Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sasiletratuak

Sasiletratuak

amat 2006/10/17 14:20

Konstituzio Tribunalak ukatu egin dio Eusko Jaurlaritzari, epaileei euren burua euskaldundu beharra eskatzea eta Justiziaren euskalduntze-programa lekuan lekuko gizarteari egokitzea. Hau da, Konstituzio Tribunalak ez du uste ezer berezirik egin behar denik, esaterako, Bergarako epaileak Bilbokoak baino euskaldunagoak izan daitezen.

Hitzegin dezagun zehatz-mehatz, denok ulertzeko moduan. Begira, trafiko-istripuaren ondorioz auzia izan nuen nik neuk, orain hurrengo, Bergaran. Autoz jo ninduen arrasatearra euskalduna zen, gu bion aseguru-agentziek jarritako zerbitzuak bezalaxe. Baita guztiok elkarrekin euskaraz egin ere auzitegi aurreko atarian. Baina, sartu bai barrura, hasi bai epaiketa eta, aurrez aurre genituen toga beltzez jantzitako letratuak, den-denak gero, erdara hutsean, esamolde harroputz eta kanpolarrosaz, epaituok munduko arloterik handienak bagina bezala.

Herri-erakundeak berreskuratu zirenetik honako hogeita hamar urteotan, Bergarako botere legislatiboa, Udal-batza, eta ejekutiboa, alkatetza, zeharo euskaldundu dira eta euskaraz funtzionatzen dute. Herri bereko botere judiziala, ostera, ezta jabetu ere gertatutako aldaketaz.

Letratuek ez dute nonbait konturatu nahi Justizia euskalduntzea ez dela auzitegiko seinaleak elebitan jartzea edo itzultzaileak kontratatzea, epaileek --eurak alegia-- euskaraz ikastea baizik, euren burua euskalduntzea baino. Jendaurrean horren handiki eta jakitun agertu arren, ze buru gutxi gero hain gauza xinple samarra ulertzeko. Nire Bergarako aitxitxa zenak esango lukeen bezala, horrelakoak ezin behintzat benetako “letratuak” izan… "“sasiletrauak"” baino.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: