11 M, arratsaldea Hendaian
Hitzordua genuen atzo Thalassotherapie Serge Blancon. Gurasoei eginiko oparia bueltan etorri zaigu.
Duela egun batzuk deitu genuen eta atzo arratsalderako hartu zita. Nire poza, ordea, laburra izan zen. Igurtzi sensitiboa hartzeko txandetan ez zen agertzen nire izena eta, dirudienez, ezinezkoa zen arratsaldeko 17:00etan bi pertsonek bi masaje hartzea batera.
Gauzak lasaiago hartzen ikasten den garaira iristen ari naizenaren beste zantzu bat atzokoan: ez nintzen haserretu. Hurrengo ostegunerako hartu nuen hitzordu berri bat.
Sorkun bertan utzi, txamarra ondo lotu, goardasola zabaldu eta euritan ibiltzera atera nintzen Hendaiako hondartzaren pareko pasealekutik.
Itsasoko urak mugituta zeuden. Surfer jendea zebilen alde batetik bestera, baita ni bezalako paseanteak. Hiru ordu laurden paseoan aritu ondoren, taberna batean hartu nuen bière pression bat, baionarren errugbi taldearen partida telebistaz sintonizatuta zuen garagardotegian. Bi pantaila handi eta beste bi ttikiagoak, 80 metro koadro izango dituen tabernan. Ez dago gaizki!
Paseoan barrena ariketa zenbait jarri nion nire buruari: hortik datorren bikotea Hegoaldekoa edo Iparraldekoa da? Gutxitan egin nuen, baina inoiz ez nuen hankarik sartu. Mugan gaude, baina bakoitza alde banatan. Gutxi batzuk besterik ez alde bietan. Eta hori berehalakoan nabaritzen da, nahiz eta globalizazioak denok berdinduko gaituen.
Lerro hauek tabernako barran idatzi nituen atzo, Biarritz Olympique eta Munster taldeen artean iaz Anoeta Estadioan jokaturiko partidaren oroigarri gisa BOren jokalariek sinaturiko kamiseta bat parean nuela. Beharrezkoak dira horrelako saio gehiago. Aurten ere, oker ez banaiz apirilaren 2an, beste norgehiagoka bat jokatuko dute Miarritzekoek gure etxe santuan.
Bitxikeriak
Lerrook idatzi ondoren, aldamenean jarri zitzaidan Hegoaldeko hirukote bat. Tipoa Ducados paketea eskatzera ausartu zen.
Beste gauza bitxi bat, komunaren berri ematen zuen errotulua: "Qui, c´est ici!!!". (Bai, hemen dago).
Kaña bat: 2,80 euro. Iuffi!
Irunen
Irunera joan ginen gero: Hondarribiko eta Irungo Euskara liburua eta atera berria den Aguafuertes Vascas, Roberto Arlten kronika liburua erosi nituen Elkar Megadendan.
Donostian
Eraikuntza nazionalaren kalterako, Realak 0-1 irabazi zuen atzo A Coruñako Deportivo taldearen aurka. Ba zen garaia.
M-11: Bi urte igaro dira, zazpiehun eta hogeita hamar egun, eta batzuk oraindino "ez dakite" zeintzuk izan ziran atentatuaren egileak. Batzuk horiek, argi eta garbi, ez dakite galtzen.
Dep 0 Err 1: Agian eraikuntza nazionalerako txarra izango da, baina ... bizi gera!
Mugak: "Mugak desagertuko diren egunean totalitarismo unibertsala hedatuko da" (Joseba Sarrionandia. "Nabarra". 60.zkia. 2006ko mar.)