Zortzi eskualdeak liberatzen direnetik] 1789raino [Frantziak estatua bahitu arte]. Ni erosoago nabil zuri-beltzean, baina urrezko bitonoarena egoki dela uste dut.
Hurrengo zenbakia Ainara Azpiazu Axpik egiten du, eta Foixeko Katalinari eskainia da.
Angel: Gidoi-proposamen bat egin nion, eta berak primeran landu zuen. Nafarroan sortutako eztabaida batetik sortu da proposamena. Nafarroako azken erregina izan zen, senarra ezkontidea zen. Oso pertsonaia adierazgarria zen. Nafarroako Errenazimentua deitu izan den gobernu modu batzuk sortu zituen. Erdi Aroko erreinu bat hartu zuen oinordetzan, eta buelta eman zion gerra betean. Kudeaketa ekonomikoa landu zuen eta ehun urte iraun zuen berpizkunde kultural oso garrantzitsu bat ekarri zuen.
Tartean Fernando Katolikoaren inbasioa tokatu zitzaion, erresuma erdibitu ziona.
Beste testuinguru batean, haren historia azpimarratuko genuke, erregina oso esanguratsu batzuen taldeko kide baita (Margarita Angulemakoa, Joana Albretekoa...), oso ikasiak eta proiekzio handikoak, baina ez dira oso errebindikatuak. Iruñeko alkateak kale bat eman nahi izan zion, baina ez zuen asko aguantatu eta urtebete baino gutxiagoan kendu zioten. Eztabaida horretatik sortu zen bere historia ezagutarazteko nahia, ez bakarrik bere bizitza erakusteagatik, testuingurua ere oso aberatsa zen eta ez da gehiegi ezagutzen.
Axpi: Komikiak nahiko ezezaguna den pasarte bat kontatzen du, zeinetan Katalina Foixekoak bere semea galtzen duen Gaztelako inbasioan egin behar duen ihesean. Galera bikoitza da: batetik semea galtzen du, eta bestetik berritu eta indartzeko ahalegina egin duen Erreinua.
Nola eraman duzu aurrera lana?
Axpi: Irudiekin Katalinaren ihesa eta bere umearen galeraren minari forma ematen ahalegindu naiz. Ez du elkarrizketa askorik gidoiak ere hala zuelako, tentsio gorde asko duen istorio bat da.
Bildumaren ezaugarrietako bat denez beltza eta beste kolore bat izatea, eta gorria, urdina, zilarra zirenez aurreko aleak, erabaki nuen hori-laranjaxka bat hautatzea lanerako. Asko gustatzen zait kolorea, paisaia nafarrekin ondo konbinatzen du eta eguzkia irudikatzeko ere oso egokia da. Eguzkia da istorio honen protagonista nagusia, inbasioaren testigu delako batetik, eta bestetik umearen galeraren eragile nagusia.
Orain arte egin duzun komikirik luzeena da, eta bi tintatan. Zaila izan da?
Axpi: "Ez nekien zein zen Katalina, eta honi esker gehiago arakatzeko aitzakia izan dut. Espero dut irakurleei ere antzeko zerbait gertatzea, izan ere, bera ez ezik, bere genealogiako beste emakume batzuk ere oso interesgarriak izan baitziren."
Axpi: Oso interesgarria izan da, eta orain egiten ari naizen lan luzeetarako beroketa ona. Banuen gogoa istorio luzeagoetan barneratzeko, eta oraintxe 70 orrialde inguruko lan batekin ari naiz. Horrelakoetarako, pixkanaka joatea garrantzitsua iruditzen zait, komikia egiteak lan asko du eta ez nuen arrapaladan ibili nahi, gero norbere kontra etor daitekeelako.
24 orriko komiki bat iruditzen zait zertzelada orokor batzuk emateko baliagarria den neurri bat dela. Xehetasun batzuk jakin eta ondoren gogorik bada, norberak bere ikerketa egiten segi dezake. Niri horixe bera gertatu zait, ez nekien zein zen Katalina, eta honi esker gehiago arakatzeko aitzakia izan dut. Espero dut irakurleei ere antzeko zerbait gertatzea, izan ere, bera ez ezik, bere genealogiako beste emakume batzuk ere oso interesgarriak izan baitziren.
Hurrengo zenbakian, bildumako azkenean, XII. mendeko Tuterara joango gara. Nola sortu zen lankidetza?
Mikel: Angelekin izandako elkarrizketa batetik. Ondoren, bai Nabarraldek bai Tuterako Beterri Elkarteak uneoro lagundu ziguten.
Angel Rekalde: "Oso pertsonaia interesgarria dugu Benjamin Tuterakoa, eta ez da batere ezaguna. Mundu guztiak ezagutzen du Marco Polo, baina ehun urte lehenago gauza bertsua baina zehaztasun handiagoarekin egiten duen pertsonaia nafarra dugu."
Angel: Mikel Begoñak eta Iñaketek erregeren bati buruz hitz egiteko ideia ekarri ziguten. Beti errege-erreginei buruz ari garela dirudienez, beste pertsonaia bati buruz hitz egitea aukeratu dugu: Benjamin Tuterakoa. Hori izan da prozesua, ideia orokor batetik abiatu eta gero zehazten joan gara. Oso pertsonaia interesgarria dugu Benjamin Tuterakoa, eta ez da batere ezaguna. Mundu guztiak ezagutzen du Marco Polo, baina ehun urte lehenago gauza bertsua baina zehaztasun handiagoarekin egiten duen pertsonaia nafarra dugu. Merkatari judua da, eta bidaian ikusten duenari buruzko txostena egiten du. Ia etnografoa da, ezagutzen dituen gizarteen berri emateaz gain, bere ohituren eta bizimoduaren berri ematen duelako.
Oso interesgarria da eta ez da apenas ezagutzen. Judua zen, eta erlijioen arteko bizikidetza garai hartan beste leku batzuetan baino atseginagoa zela ikusten da.
Mikel Begoña: "Gure hipotesiaren arabera, Antso Jakituna erregeak Benjaminen kontakizunaren berri izango zuen Tuterako gazteluan, Gaztelako tropek bere erresumaren mendebaldeko aldea erasotzen zuten bitartean"
Mikel: Benjamin Tuterakoaren bidaia handia komiki bat da, eta komikiaren lengoaiak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz, Benjaminek egin zuen bidaiaren laburpen bat eskaintzen du. Gidoiaren oinarrian Benjaminen Bidaien Liburua dago, eta gidoia osatzeko liburu horretako zenbait pasarte esanguratsu aukeratu ditugu. Bidaien Liburua, edo liburuaren aurreko oharrak (antza denez Benjaminek ez zuen liburua berak zuzenean idatzi), testuinguru sozio-politiko jakin batean idatzi zen, eta hori ere islatu nahi izan dugu komikian. XII. mendeko zazpigarren hamarkadako Nafarroa izango zen testuinguru hori eta, gure hipotesiaren arabera, Antso Jakituna erregeak Benjaminen kontakizunaren berri izango zuen Tuterako gazteluan, Gaztelako tropek bere erresumaren mendebaldeko aldea erasotzen zuten bitartean.
Oro har, komiki historikoa ikuspegi klasikoago batekin lotzen dugu, baina aukera erregistro berriak esperimentatzeko aprobetxatu duzue. Nolako esperientzia izan da?
Mikel: Nire ustez komiki historikoaren zakuan pentsatzen dugun baino komiki gehiago sar daitezke. Adibidez, Pilula Urdinak (Astiberri, 2016), komiki autobiografiko bat da, baina, ere berean, iraganeko garai zehatz batean kokatuta dagoenez, komiki historikoa ere bada. Komiki historiko bat ez da soilik Erdi Aroan garatzen den istorio bat, edo gertakari handiak jorratzen dituena. Istorio pertsonal txikiak ere, nobela grafiko askotan jorratzen direnak, komiki historikoak dira. Alderantziz, gerta daiteke garai historiko batean kokatzen den gertaera bat, Erdi Aroan adibidez, fantasiazko lan bat izatea, kasu horretan historia dekoratu bat baino ez da. Ez dago ikerketa lanik, eta ihartutako topikoetan oinarriturik eraikitzen da komikia.
"Erregistro berriei" dagokienez, ez dut uste gehiegi berritzen dugunik, ia dena asmatuta baitago. Komikiak eskaintzen dituen baliabideak gure erara egokitzen ditugu. Hori bai, egile gehienek egiten duten bezalaxe, guk ere, komiki berri bakoitzean formula berriak probatzen ditugu, bai narrazio mailan bai estetika mailan.
Iñaket: "Emaitza aldizkari zaharren edo bigarren eskuko liburu-denda batean aurkitutako liburuen antzekoa izatea nahi nuen, orrialde zikinak eta horixkak, portada bikoiztua, azokan aurkitutako kromo-album zahar bat balitz bezala"
Iñaket: Niri dagokidanez, alderdi grafikoan landu dudan aurreko komikitik ikasi eta ezberdina den zerbait egiten saiatzen naiz.
Honetan (XII. mendean bidaia-liburu bat idatzi zuen gizon baten istorioa kontatzen ari garenez, haren lehen argitalpena ia 400 urte geroago izan zena), emaitza aldizkari zaharren edo bigarren eskuko liburu-denda batean aurkitutako liburuen antzekoa izatea nahi nuen, orrialde zikinak eta horixkak, portada bikoiztua, azokan aurkitutako kromo-album zahar bat balitz bezala, eta tintetan bereizketa egitea (lerro beltza kenduz) garai batetik bestera aldatzen denean. Baina Mikelek gorago esan bezala, dena asmatua dago, nik egin dudan zerbait desberdina egiten saiatzen naiz, batzuetan ondo ateratzen da eta beste batzuetan ez hainbeste, baina pozik nago azken emaitzarekin.
Nola erabakitzen duzue istorioen garaia?
Angel: Ez dago multzoarentzat ideia zehatzik. Oinarri esanguratsuak bilatzen dituzu eta bidean perlak topatzen dituzu lan egiteko.
Zein irakurle motarekin ari zarete topatzen?
Angel: Fundazio bat gara, eta banaketa-sare propioa dugu. Euskararen alde egiten saiatzen gara, baina eremu batzuetan hizkuntza gutxiago sustraituta dago, eta horregatik egiten dugu edizio elebiduna.
Guretzat Durangoko Azoka erreferentea da eta liburu-dendetan ere banatzen da.
Bildumaren erdia pandemian zehar atera da.
Angel: Eta ondo banatu da. 2.000 aleko tiradak egiten ditugu, eta hiru laurdenak banatuta daude.
Nafarroako Komikiaren Azokan atzera begirakoa egiten duzue.
Angel: Eurak hurbildu zitzaizkigun, eta dena oso erraza izan da. Egiten ari garen lanaren aintzatespen gisa ikusi dugu, eta horrek izugarri pozten gaitu.
Proiektuak?
Angel: Gehiegi ditugu. Komikientzat ez dugu oso plan argirik. Jarraitu nahi dugu, baina joango gara ikusten.
Getxoko Komiki-Azoka bueltan da
Iaz COVID-19a dela-eta egin gabe gelditu ostean, aurten berriz ere bueltan dugu Euskal Herriko komiki-ekitaldirik handiena, Getxoko Komiki-Azoka, alegia. XIX. edizio hau aldaketa nabarmenekin dator, hala ere.
Batetik, aurreko urteetan ematen ari zen data aurreratzearekin jarraitzen du eta aurten inoiz baino lehenago izango da: urriaren 1etik 3ra. Honek euskal komikien nobedadeak urtean zehar gehiago banatzeko aukera ematen du (azoka hau azaroaren amaieran egiten zenean, Durangoko azokatik eta Gabonetatik hain hurbil, ia dena ordurako ateratzen zen), baina bestalde udako oporretatik hain gertu egonda argitaletxeei ez die beti denbora nahikorik ematen argitalpenak prest izateko... Edo aukeratu beharrean izango dira, Durangorako edo Getxorako atera... Ez dakit egokiena den... Nik ere astirik ez horien berri azokaren aurretik emateko! Euskarazko zenbait nobedade atera eta aurkeztu dira egunotan (nahiko arrapaladan, Getxora iristeko ziurrenik), baina geroago joan beharko naiz horien berri ematen.
Bestetik, postuak eurak ohi bezala Areetako Plazan egongo badira ere, oraingoan ez da karparik izango, pandemiagatik. Eta jada ohituta gauden prebentzio-neurriak bete beharko dira: edukiera mugatua, maskararen erabiltzea, tenperatura hartzea, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, segurtasun-distantzia mantentzea... Ea eguraldia behintzat portatzen den! Ze bestela...
Azkenik, ekitaldi guztiak (aurkezpenak, sinatze-txandak, mahai-inguruak, topaketak, sari-banaketak, erakusketak...) Itzubaltzeta edo Erromoko Kultur-Etxean izango dira, eta murrizketa nabarmenekin: aurrekoetan baino askoz ekitaldi gutxiago daude. Eta egitarauko ekitaldi guztietatik bakarra izango da euskaraz, enpin... Hori bai, ezin interesgarriagoa: "Pertsonaien-jolasa: euskal komikiaren ibilbidea komiki-pertsonaien ikuspuntutik" hitzaldia emango du Mikel Begoña adituak.
Edonola ere, pozgarria da Getxoko Komiki-Azokaren itzulera! Berriz ere gozatu ahal izango dugu komikiaz, hango 40 stand eta ekitaldiekin. Eta euskarazko komikigintza, jakina, presente egongo da: Xabiroi, Harriet eta Astiberrik postuak izango dituzte, eta aurten lehenbizikoz Elkar ere egongo da. Eta zaleok ere ez dugu hutsik egingo, jakina!
"Kattalin ez da jaio", haur-galtze baten istorioa
Eider Moreno elorriarrak bizipen autobiografikoa komikira ekarri du Zoila Ascasibar argitaletxearen bidez. Duela urte batzuk haurdun geratu zen, eta hiru hilabetera abortu natural bat izan eta haurra, Kattalin, galdu zuen. Gertaera gogor hura gainditzeko bide gisa jaio zen Kattalin ez da jaio komikia, eta besteoi horrelako zerbait zer izan daitekeen ezagutzeko aukera gisa ere bai.
Txikiberriko berriak: "Patti eta inurriak", "Biga 2 - Super laguna!" eta "Claude eta Morino 2 - Zorionak zuri!"
Bilboko Astiberri argitaletxeak iaz hasi zuen Txikiberri bilduma, haurrentzako komikiak euskaraz ere argitaratzeko asmoarekin. Bilduma horretan hiru komiki atera zituen 2020an, eta aurten beste hiru atera ditu momentuz.
Patti eta inurriak izenburukoan Anouk Ricard egile frantziarrak Patti izeneko neskatilari gertatzen zaion istorio bitxia kontatzen digu. Kolpe bat hartu eta konortea galdu ondoren, intsektu baten tamaina duela esnatuko da bere lorategian, eta han inurriek bahituko dute. Eskerrak Fabrice intsektu makila lagun egingo duen...
Biga 2 - Super laguna! iaz bilduma berean argia ikusi zuen Biga 1 - Benetan identifikatu gabeko animaliaren hurrengo istorioa da. Bere izenak dioen bezala zein animalia den argi ez dagoen Bigak animalien eskolan bizitzen dituen umorezko abenturak kontatzen dira Romain Pujol eta Vincent Cauten komiki arrakastatsuaren bigarren zenbaki honetan ere.
Eta Claude eta Morino 2 - Zorionak zuri! ere aurretik argitaletxe berak ateratako Claude eta Morino 1 - Madarikazioa jarraipena da, Adrien Albertek sortutako sailaren bigarren zenbakia. Morino zezenak Claude eskeleto lagunaren urtebetetzerako zerbait handia du prestatuta, baina ez da espero bezala aterako...
Hiru komiki gehiago batzen zaizkie hain beharrezkoak diren haurrentzako euskarazko komikien sortari, eta ekarpen bikainak hirurak ere!
Guillermo Gonzalez zendu da
Joan den ekainaren 25ean eraman zuen eritasun batek Guillermo Gonzalez Escalada (Bilbo, 1971). Euskal komikizaleok ziurrenik Kortsarioen ostatua komikiaren irudi ederrengatik gogoratuko dugu, baina lan asko eta ona egina da hemen zein kanpoan.
Bere ibilbide profesionalaren hasieran animazioan aritu zen 10 urte baino gehiagoz Bilboko Merlin estudioan lanean, eta geroztik han ezagututako Sanvi eta Sedyasekin batera sortu zuen artboxINK estudioan ilustrazioan aritu izan da batez ere. L'Univers des Nains liburua ilustratu zuen Frantzian, Laurent eta Olivier Souillé anaien testuekin. Komikian gorago aipatutako Kortsarioen ostatua egin zuen Xabiroin Dani Fanoren gidoiarekin eta Frantzian Le chevalier à la licorne Stéphane Piatzszek gidoilariarekin, biak 2015ean. Xabiroi eta El Balanzín komiki-aldizkarien ohiko kolaboratzailea ere izan da hainbat urtetan.
Edozein profesionalek jaso dezakeen errekonozimendurik handienetakoa bere kideen partetiko miresmena da, eta euskal komikilariek beraien arteko handienetakotzat daukate Guillermo marrazki zoragarriak egiteko bere gaitasunagatik. Galera handia dudarik gabe euskal komikigintzarako.