Bakea arriskatu beharra
Nazioarteko sei lagun ezagunek bakegintzaren aldeko elkartasuna adierazi zuten atzo. Asmo beretsuarekin joan zen Blair Madrilera eta beste horrenbeste erababakiko omen du urriaren 25ean Europar Parlamentuak. Denok adierazi nahi digute bakegintzak ahalegin guztiak eskatzen dituela... bakegintzak arrisku guztiak merezi dituela.
Esan behar da, ostera, nazioarteko elkartasun horien helburua ez dela bake-negoziatzaileen erabakietan eraginik izatea, Zapateroren jarrera indartzea baino. Edo, hobeto esan, Alderdi Popularrarena ahultzea. Zentzu honetan, zorioneko PPren bakardade latza salatu nahi dutenen nazioarteko elkartasunak.
Hala ere, elkartasun guztiak onartzeko, eta eskertzeko, gertu gauden arren... mesedez, ez gero guri arriskatu behar dugunik esan, arriskatze hutsa konponbide guztien giltza eta maratila balitz bezala; guk geuk horrelakorik ez bageneki bezala; sekula horrelakorik egin izan ez bagenu bezala.
Joxemari Kortak, Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen lehendakariak, orain zazpi urte esan zuen, bakeak arriskatu beharra eskatzen zigula guztioi, bake-arriskuaren onurak bakerik ezaren porrotaren kalteak baino askoz ere mesedegarriagoak zirelakoan.
Baina, hala ere, ez zioten jaramonik ere egin nahi izan. Batetik, PPk eta sozialistek aho batez esan zuten, Joxemari Kortak hainbeste baloratzen zuen bake-ahalegin hura tranpa baino ez zela. Eta, bestetik, ETAk Joxemari Korta hil zuen.
Nahiz eta berandutxo, betor, bai, bakearen aldeko ahalegina, Korta bere bizitzan zehar ahalegindu zen bezala. Eta betor, bai, bakearen aldeko arriskua, Kortak heriotzaraino arriskatu zuen bezala. Eta ea, behingoz, lortzen dugun, guztion artean, Kortak ikusi ezin izan zuen bakea.