Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Beste ni

Mikel Iturria 2006/03/30 09:01

Baga

Euskal blogosferak notizia txar bi jaso ditu azken egun hauetan: Julen Gabiria eta Patxi Trapero blogariek agur esan dute. Ez dakigu noiz arte egongo diren isil-hizketa lantzen, baina bueltatuko direla uste dut. Gari bueltatu den bezala. Animo, mutilak.

Biga

Sarean erdi ezkutuan zeuden artikulu edo elkarrizketa batzuen itzulpenak igo nituen gaztelerazko blogera pasa den asteburuan. Hemen bildu ditut guztiak.

Higa

Astelehen iluntzean Kaukasiar Kreazko Borobila antzezlanaren errepresentazioan egon nintzen Egiako Kultur Etxean. Donostia Antzerki Saria eskuratu du Théâtre des Chimères eta Pok Produkzioak taldeen arteko elkarlan honek. Ia bi orduko lana ikusi genuen eta erdi zorabiatuta atera nintzen handik. Berezia da oso eta ikusteko aukera izan ezkero, ez alferrik galdu.

Laga

Asteartean, berriz, El filo de la hierba liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Anjel Lertxundik aurkeztu zuen 2005eko Euskadi Literatur Saria lortutako Harkaitz Canoren nobela laburra. Nahi duenak hemen du Lertxundik bertan irakurritakoa.

Boga

Canorekin jarraitzeko, ostiralean Paul Auster-i buruz hitz egingo du Ernest Lluch kultur etxean. Berarekin batera arituko da Juan Bonilla idazle espainiarra eta Alberto Moyano izango dute biek moderatzaile-dinamizatzaile. Ekitaldia 19:30etan izango da.

Sega

Ostiralean da, gainera, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketen klausura. Reala baino biziago iritsiko al gara astearen amaierara? Beste ni bat beharko dut?

Beste euskal arazoa

Mikel Iturria 2006/03/27 02:00

Vaya Semanita telebista saiokoei kasu egin ezkero, denok dakigu zein den euskal arazo benetakoa: gutxi jotzen dela gurean, txortan gutxi aritzen garela. Hona hemen adibide bat.

Ostiral arratsaldean irakurri nuen martxoaren 31n mega-orgia deialdia egina dagoela internet bidez. Ez dakit deialdia benetakoa den edo norbait ari ote den txantxetan (bigarrenetik gehiago izango du). Kontua da horren berri hemen agertzen dela. Sopelako hondartza da aukeratutako tokia. Notizia horrek 176 erantzun zituen ostiral arratsaldean. Lerro hauek idazten ditudanean, igande iluntzean, 255 dira jada lotura horrek dituen erantzunak.

Toki publikoetan egiteko beste bi deialdi daudela aipatzen du 20 minutos komunikabideak. Bata Vigon eta bestea Malagan.

Vigokoaren berri ematen zuen mezuak, 3 erantzun zituen joan den ostiralean. Igande arratsaldean, 10.

Malagakoak 26 erantzun zituen ostiralean. 45, igande arratsaldean.

Beraz, arrazoi dute Vaya Semanitakoek: behar handia dago gurean.

Ea su-etenak lasaitzen gaituen eta indarrak sexu kontuetan xahutzen ditugun.

Amen.

Bigarren eskuko euskalduna

Mikel Iturria 2006/03/24 01:05

Duela hiruzpalau hilabete jarri nintzen harremanetan Giorgio Bassmattirekin. Erakusleihoa programaren berri eman nion eta bertan parte hartzera gonbidatu. Baietz erantzun zidan berak, egingo zuela zerbait. Eta gaur izan da eguna: "Eta bapatean" emanaldi bakarra (aldatzekotan egon da: ETA bapatean).

Amodioa gaitzat hartuz, izaki imaginario baten ibilbide kronologikoa musikatu du gure artistak. 8 kanta. Abesti bakoitza hamarkada bati zegokion. Eszenatokian aulki (ahulki) batean eserita. Gitarra lagun. Mikroa. Paperak. Ura ere behar izan du.

8 kanta sortu ditu tipoak hain denbora laburrean. Kontutan hartuz bulegoko lana, bulegotik kanpokoa, euskaltegia eta nik ezagutzen ez ditudan beste zenbait konpromiso, ez da makala izan erronka.

Are gehiago: lehenengo aldiz aritu da euskaraz. Gitarra lagun. Ahotsa ere bai. Beldurra etsai. Pop ukituak, folk apunteak, ahoskera nerbiosoa, eztula, aldez aurretik grabaturiko pasarteak, gurasoak, euskaltegiko ikaskideak, Anoeta Estadioaren beldur eszenikoa.

Aurpegi galanta zuela esan diot bukaeran. Eta ez zaio gustatu. Egia da: aurpegi galanta duela idatziko dut hemen, jendaurrean, sarean gera dadin. Ez du konnotazio negatiborik nik adierazitakoak. Ez, artista errespetatzen baitut eta ez delako erraza izan proiektua. Emaitzaren muestra bat hemen.

Apunte honen izenburuan azaltzen den esaldia bota du bere burua definitzeko: euskaldun berria ez, zaharra ere ez. Bigarren eskuko euskalduna.

Pentsatzeko moduko esaldia. Biba zu!

ETA dela eta

Mikel Iturria 2006/03/23 02:00

Goiza onenak emanda zegoen. Jefearekin telefonoz ari nintzen hizketan, ordenagailuaren pantailak abisatu didanean mezu berri bat nuela korreoan. Udaleko LABeko atal sindikalarena zen. The organization-ek su-eten iraunkorra eman duela iragartzen zuen.

Pozik hartu dut notizia eta azkar kendu dut gainetik jefea. Sartu egin naiz interneten. Kontsultatu ditut zenbait iturri. Lagun batzuekin hitz egin dut. Dena duela zazpi urte t´erdi baino lasaiago.

Lagun bati irakurri diot, gazteleraz, komunikatua. Irakurri ondoren galdetu diot ea zerbaitetaz enteratu den, bera kanpoan zegoelako, telefono mugikorrari itsatsita. Berak baietz, baina niri ez zait argia iruditu mezua. Zenbat lagunen artean adostu dute?

Bazkaltzera joan naiz gero. Eguneko periodiko inoiz baino zaharkituagoaren ale bat irakurri dut.

Patxadaz bazkaldu ondoren, autoaren bila nindoala, udal suhiltzaileak ikusi ditut Anoeta inguruan mangerak, kamioiak eta eskailerekin jolasean. Ertzaintzaren bi kotxe ikusi ditut ondoren. Hiruzpalau ertzainek afrikar gazte talde bat zuten paretaren kontra jarrita.

Autoa hartu eta Altzara igo naiz. Euskadi Irratiaren sintonia eraman dut. Mikel Irizarren komentarioa entzun dut Zapaterok Kongresuan komunikabideen aurrean eginiko agerpenaren ondoren. Hizlari kaskarra dela esan du Irizarrek.

Segidan Gasteizera jo dute eta Ibarretxe lehendakaria hasi da gobernuaren komunikatua irakurtzen. Irakurle kaskarra iruditu zait Ibarretxe, euskaraz behintzat.

Autoa aparkatu, irratia itzali eta lagun batengana joan naiz. Haren ordenagailuan ikus-entzun dugu bideoa, euskaraz eta gazteleraz. Harritu gara emakume ahots indartsu horrekin. Aginteduna dirudi. Nor ote?

Lau zerbeza erori dira gaur. Etxeratu naiz. Realak galdu egin du gaurko partida ere (eskerrik asko, Osasuna).

Ah! Lehenxeago irakurri dut Salvatore Tuttiren akzioa zertan gauzatuko den zioen baten mezua. Ez dakit, baina jende asko bezala Tutti-Intxausti seguru poztuko dela gaurko albistearekin.

Amak deitu egin dit gauean. Ez dudala etxera deitu azken egunetan. Maizago deitu beharko dut.

Amen.

Erain ikastola?

Mikel Iturria 2006/03/22 01:05

Atzoko Noticias de Gipuzkoan, Josean Larrea txirrindulari irundarrari eginiko elkarrizketa. Zergatik? 23 urteko txirrindulari amateur hau aita izan berri delako.

Atentzioa deitu dit lasterketan nola hasi zen galderari horrela erantzutea:

"Estudiaba en la ikastola Erain, en el alto de Gaintxurizketa..."

Beno, bai, esan daiteke ikastola bat dela, baina Escrivá de Balagueren oinordekoak haserretu gabe?

Eta bapatean, musika-emanaldi bakarra

Mikel Iturria 2006/03/21 08:30

Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, Ez ezetz & The UK ezin taldeak martxoaren 23an eskainiko duen "Eta bapatean" musika emanaldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Garaikur teknologikoen bila ero moduan gabiltzan honetan, Giorgio Bassmatti musikologoak amodioaren oda bat egitea erabaki du. Bai, amodioa, hain xinplea eta garbia den sentimendu hori, ikusezin diren kutxetan bidaiatzen duena eta masailean emandako musu batekin eros daitekeena.

Amodioak inguratuta gauzka. Autobus geltoki batean, goizeko lehen trenean irri egiten diguten begietan, norbaitekin hartutako kafe kikara batean, laguntza eske kalean gerarazi eta emozioz betetako esaldia botatzen dizuen emakume batengan: "Zuen amodioa betirako izan dadin".

Bai, amodioa zaharren kontu bat bihurtu da, baina Bassmattik horren aurka egin nahi du, hankak lurrean eta era erdi ezkutuan. Horregatik, taldearen izena, Ez Ezetz & The UK Ezin: handikeriarik gabe, estimua horrelakoa delako; konposizio xinple eta biluziak, pasioa tarteko; akatsak barne, bizitzaren edertasuna bertan dagoelako; pop ikuspegia beti presente, detaile elektronikoei muzin egin gabe (sexu eta arraza garbien aldekoa al da ba amodioa?)

Bere bizipenetatik abiatuta, eta etorkizuneko istorioak imajinatuz, Bassmattik irudikatutako izaki baten ibilbide musikal eta kronologikoa aurkeztuko digu, jaiotzatik heriotzaraino. Dena biguntasunarekin harilkatua. Pertsonaia horrek, bizitzaren hamarkada bakoitzean, maite-jolasak, pasioak, pultsioak, eroaldiak eta amodioaren gabeziak kontatuko dizkigu.

Ez pentsa kontzertua kontzeptuala izango denik, ez erabat behintzat. Euskaraz eginiko narrazio laburretan jasoko dira bizitza baten xehetasunak, fikziozko protagonistaren bizitza, pasioa eta bere gabezien bide nahasietan barrena.

Hipobotiloiak

Mikel Iturria 2006/03/19 11:38

Hau da, hipokrisiaren botiloiak.

Atzo, Reala-Barça partida aurretik talde txuri-urdinaren administrazio kontseiluak bi karpa jarri zituen estadioaren kanpoaldean. Dirudienez, antzera egingo omen du liga amaitu bitarteko partida-egunetan.

Hernanin Sagarrondotik jaialdia izan da asteburu honetan ere.

Zer esan sagardotegi garaietan egiten ditugun kupeloietaz?

Eta kotiloiak?

Baina kontua da ezin direla honelakoak edo horrelakoak antolatu. Hau da, Terricabras-ek katalanez macrofarra deitzen dituen horiek.

Hobeagoak al dira ba alkoholik gabeko festa hauek?

Borisek Belgrad-en, Slobodan Milosevicen garaietan, izandako festa bat eta gaur egungo Bartzelonan gertatukoak konparatu ditu mezu honetan.

Lertxundiri lapurtu behar diot bukaera: hor kopon!

Gauza aspergarrien lehiaketa

Mikel Iturria 2006/03/16 08:00

Gauza aspergarrien lehiaketa antolatu nahi dut. Saririk gabekoa.

Adibidez: meza bat.

Bat, bi, Irun,
nahi duenak erantzun.

Honek badu nahikoa eskarmentu gai hauetan.

Urteurrenak

Mikel Iturria 2006/03/14 09:37

Gure mundua, gizartea, jendartea, herria edo dena delakoa buru belarri sartu da urteurrenen zurrunbiloan. Gogoratzeko behar-beharrezkoa al da urteurrena? (Bide batez, orain gogoratu dut niretzat Zurrunbilo amarenetik gertu dagoen baserri baten izena dela, Irungo eta Oiartzungo mugetan dagoena).

Bilintx jaio zela 175 urte beteko dira aurten. Pio Baroja zendu zela 50 laster batean. Igandean Jose Artetxe idazlearen jaiotzaren mendeurrena bete zela gogorarazi zigun Anjel Lertxundik bere txokoan pasa den larunbatean. Mozart jaio zela 250 urte 2006an. Francisco Ayala idazle espainiarrak 100 urte beteko ditu hilaren 16an eta bizi-bizi jarraitzen du. Apirilaren 26an, 25 urte Realak lehenengo liga irabazi zuenetik… eta bizi-bizi jarraitzen du idatziko dut.

Urteurrenekin ez ote gara pasatzen ari? Hau da, gogoratu behar dena eta ez dena, beti gogoan. Askotan maila berean, gainera. Eta hori ez da gauza serioa!

Kultur munduan erakunde publikoetan lanean gabiltzanok askotan erortzen gara ere tranpa horretan. Ez bakarrik gu, herri eragileak ere antzeko-parezido. Zer esanik ez politikariak, baita komunikabideak ere. Den-denak.

Kontuz gero, norbaiten anibersayua gogoratu gabe pasatzea, eh? Denok txorakeria dela horrelakoetan gogorarazi beharra jendea, baina kasu, gutarraren anibersayuaren berri eman gabe pasatzen bada.

Batzuk herriko semea (alaba gutxitan) erabiltzen dute herria bera mapan kokatzeko. Marketing, propaganda, publizitatea.

Ados jarri beharko genuke zifrak ospatzeko orduan: 25-50-75-100-125.

Edo, bestela, auto markek babestea urteurrenak: Seat-ek Pepito Grilloren 127. urteurrena babesten du; Peugeot-ek Fruits de mer zeraren 307.a edo 405.a.

Tira, has dadila moda berria. Edo zaharra, izan ere auto berrien izenak aldatu dira eta gutxitan dituzte tartean zenbakiak. Eskerrak.

Oharra: blog honen 230 post-aren jaialdira gonbidatuta zaudete. Ez esan inori.

11 M, arratsaldea Hendaian

Mikel Iturria 2006/03/12 08:30

Hitzordua genuen atzo Thalassotherapie Serge Blancon. Gurasoei eginiko oparia bueltan etorri zaigu.

Duela egun batzuk deitu genuen eta atzo arratsalderako hartu zita. Nire poza, ordea, laburra izan zen. Igurtzi sensitiboa hartzeko txandetan ez zen agertzen nire izena eta, dirudienez, ezinezkoa zen arratsaldeko 17:00etan bi pertsonek bi masaje hartzea batera.

Gauzak lasaiago hartzen ikasten den garaira iristen ari naizenaren beste zantzu bat atzokoan: ez nintzen haserretu. Hurrengo ostegunerako hartu nuen hitzordu berri bat.

Sorkun bertan utzi, txamarra ondo lotu, goardasola zabaldu eta euritan ibiltzera atera nintzen Hendaiako hondartzaren pareko pasealekutik.

Itsasoko urak mugituta zeuden. Surfer jendea zebilen alde batetik bestera, baita ni bezalako paseanteak. Hiru ordu laurden paseoan aritu ondoren, taberna batean hartu nuen bière pression bat, baionarren errugbi taldearen partida telebistaz sintonizatuta zuen garagardotegian. Bi pantaila handi eta beste bi ttikiagoak, 80 metro koadro izango dituen tabernan. Ez dago gaizki!

Paseoan barrena ariketa zenbait jarri nion nire buruari: hortik datorren bikotea Hegoaldekoa edo Iparraldekoa da? Gutxitan egin nuen, baina inoiz ez nuen hankarik sartu. Mugan gaude, baina bakoitza alde banatan. Gutxi batzuk besterik ez alde bietan. Eta hori berehalakoan nabaritzen da, nahiz eta globalizazioak denok berdinduko gaituen.

Lerro hauek tabernako barran idatzi nituen atzo, Biarritz Olympique eta Munster taldeen artean iaz Anoeta Estadioan jokaturiko partidaren oroigarri gisa BOren jokalariek sinaturiko kamiseta bat parean nuela. Beharrezkoak dira horrelako saio gehiago. Aurten ere, oker ez banaiz apirilaren 2an, beste norgehiagoka bat jokatuko dute Miarritzekoek gure etxe santuan.

Bitxikeriak

Lerrook idatzi ondoren, aldamenean jarri zitzaidan Hegoaldeko hirukote bat. Tipoa Ducados paketea eskatzera ausartu zen.

Beste gauza bitxi bat, komunaren berri ematen zuen errotulua: "Qui, c´est ici!!!". (Bai, hemen dago).

Kaña bat: 2,80 euro. Iuffi!

Irunen

Irunera joan ginen gero: Hondarribiko eta Irungo Euskara liburua eta atera berria den Aguafuertes Vascas, Roberto Arlten kronika liburua erosi nituen Elkar Megadendan.

Donostian

Eraikuntza nazionalaren kalterako, Realak 0-1 irabazi zuen atzo A Coruñako Deportivo taldearen aurka. Ba zen garaia.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter