Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Txita eta kaikuak

Mikel Iturria 2006/06/12 08:00

Atzo zortzi estreinatu zuen bere zerbitzua Txita enpresak. Zer den Txita? Donostian bisitariak hirian barrena paseatuko dituen txirringa txoferdun eta kapotaduna. Astean zehar irakurritako erreportajean, txita izena txirringa eta taxi hitzen laburdura dela jakin dut.

Atzoko eguna etxean pasa behar izan nuen derrigorrez (katarro puta batengatik), baina aurreko domekan bai ikusi nituela bizikleta hauek hirian barrena. Ondo. Dena den, Kaikuren publizitateak haserretu ninduen: dena gazteleraz zegoelako. Zergatik Donostiako herritarrek ikusi behar ditugu bizikleta horietan (ustez) euskal enpresa petoenetarikoak jarritako publizitatea erdara hutsean?

Eta Donostiako Udalak noiz hasi behar du zenbait hizkuntza irizpide jartzen horrelako kontratazioak egiterakoan? Beste aldera zergatik begiratzen duten galdetu beharko zaie politikariei.

Txita taxiak martxan jarri duen enpresaren aurka ez dut ezer. Bi gazte donostiar eta kataluniar bat dira bultzatzaileak eta munduko zortzerik onena opa (attá, inbiu txabolá) diet.

Bai irakurri dudala Eguzki taldearen salaketa, bidegorriaren zenbait toki estutan bizikletak desbideratzea ekartzen dutela txitek. Hori dela-eta, Udalari eskatu diote zenbait tramotan ez baimentzea haien pasoa. Ez dakit, gogorregia iruditzen zait, baina horrelako toki esturen batean beraiekin topo eginez gero, esango dizuet zer pentsatzen dudan.

Kaikuri, berriz, adierazi nahi diot horrelako publizitatea nire herrian egiten duen bitartean ez dudala beraien produkturik erosiko. Eta esan nahi diot ere, orain arte behintzat, asko gastatzen dudala astero haien produktuetan.

Oharra: Enteratu naizenez, publizitatea hilabetero berrituko da bizikleta hauetan.

Fermin Muguruzari eginiko hiru elkarrizketa

Mikel Iturria 2006/06/10 08:00

Jakina da aita hil zaiola Fermini duela egun batzuk. Izorratuta egonda ere, hortxe dago berriro errepidean. Hiru elkarrizketa aipatu nahi ditut apunte honetan. Portzierto, gero eta gehiago gustatzen zait azken lana.

Patxi Gaztelumendik Irratia.com-en

Herenegun entzun nuen Patxi Gaztelumendik duela egun batzuk Irratia.com-en eginiko elkarrizketa ederra. Mezu honetan sakatu eta entzuteko aukera duzue.

Gorka Erostarbek Entzun-en

Atzo jaso nuen etxean Entzun aldizkariaren azken zenbakiari dagokion ale bat. Creative Commons by-nc lizentziapean argitaratua estrainekoz. Eta hona ekarriko dut zati interesgarri bat.

Musikaria baldin banaiz, musika asko entzun dudalako da

"Hausnarketa handia egin behar dugu diskogintzaren inguruan. Hausnarketa, eta batez ere, joko garbia. Bada garaia kartak mahai gainean jarri eta iruditzen zaiguna esateko. Asko aipatzen da internet, pirateria… eta hori izan liteke diskogintzaren krisiaren faktoreetako bat, baina antzeko faktoreak betidanik izan ditugu. Ni musikaria baldin banaiz, hain zuzen ere, musika asko entzun dudalako da. Musikak egin nau ni musikari eta musika hori izan da bai erosi dudana, baina baita irratietatik dohainik jaso dudana, internetetik egun jasotzen den bezala, eta baita kopietatik jaso dudana. Musika kopiatu dut eta musika kopiatu didate. Musikariok hori esan egin behar dugu. Denok. Norbaitek esaten badit hori ez dela horrela, eztabaidatuko dugu, baina ea norbait ausartzen den. Metak ixtea golpe handia da bai, baina, lehenago beste batzuk ere itxi izan dira, eta horrelako krisialdiak izan dira lehen ere, eta hori da, neurri handi batean, gurean independentziaren alorrean mugitzen garelako. Egon zen Soinua, egon da Basati, egon da Suicidas… eta ez daude. Diskoak ez direla saltzen diote, baina norbaitek azaldu behar dit zergatik zabaldu berri duten musika denda handi bat Donostian, beste bat zabalduko duten Bilbon, zergatik Virgin iritsi den Baionara. Ez badira diskoak saltzen zergatik horrelako mugimenduak? Diskoak saltzen dira. Metak erreferentzia zen eta gogorra da desagertzea, baina, badaude beste erreferentzia batzuk: Gaztelupeko Hotsak, Elkar multzo erraldoia guztia, Gor ... eta autoekoizpena noski, zeina beti egon den. Azterketa zehatz bat egiteko garaia da, eta musikaren munduan autokritika egiteko garaia".

Radio Vallekaseko "La región perdida" saioan

Bukatzeko, bitxikeria: irratian egin eta ikusgai dago hemen Madrilgo Radio Vallekas-en eginikoa. Dirudienez, Radio Euskadiren bideari jarraikiz, irrati ikusgarria egitea erabaki du irrati libre madrildarrak.

Toni Strubell eta Josep Cruanyes Donostian

Mikel Iturria 2006/06/09 08:00

Datorren ostegunean, hilaren 15ean, Comissió de la Dignitat taldeko bi kide ezagunenak egongo dira Donostian: Josep Cruanyes eta Toni Strubell. Bigarrena Errenterian bizi da eta behin baino gehiagotan idatzi dut hemen berari buruz. Lehena Kataluniatik etorriko da.

Komunikabideei bidalitako oharretik hartuta:

"Hilaren 15eko ekitaldiaren aitzakia "Els papers de Salamanca. L'espoliació del patrimoni documental de Catalunya (1938-1939)" (Ediciones 62)liburuaren aurkezpena bada ere, aukera ezin hobea da 1938an eta 1939an Kataluniatik frankismoak konfiskatutako agirien bueltatzearen aldeko kanpaina bultzatu zuten bi arduradun nagusienak, Josep Cruanyes eta Toni Strubell, elkarrekin ikusteko; Kataluniak Generalitat-aren artxiboak jaso dituenean eta izaera pribatuko agiriak (alderdienak, sindikatuenak, elkarteenak, norbanakoenak…) itzultzeko zain gaudenean (urte bukaeran gertatuko dela aurreikusten da). Paul Prestonen hitzetan ikuspegi bakarra eta argigarria duen liburua da eta bertan ageri da nola, zergatik eta noiz gertatu ziren Gestapoko ofizialek pentsatu eta DERD erakundeak (Delegación del Estado por la Recuperación de los Documentos) planifikatutako harrapaketak".

Ekitaldi interesgarria izango delakoan amaitzen da oharra. Ez dut joaterik izango, lan arrazoiengatik, baina saiatuko naiz bukaerara iristen. Dena dela, bat nator antolatzaileekin eta ekitaldiak merezi duela uste dut.

Esan bezala, ekainaren 15ean izango da aurkezpena, arratsaldeko 19:30etan Donostiako Espai Catalunya Topalekuan

Hona hemen kokapena, Tagzaniaren laguntzaz


Espai Catalunya map - Tagzania

Loretopetik (I) Pako eta Santi, hiriko istorioak

Mikel Iturria 2006/06/07 08:00

Irutxuloko Hitza egunkaritik hotsegin didate, hilean behin tarte bat eskainiz. Gaur argitaratu da lehenengo artikulua Loretopetik atalean. Loretopea (gazteleraz Pico del Loro itzulpen txar bati esker) Kontxako Badia bi hondartzatan banatzen duen lur zatia da, Antiguako tunelaren parean. Hona hemen idatzitakoa.

Pako eta Santi, hiriko istorioak

Hilean behin tarte honetan kolaborazio bat egitea eskatu didate. Eta baietz esan dut. Gustura, gainera. Libre naizela gaia aukeratzeko, baina Donostiari buruz aritzea eskertuko luketela.

Lerro hauek idazterakoan ilun dago hiria. Telebistari begira egon beharrean, ordenagailua piztea erabaki dut. JC Perezen Hiriko istorioak disko erosi berria jarri dut CD irakurgailuan. Arratsaldean bi tabernarirekin izandako telefono solasaldietaz gogoratu naiz.

Lehenengoa Bartzelonakoa da eta rock & roll musikan espezializatutako taberna du auzo batean. Ziurrenik, azken urtea izango du barraren atzealdean. Kristoren ilusioa jartzen du, baina astean hirutan soilik irekitzen ditu establezimenduaren ateak, ostegunetik larunbatera. Gainerako egunetan ez omen du merezi. Diru sarrerak baino gastuak gailentzen omen dira. Pakok nahiago du beste egunak ikasten eta bere gauzetan pasa. Beno, ez bakarrik bere gauzetan, nahikoa gustura baitago etxebizitza duinaren alde Bartzelonan antolatu dituzten zenbait mobidarekin. "Zeta taldeko periodikuan agertu da gaur nire erretratua" esan dit.

Bigarren tabernaria Amara Berrikoa da. Laneko kontu batengatik hots egin diot patrikako telefonora. Hunkituta zegoen Santi eibartarra. "Mikel, ez dakik nor agurtu berri dudan!" Gauzak horrela esanda, ezezkoa erantzun behar. "Tipo batekin egon naiz tabernan berbetan. Agur esateko garaia iritsi denean, nire izena bota diot eta hark erantzun dit Ruper zela berea. Ruper? Ez haiz bada Ruper Ordorika izango? Eta berak baietz. Barratik atera eta besarkada handi bat eman diot". Euskal Herrian egongo al da musikazaleren bat Ruper Ordorika ezagutzeko gauza ez dena? Bai, Santi Atabal.

Duela urtebete, Santi anfitrioi aparta zela idatzi nuen blogean. Taberna zulo bat da, eskailera estuak jaitsi behar dira, baina tokiaren gabezi guztiak estaltzen ditu jabearen ontasunak. Lanerako ez du trabarik jartzen eta errespetuz tratatzen du jende oro.

Hiriko istorioak aipatu ditut hasieran. Kulturarekiko errespetu izugarria duen jendea badago tabernetako barraren beste aldean. Isilean ari den jendea, paperetan agertzen ez dena. Pako Bartzelonan eta Santi Donostian, adibidez. Ah! Biek badute Ruperrekin istorio bana.

Eguneratzea goizeko 10:30etan: Atzo egon omen zen Ruper Tolosan Lou Reed handiarekin bazkaltzen. Zorionak Tolosaldeko Hitzakoei. Notizia honetaz Berrian gaur, kontrazalean, baina ez dut loturarik aurkitu hauen webgunean.

Eguneratzea eguerdiko 12:30etan: Atzo jarri nuen lotura ezkutuan geratzeko arriskua dagoenez, azpimarratu nahi dut Ruper Ordorikak Larrabetzun emandako kontzertu akustikoari buruz Julen Gabiria ez-blogariak idatzitako kronika Larrabetzu.org-en. Ez blogariarena broma pertsonala da ;-)

Eguneratzea arratsaldeko 17:30etan: Berriako orrialdea pdf formatuan

Euskaraz nork ditu 15 harpidetza edo gehiago Bloglines-en

Mikel Iturria 2006/06/04 08:00

Atzo gauean hartu nuen Euskaraz public Bloglines-eko harpidetza zerrenda eta 15 harpidedun (edo gehiago) dituztenen sailkapena egin nuen. Ilusioa egin dit nire burua topean ikusteak.

Dena dela, konturatu naiz Euskaraz public atzeratuta dagoela. Zenbait izen esanguratsu falta zirela ikusita, nire bloglines-eko zerrendara joan eta egon naiz falta zirenak begiratzen. Sailkapena Euskaraz publicen dagoena da, nahiz eta nireak nik etiketatu.

Ba horixe. Gutxi gorabeherakoa dela behekoa. Eta zerbait egin beharko dugula Euskaraz Public-ekin.

Zergatik 15? Luistxok esan izan baitu etorkizunean Warholen 5 minutuko loria 15 harpidedunen zerrenda bihurtuko dela. Besteak beste horregatik.

Harpidetzak: 49etik gora

209: Sustatu (Teknologia)

91: Ingelesen Hilerria-Luistxo (Pertsonala)

84: IKTeroak (Hezkuntza)

77: Xabier Mendiguren Elizegi (Pertsonala)

71: Faroa (Teknologia)

67: TeknoSexua (Teknologia)

65: Etiam (Pertsonala)

64: Harrikadak (Pertsonala)

61: Gabiria (Pertsonala)

58: Superbai (Pertsonala)

51: Prospektiba (Pertsonala)

50: Patxitrapero (Pertsonala)

Ekainaren 5eko eguneratzea: IKTeroak ere Top-ean daude, hiru jarioak batuta. Harpidetzak: 35-49

49: Euskara eta publizitatea (Hedabideak)

Piperrautsa (Pertsonala)

47: Erabili.com-Berri berriak (Euskara)

Zaldi Eroaren eguneko biñeta (Hedabideak)

Zientzia.net (Hezkuntza)

46: Code Syntax (Komertziala)

44 E-gor blog (Pertsonala)

Telezaborra (Hedabideak)

43: Eibar.org (Albistegi Lokalak)

Klik bikoitza (Pertsonala)

40: Filoblogia (Euskara)

39: Eibartik (Pertsonala)

37: Mutilmedia (Kultura)

36: Erral´s blog (Pertsonala)

35: Gipuzkoa Euskara.net (Euskara)

Dantzing (Pertsonala)

Markos Zapiain (Pertsonala)

Mathiasen kopilotua (Pertsonala)

Sarean.com (Pertsonala)

Harpidetzak: 20-34

34: Eitb.com-Politika (Hedabideak)

Garagoittiko orakulua (Pertsonala)

Hamaika ikus-entzuteko jaioak (Pertsonala)

33: Gaztelupeko Hotsak (Kultura)

32: Dantzan.com (Kultura)

31: Gaztelumendi (Pertsonala). Aldaketa-garaian

Euskal GNU (Teknologia)

28: Goiena.net-Arrasate

Goiena.net-Debagoiena (Albistegi Lokalak)

Amatiño (Pertsonala)

27: Aek.net (Euskara)

Arrasateko euskalgintza (Euskara)

Indymedia Euskal Herria (Politika-gizartea)

Sustatu-irudiak (Hedabideak)

26: Euskaraz.net (Euskara)

Kafe Antzokia (Kultura)

25: Tiraka (Euskara)

Zinema (Kultura)

Arrosak latan (Pertsonala)

Ziur al zaude? (Pertsonala)

24: Uztarria.com-Hizkuntza eskubideak (Euskara)

Euskal musika posta zerrenda (Kultura)

G&A (Gauez eta Azpikeriez) (Pertsonala)

22: Lauhaizetara (Albistegi Lokalak)

Euskal Jakintza (Hezkuntza)

Gizakom (Hezkuntza)

21: Consumer aldizkaria (Komertziala)

Erabili.com-Iritzi muinetik (Euskara)

Izarren hautsa: zientzia eta beste (Teknologia)

29A (Pertsonala)

Euskonomia (Pertsonala)

Zabaldu.com (Auskalo)

20: Hitz beste-Anjel Lertxundi (Idazlea)

Harpidetzak: 15-19

19: Eizie (Euskara)

Hiru.com(Hezkuntza)

Matrallako irratia (Kultura)

Arrasateko Udala (Udala)

Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua (Pertsonala)

Eremulauak.com (Kultura)

18: Mutrikuko Atxukale (Albistegi Lokalak)

Arrate Kultur Elkartea (Pertsonala)

Euskal Herria Info (Politika-gizartea)

Mahai jokoan (Politika-gizartea)

17: Baleike (Albistegi Lokalak)

Espaloia (Kultura)

EtnoMet-EtnoAroa (Pertsonala)

Sarean photolog (Pertsonala)

Nire begietatik (Pertsonala)

16: Goiena.net-Oñati (Albistegi Lokalak)

Ukberri.net (Albistegi Lokalak)

Uztarria.com-Albisteak (Albistegi Lokalak)

Etxekoandreak oi! (Pertsonala)

Raahe Diary (Pertsonala)

Irratia.com (Hedabideak)

Volgako batelariak (Literatura)

15: Goiena.net-Bergara (Albistegi Lokalak)

Basque Research (Hezkuntza)

Izan eta esan (Pertsonala)

Sabino eta Loquillo

Mikel Iturria 2006/06/03 10:20

Ez naiz Loquillo zalea izan inoiz. Haren disko bakarra dut etxean (zenbait poema ezaguni jarritako musika biltzen duen "La vida por delante"; seguraski, tartean Atxagaren poesia bat zegoelako erosiko nuen). Urteetan entzun dut Loquillo ez zela ezer Sabino Méndez kantugilearen lana barik. Eta horrela izango da. Batzuen ustez, Loquillok Sabino taldetik bota zuenean agerian geratu zen hori.

Gogoan dut gaur egun zinema munduan dabilen Anton Reixak gidatzen zuen Os Resentidos taldearen "Delicatessen" diskoa erosi nuela 1991n. Reixak Galiziako telebistan egiten zuen "Sitio distinto” saioko zuzeneko kantuak eta beste bitxitasun batzuk daude bertan.

Azken saioko gonbidatua izan zen Sabino eta "Voy en busca del señor" kantua abestu zuen kataluniarrak galiziarraren bandarekin. Geroztik, ez diot kasu askorik egin. Ez dut Sabinoren libururik irakurri, ez dut haren diskorik entzun. Ezer ez. "Corre, rocker, corre" liburuan Loquillo ez dela oso ondo atera aipatu zidan norbaitek, baina, esan bezala, ez dut irakurri.

Aurreko batean, Hontza liburudendan nengoela, saltseatzen, "Hotel Tierra" izeneko liburu argitaratu berria ikusi eta hartu nuen eskutan. Sabinok azken 25 urte hauetan berridatzitako zenbait apunte dira. Bukaeratik hasi nintzen orriak pasatzen eta Arcadi Espada behin eta berriro aipatzen zuela ikusi nuen, baita Albert Boadella edota Felix de Azúa ere. Horrela konturatu nintzen Kataluniako Ciutadans plataformako kide dela.

Zer den Ciutadans? Kataluniako alderdi guztiekin haserretu zen intelektual eta herritar multzo batek bultzaturiko mugimendua, gaur egun alderdi politiko izateko bidean dagoena. Irakurri duela urtebete-edo plazaratu zuten lehen manifestua edo 2006ko martxoan argitaratutako bigarrena.

Méndez-ekin jarraituz, liburua dietario bat dela esan behar da eta bost zati dituela. Jorratzen dituen gaiak? Musika, fama, droga, politika, gaixotasuna, aitatasuna… Batzutan pedantea dela idatzi gabe ere ez naiz geratuko. Azalean gaur egun 80 urte izango zituen Marilyn ederra ateratzen da.

Irakurraldiaren ondoren konturatu naiz, lagunak direla berriro ere Sabino eta Loquillo. Liburuaren aurkezpenean egon zen bigarrena eta Sabino Barakaldoko BECen 2005eko azaroan Loquillok eskaini zuen kontzertuan igo zen eszenatokira (Deia egunkariak antolaturiko emanaldia, bitxia bada ere).

Baga: ez dakit zer kontatu nahi nuen, baina amaitu dut. Seguraski, liburua gustatu zaidala.

Biga: Loquilloren webgunean dagoen lege-ohar honek oka egiteko gogoa ematen du.

Higa: Egon zarete Lasarte dagoen Mendi Kafe Rock tabernan? Ni ez naiz egon, baina ezagutzen dut bertan jo duen musikari bat. Sede oficial de Loquillo y Trogloditas dio webguneak eta esango nuke N-1 errepidetik ikusi daitekeela horren berri ematen duen kartela.

Redondo Terreros ez da mileurista

Mikel Iturria 2006/05/30 21:08

Bloglines.com biltzaileari esker, jakin dut Redondo Terreros politikari ohia fitxatu duela Esther Koplowitz dirudunak kontrolatu berri duen enpresa bateko kontseilari gisa. Eta nondik jaso dut berria? EAJko senatari den Anasagastiren blogetik.

Orojakileari galdetu eta berehala bildu dizkit izendapenaren berri ematen duten albiste batzuk. Emaitzei erreparatuta, aurreratuena El Mundo egunkaria izan dela ikusi dut, ekonomia orrietan aipatu baitzuen notizia maiatzaren 22an.

Anasagastik dio 100 milioi pezeta jasoko dituela hilean. Akatsa izango dela uste dut eta soldata hori urtekoa izango da. Sindikalista baten seme izateko ez dago txarto.

Lerro hauek idatzi ondoren mileurista kontzeptua etorri zait burura. Hau da, 30 urte inguruko unibertsitario prestatuak, hilean 1000 euro jasotzeko larri dabiltzanak.

Kalkulagailua zabaldu dut ordenagailuaren pantailan: 600.000 euro zati 365 egun berdin 1643,83 euro gordin.

Beraz, Nicolasín-ek egunero gazte askok bi hilabetetan jasoko ez duten dirua eramango du etxera.

Galdera ez da hain retorikoa: zeren truke pagatzen dira dirutza horiek?

Ah! Oreja familiak jarri omen du gizon hau toki horretan.

Poesia edonon dago?

Mikel Iturria 2006/05/27 15:42

Ostiral arratsaldea. Lanera noa. Autobusean. Ibilbide laburra da, baina autobus aldaketa egin behar dut. Bi erabaki hartu ditut: poltsa txikia, bandolera moduan, eta liburu bat eramatea. Lehenengoaren ondorioz liburuxka izan beharko du bigarrenak.

Etxean irakurtzeko ditudan liburuei erreparatu ondoren, poesia plaquettea hartu dut. Artisau moduan inprimatutako koadernoa da, 300 ale autoreak berak sinatuak eta zenbakituak. Urbanoak dira poemak, gau girokoak batzutan, musikazalea dela nabari zaio tipoari. Ondo.

Gehien harritu nauena hasieran dagoen egile eskubideen oharra da, bukaeran irakurri dudana:

"Queda rigurosamente prohibida, sin autorización escrita de los titulares del Copyright, bajo las sanciones establecidas en las leyes, la reproducción parcial o total de esta obra por cualquier medio o procedimiento, comprendidos la reprografía y el tratamiento informático, y la distribución de ejemplares de ella mediante alquiler o préstamo público."

Haizea hartzea eta burua altxatzea derrigorrezkoak dira horrelako oharra irakurri ondoren. Bigarren autobusean nago jada. Nire aurrean neska gazte, alta, ederra dago. Aurpegira begiratu eta malko handi bat masailetik behera nola irristatzen zaion ikusi dut. Ez dut ezer esaten. Ez diot ezer galdetzen. Lotsagatik. Leihotik begira jarri naiz.

Bezperan Luistxo Fernandezi Irutxuloko Hitzan irakurritako Creative Commons euskaraz artikuluaz gogoratu naiz.

Zer irabazten du gure poetak horrelako ohar kriminala obraren atarian jarriz? Bai, badakit ohikoak direla antzeko oharrak, baina deigarria egin zait hain underground den arte-lanean irakurtzea.

Hausnarketa eskatzen du horrek. Bitartean, neskaren malko ederrarekin eta eguraldi eguzkitsuarekin geratuko naiz ni.

Oharra: Blog hau copyleft da.

Gipuzkoa Basket ACBrako bidean

Mikel Iturria 2006/05/24 23:16

Gaur konturatu naiz denbora asko daramadala kirol harrikadarik idatzi gabe. Realari buruz idatzi nahi nuen, baina arrazoi ezberdinengatik ez dut hortik jo. Kirolaren inguruan dagoen zirko tamalgarrian, Guardia Zibilak atxilotutako Manolo Saiz askatu dute. Baina hori ere ez dut gaur jorratuko.

Dakizuenez atzo iluntzean final erdietako hirugarren garaipena jarraian lortu zuen Miguel Santosen presidentepean dagoen Gipuzkoa Basket-ek. Nork esango lioke duela urtebete Miguel Santosi talde hau ACB txapelketa jokatzeko moduan egongo litzatekeela? Duela urtebete diot, zeren orduan ari baitzen Santos Realeko lehendakaritza lortzeko hauteskundeak prestatzen, baina duela aste batzuk inork ez luke hori sinistuko.

Ez naiz saskibaloi zalea. Noizbait ikusi dut Baskoniaren edo Euro League-ko partidaren bat. Edo ACB txapelketako besteren bat. NBAko partidak, berriz, ez zaizkit gustatzen. Desorduetan eta nik etxean ez ditudan telebista-katetan botatzen dituztela ahaztu gabe.

Joan den astean Chojín rappera izan da gurean. Bi egunetan denbora asko pasa dut berarekin eta saskibaloi zalea dela kontatu zidan, baina batez ere NBAko liga zuela berak gustuko eta ACBkoa apenas jarraitzen zuela. Agian Torrejón de Ardoz-en yankiek duten base horren aldamenean bizi izateak kutsatuko zuen gure laguna.

Tokitan zegoela guretzat NBA esan nion nik. Gipuzkoako puntako taldea LEB ligatik ACB ligara pasatzeko norgehiagokak jokatu behar zituela, baina urrun zegoela kategoria hori ere.

Astebete pasa da eta ACB txapelketa jokatzeko txartela eskura du Gipuzkoa Basket-ek. Oker ez banago 7 milioi euro behar ditu talde donostiarrak liga horretan aritzeko. Eta horretarako 20 bat eguneko epea du. Pabiloiarekin ere arazoak ditu, Gaska kiroldegia ez baitago egokitua maila horretan aritzeko.

Dena den, Miguel Santos ezagututa, traba guzti horiek gaindituko dituela uste dute askok. Nik ere datorren urtean talde hau ACB txapelketan arituko dela uste dut.

Eta zer pentsatuko dute, Luix Barinagarrementeriak esango lukeen bezala, Mikel Iturriaken Realeko administrazio kontseilukideek? Nire ustez, ez ziren gehiegi poztuko:

Bat: Goi mailako beste klub bat egongo delako Administrazio ezberdinen leihatilan diru eske.

Bi: Gauzak okertuz gero, Realaren hurrengo hauteskundeetan ondo kokatutako arerioa izango delako iruindarra.

Topaketak-Encuentros (VIII), nire ikuspuntua-edo

Mikel Iturria 2006/05/22 08:30

Joan den astetik pendiente nuen apuntea. Nire ikuspuntua-edo.

Baga

"Donostiako Kultur Proiektuak" zuten izenburu topaketa famoso hauek. Funtsean, San Telmo, Victoria Eugenia eta Tabacalera.

Kultur proiektuak baino, kultur kutsuko proiektu handiak dira. Batez ere, azkena, motor edo itsasargi berria izan nahi duen faktoria.

Biga

Aurrekoarekin loturik, proiektu ekonomikoak diren heinean espero dezagun dirua oinarrizko kultur proiektuetatik ez kentzea. Guggenheim Museoak izan zuen ondoriorik, txarrerako, kultur aurrekontu publikoetan. Edo EITBk Kultura Sailaren aurrekontuaren erdia suposatzen zuen (gaur egun ere antzeko-parezido izango da).

Nondik aterako dira hiru proiektu erraldoi horiek behar dituzten dirutzak? Lehenengo bietan argi eta garbi denon patriketatik. Hirugarrenean ikusteko dago ea enpresak inplikatzen diren.

AHT eta erraustegiaren proiektuak bisto-no-bisto jarri eta kendu nahi dizkigute eztabaida lekutik. Baina informazioa eman behar zaio herritarrari, baita eztabaidak zabaldu ere. Zer eskatzen du herriak?

Higa

Donostian modan dago Kursaala eta haren Q kudeaketa. Eta ona izango da, baina horrek ez du balio, dirua biltzeko makina baten moduan funtzionatzen baitu. Kutxak edo Diario Vascok baino konpetentzia gutxiago du. Eta babes handiagoa.

Pribatuak aipatu ditudala, norbaitek daki zergatik ez zen jardunaldi hauetan hizlari gisa aritu Iñigo Argomaniz?

Laga

Donostiarrak, orokorrean, hondartzatik 200 metrotara dagoen edozein kultur jarduerara eramatea zaila dela ondo baino hobeto dakigu auzoetan aritzen garenok.

Baina, hiri honetan auzoak ere badira. Sare publikoan dauden kultur etxeen lana defendituko dut nik, bertan egiten baitut lan, baina badaude ere sare publiko horretatik at dauden beste zenbait eragile eta beren lana ere ezin da ahaztu. Eta askotan goraipatzekoa da.

Boga

Esanguratsuak Josean Muñozen hitzak: "Tabacalera ez da agertu Donostiako argazkian". Eta XX. mendeko argazkia zaharkitua geratu zaigu, postalak ez du jada balio hiri honek dituen gabeziak estaltzeko. Ea zer nolako XXI. mendeko argazkia egiteko gaitasuna dugun.

Sega

Donostia Kultura zer izango da 2010ean? Auskalo. Victoria Eugenia Donostiako Kultura Patronatuaren baitan geratuko da? Eta San Telmo Museoa? Jardunaldietan entzundakoak entzun ondoren, ezezkoan nago. Inork ez du garbi esaten, baina aldaketak bete-betean joko dio erakunde honi.

Arma

Bilbo. Egun hauetako apunteak gainetik irakurri ditut hau idatzi aurretik, baina Bilbora gehiegi begiratzen dugula dirudi. Tira: ondo da haruntz begiratzea, baina gure begirada, askotan, tratu bera eskatzeko da edo "puebloko" begirada da. Ezinbixi batena.

Donostian apenas zortzi hilabete daramatzan bilbotar bat ezagutu nuen aurrekoan. "Lasai", esan zidan, "zuen txanda da oraingoan. Bilbon jada ezin da gehiago egin".

Ah! Eta gustatu zitzaidan ondorengo hau: "zuek uste duzuena baino potentzial gehiago duzue". To. Eta no.

Tiro

Su-etena alkateak bakarrik aipatu zuen. Denok pentsatzen al dugu ba iraunkorra behin-betikoa dela-edo? ETA esistituko ez balitz bezala bizi al gara?

Askok esan izan du motxila horren pisua gainetik kentzerakoan gora egingo genuela ziztu bizian. Egia izango ote? Edo mitxelin gehiegi pilatu zaigu eta zaila izanen da aurrera egitea?

Pum

Asmatu beharko da. Hainbeste diru jokoan egonda, garaipenak bakarrik balio du. Eta internet garai hauetan azkar doaz gauzak, azkarregi denon gusturako.

Orokorra

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter