ETA dela eta
Goiza onenak emanda zegoen. Jefearekin telefonoz ari nintzen hizketan, ordenagailuaren pantailak abisatu didanean mezu berri bat nuela korreoan. Udaleko LABeko atal sindikalarena zen. The organization-ek su-eten iraunkorra eman duela iragartzen zuen.
Pozik hartu dut notizia eta azkar kendu dut gainetik jefea. Sartu egin naiz interneten. Kontsultatu ditut zenbait iturri. Lagun batzuekin hitz egin dut. Dena duela zazpi urte t´erdi baino lasaiago.
Lagun bati irakurri diot, gazteleraz, komunikatua. Irakurri ondoren galdetu diot ea zerbaitetaz enteratu den, bera kanpoan zegoelako, telefono mugikorrari itsatsita. Berak baietz, baina niri ez zait argia iruditu mezua. Zenbat lagunen artean adostu dute?
Bazkaltzera joan naiz gero. Eguneko periodiko inoiz baino zaharkituagoaren ale bat irakurri dut.
Patxadaz bazkaldu ondoren, autoaren bila nindoala, udal suhiltzaileak ikusi ditut Anoeta inguruan mangerak, kamioiak eta eskailerekin jolasean. Ertzaintzaren bi kotxe ikusi ditut ondoren. Hiruzpalau ertzainek afrikar gazte talde bat zuten paretaren kontra jarrita.
Autoa hartu eta Altzara igo naiz. Euskadi Irratiaren sintonia eraman dut. Mikel Irizarren komentarioa entzun dut Zapaterok Kongresuan komunikabideen aurrean eginiko agerpenaren ondoren. Hizlari kaskarra dela esan du Irizarrek.
Segidan Gasteizera jo dute eta Ibarretxe lehendakaria hasi da gobernuaren komunikatua irakurtzen. Irakurle kaskarra iruditu zait Ibarretxe, euskaraz behintzat.
Autoa aparkatu, irratia itzali eta lagun batengana joan naiz. Haren ordenagailuan ikus-entzun dugu bideoa, euskaraz eta gazteleraz. Harritu gara emakume ahots indartsu horrekin. Aginteduna dirudi. Nor ote?
Lau zerbeza erori dira gaur. Etxeratu naiz. Realak galdu egin du gaurko partida ere (eskerrik asko, Osasuna).
Ah! Lehenxeago irakurri dut Salvatore Tuttiren akzioa zertan gauzatuko den zioen baten mezua. Ez dakit, baina jende asko bezala Tutti-Intxausti seguru poztuko dela gaurko albistearekin.
Amak deitu egin dit gauean. Ez dudala etxera deitu azken egunetan. Maizago deitu beharko dut.
Amen.
Baikortasun eszeptikoarentzako garaiak dira. Hala esaten nion gaur arratsaldean euforiaz puztuta zegoen lagun bati, honezkero erabat ahaztua zuelako aurreko su etenaren dezepzioa. Hala ere, arazo arruntak dituen herrialde arrunt batean bizitzeko zer nolako gogoa dudan!