Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Loretopetik (VI) Korta eta Kontxa

Mikel Iturria 2006/09/22 11:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan irailaren 22an argitaratutakoa.

1890eko abenduaren 2an Ondarroa eta Donostiaren artean jokaturiko estropadaz aritu ziren Nora Sagarzazurenean joan den astean Alvaro Bermejo eta ezagutu ez nuen gonbidatu bat.

Aipatu estropadak, bi herrien arteko apustu latza, hautsak harrotu zituen Gipuzkoako kostaldean, eta donostiarrek zein ondarrutarrek zituztenak eta ez zituztenak ipini zituzten jokoan. Luis Carril patroi zutela irabazi zuen Donostiako koadrilak.

Anjel Lertxundik idatzi zuen aurrekoan estropada hitzari buruzko apunte etimologikoa eta estropadetako sesio giroarekin lotu zuen (estropua baita Iparraldean istripua). Oriotarrak idatzi zuen ere Hamaseigarrenean aidanez liburua, jokozaletasuna bizi zuen lagun batena, Urtainen aitaren bizipenetan oinarritua. Orain dela hogei urte irakurri nuen liburua, baina filma urte hasieran ikusi nuen Zarautzko Putzuzulo gaztetxean.

Oriokoa da ere hurrengo protagonista, duela gutxi erretiroa hartzekotan zegoen Jose Luis Korta. Kontxako hamalaugarren ikurrina irabazi berri du, Bautista Olidenen marka hobetuz. Bandera lortuz gero, Donostiatik Castrora joango zela arraunean egin zuen promes. Lehenengo etapan, eguraldia lagun, Ondarroara ailegatu zen lau ordutan. Hurrengo egunean, goizez, eguraldia kontra zuen eta ozta-ozta iritsi zen Lekeitiora. Astelehen goizean atera zen Lekeitiotik eta Euskadi Irratiko kirol solasaldian parte hartu zuen arraunari eragiten zion bitartean.

Castrora joan da, baina gutxi iraungo du bertan, agur esango baitio datorren hilean bertako prestatzaile izateari. Zurrumurruek diotenez, oriotarra Donostiako Badian egon daiteke entrenatzen hurrengo denboraldian. Hori gertatuz gero, zenbat mekaguendios eta zenbat "no?" entzungo diren inguru hauetan.

Bi galdera: baga, gai izango al da Korta hamabosgarren bandera koadrila donostiarrarekin irabazteko?; biga, hamaseigarrenean (aidanez) erretiratuko al da?

Presta daitezela hemengo alkatea, zinegotziak eta klubeko zuzendaritzakoak. Presta gaitezen gu ere. No?

Post Scriptum: apunte hau idatzita dago pasa den astelehenean. Orain Kortak dio urte sabatikoa hartuko duela. Atzo Kalaka telebista saioan agertu zen, Astilleroko patroi den Izortz Zabalarekin batera. Markos Zapiain ere bertan zen.

Ama eta Katixa: 2.0

Mikel Iturria 2006/09/21 12:00

Atzo bete zituen 69 urte nire amak (aitak 74 ditu jada). Eta atzo agertu zen berriro Katixa sarean, amak nahikoa da esan ondoren.

Haurrak handitzen doaz kantatu zuen Jabier Muguruzak, Xabier Leteren letra. Nik esan dezaket: "Gurasoak zahartzen doaz". Bitartean, Katixa bezalako jendea "on the road" dagoela ikusteak pozten nau.

Post Scriptum: Arratsaldean EH 2.0 Artelekun. Agertzeko asmoa dut.

Quantas Veroir aka Julia Cristina

Mikel Iturria 2006/09/19 08:00

Julia Cristina

Cris Monge gisa ere bada ezaguna.

Etengabeko prentsaurre egoeran

Mikel Iturria 2006/09/18 08:00

En castellano

Iñaki Anasagastik idatzi zuen joan den astean bere blogean kontu honetaz. Politikari jeltzalea besteengatik ari zen, batez ere garai bateko Euskadiko Ezkerraz eta egungo Batasunaz. Bere ustez, EAJk prentsaurreko gutxi deitzen ditu eta, gehienetan, halabeharrez, besteak baino gutxiago ez izateko.

Udal eta foru hauteskundeetarako zortzi hilabete falta direla, alderdi guztiek dute helburu hori jomugan. Zoritxarrez, etengabeko prentsaurre egoera ez da maiatzean amaituko. Jada instalatuta dagoen zerbait da.

Donostiako Udaletxera prentsaurreko batetara agertu naizen bakoitzean harritu egin nau bertan eserita egoten diren kazetarien jarrerak. Unibertsitate garaian irakasleari begira egoten ginen denbora gogorarazten dit. Hau da, irakasleak bota beharreko txapa botatzen zuen eta gu apunteak hartzen. Kazetariak beren eserlekuan jartzen dira eta mahaiburutik pasatzen diren hizlariei apenas erreparatzen dieten.

Donostiako Udaletxean dagoen prentsaurreko egoeraren errudun nagusia alkatea izango da, Diario Vascoren laguntzarekin. Kazetari izandako lagun batek esan zidan behin Diarioak jarri zuela periodista bat udal informazioaren jarraipena egiteko eta haren atzetik jo dutela gainerako komunikabideek.

Anasagastik egindako komentarioa gehiegizkoa zela uste nuen, baina Imanol Murua kazetariaren blogean irakurri dut ezker abertzaleak irailaren 13an ordubeteko tartean 7 deialdi egin zituela. Nor ausartuko da errekorra puskatzera?

Urdaci Herri Irratian?

Mikel Iturria 2006/09/15 08:00

En castellano

Ez da gaurko notizia, udako atarian entzun nuelako lehen aldiz, baina atzo irakurri nuen Berrian (eskerrik asko Loretxoa loturagatik) Alfredo Urdaci kazetari nafarra fitxatu duela zutabegile lanetarako Donostiako Herri Irratiak. Atzo enteratu ez nintzenez, ez nuen hartu bere garaian hartu nuen sorpresa.

Mariano Ferrer erretiratu zenetik gutxi jarraitu dut irratia. Badakit aldaketa asko egon direla, baina ez zait buruan sartzen fitxaketaren arrazoia. Ikuskizuna ematen duelako bakarrizketetan? Blogaria delako? Ansonen Ahora doako egunkarian idatzitako kolaborazioengatik?

Xabier Riezu Herri Irratiko albistegieetako zuzendariak esandakoak jaso ditu Urtzi Urkizuk:

"Urdacirekin probokatu egin nahi dugu. Geure burua irrati libre gisa ikusten dugu, eta aniztasunaren aldeko apustuaren barnean dago Urdaci hartu izana".

Ah! Hori da. Probokazioa! Horregatik bada, lasai. Escolarrenean irakurri genuen herenegun Hater blogariak harrapatu duela Urdaci bere burua laudatuz. Baina ez bere izena emanda, bere azken liburuari buruzko komentario anonimoa foro batean utzi nahian baizik.

Tristea da Herri Irratiak horrelako jendilajea aukeratzea zer esana emateko. Emisora hau iparra galduta dagoela dirudi.

Hater-en erantzunetan batek utzitako mezuak azaldu dezake gure ezinegona: "Lo que pasa es que a Urdaci le tenéis manía porque es vasco..."

Eraikuntza nazionala beste zerbait da

Mikel Iturria 2006/09/12 23:20

En castellano

Iñaki De Juanak hilabete baino gehiago bete du jada gose greban. 93 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Garan plazaratutako bi artikuluengatik. Merkeagoa dirudi norbait akabatzea iritzia ematea baino. Erabaki horren atzean agertzen den estatuak justiziatik gutxi dauka, mendekua baino ez du gustuko, heriotza zigorra du maite.

Iñaki Bilbaok urteak daramatza preso, baina Joxe Aranzabalek blogean azaltzen duen sentimendu bera izan nuen nik ere Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean izandako agerraldia telebistan ikusi nuenean.

Aste Nagusian Uliatik Zorroagara doan mikrobusa erre zuten. Igande arratsaldean, berriz, istiluak egon ziren Donostiako Bulebarrean. Autobus bat kiskalita ikusi dut argazkitan. Asko haserretzen naiz horrelakoetan ere. Herritarraren ipurdiak jasotako ostikoa baita Gobernuari begira emandako abisua.

Presoek jasaten duten tratua ez da zuzena, baina kosta egiten zait ezker abertzaleak deitzen dituen ekitaldietan agertzea. Eta horrelako jende asko ezagutzen dut.

Anoetako espiritua eta prozesua blokeatuta daudela dirudi. Espainiako Gobernuak ez du mugitzeko asmo handirik eta ezker abertzalearen inguruko jendea urduri dago.

Agur esateko azken aukera duina du ETAk oraingoan; Espainiako Gobernuak hartzen duen jarrera aparte utzita, erakundeak herri honi zor dio agurra. Min asko egin diolako eta sufrimendu gehiago sortzearekin ez goaz inora.

Eraikuntza nazionala beste zerbait da.

Gorkalimotxo

Mikel Iturria 2006/09/09 08:00

Egilea: Gorkalimotxo

Ederra. Ausarta. Freskoa. Naturala.

Alatristerekin hasi eta Lekunberrirekin bukatu

Mikel Iturria 2006/09/07 22:06

En castellano

Aurreko batean aipatu nuen ondo baino hobeto ibili dela abuztuan zehar Alberto Moyano kazetaria Gipuzkoako Orakuluan duen blogean. Pasa den ostiralean, irailaren lehenean, elkarrizketa bat argitaratu zuen periodikuan Alatriste filmari buruzkoa, espainiar zinemaren azken produkzio erraldoia.

Irungoa omen da Agustín Díaz Yanes zuzendariaren aholkularietako bat, Alatriste kapitainaren maisua arma kontuetan. Baina hori ez da filmak Irunekin duen harreman bakarra.

José Carlos Iribarren

Iribarren 1944an jaio zen Irunen eta XVI. mendeko armetan aditua omen da, Urgull Histórico eta Aranzadi elkarteetako kide izateaz aparte.

Ez dut ezagutzen baina xelebrekeri batzuk bota zituen. Adibidez:

"El teniente coronel Guerrero estaba muy impresionado por el hecho de que yo haya participado durante 35 años seguidos en el Alarde de Irun. Cuando un pueblo es capaz de poner a 8.000 hombres en armas, perfectamente encuadrados en compañías y bajo una disciplina que no procede de arriba, sino de abajo, igual que sucedía en los Tercios, es que se saben hacer las cosas".

Guerrero proiektuaren aholkulari militarra izan da, Armadaren Museoko zuzendariorde.

Alatrista baserria

Esan bezala, Iribarren ez da Alatriste filmarekin harremana duen irundar bakarra. Arturo Pérez-Reverte idazleak XVII. Mendeko Espainian kokatutako nobela sailaren protagonista den kapitainaren abizenak Irunen omen du jatorria. Abizen hori espainiarraren lehen editore mexikarra izandako Seatiel Alatristeri zor zaio.

Iribarrenek dio elkarrizketan, abizena galduta dagoela Europan, baina Mexikon eta Perun mantentzen dela.

Egilea: José Carlos Iribarren

Josetxo Riofrío Aizpurua

Baserriaren argazkia dela-eta, Alatriste filmarekin harreman zuzenik ez duen Josetxo Riofrío aipatuko dut orain. 1999ko udaberrian Irungo baserrien erretratuak atera zituen eta urte horretan bertan argitaratu zuen Irungo baserriak-Caseríos de Irun argazki-bilduma. Eta liburuaren 65. orrialdean ageri da Alatrista baserri berritua, antena paraboliko eta guzti.

Sarreran dio Josetxok, "mende honetan Irunen bideratu den hiri eta industria hedapenaren ondorioz baserri kopuru handia galdu da. XIX. mendearen erdialdean, gure hirian 370 baserri ageri ziren erregistroan. 1999ko udaberrian berrehundik gutxi gehiago soilik identifikatu ahal izan dira. Horietako batzuk, Altzukaitz baserria, esate baterako, argazkiak egin eta handik egun gutxira eraitsi egin zuten".

Ez bakarrik Altzukaitz. Gure baserria ere, Lekunberri izenekoa, handik gutxira bota zuten. Industriak, tailerrak, egiteko erabili baitzuten lurra.

Itxuraz hain urrutikoa zen istorioak etxera eraman/ekarri nau.

Riki Lopez gustatzen zait

Mikel Iturria 2006/09/05 17:00

Abuztuaren 16an ikusi nuen azken aldiz Riki López, Ondarroako Jaietan, Artabideko Plaza Gorrian (ez ginen 100 lagun hurbildu). Ezaguna da Euskal Herriko zenbait tokitan, askotan egon delako antzoki txiki eta tabernetan. Donostiako Poltsiko Antzerkian, 2005eko maiatzean, adibidez.

Orain, jende askok ezagutzen du. Zergatik? Espainiako saskibaloi selekzioko jokalariek haren kantu bat erabiltzen zutelako giroa berotzeko. "El busto es mío" du izena kantuak.

"Parafernalia. Cultura Skate" erakusketaren inaugurazioa

Mikel Iturria 2006/09/03 08:00

Ostiral arratsaldean inauguratu genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean "Parafernalia. Cultura Skate" izeneko erakusketa. 100 bat lagun bildu ginen areto nagusian. Ondoren, jaiak Atabal tabernan izan zuen jarraipena bi talderen kontzertuarekin: Kissin´Cousins (punk-rock, Bartzelona), Geriatric Youth (youth brigade, Lasarte-oria). DJ Kuolema aritu zen musika jartzen.

Erakusketa egunero bisita daiteke irailaren 23rarte (jai-egunetan izan ezik) 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera, 16:30etatik 20:30etara larunbatetan. Pinturak, diseinuak, argazkiak eta bideoak egongo dira ikusgai, Mikel Arbiza Goenagak gidatutako erakusketan. Asmoa da monopatina (objektua) eta skateboarding-a (tresna kontrakulturala) ezagutzera ematea ikuspuntu antropologikotik.

Hona hemen Nagore Irastorza, Irutxuloko Hitza egunkariko kazetariak, Mikel Arbiza eta Juanma Fernandezi ateratako argazkia.

Erakusketari buruzko informazioa gazteleraz, baita irailaren hasieran abiatuko den Street Zinema Jaialdiari buruzkoa, antolatzaileek elikatzen duten blogean.

Interesgarria da erakusketa eta Donostialdean, batez ere, mugimendu honen garapena adierazteko balio du. Jarraian prentsa-oharretik ateratakoa.

Eskuz margotutako oholak

Girl Skateboards konpainiako diseinugile grafikoa den Andy Jenkins estatubatuarraren "Anything can be a skateboard graphic" (Edozer izan daiteke skate-ko grafiko bat) izeneko proiektuan oinarrituta, erakusketaren hasieran Donostialdeko eta Bilboko hainbat diseinugilek, irudigilek eta street-artistek eskuz margotutako oholak erakutsiko dira: Fame (CU3), Batch (CMV), Panoly (ygh), Wallijai, Savage Girl, Naiara Goikoetxea, Iñigo Lorenzo, Iker Ayestaran, Santos Bregaña eta Juan Pérez Agirregoikoa.

Irungo Jart Factory-n egindako marrazkirik gabeko skateboardak oinarritzat hartuta, belaunaldi ezberdinetako patinatzaileen marrazki-lanak bildu nahi dira, guztiek duten zaletasunaren haritik: sormen artistikoa.

Gainera, erakusketaren logotipoa kamisetetan eta oholetan serigrafiaren bidez estanpatuta erakutsiko da sail honetan, diseinu grafikoko Edición Limitada estudioaren laguntzaz.

Tutti Pazzi records diskoetxearekin elkarlanean

Lasarte-Oriako patinatzaile beteranoa da Juanma Fernández, Tutti Pazzi diskoetxeko koordinatzailea eta 80ko hamarkadako skateboard-oholen eta materialaren bildumagilea. Lehen aldiz egiten den erakusketa honentzat ekarpen handia da ohol-bilduma zabal eta baliotsua (skatearen giroko grafiko mitikoak dituztenak). Izan ere, erakusketaren helburua gazteenei skateboardingak edo patinetak historian zehar atxikita beti izan duen izaera kontrakulturala erakustea baita.

Gainera, bere bilduma pertsonaleko aldizkari-sorta zabala, zapatilak eta osagarriak erakutsiko dizkigu Juanmak, baita Pushead (makarra-estilo berezia duena) izenarekin ezagutzen den artistaren material originala eta skate-rock musika-estiloko LP saila ere. Tramankulu eta objektu horiek guztiak erakusteko instalazio bat egingo da, nerabe baten logelak izan dezakeen estetikaren itxurazkoa, baina museoen testuingurura moldatuta. Eta Juanma bera izango da, irailaren 1ean (inaugurazioaren egunean) Atabal tabernan izango diren kontzertuen arduraduna.

Peru Izeta: eskuz egindako bi monopatin

70eko hamarkadako surfer tradizioari jarraiki, garai bateko patinaje-jarduerarako bi skateboard egin ditu Peru Izetak. Diseinugile grafikoa eta web diseinugilea da, asmatzailea, musikaria eta artista bereziki, artisau-lan freskoa eta xehetasunez beterikoa ekarri digu oraingoan.

Irudi izoztuak vs. sekuentziak mugimenduan

Argazkigintzari eta bideogintzari eskainitako atalak dira "Parafernalia" erakusketaren garrantzizko beste atal batzuk. Skateboardingaren hedapenean ezinbestekoak dira bi jarduera horiek eta, gainera, patinatzaileen sormen-iturri emankorrenak izan ohi dira, modu autodidaktan orokorrean. Bertako argazkilarien (Lance, Mikel Arbiza, Javi Cobo, Alex Mosterin) zein kanpotarren (Richard Gilligan irlandarra) lanak erakutsiko dira.

Erakusketara hurbiltzen denak azken hiru hamarkadetako bideo mordoa ikusi ahal izango du ordenagailuan, eta gainera USB memoria bat eramanez gero, beretzat ere kopiatu ahal izango ditu.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter