Eta bapatean, musika-emanaldi bakarra
Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, Ez ezetz & The UK ezin taldeak martxoaren 23an eskainiko duen "Eta bapatean" musika emanaldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Garaikur teknologikoen bila ero moduan gabiltzan honetan, Giorgio Bassmatti musikologoak amodioaren oda bat egitea erabaki du. Bai, amodioa, hain xinplea eta garbia den sentimendu hori, ikusezin diren kutxetan bidaiatzen duena eta masailean emandako musu batekin eros daitekeena.
Amodioak inguratuta gauzka. Autobus geltoki batean, goizeko lehen trenean irri egiten diguten begietan, norbaitekin hartutako kafe kikara batean, laguntza eske kalean gerarazi eta emozioz betetako esaldia botatzen dizuen emakume batengan: "Zuen amodioa betirako izan dadin".
Bai, amodioa zaharren kontu bat bihurtu da, baina Bassmattik horren aurka egin nahi du, hankak lurrean eta era erdi ezkutuan. Horregatik, taldearen izena, Ez Ezetz & The UK Ezin: handikeriarik gabe, estimua horrelakoa delako; konposizio xinple eta biluziak, pasioa tarteko; akatsak barne, bizitzaren edertasuna bertan dagoelako; pop ikuspegia beti presente, detaile elektronikoei muzin egin gabe (sexu eta arraza garbien aldekoa al da ba amodioa?)
Bere bizipenetatik abiatuta, eta etorkizuneko istorioak imajinatuz, Bassmattik irudikatutako izaki baten ibilbide musikal eta kronologikoa aurkeztuko digu, jaiotzatik heriotzaraino. Dena biguntasunarekin harilkatua. Pertsonaia horrek, bizitzaren hamarkada bakoitzean, maite-jolasak, pasioak, pultsioak, eroaldiak eta amodioaren gabeziak kontatuko dizkigu.
Ez pentsa kontzertua kontzeptuala izango denik, ez erabat behintzat. Euskaraz eginiko narrazio laburretan jasoko dira bizitza baten xehetasunak, fikziozko protagonistaren bizitza, pasioa eta bere gabezien bide nahasietan barrena.
Auskalo.
Edo porru eginda.