Beste ni
Baga
Euskal blogosferak notizia txar bi jaso ditu azken egun hauetan: Julen Gabiria eta Patxi Trapero blogariek agur esan dute. Ez dakigu noiz arte egongo diren isil-hizketa lantzen, baina bueltatuko direla uste dut. Gari bueltatu den bezala. Animo, mutilak.
Biga
Sarean erdi ezkutuan zeuden artikulu edo elkarrizketa batzuen itzulpenak igo nituen gaztelerazko blogera pasa den asteburuan. Hemen bildu ditut guztiak.
Higa
Astelehen iluntzean Kaukasiar Kreazko Borobila antzezlanaren errepresentazioan egon nintzen Egiako Kultur Etxean. Donostia Antzerki Saria eskuratu du Théâtre des Chimères eta Pok Produkzioak taldeen arteko elkarlan honek. Ia bi orduko lana ikusi genuen eta erdi zorabiatuta atera nintzen handik. Berezia da oso eta ikusteko aukera izan ezkero, ez alferrik galdu.
Laga
Asteartean, berriz, El filo de la hierba liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Anjel Lertxundik aurkeztu zuen 2005eko Euskadi Literatur Saria lortutako Harkaitz Canoren nobela laburra. Nahi duenak hemen du Lertxundik bertan irakurritakoa.
Boga
Canorekin jarraitzeko, ostiralean Paul Auster-i buruz hitz egingo du Ernest Lluch kultur etxean. Berarekin batera arituko da Juan Bonilla idazle espainiarra eta Alberto Moyano izango dute biek moderatzaile-dinamizatzaile. Ekitaldia 19:30etan izango da.
Sega
Ostiralean da, gainera, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketen klausura. Reala baino biziago iritsiko al gara astearen amaierara? Beste ni bat beharko dut?