Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2006 Urria

Artxiboa Urria 2006

Mas ala Montilla?

Bihar hauteskundeak Katalunian eta gaur hausnarketa-eguna. Sondeoei jaramonik egingo badiegu, badirudi CiU izango dela botorik eta aulkirik gehien lortuko duena, nahiz eta Alderdi Sozialista, ERC eta Iniciativaren arteko hirukoteak CiUk berak baino parlamentari gehiago bildu. Honaino, zalantza gutxi. Zalantza, inon egotekotan, Generalitate berriaren osaketan dago. Izan ere, nor izango ote da hurrengo president katalana? Mas ala Montilla?

Gogoratu dezagun orain hurrengo CiUk izan zituela Alderdi Sozialistak baino lau parlamentari gehiago baina ez, ordea, hirukoteak elkarrekin baino gehiago. Eta, horrela, Maragall atera zela lehendakari, Masen kaltetan. Oraingoan beste horrenbeste gertatuko al da? Itxura guztien arabera, erantzuna bat besterik ez da: Ez.

Inkestek aurreratu duten moduan, CiUk sozialistek baino zortzi edo parlamentari gehiago lortzen baldin baditu, sozialistak ez dira 2003ko esperientzia errepikatzen ausartuko. Baina Alderdi Sozialistaren barruan eztabaida piztuko litzateke, ostera, bion arteko distantzia lehengoaren pareko edo gutxiago balitz. Izan ere, hainbatek galdetu ahal izango luke: Zergatik orduan bai eta orain ez? Eta erantzuna ez litzateke erraza izango.

Baina distantzia hori bospasei parlamentari baino gehiagokoa baldin bada, Mas izango da segurutik president berria. Besteak beste, katalanik gehienek horixe nahi dutelako. Hain zuzen ere, azken urteotako hirukoa errepikatu nahi luketenak Iniciativaren jarraitzaileak baino ez dira. Besterik iruditu arren, sozialisten eta errepublikanoen artean nagusi omen dira, hirukoa berregin beharrean CiUrekin batera bitariko gobernua osatu nahi dutenak.

amat 2006/10/31

Galdu arren, ez dadila lar igarri

Ozta-ozta, Europako Legebiltzarrak onartu zuen sozialistek, liberal-demokratek, berdeek eta ezber batuak auzkeztutako proposamena eta, besteak beste, biolentzia kondenatu “porque es moralmente inaceptable y absolutamente incompatible con la democracia”. Telebistan ikusi genuenez, Batasunak pozez ospatu zuen ebazpena eta, orain, beroarena kendu ostean, kunplitu baino ez du.

Denok dakigu ETA-Batasunak txaloz jaso duela erabakia, baina dezente gutxik daki Sinn Féin alderdi irlandarra abstenitu egin zela. Batasunaren ildo berekoa izan arren, Sinn Féingo Bairbre de Brun parlamentaria abstenitu egin zen, europar ebazpena “alferrik galdutako aukera” izan omen delako eta ez dituelako euskal gatazkaren “arazo nagusiak” gogoan hartzen. Auskalo Sinn Féinek arrazoirik duen ala ez baina, baldin badu… zer dela Batasunak muntatu du muntatutako garaipen-zirkoa?

ETA-Batasuna munduak 30 urte daramatza geroko gerotan KAS alternatiba (¿?) aldarrikatzen eta, urteak joan eta urteak etorri, badirudi zenbat eta beranduagorako utzi are gutxiago dela azkenean lortu lezakeena. Esanak esan, Europako Legebiltzarra ez da gauza izan Espainiako Diputatuen Kongresuak iaz erabakitakoa onesteko, eta Kongresua ez zen 2005ean gai izan Ajuria Eneko Itunak 1988an proposatutakoa bereganatzeko. Martxa honetan…

Etenbako maldan behera noizbait amaituko da, bai, eta segurutik alderdi guztiek ahalegindu beharko dute euren jarraitzaileen aurrean irabazle gisa agertzen, baina beldur naiz Batasunak ez ote dituen mortalak eta bi egin behar izango, Batasuna bera izan baita nagusi bere jendea hondarrik gabeko itsasora eramaten.

Eta ez gero pentsa ni neu ari naizenik hemen sasisoluziorik asmatzen. Ardanza Planak 1998an aurreratu zuenez, denon artean aurkitu beharko omen dugu “algo que ellos puedan interpretar como un incentivo político que los justifique ante su propia gente”. Antzezlana, alegia. Nahiz eta galdu, ez dadila behintzat larregi igarri.

amat 2006/10/29

Joño... Europa¡

Honez gero denok dakigu Europako Legebiltzarra biltzekoa dela bihar. Komunikabideak hara begira jarri dira eta euskal espedizio sutsuak antolatu, plenoa ---barrutik ezin bada, ingurutik— jarraitzeko.

Ez gero haserretu baina, nik ez dut uste europar parlamentuak bihar erabakiko duena, onenean ere, hain garrantzitsua izango denik: Terrorismoa onartezina dela, demokraziak ez duela txantajerik onartuko, indarkeriak ez duela prezio politikorik, biktimak gogoan izan beharra, gatazka elkarrizketaz konpondu eta eztabaida politikoa alderdien arteko konpetentzia baino ez dela...

Berririk? Berririk benetan ezer gutxi. Madrilgo Diputatuen Kongresuak iaz erabakitako berbera baino ez da eta Ajuria Eneko Itunak orain 18 urte hitzez hitz onartutako testua. 18 urte... zaharra berri¡

Zentzu honetan, Europako parlamentuaren erabakia sinbolikoa izango da eta hutsaren hurrengoa bakegintzan izango duen eragina.

Hala ere, batek baino gehiagok esango du: “Bai, baina... horraittiok, benetan inportantia da ezta... Europako Parlamentuak euskal bakegintza bultzatzea?”

Bai... segurutik garrantzitsua da Europak erabaki dezakeena baina, orduan... garrantzitsua da Europak erabaki dezakeena? Bapo... bapo... eta non egon gara ba orain arte horretaz konturatu barik? Zer esaten dute orain Europa aipatzen zen bakoitzean Europa gutxiesten zutenek? Europaren interesak, ekonomikoak baino ez zirela salatzen zutenek? Europa horretan ez zaigula euskaldunoi ezer galdu oihukatzen zutenek? Joño... Joño... horra non batzuek Europa deskubritu duten...

Auskalo gero zer erabakiko den bihar Europako Legebiltzarrean baina, sikeran, gure inguruko hainbat Europaz jabetu daitezen balio baldin badu... txarrenean ere... gaitzerdi¡

amat 2006/10/24

Pallach espiritua gainbehera

Auskalo gero nork irabaziko dituen Kataluniako hauteskundeak baina, zer gerta ere, nabarmentzen ari da PSC alderdiaren barne-aldaketa. Montillak irabazi edo ez, segurutik sekula ez da sozialismo katalana orain arte bezalakoa izango.

Euskal munduan inbidiaz aipatu izan da Euskadiko PSE eta Kataluniako PSCren arteko aldea eta sarri salatu izan da hemengoek ez dutela inoiz izan hangoek erakutsi izan duten sentimendu abertzalea. Egia esan, balorazio hau ez da oinarribakoa, bi alderdiok sorreraz duten diferentziaren ondorioa baino, Euskadiko PSE PSOEren menpeko federazio bat besterik ez den bitartean, PSC, ostera, PSOErekin elkartutako alderdi independientea da-eta.

Gaur egun indarrean dagoen Partit dels Socialistes de Catalunya-PSC 1978an sortu zen, diktadurapean sakabanatutako PSC-Congrés eta PSC-Reagrupament alderdi kataluniarrak eta PSOEren federazio katalana elkarrekin bilduz. Aurreko bietan nagusi ziren Kataluniako sozialdemokratak, burgesia aurrerakoia eta Josep Pallach-en (1920-1977) pentsamenduaren jarraitzaileak; hirugarrenak bereganatzen zituen, aldiz, hiriburuen inguruan kokatutako etorkin eta langile-mugimenduak.

Bi jatorri ezberdin horien arteko norgehiagoka sortze beretik izan da, baina orain arte Reventós, Lluch, Obiols, Nadal, Serra, Maragallek eta abarrek agindu duten arren, aurrerantzean, itxura guztien arabera, Montilla, Manuela de Madre, Corbacho, Bustos eta euren kidekoen txanda izango da.

Zenbaitek dio guztia Sitges-ko Kongresuan (1994) hasi zela, orduan galdu zirelakoan Raimon Obiolsen buruzagitza eta Pallach-en espiritu historikoa, “PSOEren kapitainen” mesedetan. Baina, hala ere, beste hainbaten iritziz aldaketa ikusi… ikusi, estreinako 2003an ikusi omen zen, Maragall eta Carod Zapaterorekin batera azaldu zirenean Generalitatearen balkoian.

Atzo, Bartzelonan, rockero zahar batek esan zidan PSCn gertatzen ari dena ulertzeko katalana izan behar dela edo, bestela… Euskadiko Ezkerrakoa.

amat 2006/10/22

Sasiletratuak

Konstituzio Tribunalak ukatu egin dio Eusko Jaurlaritzari, epaileei euren burua euskaldundu beharra eskatzea eta Justiziaren euskalduntze-programa lekuan lekuko gizarteari egokitzea. Hau da, Konstituzio Tribunalak ez du uste ezer berezirik egin behar denik, esate baterako, Bergarako epaileak Bilbokoak baino euskaldunagoak izan daitezen.

Hitzegin dezagun zehatz-mehatz, denok ulertzeko moduan. Begira, trafiko-istripuaren ondorioz auzia izan nuen nik neuk orain hurrengo Bergaran. Autoz jo ninduen arrasatearra euskalduna zen, gu bion aseguru-agentziek jarritako zerbitzuak bezalaxe. Baita guztiok elkarrekin euskeraz egin ere auzitegi aurreko atarian. Baina sartu bai barrura, hasi bai epaiketa eta, aurrez aurre genituen toga beltzez jantzitako letratuak… den-denak gero, erdera hutsean, esamolde harroputz eta kanpolarrosaz, epaituok munduko arloterik haundienak bagina bezala.

Herri-erakundeak berreskuratu zirenetik honako hogeita hamar urteotan, Bergarako botere legislatiboa, Udal-batza, eta ejekutiboa, alkatetza, zeharo euskaldundu dira eta euskeraz funtzionatzen dute. Herri bereko botere judiziala, ostera, ezta jabetu ere gertatutako aldaketaz.

Letratuek ez dute nunbait konturatu nahi Justizia euskalduntzea ez dela auzitegiko seiñalizazioa elebitan jartzea edo itzultzaileak kontratatzea, epaileek --eurak alegia-- euskaraz ikastea baizik, euren burua euskalduntzea baizik. Jendaurrean horren haundiki eta jakitun agertu arren, ze buru gutxi gero hain gauza xinple xamarra ulertzeko. Nere Bergarako aitxitxa zanak esango lukeen bezala, horrelakoak ezin behintzat benetako “letrauak” izan… “sasiletrauak” baino.

amat 2006/10/17

Que veinte años no es nada...

Orain ia mende laurden, Gernikako Estatutuaren eraginez EiTB sortu zenean, Jaurlaritzak indarrean jarri zuen sekulako euskarazko informazio-egiturarik handiena. Erabateko iraultza izan zen komunikazio-alorrean. Garai hartan esan zen, euskarazko informazioaren inguruan hasiak ziren langileen kopurua, Etxeparerengandik (1545) ordurarte aritutako guztiena baino handiago zela.

Bi hamarkada luze geroago, ETBren zuzendariak hainbat datu esanguratu eman berri ditu aurtengo programazioari buruz. Bingen Zupiriari jaramonik egingo badiogu, 300 lagun dira ETB1en entretenimendu eta dibulgazio-saioen sorkuntzan dihardutenak, ideia-asmatzaile, gidoilari, aktore-aktoresa zein aurkezletzan. Zifra ikaragarria gero, 1984ean Donostiako gimnasio batean hasi ziren Txirri, Mirri eta Txiribitonen lan eskergarekin alderatuz gero.

Uka ezina da ETB1k dezente kritika latzak jaso ohi dituela euskal "intelligentsiaren" aldetik, egia objektiboa den bezala euskal intelligentsiak ez dakiela telebistaz edozein hiritar arruntek baino gehiago, ez duela inoiz (intelligentsia guztiak bezala) telebista gogoko izan eta progretzat jo izan duela telebista gutxiestea. Zenbaiten kritikak baretzeko modurik onena beraiei programaren bat egiteko aukera eskaintzea da. Eta ez naiz teoriaz ari.

Baina ez dezagun, horratik, Zupiriak aurkeztutako programaziorik ahaztu, aurtengoa bai baita azken urteotako ETB1en eskaintzarik sendoena: "Mihiluze" ikusentzulea egunero engantxatzeko gauza da, "Balbemendi"ri inoizko fakturarik onena dario, "Erletxea"k ez du herri honek eman dezakeen baino gutxiago ematen, "Kalaka" guztiz homologagarria da (eta normaltasun hau uste baino zailagoa da 500.000 laguneko gizartean), "Goenkale"k, "Martin"ek eta "Wazemank"ek gorputzaldi onean jarraitzen dute eta…

Eta tangoak arrazoi… "que veinte años no es nada". Auskalo gero gutxi edo asko diren, baina hogei horietxek behar, ostera, heldutasun-punttua lortzeko! Gauzek denbora behar dutela, alegia.

amat 2006/10/17

Bakea arriskatu beharra

Nazioarteko sei lagun ezagunek bakegintzaren aldeko elkartasuna adierazi zuten atzo. Asmo beretsuarekin joan zen Blair Madrilera eta beste horrenbeste erababakiko omen du urriaren 25ean Europar Parlamentuak. Denok adierazi nahi digute bakegintzak ahalegin guztiak eskatzen dituela... bakegintzak arrisku guztiak merezi dituela.

Esan behar da, ostera, nazioarteko elkartasun horien helburua ez dela bake-negoziatzaileen erabakietan eraginik izatea, Zapateroren jarrera indartzea baino. Edo, hobeto esan, Alderdi Popularrarena ahultzea. Zentzu honetan, zorioneko PPren bakardade latza salatu nahi dutenen nazioarteko elkartasunak.

Hala ere, elkartasun guztiak onartzeko, eta eskertzeko, gertu gauden arren... mesedez, ez gero guri arriskatu behar dugunik esan, arriskatze hutsa konponbide guztien giltza eta maratila balitz bezala; guk geuk horrelakorik ez bageneki bezala; sekula horrelakorik egin izan ez bagenu bezala.

Joxemari Kortak, Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen lehendakariak, orain zazpi urte esan zuen, bakeak arriskatu beharra eskatzen zigula guztioi, bake-arriskuaren onurak bakerik ezaren porrotaren kalteak baino askoz ere mesedegarriagoak zirelakoan.

Baina, hala ere, ez zioten jaramonik ere egin nahi izan. Batetik, PPk eta sozialistek aho batez esan zuten, Joxemari Kortak hainbeste baloratzen zuen bake-ahalegin hura tranpa baino ez zela. Eta, bestetik, ETAk Joxemari Korta hil zuen.

Nahiz eta berandutxo, betor, bai, bakearen aldeko ahalegina, Korta bere bizitzan zehar ahalegindu zen bezala. Eta betor, bai, bakearen aldeko arriskua, Kortak heriotzaraino arriskatu zuen bezala. Eta ea, behingoz, lortzen dugun, guztion artean, Kortak ikusi ezin izan zuen bakea.

amat 2006/10/10

Agirre, igarle pragmatikoa

Larunbatean ospatu zen, Gernikan, Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean osatutako lehen Jaurlaritzaren 70. urtebetetzea. Astebete aurretik aurkeztu zuen, Bilbon, Ludger Mees historialariak “El profeta pragmático. Aguirre, el primer lehendakari (1936-1960)” biografia eta irailean bete ziren 50 urte Agirreren beraren eraginez eratu zela, Parisen, Lehen Euskal Mundu Kongresoa.

Ludger Mees irakasleak burututako biografiak ez ditu, segurutik, irizpide politiko guztiak asetuko. Ez etsai amorratuak, ezta zale liluratuak ere. Baina, esanak esan, inork ezin izango dio behintzat Agirrerekiko zorroztasun eta maitasunik ukatu. Meesen ekarriari jaramonik egingo badiogu, aurrenengo lehendakariak ez zuen beti asmatu baina, akats guztien gainetik eta mitifikazio guztien azpitik “fue el político vasco más popular, respetado e influyente del siglo XX”.

Agirre lehendakariak ez zuen, ez, beti asmatu, baina berak ordezkatzen du euskal abertzaletasunaren aurpegirik modernoenetakoa. Berak eta bere lankideek duela 50 urte landu zituzten orain pilpilean ditugun abiapuntu politikoak: nazio zibikoa eta aniztasuna; europar batasuna eta nazioarteko elkartasuna; giza-duintasuna eta mehatxurik eza; burujabetza partekatua eta interdependentzia... Zoritxarrez, ostera, klandestinitatean aritu beharrak ez zuen belaunaldiarteko zubigintzarik erraztu. Alderantziz, auskalo gero ez ote dugun Francori esker pare bat belaunaldi alferrik galdu…

Hala ere, gauzak guztiok nahi bezala gertatzen baldin badira, datozkigun garaiak aproposak izango dira Agirreren doktrina berriro indarrean jartzeko: helburutan irmo eta urraspidetan malgu. Jarrera bikoitz honi datxeko Ludger Meesen biografiaren titulua. Igarlea, nondik norakoa gogoan izateko, eta praktikoa, eguneroko ahalmenak bideratzeko.

Agirre gai izan zen, besteak beste, familia politiko kontrajarriak egitasmo bateratuaren inguruan elkartarazteko. Eta, orain ere, Agirrerenak egiteko gauza denak etorkizuna asmatuko du.

amat 2006/10/08

Ahotsak

Latzak izan ziren José Antonio Pastor sozialistak Ahotsak mugimenduari buruz Radio Euskadin esandakoak. Legebiltzarrean Ibarretxe lehendakariak egindako aipamenaz galdetu eta Alderdi Sozialistaren bozeramaileak aurpegirik txakurrena eskaini zuen, zeharo haserre balego bezala. Bistan da gero emakumeen ahotsak ez zaizkiela sozialistei batere gustatzen.

Aitortu behar dut nere zalantzatxoak ditudala, arol samarra deritzat-eta haren inguruan burututako agerpen mediatikoari. Zentzuzkotzat ditut abiapuntuak, baina ez zait serioa iruditzen darion anakronismoa. Ahotsak taldea gauza da bere proposamena Bartzelonan, Madrilen, Bruselan edo Donostiako Zinemaldian aurkezteko, baina ez, ostera, euskal erakundeetan. Hitzegiten dute emakumeen mugimendu minoritario aldarrikatzailea bailitzan, eta inor ez da nonbait jabetzen emakume guztiek nahi izango balute Eusko Legebiltzarrean onartuko litzatekeela… emakumeak nagusi direlako bertan.

Nik sumatzen dudanez, gure merkatu politikoan alderdi bat dago, non gizon eta emakume guztiak kontra diren. Lau alderdi, zeinetan denak alde diren. Eta beste bi, berriz, non takean potean argazkitan agertzen diren pare bat emakume edo izan ezik, gainerako gehienak kontra bide dauden.

“Transbersalitatea” aipatu ohi dute hitzetik hortzera, baina emakumeek ez dute sekula uste izan gizonez soilik osatutako ekintzak transbertsalak direnik. Are gehiago, horrelakorik egingo balitz, adar jotzea irudituko litzaieke.

amat 2006/10/05

Saint Michel

Egunon. Saint Michel Mendian nago, Normandia eta Bretainiaren arteko mugan, itsasoz inguraturik orain mila urte beneditarrek eraikitako abatetxean. Badakizue, maria gora eta maria behera, itsasoak hamalau metroko gorabehera egiten duen hondartzan...

Urtero hiru millioi turista etortzen dira bazter honetara, Euskal Herri guztira baino gehiago. Kontua da, ordea, turismo ugari hau honaino etortzen dala Saint Michel Mendia urez inguraturik ikustera eta, hain zuzen ere, turismoa erakartzeko egindako zubi eta aparkalekuen eraginez, itsasoa gero eta gehiago ari dala urruntzen. Betikoa, turismoak berak dihardu turismoaren urrezko arrautzak apurtzen.

Arazoa konpontzeko zer egingo eta... ingeniari-taldea hamar urtez jardun da irtenbideren bat asmatu gurarik eta baita asmatu ere: harresiak eta aparkalekuak kendu, ibai-korrontea bizkortu eta itsasbeherako indarra erraztu... Bost urte iraungo dute lanek, 164 milioi euroren aurrekontuaz.

Benetan pozteko erabakia da, beti ere pozgarria da-ta erruak aitortzea, txarto eginak konpontzea eta naturari bigarren aukera eskaini nahi izatea. Baina, hala ere, onartu beharko inork ez lukeela horrenbesteko inbertsiorik egingo bertako etorkizun turistikoa kinka larrian ez balego.

Urak ingeniariek esandako moduan mugitzen baldin badira, 15 urte barru Saint Michel egiazko uhartea izango da berriro, eta urtero bost milioi turista etorriko dira.

Inork ez du esaten zelan arraio sartuko diren astero ehun mila turista, buelta osoa emateko hamar minutu besterik behar ez duen arkaitz-punta honetan, baina hori hamabost urte barruko Goiz Kronikakoek kontatuko dizuete.

Bitartean ni banoa, maria gora dator eta...

amat 2006/10/04

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04