Los Ágaros taldea gogoratzeko eguna
Duela aste batzuk inauguratu zuten Okendo Kultur Etxeko eraikin zaharrean Ayestaran anaiei buruzko erakusketa bat: Oharra: artistak ez du bisitarik nahi. Maiatzaren 8a arte dago bertan ikusgai.
Un día para recordar a Los Ágaros, este apunte en castellano.
Anaien artean ezagunena Popotxo izan zen, Orquesta Mondragón taldean egindako ibilbideagatik. Beste biak Iñaki (Txiki) eta Jesus (Jesusín) ziren.
Hiruren lanak gorde ditu Mayi Ayestaran ahizpak. Emakume hau ezaguna da Realeko belar hockey taldeko alma materra izana delako. Instituzio bat eremu horretan.
Erakusketak 1950 eta 1960ko hamarkadetako familia ugariko pisuei egiten die gorazarre. Joxean Muñoz eta Cheli Lanzagorta komisarioen hitzetan, «erakusketak Ayestaran anaien marrazkigintzari eta margogintzari begiratzen dio, omen egiten die kultur asmo askoren sorburu izan ziren etxe haiei, eta artea plazer eta premia hutsez egiten duten guztiei».
Inaugurazio egunean, Frantxis Lopez Landatxek esan zidan Ayestaran-Amunarriz familia Groseko San Frantzisko kalean bizi zela, Ortiz-Estévez sendiaren etxetik gertu. Hots, Javier Ortizen jaiotetxetik hurbil.
Goian aipatutako bi komisarioez gain, Ricardo Aldarondok ere jokatu du bere rola dena posible egiteko. Adibidez, bera izan zen Los Ágaros taldeari buruzko kontzertu-hitzaldia gidatu zuena. Eta berak gidatuko maiatzaren 6an Orquesta Mondragóni buruzko beste mahai-inguru bat.
Los Ágaros taldea lau lagunek osatu zuten 1960ko hamarkada hasieran: Antonio eta Alejandro Pro, Iñaki Ayestaran (bateria) eta Miguel Ángel Chua Vega (baxua). Pro anaiak bertan aritu ziren zuzenean, baterian Oriol Flores eta baxuan Carlos Subijana (Donostiako beste musikari mitiko bat) alboan zituztela.
Beñat Parrak kronika egin du Irutxulo Hitzan. Ezquiagak ere idatzi zuen DVn. Ni ez nintzen bertan egon, baina ostiral arratsaldea aprobetxatu nuen bideo hau ikusteko.
Egia esatea nahi baduzue interes berezia nuen auzoko pertsona bat ikusi nuelako argazki batean. Eta bera Antonio Pro da, kasualitatez.
Goian aipatutako Beñaten kronikaz gain, Jon Garziak sinatu zuen 2020ko maiatzean Aitzindariak izan ziren artikulua Irutxulon.
Badago ere nabarmendu beharreko beste pertsona bat, Jose Luis Olabeaga musikazalea. Garai hartako taldeak biltzeko gaitasuna, gogoa eta denbora izan duena.
Mahai-inguruan Antonio Pro gitarra erritmikoa da gehien hitz egiten duena. Alejandro gitarra solistak ere esaten ditu hainbat gauza, baina gusturago dago isilik anaiak dioena entzuten, gero errematea egiteko.
Bien artean 300 kanta baino gehiago konposatu eta grabatu dituzte, instrumentalak gehienak. Interesa baduzu, jarri Antonio y Alejandro Pro zure gustuko plataforman.
