Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Euskal Herria Jamaika Clash, Fermin Muguruzaren disko berria

Mikel Iturria 2006/05/02 08:30

"Euskal Herria Jamaika Clash" abestiaren bideoa da goikoa.

Apirilaren 23an Zazpikan agertu zen elkarrizketa jaisterik dago negugorriak.net webgunetik. Adi ibili, aste batzuk barru kenduko baitute.

Irun-Kingston konexioa, Ferminen artikulua Berrian, apirilaren 29an. Jamaikan bizitako esperientzia kontatzen du bertan. Euskarazko testu hau gazteleraz jarri dut nik pedradas blogean.

Maiatzaren 3an da diskoaren aurkezpena. Eguerdiko 12:00etan KMn. KM 2.0.

Maiatzaren 3an, gaueko 21:30etan, elkarrizketa Bertatik Bertara telebista saioan.

Maiatzaren 4tik aurrera egongo da diskoa erosteko aukera.

Maiatzaren 3ko eguneratzea: Maiatzaren 7an ez, maiatzaren 9an, gaueko 23:00etan, ETB1ek botako omen du Ferminek Jamaikan bizitako esperientziaren berri ematen duen dokumentala.

Maiatzaren 4ko eguneratzea: atzo egin zuen KMn aurkezpena Ferminek. Koloretsua, jendetsua, desberdina. Areto nagusian 60-70en bat lagun egongo ginen.

Horrela jaso dute komunikabideek atzokoa, Haria-tik tiraka

Berria

Eitb24.com

Gara

Diario Vasco

Noticias de Gipuzkoa

Dena dela, blogosferan ere izan da honetaz idatzi duen pertsonarik. Adibidez Gaztelumendi aka ptx

Diskoaz egin beharko dugu berba beste egun batean. Itxura oso ona du-eta.

Maiatzaren 7ko eguneratzea: "Euskal Herria Jamaika Clash" dokumentalaren estreinaldia gaur Irungo Lakaxita gaztetxean izango da. 18:30etan izango dela dio lotura horrek, baina atzo 18:00etan izango zela irakurri nuen.

Serio Demoniok langileriari

Mikel Iturria 2006/05/01 08:30

"Aitortu behar da Sanzek gaitasun paregabea duela pertzepzio ikaragarriak izateko. Martxa honetan, esanen du pertzepzioa duela LAB, CGT eta CCOO The Organization-en aginduz saiatzen ari direla ixten Volkswagenen Landabengo lantegia".

"Ikaragarria. VWen gertatzen ari dena. Azken hiru urteotan, Landabenen 700 lanpostu desagerrarazi dituzte, langileen soldata % 10 jaitsi da eta malgutasuna areagotu da. Sindikatuen Lan Hitzarmenerako azken eskaintzak zuzendaritzaren eskaera ia guztiak biltzen ditu. Zergatik ez du onartu VWk? Epe ertainean Ekialdeko Europara alde egiteko erabakia hartua duelako, eta ihesaldiaren errua langileei egotzi nahi dielako. Zergatik? Etekin are handiagoak lortzeko. Iaz, VWk Nafarroan 18 milioi euroko irabaziak izan zituen. Mundu osoan, 1.120 milioikoak. Halere, gehiago nahi dute, eta horregatik ari dira Ekialdeko Europan lantegiak eraikitzen, egungo haren lantegiek sal ditzaketenak baino auto gehiago fabrikatzeko gaitasuna duten arren".

"Zergatik egin du Foru Gobernuak VWen alde? Hari ere komeni zaiolako errua langileei egoztea, inork ez dezan errudunik bila Diputazioan, Nafarroa industrialki Errepublika banana-ekoizle bilakatu duten agintari erregionalisten artean. Gobernuaren azken demagogia ariketa, esatea VWeko langileen greba egun bakoitzeko Foru Ogasunak milioi bat euro galtzen duela, "ospitaleak eta eskolak eraikitzeko". Edo foruzainek langileak egurtzeko borrak erosteko. Antza, zuzendaritzak malgutasunaren izenean urtean hainbat lanegunez lantegia ixten duelarik, Ogasunak ez du sosik galtzen. Enpresaburuek gero eta gehiago irabazten dute, langileok gero eta gutxiago, eta gaiztoak langileok gara, hamarkadetako borrokaz lorturiko eskubideei ez diegulako muzin egiten. To eta no".

Juan Kruz Lakasta / Zaldieroa Serio demonio, Tartea, Berria. 2006ko apirilaren 29an.

Eta diot nik: ozenago agian, argiago ezin esan.

Bilbo Dub Jukebox party

Mikel Iturria 2006/04/29 09:40

Harkaitz Canori entzuna diot hegaldiek hobetzen dituztela liburuak (hau da, abioietako irakurketek liburuak hobetzen dituztela). Aste Santuaren atarian Tenerifera joan nintzen. Abioian nirekin pare bat liburu: El filo de la hierba eta Bilbo Dub Kronikak. Canori detailetxo bat ahaztu zitzaion: zer gertatzen da abioian hormonak puri-purian dituzten gazteez osaturiko bi talde egonez gero? Pufff!!! Irakurraldia sufrikario bat bihurtzen dela… Abisatu bezala Paddy Rekalde eta lagunak azaldu ziren ostegunean kultur etxean. Furgoneta aparkatu, eszenatokia atondu, trago batzuk hartu eta… gozatzera.

Eta hori izan zen laukotearentzat, baita eserlekuan ipurdia itsatsita zuen ikuslegoarentzat, ostegunekoa: party bat. DJ Ander Groundek soinu banda jarri zion Paddyren irakurraldiari, Gabriel Arestiri idatzitako lehen gutunarekin hasi zen irakurraldiari.

Bost zati izan zituela irakurraldiak esan zidan Paddyk, edo hori ulertu nion. Igual lau izango ziren. Drum & Bass, dub, reggae doinuak, inkluso Anariren ahotsa entzun genuen bafleetatik.

Ohar batzuk hartu nituen, baina, halako batean, koadernoa itxi eta boligrafoa gorde egin nuen. Rekalderen ahotsa, DJaren musika … eta Gotzon Garaizabal eta Peru Txaman margolarien paleta koloretsua ikustea plazera zen. Zertarako hartu oharrak? Bidaiak argazki makinaren bisoretik begiratzera bezala izango litzateke.

Ekitaldiak irauten zuen bitartean ez genuen argazkirik atera. Bukaeran hartu genuen baten bat. Ea datorren astean iruzkintxo hau ilustratzeko moduko argazkirik topatzen dudan.

Zuen herrian, aldamenekoan edo auskalo non "Bilbo Dub Jukebox" laukotearen party-aren berri ematen duen karteltxoren bat ikusiz gero edo mezu elektronikoren bat jasoz gero, ez izan zalantzarik. Ederra izango da. Seguru.

Ez esan gero nik abisua eman ez dudala.

Paddy Rekalde, Bilbo Dub Jukebox

Mikel Iturria 2006/04/25 19:14

Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, apirilaren 27an egingo den "Bilbo Dub Jukebox" emanaldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Paddy Rekalde (Deustua, 1964) idazlearen azken poema liburuan (Bilbo Dub Kronikak, Susa, 2005) oinarritutako emanaldi berezia izango da “Bilbo Dub Jukebox”. Paddy Rekalde idazlearekin batera, DJ Ander Ground disko jartzailea eta Gotzon Garaizabal eta Peru Txaman margolariak arituko dira zuzenean, Rekalderen poemak ardatz hartuta osatutako ikuskizun berezian.

Urtarrilean estreinatu zuen ikuskizun hau Paddy Rekaldek, Durangoko Plateruenan, eta hirugarren emanaldia izango da kultur etxe honetan egingo duena.

Euskal futbol taldeak

Mikel Iturria 2006/04/24 21:20

Gaur arratsaldean egon dira notizia larriagoak, baina nik arreta txorakeria honi jarri diot.

Arratsaldeko 20:30etan Radio Euskadiko Kirolaldiaren hasiera entzun dut. Zur eta lur geratu naiz.

Euskal Herriko agentzia ezagun baten babespean egingo den zozketa baten bidez, Athletic-en eta Realaren zortzi jarraitzailek (lau eta lau) izango dute aipatu bi taldeen kanpoko partida bana zuzenean ikusteko aukera.

Bat-batean pentsatu dut: Alaves, Osasuna edo Eibar futbol taldeetako jarraitzaileek ez dute aukerarik beren taldeen atzetik joateko?

Hori beste zenbait kiroletan sartu gabe. Adibidez, aste honetan Europako txapeldun izan daitekeen talde hau.

Gora euskal irrati telebista publikoa!

Marino Goñi, 25 urte diskogintzan

Mikel Iturria 2006/04/21 19:50

Asteazkeneko Berria egunkariaren zenbakian ikusi nuen Tartea atalean Asier Azpilikuetak Gor disketxeko Marino Goñiri eginiko elkarrizketa. Interesgarria zelakoan, gorde egin nuen papera.

Irakurri ondoren, hasierako inpresioa bete egin da. Gauza batzuekin ados egongo zara, beste batzuekin ez, baina errespetua merezi du Marinok. Internet-en ez dagoenez, niretzat zatirik interesgarrienak direnak jaso egin ditut eta sarean jartzea otu zait. Uste baino luzeagoa atera zait, dena dela.

Hona hemen, erantzun bat, bukaeran dagoena.

Marino: Beno, lehenik eta behin, erran dezagun musikaren multinazional bat lapurra bada, lapurra dela ere auto multinazionala edo jogurt multinazionala. Bertzetik, bai, guk diskoak egiten ditugu, baina ezin gaituzu konparatu diskoak egiten dituen multinazional batekin. Eta kritika erabat kafkar bilakatzen da kritika egiten duenak Volkswagenen egiten duenean lan. Ezin nauzu ni kritikatu zu multinazional batendako lanean ari bazara. Hipokrisia handia dago. Eta inbidia. Badago jendea amorruz ikusten duena zu ari zarela egiten berari egitea gustatuko litzaiokeen lana, baina sekula egin izan ez duena funtzionario lanean ibili delako. Nik nahi dudana egiten dut, baina horrek badu bere arriskua.

Apirilaren 27ko eguneraketa: Marino Goñiri komeniko litzaioke The Grillo izeneko musikariaren idatzi hau irakurtzea. Burlatan (Nafarroa) jaio zen Marino Goñi 1951n. Zazpi anai-arreba dira. Irudietako Zientzien ikasketak egin zituen Madrilen, baina ez zituen bukatu. Jose Mari anaiaren bidez, irratian lanean hasi zen, Radio Popularren. "Han ezagutu nituen Gonzalo García Pelayo, Moncho Alpuente, Julio Ruiz, Juan Claudio Cifuentes eta enparauak".

Madrilen, ordea, lekuz kanpo zegoela pentsatu zuen, 1977an: "Movida bazetorren, eta niri hura ez zitzaidan batere interesatzen.. Martxa Euskal Herrian zegoen orduan. Eta Iruñera itzuli nintzen".

Iruñeko Radio Popularren, teknikari lanak egin zituen eta 1978tik 1981era Mas o menos rock musika saioa gidatu zuen bertan. 1981ean Soñua disketxean sartu zen, irratia utzi eta gero.

Kazetaria: Soñua disketxetik pasatu ziren La Polla, Barricada, Hertzainak, Jotakie, Kortatu… Baina arazo ekonomikoek disketxea ito zuten. Disketxe txikiekin gertatu ohi da.

Marino: Bai, ez baita batere erraza. Arrakastak ito gintuen, Soñuan. Nik uste dut Gor sortu arte ez dudala jakin negozio hau kontrolatzen (…).

Kazetaria: Gero, Oihuka sortu zenuten (…).

Marino: Oihuka Elkarren barnean zegoen. Ez genuen deus Elkarren kontra, baina guk erabateko independentzia nahi genuen. Disketxe txikia sortu genuen, baina askea, eta independentea. Disketxe bat benetan independentea da banatzaile baten menpe ez dagoenean. Eta Euskal Herriko banaketa geuk egiten genuen, dendaz denda, hiruron artean. Orduan ikusi genuen zein txarra den hainbertze lan egitea eta zein ona den lehen eskuko informazioa izatea. Negozio honetan bulego lan gehiegi baitago. Nire ustez, bulegoak kalearen altuera berean izan behar du. Bertzela, lehen solairura igoz gero, arazoak sortzen dira.

Kazetaria: Independentzia helburu zenuten Gor sortzerakoan. Lortu duzue?

Marino: Lortutako helburua da, bai. Jendeari erran behar zaio, baietz, helburu hori lortzen ahal dela. Urteak behar dituzu, noski, baina posible da, eta nik uste dut behar-beharrezkoa dela. Edozein presio onartuz gero, zure lana biziatzen da.

Kazetaria: Talde batzuekin dirua galtzen segitzen duzue?

Marino: Bai, noski. Bertze batzuekin estaltzen ditugu. Baina gero eta diru gutxiago dugunez, gero eta gutxiago galtzen dugu. Boladaka doa. Urte batean ongi, eta hurrengoan gaizki.

(…)

Kazetaria: Etortzen zaizkizun maketa guztiak entzuten dituzu?

Marino: Ez, ez. Eta geroz eta gutxiago entzuten ditut. Batez ere, geroz eta aukera gutxiago dudalako disko berriak egiteko (…)

Kazetaria: Maketak entzutea ez duzu gustuko, beraz.

Marino: Tortura da. Eta ez du inork ere egin nahi. Gainera, maketak entzutea ez da modurik onena talde on bat aurkitzeko. Talde gutxi aurkitu dira maketa bidez. Mundu honetan zurrumurruak funtzionatzen du. Eta zuzeneko kontzertuek. Eta, gustuko talderen bat ikusten duzunean, orduan eskatzen duzu bere maketa.

Kazetaria: Beraz, kontzertuak ikustera joaten zara.

Marino: Bai, gero eta gehiago. Kontzertuak gustuko ez banitu, ezin izanen nuke honetan lan egin. Gainera, orain, kontzertuak ongi egiten dira (…)

Kazetaria: Eta euskal rock erradikalaren gurasoetako bat bezala sentitzen zara?

Marino: Bai, noski, bertze erremediorik ez dago. Ezin zaitezke zure seme-alabez lotsatu, nahiz eta tontoak izan. Baina amorrua ematen dit elkarrizketak bakarrik gai horretan zentratzea. Oso urte gutxiko kontua izan zen hura, eta 25 daramatzat honetan lanean. (…)

"Internetetik kanta bat hartzea ez da ekintza iraultzailea"

Diskoen munduko krisiari hobeki aurre egiteko, Gor disketxea garai berrietara egokitzen ari da etengabe. Webgunea berritu dute duela gutxi, bertatik Mp3 kantak jaitsi ahal izateko, eta taldeen kontratazioa eramaten hasi dira. (…)

Kazetaria: Krisi latza bizi du diskoen munduak. Azken urteetan, enpresa askok itxi behar izan dute. Zer egin du Gorrek itxi behar ez izateko?

Marino: Beharrak sortuz joan diren heinean, horiek asetzen saiatu gara. Bertzela, atzean geldituko ginen. Duela hamar urte Martera joandako inor orain itzuliko balitz ez luke mundu hau ezagutuko. Sekulako aldaketa izan baita. Eta iruditzen zait aldatuko denaren erdia aldatu dela bakarrik.

Kazetaria: Bakoitzak bere kopiak egiteko aukera izateak aldatu du mundua. Hori justifikatzeko, multinazionalak lapurrak direla erran ohi da. Zuek zergatik ez zarete lapur batzuk?

Marino: Beno, lehenik eta behin, erran dezagun musikaren multinazional bat lapurra bada, lapurra dela ere auto multinazionala edo jogurt multinazionala. Bertzetik, bai, guk diskoak egiten ditugu, baina ezin gaituzu konparatu diskoak egiten dituen multinazional batekin. Eta kritika erabat kafkar bilakatzen da kritika egiten duenak Volkswagenen egiten duenean lan. Ezin nauzu ni kritikatu zu multinazional batendako lanean ari bazara. Hipokrisia handia dago. Eta inbidia. Badago jendea amorruz ikusten duena zu ari zarela egiten berari egitea gustatuko litzaiokeen lana, baina sekula egin izan ez duena funtzionario lanean ibili delako. Nik nahi dudana egiten dut, baina horrek badu bere arriskua.

Kazetaria: Multinazionaleei egindako kritika asko zuei ere egin dizkizuete?

Marino: Bai, bai. Badago jende asko guri kritika egiten diguna, gu batere ezagutu gabe, eta gure lana batere baloratu gabe. Ongi iruditzen zait nire diskoak kritikatzea. Baina ez kritikatu diskoak egiteagatik soldata irabaztea. Denok irabazten baitugu soldataren bat. Badago jendea erraten dizuna berak ez dituela euskal diskoak kopiatzen, baina bertzeak bai. Bada, hori ere ezin da onartu. Bertzeek zuri lapurtzea gustuko ez baduzu, ez lapurtu zuk bertzeei. Jabetza pribatua onartzen baduzu, bederen. Arizkuren herri okupatuan bizi direnek erraten ahal didate zer edo zer, baina inor gehiagok ez.

Kazetaria: Argi dago eztabaida hau milaka aldiz izan duzula. Honezkero, aspertuta egonen zara honekin, ezta?

Marino: Ez pentsa. Aspertuta egonen nintzateke, baldin eta arazoa konpondu izan balitz. Baina, ez. Nire ustez, aurrerakoia izatea da arazoaren errora jotzea, ez azalean gelditzea. Non dago arazoa? Nor dira pirateriaren onuradunak? Telekomunikazio enpresa handiak: France Telecom, Telefónica, Sony… Internetetik kanta bat hartzea ez da ekintza iraultzailea. Internetetik kanta bat hartzea da. Kito. Dirua telekomunikazio enpresa handi bati ematen diozu. Eta egileren bati jatekoa ukatzen diozu. Egile hori Bruce Springsteen bada, ongi. Baina egilea Víctor Jararen familia bada, gaizki, oso gaizki ari zara.

Amaitu dira oporrak

Mikel Iturria 2006/04/17 18:13

Apirilaren 6an hartu genuen abioia Tenerifera joateko. Larunbat gauean bueltatu ginen eta bihar betiko martxari heldu behar berriro.

Euskaldun asko ikus-entzun ditut hotelean. Eta euskara asko entzun dut, eta ez bakarrik haurrekin hitz egiteko orduan. Lehenengo aldia da, gainera, saltzaileek "agur" eta "eskerrik asko" esaten digutela edo "jaun-andreok", hoteleko gaueko animazio batean entzun genuen bezala.

Are gehiago, Puerto de la Cruz herriko saltzaile batek galdetu zidan ea zer esan nahi zuen "batasuna" hitzak. Su-etenaren ondorio agian.

Dena dela, denetarik dago munduan eta azken herri horretan bertan neska bat hurbildu zitzaigun bertako jatetxe bat gomendatzeko. Erretolika polita zuen ontasunak behar bezala saltzeko, baina dena izorratu zuen bukaeran: "Y lo más importante… que somos españoles". Zer? Oker zabiltza, andrea! Horrela jai duzu gurekin. Jatetxe batean zerbitzua eta janaria dira garrantzitsuenak, espainolak edo euskaldunak izatea, bost.

Portzierto, Euskal Herriko jatetxeek, karta euskaraz jartzeko gai ez diren horiek batez ere, ikasi beharko lukete zonalde turistiko hauetan dauden jatetxeengatik. Edozein jatetxek zuen Aronan karta 9, 10 edo 11 hizkuntzatan.

Gaurkoz nahikoa da, neuronak hor nonbait baitaude (abioian, agian).

Oporretara joan aurretik

Mikel Iturria 2006/04/05 22:50

Lau gauza:

Baga

Ea igandean Italian coglioni asko agertzen den.

Biga

9a soinean daraman jokalari hau Irakera noiz doan jakiteko irrikitan nago.

Higa

Oporrak Britaina Handian pasatzeko asmoa izan ezkero, kontuz ibili hegazkinean abesten duzuenarekin. Ahal bada, baztertu London Calling kantaren melodia.

Laga

Zaindu, txintxoak izan eta bueltak amari.

Sánchez Almeida abokatuaren ziber-agurra

Mikel Iturria 2006/04/03 02:00

Sortu berria den Zabaldu zerbitzuaren bidez, eta Aitzolek eginiko gomendioari esker, jakin dugu Carlos Sánchez Almeida abokatuak agur esan diola internet bidezko borrokari.

Abokatu espainiar ziber-borrokalariaren berri banuen blogosferari esker, baina 2005eko ekainean egon zen Donostian Kopyleft jardunaldietan. Han ikusi nuen aurrez aurre lehenengo aldiz eta hemen laburbildu nituen Carlosen hitzak.

Espainiako Diputatuen Kongresuak Jabetza Intelektualari buruzko lege berria gehiengo zabalaz onesteak, eraman du gure gizona egoera honetara. Dirudienez, bakarrik bufetean eta epaitegietan ikusteko aukera izango dugu hemendik aurrera.

Agur esateko testutik hartu eta hiruzpalau pasarte euskaratzera ausartu naiz.

Diputatuen Kongresua

"Diputatuen Kongresuak lege bat 300 boto baino gehiagorekin onartzen duenean, indar parlamentario guztien oniritziarekin, garbi dagoen gauza bakarra da lege horren aurkariak parlamentutik kanpo dagoen talde bat bihurtu direla".

"Nahitaez, demokrazian arrazoiak, indarra den heinean, du gehiengoa. Eta Diputatuen Kongresuko gehiengo absolutua baino zabalagoa den gehiengoak, ezeztaezinak, argi berdea eman dio blogosferako komentarista gehienek okertzat jo duten lege bati".

"Bi aldeetatik bat errealitatetik at dago. Diot".

Gizakia

"Garrantzitsua ez da kultura, pertsonak baizik. Pertsonak askeak direnean, haien kultura askea da. Gizakiak otzanduak, lokartuak, kontsumo produktuen merkatuko helburu soilak direnean, haien kultura otzanduta dago”.

Internet

"Internet-ek ahotsa izango du kontzientzia, zentzu historikoa, hartzen duen egunean bakarrik. Eta horretarako lehenik eta behin, denbora luzez, egoak utzi beharko ditugu alde batera eta talentua urria dela jabetu: gizateriaren balentria handiak beti kolektiboak izan direla".

Enpresa txikiak

"Jabetza Intelektualari buruzko lege berria dela-eta, benetako arazoa ez dute etxeko kontsumitzaileek izango (…) Ez. Benetako arazoa jada auzi-eskeak jasotzen ari diren informatika alorreko ehundaka enpresa txikiek dute gaur egun. Demanda horietan atzeratutako kanona eskatzen zaie CD, DVD, grabailu eta mp3 erreproduktoreengatik; zenbait kasutan 1999tik hona".

Beste ni

Mikel Iturria 2006/03/30 09:01

Baga

Euskal blogosferak notizia txar bi jaso ditu azken egun hauetan: Julen Gabiria eta Patxi Trapero blogariek agur esan dute. Ez dakigu noiz arte egongo diren isil-hizketa lantzen, baina bueltatuko direla uste dut. Gari bueltatu den bezala. Animo, mutilak.

Biga

Sarean erdi ezkutuan zeuden artikulu edo elkarrizketa batzuen itzulpenak igo nituen gaztelerazko blogera pasa den asteburuan. Hemen bildu ditut guztiak.

Higa

Astelehen iluntzean Kaukasiar Kreazko Borobila antzezlanaren errepresentazioan egon nintzen Egiako Kultur Etxean. Donostia Antzerki Saria eskuratu du Théâtre des Chimères eta Pok Produkzioak taldeen arteko elkarlan honek. Ia bi orduko lana ikusi genuen eta erdi zorabiatuta atera nintzen handik. Berezia da oso eta ikusteko aukera izan ezkero, ez alferrik galdu.

Laga

Asteartean, berriz, El filo de la hierba liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Anjel Lertxundik aurkeztu zuen 2005eko Euskadi Literatur Saria lortutako Harkaitz Canoren nobela laburra. Nahi duenak hemen du Lertxundik bertan irakurritakoa.

Boga

Canorekin jarraitzeko, ostiralean Paul Auster-i buruz hitz egingo du Ernest Lluch kultur etxean. Berarekin batera arituko da Juan Bonilla idazle espainiarra eta Alberto Moyano izango dute biek moderatzaile-dinamizatzaile. Ekitaldia 19:30etan izango da.

Sega

Ostiralean da, gainera, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketen klausura. Reala baino biziago iritsiko al gara astearen amaierara? Beste ni bat beharko dut?

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter