Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

"Perdo...nada" fasea

Mikel Iturria 2006/03/10 08:00

Atzo ikusi nuen, aspaldiko partez, Vaya Semanita telebista saioa. Bost minutu labur izan ziren, baina barre algara batzuk bota nituen.

Sketch batean hilzorian agertzen da ezker abertzaleko kide den gizon bat. Haren semea alboan du, ospitalean. Gizonak bihotza beste pertsona bati emateko asmoa agertu du.

Halako batean, bi guardia zibil sartzen dira gelan. Semeak esaten die ea hain trantze gogorrean ere ez ote diren kapaz aita bakean uzteko. Ezetz, bikoteak, ez dela hori, lasai egoteko, eskerrak ematera datozela, aitaren bihotza guardia zibilen mando bati egokitu zaiolako.

Semea atsekabetatuta gelditzen da. Aitari esaten dio egoera hori ezin duela berak onartu, atzera botatzeko hartutako erabakia.

Aitak, berriz, ezetz. Heriotz bidean deskubritu duela bizitzan ustez hain garrantzitsuak ziren zenbait gauza, ez direla hain inportante.

Hurrengo eszenan mandoa hil denaren abisua ematen diete guardia zibiliei eta gelatik ateratzen dira korrika.

Aita-semeei bihotza jasoko duen hurrengo pertsonaren berri ematen diete. Aralarrekoa dela esaten diete ere.

"Ni-pa-dios!" edo antzeko zerbait esaten du aitak.

Guzti hau zertarako? Ez nuen grebarik egin atzo eta, zorionez, inork ez dit lanean aritzeko trabarik jarri. Baina denek ez dute berdin jokatu.

Ez dakit grebarekin duen zerikusia, baina goizean norbaitek olioa bota omen zuen Alde Zaharreko kaleetan. Askok estropezu egin zuen, nire ezagun bat tartean. Erori eta besoa puskatu, gainera.

Beste pasadizo bat bururatu zait: "¡Perdona, eh!" esan zuen emakumeak eta "perdo…nada" erantzun zion Juanitok.

Fase horretan segitzen dugu hemen: "perdo… nada" fasean.

Tutti tregua

Mikel Iturria 2006/03/06 08:00

Hemen izan nuen Salvatore Tutti izeneko tipo baten berri. Pasa den maiatzean izan zen hori. KMn ikusgai egon zen Artista Berrien XLI lehiaketan aukeratutako lanen inaugurazio-egunean. Beste arrazoi batengatik hurbildu nintzen hara eta ez nion kasu askorik egin Salvatoreren showari. Uste dut bera izan zela irabazle, gainera.

Pasa ziren egun batzuk. Bueltatu nintzen erakusketa behar zen bezala ikustera. Eta arreta gehiago eskaini nion artista honen lanari. Ausardiaz jokatzen zuela iruditu zitzaidan, probokazioaren eremutik gertu.

Beste egun batzuk aurreratu zen egutegia. Artelekura joan nintzen beste ekitaldi batera. Han ere ikusi nuen Salvatorek eginiko lanen bat. Edo arrastoren bat nonbaiten. Ez naiz oso ondo akordatzen.

Beste egun batean Arantxa Iturbek Euskadi Irratian aurkezten duen "Arratsaldekoa"n ostiraletako kolaboratzaile ere bazela konturatu nintzen.

Aste honetan jakin dut Ainara Hernandok eginiko elkarrizketa baten bidez (Noticias de Gipuzkoan argitaratutakoa) bere azken proiektu artistikoak the organization duela jomugan: "etatregua" du izenburua.

Esango nuke, gainera, honi buruzko zer edo zer ikusi nuela Artelekun pasa den udararen atarian.

"Artea beti, inkontzienteki, erakusketekin edo galeriekin lotzen dugu, baina ez du zertan horrela izan behar. Kalea ere sorkuntzarako gune bat izan daiteke".

"etatregua" jardueraren mekanika erraza da: jendeari galdetzea ea lelo hori duen kamiseta jantziko ote lukeen. Galdetzea eta erantzuna jasotzea. Kalean.

Jendeak horrelako ekintza bat probokaziotzat har dezake? "Badago joera bat arte modernoa probokazioarekin lotzen duena. Hori akats bat da".

"Arte garaikideak gizartearen arazoak azpimarratu beharko lituzke eta horretan saiatu naiz ni".

"Nire ibilbidea erabat artistikoa da. Eta hori lan egiteko moduan nabaritzen da, happening antzeko bat baita proiektua. Dena ikusentzunezko dokumental batean jasoko da gero".

Ez dakit probokazioa ote den, baina otutzen zait proiektu hau gauzatzeko tokiren bat edo beste. Happening bat izan daiteke edo hostia bat. Biak "h" hizkiaz hasten dira, baina ez dute bukaera bera.

Animo.

Oharra: Salvatore Tutti Lasarte-Orian jaio eta Bartzelonan bizi den Xuban Intxaustiren alter egoa da.

Euskal Herria eta Jamaikaren arteko talka

Mikel Iturria 2006/03/04 08:00

Berriak zekarren sueltoa atzokoan: Ferminek disko berria maiatzaren 4an aterako duela eta "Euskal Herria Jamaika Clash" izango duela izenburu. Metak disketxearen itxieraren ondoren, zain nengoen ea norekin ateratzeko asmoa zuen komandanteak eta bere kabuz aterako duela argitu du. Zigilu berriaren izena Talka Records izango da.

Sueltoa irakurri ondoren, hileko lehen egunetan Ferminek komunikatua plazaratzeko ohitura hartu duela gogoratu dut. Harenean ez dago RSSrik, ez dago harpidetzeko aukerarik, ez feed, ez e-mail eta norberak joan behar du noizean behin bisitan.

Eta joan egin naiz webgunera eta honekin egin dut topo:

Komunikazioa 030

Aupa lagunok:

Irungo Mosku auzotik idazten berriro ere. Jamaikan izandako azken egunak nahasketak burutzeko izan ziren, baita beste zenbait musikarien bisitak jasotzeko eta parte hartzeko egitasmoan. Benetan zirraragarriak U-Roy, Luciano, Masta Blasta eta Lisa Dainjah abeslariek buruturiko kolaborazio ezberdinak. Pasatako asteburuan Pariseko Translab estudioetan izan naiz masterizazio prozesua egiten Pompon Filkestein soinu ingeniariarekin eta dagoeneko, argitalpenaren inguruan zenbait datu eman ditzaket:

Izenburua: EUSKAL HERRIA JAMAIKA CLASH

Argitalpen data: 06/05/04 (Aurtengo maiatzaren 4ean izanen da kalean)

Disketxea: TALKA Records (Hona hemen nire marka berria, autogestioan bidea eginez)

Diseinuak lantzen ari naiz Carlos Undergroove lagunarekin eta aldi berean Jamaikan izandako esperientziaren inguruko dokumental bat ere prestatzen ari naiz.

Laster berri gehiago. Ah! Eta Kingstonen grabaturiko bertsioa, Kortatu taldearen "La Línea del frente" kantuaren reggae birmoldaketa da. 1986.ean idatzitakoa, 20 urte eta gero berbisitatua. MORE FIRE!

Besarkada handi bat:
Fermin Muguruza
Hurrengo komunikazioa: 06/04/01

Zorteko zu, Pilar Manjón

Mikel Iturria 2006/02/28 18:54

Noticias de Gipuzkoa periodikuaren gaurko alean izan dut Pilar Manjón andreak atzo Radio Euskadin egin zituen adierazpen batzuen berri.

Emakume hau M-11 biktimen elkarteko buru da. Zur eta lur geratu naiz ondorengoa irakurri dudanean:

"Asimismo, Manjón explicó que la presidenta de la Comunidad de Madrid, Esperanza Aguirre, le dijo que "tenía suerte porque los 10.100 euros" que recibió por el asesinato de su hijo "valían más que los de la lotería, porque no cotizaban a Hacienda".

Goizean zehar ez dut horri buruzko beste berririk jaso, ez dut beste ezer entzun. Hala ere, etxean, arratsaldean, Bloglineseko nire kontuaren bidez Terricabras filosofo kataluniarrak gaur idatzitakoa irakurtzeko aukera izan dut. Zita ez da berdin berdina, baina gauza bera adierazten du:

"Qué suerte tenía porque los 10.100 euros que me dieron por la muerte de mi hijo valían más que los de la lotería, porque no cotizaban a Hacienda".

Eitb.24 webgunean egon naiz begira, bila, zer edo zer aurkitu nahian. Elkarrizketaren berri hemen, baina hor ez dago Aguirreri buruzko aipamenik. Ez dakit beraz Radio Euskadin esan ote duen hori edo beste toki batean.

Googlek ez dit oraingoz inolako laguntzarik eman.

Dena dela hau idatzi dut. Normalean alderantziz izaten da: lehenengo euskaraz, gero gazteleraz.

Aguirreri buruz zer esan. Errespetuz idatzi dudala bere abizena: Aguirre, berak nahi duen bezala. Agirre jarri beharko nuke nire estilo liburuaren kontra? Ez. Ez dut egingo.

Aguirre: ez dago esperantzarik.

Zaloñaren harriak

Mikel Iturria 2006/02/26 21:51

Lagun batek harriak erditu zituen aurreko batean. Otsailaren 23an, gainera. Bere izena María Zaloña da eta notiziaren berri e-mail bidez eman zigun. Mezua eta harrien irudia nire harrikaden artean jartzea otu zait.

Musu bat, Marieta.

"Havia de ser el 23 F, dia de records xungos, però a partir d’ara tindrè alguna cosa a celebrar:

Ahir, a les 14 h 10’ vaig parir, es diu pedra, fa 120 mm de llargada, és de colors diversos, te moltes punxes i arestes, i li agradava donar-me la llauna.

S’ha acabat el calvari!!!!!!, al menys per ara. Sis anys inoblidables, però espero no reincidir.

Salut i molta aigua!!!

Us envio un record, dues perspectives del trosset que em quedava dins".

Basterretxea aitáren kontra

Mikel Iturria 2006/02/22 08:30

Nestor Basterretxea aitáz akordatu da Berrian.

Galdera: Txillidaz Oteizaz bezain oroitzapen onak dituzu?

Erantzuna: Ez. Nevadan (AEB) euskal artzainen omenezko eskultura egiteko lehiaketa irabazi nuen behin. Hori baino lehen, Larrea, Mendiburu eta hirurok bildu ginen, eta lehiaketa horretara aurkeztea pentsatu genuen. Txillidak gure asmoen berri izan zuen, bere agentearen bitartez. AEBetan zer edo zer egiteko aukera bazegoela jakin zuen. Hegazkina hartu eta han azaldu zen, gu hirurok ezer ez ginela esanez. Euskal eskultore bakarra bera zela esan zien amerikarrei. Oteiza ez zuen aipatu ere egin, jakina. Egunen batean Beste Txillida idatziko du norbaitek. Besteen gainetik gailentzeko, edozer gauza egiteko gai zen. Ahalegin biziak egin zituen gu erditik kentzeko. Faxista hutsa zen. Bere aita Molaren gizonetako bat izan zen Gipuzkoan. Jendeak ez zuen benetako Txillida ezagutu, ez daki nolakoa izan zen, edo bai, baina ez dugu memoria historikorik. Pena da, zeren memoriarik gabe ez gara ezer. Memoriarik gabe lehengo faxistak oraingo demokratak dira.

Irune Berrok eginiko elkarrizketa osorik

Goienkaria ekarri dit kopilotuak

Mikel Iturria 2006/02/20 08:30

Futbolaz idatz nezakeen apuntea, baina nahikoa da aipatzea aurreko batean Urliak esan zidana: eraikuntza nazionalari Athleticek eta Realak egin diezaioketen ekarpenik handiena, aurten biak eskutik agarrata bigarren mailara jaistea dela. Urliaren tesia betetzeko-edo, txuri-urdinek pauso polita eman zuten atzo bide horretan.

Utz dezadan futbola albo batera, baina Anoeta Estadiotik irten gabe. Neurri batean, behintzat. Izan ere, liburu trukean ibili ginen aurrekoan Kopilotua eta biok. Hark utzi zidana letu dut, baina oraindik ez diot itzuli. Nik utzitakoa atzo ekarri zidan bueltan.

Eta ez hori bakarrik: Goienkaria berrituaren azken hiru aleak pasa zizkidan. Mandatua fin bete du, beraz.

Autobusean, etxerako bidean, bistadizo bat eman nien hiru aleei eta produktua gustatu zaidala esan behar dut. Sari asko lortu ditu Europan zehar Goienkariak diseinuagatik eta Goio Aranaren azken lana ere fina da. Ez bakarrik diseinua: barruko kargamentua ere ez da makala.

Interneti inoiz baino lotuago nagoen bolada honetan, sekula egin ez nuena egin nuen duela zenbait aste: Argia aldizkariko harpide bihurtu. Ez dakit zergatik, baina aldizkari hori paperean irakurtzeko beharra neukan.

Inoiz ez dut pulamentuz jarraitu euskal komunikabideen erreferentzia den medio hori. Euskarazko prentsa irakurtzen Euskaldunon Egunkaria eta Irutxulorekin hasi nintzelako, besteak beste. Baina orain bai: orain Argia behar nuen etxean.

Eta ez nik bakarrik: Realak ere behar du. Nahiz eta horrela espainolago izan.

Amen.

Oharra: dena idatzi ondoren, Reala eta Athletic-en webguneen bila egon naiz. Loturak egiteko. Eta "Athletic.es da, Reala.com gara" idatzi dut. Baina ez: Reala .es ere gara. Eta Athletic .net ere bada.

Bigarren oharra: eskerrak ez nuen futbolaz idatzi behar...

EBK, emakume bakartien kluba edo

Mikel Iturria 2006/02/18 19:06

Lagun batek kontatu zidan aurreko batean amarekin gertatutakoa.

Ama alarguna du lagunak. 60 urteren bueltan dabilena. Kontatu omen zion lagun batzuk beste emakume baten etxera joan zirela. Ez dakigu zein izan zen aitzakia. Etxe berria edo berritua aurkeztea. Adibidez. Andreak etxea erakusten zien bisitan etorritakoei.

"Eta hemen gela txiki bat daukat. Sukalde argitsua daukat hementxe. Komuna alde hartan dago. Logelan beste komun bat jartzea aholkatu zidan diseinua egin zuenak, baina ezetz esan nion. Total, lan gehiago ez dut hartu nahi".

"Hau egongela da eta ondokoa nire logela. Sartu, sartu..."

Demagun horrela ari zirela.

Gonbidatuetako batek, lotsagabe samarra izaki, logelako armairua zabaldu omen zuen. Ez hori bakarrik: kaxoi bat ere bai eta... sorpresa!!!

Grazia dauka nire lagunak eta amak ez zuen esplizituki adierazi nahi zer aurkitu zuten bestearenean. "Bai… nola da… emakumeek erabiltzen dituzten gauza horiek". Nire lagunak, maltzurki, ez ulertuarena egiten zuen. "Bai, emakume bakartiek erabiltzen duten hori…". "Ah bai? Zu ere bakarrik bizi den emakumea zara: zuk ere erabiltzen duzu?" "Ene! Nik ez, besteek".

Kontsolagailua omen da emakume bakartiek erabiltzen duten hori.

Beraz, emakume bakartien kluba baino, emakume bakartien kontsolagailua.

Literatura, hizkuntza eta blogak

Mikel Iturria 2006/02/15 21:39

Bata Blogak eta Literatura izenekoa, datorren ostiralean, otsailaren 17an, izango da Ernest Lluch Kultur Etxean. Bestea, bezperan, Donostiako Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Alde Zaharreko San Jeronimo kalean.

Zehazki, Ibon Sarasolaren hiztegi berria

DK Literatura izeneko guardasola ireki berrian, ostegunean, Ibon Sarasola hiztegigilearen azken lanaz egingo dute berba egileak eta bi idazlek, Anjel Lertxundik eta Juan Luis Zabalak. Ezaguna da Lertxundi ere badela blogari eta Zabala periodista.

Joateko asmoa dut.

Blogak eta literatura mahaingurua

Sustatun agertu zenaz aparte, UEUren Literatura Saileko solaskideak, Edu Zelaietak pribatuan idatzitakoa ekarri nahiko nuke hona.

"Bistan da blogak eta literatura gogoko dituen edozeinentzat aproposa izan daitekeela mahaingurua. Horretarako, 4+1 formula hautatu da: lau idazle blogari eta moderatzaile blogari bat".

"Lehenik, idazle bakoitzak bere blogaren berri emanen du (nondik nora sortu, zergatiak...). Gero, moderatzaileak, gaur den egunean planteatzen zenbait galdera eta gai agertuko ditu, gonbidatuek beren iritzia eman dezaten. Azkenik, eztabaida publikoarengana zuzenduko da, edonork parte hartu ahal dezan".

"Erran gabe doa otsailaren 17koak blogosferan soka ekartzea ere izan litekeela bertze helburuetako bat".

"Eta, blogarien arteko kontu hauek mahainguru fisiko batean astintzea, ez al da kontraesankor samarra? Ez dut uste. Izan ere, mahaingurua ez da "informatikazaleentzat" bakarrik antolatu; are gehiago, (literatur) blogen berri ematea ere bada asmo nagusietarik bat, uste baino jende gehiagok oraindik ez baitu errealitate honen berri askirik".

Uste dut Eduk informatikazale baino, teknofilo adierazi nahi zuela.

Nahi baduzue, otsailaren 17an elkar ikusiko dugu. Lehenengo aldiz hartuko dut parte mahainguru bat moderatzen. Beti izaten da lehen aldi bat.

Algorta, Kontularien Kluba

Mikel Iturria 2006/02/12 13:31

Azken hilabete hauetan buruan nuen plana egiteko aukera izan nuen pasa den ostiralean: Algortako Kontularien Klubaren zuzeneko saio bat entzutea eta ikustea.

Ana Regalado Getxoko Kultur Etxeko liburuzainaren iniziatibaz, sortu zen 1996aren bukaeran. Eta gaur egun urritik ekainera saio bana egiten dute hileko bigarren ostiralean. Mekanika oso erraza da. Saio bakoitzak gai bat du eta kontatu nahi duenak izena ematen du hasieran. Regaladok txanda ematen dio bakoitzari. Eszenatokia oso apala da: tarima bat, kubo batzuk eta liburuak, nola ez bada.

Pepek kontatu zidanez joan den ostiraleko saioa inoizko luzeena izan zitekeen. 80 bat lagun elkartu ziren ipuinak entzutera. Horietatik 15 edo 16k kontatu zuten berea. Eguneko gaia amodioa izan zen. Batzuek liburu batean irakurritakoa kontatu ziguten, beste batzuek beraiek idatzitakoa. Denetarik badago ere, maila ona ikusi nuen. Meritua du hainbeste lagunen aurrean ipuin kontaketan aritzen denak.

Gehienak Getxo eta Bilbo ingurukoak dira, baina Pepe Perles Donostiatik hurbiltzen da ia hilabetero. Normalean, saioari amaiera ematea tokatzen zaio. Regaladok zioen bezala, "orain postrea dator". Pepek dio bera kontu hauetan dabilela asko gozatzen duelako eta zinez ez duela esan beharrik, erraz samar nabaritzen baitzaio.

Bertako batzuk A la luz de las velas taldeko kideak dira. Hemen ikus daitekeenez Bilborock aretoan aritzen dira hilean behin kontu kontari.

Bilbon ere, hileko azken ostiralean Cuarto de contadores iniziatiba dago Topaleku aisialdigunean.

Donostian badugu asmoren bat kontu hauekin. Datorren hilabetean hasiko gara Plus 55 egitasmoaren barruan, helduak formatzen.

Pepe Perles kontalariaren laguntzaz lortu ditudan zenbait erreferentzia:

Cuentistas

Guadalajarako Maratón de los Cuentos

Narrantes

Euskal Herrian, hasieran aipatutakoez gain:

Virginia Imaz eta Oihulari Klown.

Joxe Mari Karrere

Rai Bueno

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter