Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Loretopetik (III) Heriotzari buruz

Mikel Iturria 2006/07/20 08:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan uztailaren 20an argitaratutakoa.

Fernando Muniozguren euskaltzalearen alde zapatuan Eibarren egin zen ekitaldi alaiaren berri izan ondoren, jakin dut Balentxi ostiralean Kontxan igeri egiten zuen bitartean hil zela. Eta heriotzaren inguruan idaztea erabaki dut.

Hilabete hasieran minbiziak akabatu zuen emakume baten omenez egindako kontzertuan egon nintzen. Urte batzuk eman ditu borrokan, nahiz eta erasoak gorputzaren zati begi-bistakoak lapurtzen zizkion. Heriotza gertatu baino hamabost egun lehenago, bisitan joan zitzaion nire lagun bat ospitalera. Eta etsia hartu gabeko pertsona, lanera joateko planak egiten ari zen betiko emakumea aurkitu zuen. Alabak 17 urte bete zituen egunean zendu zen. Kontzertuaren egunean, ardo botila birekin egin genuen topa bertan bildutako 17 lagunok, batzuk artista ikustera joandakoak, besteak hildakoarekin zuten harremanagatik hurbildutakoak.

Muniozguren ere minbiziak eraman du. Juan Luis Zabalak eta Anjel Lertxundik Ibon Sarasolarekin San Jeronimo kaleko sotoan urte hasieran izan zuten solasaldian ikusi nuen azkenekoz. Ez zuen ekitaldi guztia agoantatzerik izan eta hanka egin zuen amaitu aurretik. Blog bat ere sortu zuen gaixo zegoela.

Balentxi apaiz heterodoxoarekin harreman gutxi izan dut. Gustuko zuen gauza bat egiten hil zen eta hori gogoratzen zuten batzuk Karmen egunean Alde Zaharrean. Bere omenez egingo dira ekitaldi bat baino gehiago, elizetan eta toki hauetatik kanpo.

Enterru, bataio, jaunartze edota ezkontza egunetan zapaltzen ditut elizak. Errutina da nagusi apaiz nekatuek hil berri den pertsonari buruz moldatzen dituzten saio gehienetan. Kristaua den lagun bati komentatu nion aurrekoan kontzertuan egon nintzela eta ospakizunaren zentzuaz egin genuen berba. Burua astindu zuen berak, Elizan ere enterrua ospakizuna dela ihardetsiz, kristau komunitateak hildakoari eskaintzen dion agurra. Hala izango zen jatorrian, zalantzak ditut gaur egungo praktikari begiratuz gero.

Bitartean, Donostiako Udalak ez du aurreikusita toki itxi publikorik enterru zibilak egiteko (edo oker nabil?). Laster, Eibarren esaten duten bezala, kura laikuak beharko ditugu ekitaldi zibikoetan aritzeko. Horra hor lanerako aukera berria.

Oharra: Artikulua bidali ondoren irakurri dut Consuelo Ordóñezek Balentxiren aurka idatzitakoa.

Medikuak eta igurtzilariak

Mikel Iturria 2006/07/16 20:08

En castellano

Dena ondo bidean, astelehenean lanean egongo naiz. Oporrak hartu aurretik, astebete pasa dut etxean lunbalgiarekin (bizkarreko minez nahi baduzue) eta orain bost egun ditut beharrean. Ez dut jakin nahi nola egongo den bihar nire korreoa…

Pasa den astelehenean joan nintzen medikuarengana. Ez zidan bajarik eman. 24-48 orduz egoteko geldirik, deskantsuan. Horrela egon nintzen, baina ez zen mina sendatu. Berriro joan nintzen medikuarengana asteazkenean eta, orduan bai, baja eman zidan. Astelehenean ziatika nuela izan zen bere diagnostikoa. Inflamazioari aurre egiteko pilulak hartzeko egunean hirutan.

Diagnostikoak ez ninduen asebete. Inoiz ez naiz pasa den igandean bezain gaizki egon, baina ez da lehenengo aldia antzeko koadroarekin egon naizena.

Denok dugu konfiantzazko igurtzilariren bat gertu eta hari hots egin nion astelehen arratsaldean. Pintzamientoa izango zela honek telefonoz, baina ostegunera arte ezin zuela ni hartzeko tarterik egin. Beroa jartzeko mindutako zonaldean. Medikuaren esanak baztertu eta kasu egin nion igurtzilariari. Nola edo hala pasa dut astea eta ostegunean jaso nituen masajeak.

Baga

Igurtzilariak zuen arrazoi.

Biga

Nola bota ditzakete zenbait medikuk hain erraz diagnostikoa?

Higa

Zergatik Osakidetzan ez dago igurtzilaririk?

Laga

Nola pasa dezakete batzuek hainbeste denbora bajan edo zer egin behar da medikuak baja-agiria luzatzeko, emateko? Nire medikuarekin zaila dago kontua.

Bigarren urtebetetzea

Mikel Iturria 2006/07/14 17:04

2004ko uztailaren 14an esan daiteke publikatu nuela hemen lehenengo apuntea, Herri Irratitik erretiroa hartu berria zuen Mariano Ferrer kazetariari buruzkoa.

Geroztik, 280 apunte inguru bota ditut lur honetan eta euskarazko baratzeari, gaztelerazko zatia gehitu nion beste lagun baten etxean urte honen hasieran.

Ez dakit noiz arte egongo naizen. Oraingoz gustura nabil eta hori da garrantzitsuena.

Datorren astean oporrak hartuko ditut eta horrek izango du eraginik blogean. Hau da, blogari ere oporrak emango dizkiot uztailaren 22tik aurrera.

Ondo pasa.

Dylan gustuko duzu?

Mikel Iturria 2006/07/12 13:58

Gazteleraz

Denok dakizuen moduan, atzo egon zen aukera Donostian Bob Dylan ikusteko. Bakearen aldeko kontzertua. Ni ez nintzen joan, izorratuta nagoelako, besteak beste; baina, egia aitortzeko, ez nuen joateko asmorik.

Kontzertua zela-eta, Bob Dylani buruzko solasaldia egin zen uztailaren 4an Okendo Kultur Etxean.

Zenbat jende joan zen atzoko ekitaldira? 10.000 lagun? 30.000 lagun? 50.000 lagun? Berdin zait. Asko.

Badakizue zenbat jende joan zen pasa den asteko ekitaldira? 60 lagun juxtu-juxtu. Interesatzen zaigu Dylan? Edo atzoko jarduerak kontzertua ez den beste kategoria hartu du? Ez erantzun.

Badakit denok oso lanpetuta gaudela, ez dugula denborarik gauza guztietara iristeko, baina hiruzpalau musikari kenduta, apenas zegoen Donostiako musikaririk aretoan.

Besteak beste, Rodrigo Fresán idazlearen ezagutza entziklopedikorik gabe geratu zineten. Udazkenean aterako baitu Dylanen kantzionero guztia gazteleraz, 1200 orrialde inguruko liburutzarra, kantak itzultzeaz aparte, garaia jorratuko duten oharrekin.

Esango didazue gustuko duzuela Dylan. Barkatu, barretxoa aterako zait.

PPkoen gauzak

Mikel Iturria 2006/07/10 14:10

Gazteleraz

Nahi baino beranduago nator kontu honekin, baina ideia burutik kendu ezinik nabilenez, hobe idatziz jartzea eta hor kopon.

Batasuna eta PSEren delegazioen bileraren ostean, María San Gilek komunikabideak deitu zituen esateko, besteak beste, historikoa zela zita eta Hendaian Francok eta Hitler-ek izandakoarekin parekatu zuen.

Txundituta utzi ninduen aipamenak, besteak beste, egun batzuk lehenago Mayor Oreja jefe ohia Francoren diktaduraren kontra egiteko gai izan ez zenean Europan (hau ez zen batere harrigarria izan).

Egun bat lehenago, Mari Carmen Rubiok,Donostiako Udaleko zinegotziak, komunikabideak deitu zituen proposamen baten berri emateko. Udaletxean ospatzen diren ezkontzetan musika zuzenean egon zedila aldarrikatu zuen Rubiok, Musika eta Dantza Eskolarekin hitzarmena sinatzea proposatuz.

Hasieran, egun berean eginiko adierazpenak zirela uste nuen. Ez da horrela izan eta, esan bezala, egun bateko aldea dago batetik bestera. Dena den, zure jefea deabrua datorrela esaka dagoenean, zu atera zaitezke lasai prentsaurrean esatera zuzeneko musika behar dela ezkontzetan? Bistan da baietz.

Ez dut ezer ulertzen.

Etxebizitza duinaren alde Bartzelonan

Mikel Iturria 2006/07/05 08:00

Pakoren Ugrafias blogetik hartuta

Pasa den igandean Bartzelonan etxebizitza duinaren alde eginiko manifestazioaren amaieran bota zuten bideoa da. Hitz egiten dutenak eserialdian parte hartzen dutenak dira. Soinu banda Jaume Sisaren kantu zahar bat.

Debatamos blogean ere argazki gehiago

Paz de Corralen hitzaldia famili biolentziari buruz

Mikel Iturria 2006/07/04 08:30

En castellano

Ekainaren 28an Psikologia Fakultateko irakasle honen hitzaldi batean egon nintzen, Ez zara inoren panpina erakusketa zela-eta antolaturikoa. Paz Corralek, Enrique Echeburua irakaslearekin batera, urteak daramatza biolentzi mota hau aztertzen.

Lehenengo aldia zen horrelako hitzaldi batera joaten nintzela eta apunte batzuk hartu nituen. Hona hemen esanguratsuena.

Encuesta de Población Española: 2002ko datuak

Inkesta honetan 20.552 elkarrizketa egin ziren. Guztira, 18 urtetik gorako 15.028.000 emakume ziren une horretan.

Tratu txarrak jasotzen zituztela % 4,2k aitortu zuten (640.000 emakume lirateke).

Ez zuten bere burua horrela ikusten, baina teknikoki sintoma guztiak zituzten tratu txarrak jasotzen zituztela esateko:% 12,4 (1.865.000 emakume).

Bikotekidea bai, semeak ere bai

Normalean bikotekidea da, baina inkesta horren arabera semeak ere ageri dira txatu txar emale gisa (% 14a).

Lehen gertaera noiz

Araba eta Bizkaian tratamendu psikologikoa jasotzen zuten 164 emakumeen artean, noiz izan zen lehen gertaera galderari horrela erantzun zioten:

% 21, ezkongaietan
% 53, ezkondu ondorengo lehen urtean
% 14, ezkondu ondorengo 2-5 urteko tartean
% 12, ezkondu ondorengo 5 urtetik gora

Bataz beste, 10 urte pasatzen dira tratu txarrak jasotzen hasten direnetik laguntza bila joan arte. Gutxitzen ari da, hasiera batean, 12 urteko media baitzegoen.

Ez eman inoiz "banandu!"ren antzeko kontseilu azkarrak. Lehenengo eta behin, emakumea babestu: beldurtuta daude, mehatxatuta, hil ditzakete.

Distortsio kognitiboak

Maitasunak dena ahalbidetzen du.

Pertsona ona da eta, azken finean, maite nau.

Edaten ez duenean, beste pertsona bat da

Ezkontzen garenean, jeloskor izateari utziko dio

Banandu garenez, akabo prolema

Ondorioak seme-alabengan

Pazek zioen oso jende helduarekin egin duela topo, jende argia, superbibienteak. Ez dute zergatik biolentoak izan behar. Noski dela arrisku-faktorea, baina badaude beste babes-faktore batzuk ere.

Zergatik gara gizonok tratu txar emale

Ikertzaile orok egiten duen galdera. Teoria asko omen dago, datuak falta dira, baina ausartu zen gauza batzuk esatera:

-Desagertu ez den kultura matxista dago oraindik puri-purian.

-Disimuloan. Etxeko lanak konpartitzeko kultura falta da. Ez dugu gizonok asumitu, ezta emakumeek ere.

-Heziketa falta: manerak.

-Komunikatzeko gaitasun falta.

-Sentsibilitate falta.

-Nortasun ezaugarri jakinak: bat-bateko erreakzioak ez kontrolatzeko joera.

Dylan datorrela-eta

Mikel Iturria 2006/07/02 20:37

Gazteleraz

Datorren asteartean, uztailaren 4an, arratsaldeko 19:30etan, Donostiako Okendo Kultur Etxean Bob Dylan abeslariaren letren inguruko solasaldia antolatu da. Iñaki Zarata kazetariaren ondoan, Sabino Méndez eta Rodrigo Fresán arituko dira.

Ekitaldia Dk Literatura programaren barruan antolatu dute Donostia Kulturak, Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak eta Aula de Cultura DVk.

Jakina da Dylanen etorrerak Donostia inguruan hurrengo egunetan sortuko duen zalaparta eta interesgarria da a priori mahai-ingurua.

Méndez ezaguna da Loquilloren bandako letrista izateagatik honen urterik onenetan. Taldea utzi ondoren, diskoren bat argitaratu du, baina gehiago izan dira publikatu dituen liburuak, azkena Hotel Tierra dietarioa.

Fresán, berriz, Bartzelonan bizi den argentinar idazle todoterrenoa dela esango nuke. Ez dut haren lanik irakurri, baina kolaborazio asko egiten ditu komunikabide idatzietan. Hona hemen duela gutxi eginiko elkarrizketa luze bat.

Fresán ari da (edo aritu da) Dylan-en letrak itzultzen gaztelerara. Nonbaiten irakurri nuen uztailean publikatuko dela lan hori, baina ez dakit hori horrela izango den aipatu elkarrizketan itzulpena nola doan galdetuta botatzen duen erantzuna irakurri ondoren:

"Complicado. Cansador, además. Hubo una cosa que yo no calculé cuando acepté el encargo. Cuando yo lo acepté dije «Bueno, me voy a arrepentir un año, pero si digo que no me voy a arrepentir toda la vida». Pero lo que yo no calculé de ningún modo es que cuando algo que te gusta, te da mucho placer, se convierte en trabajo cambia un poco el signo. Tomé distancia, digamos. El trabajo se hace mucho más arduo. No estoy sólo haciendo la traducción sino contando un poco. Tiene notas al pie, o un aparato de notas al final de cada uno de los discos donde se cuenta la historia de la canción, cómo la compuso, de dónde vino, comentarios de otros músicos sobre las canciones. Como dicen, es un Labor of Love".

Esan bezala, ez du itxura txarrik. Okerrik ezean, hantxe egongo naiz ni. Hau da, mahai-inguruan, uztailaren 11n Landarbasora joateko gai bainaiz jende oldea ekiditeko.

Portzierto, programa horren barruan ere badago beste ekitaldi bat uztailaren 6an, Kirmen Uribek eta Xuan Bellok egingo duten irakurraldia Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean). Kasu honetan, arratsaldeko 19:00etan.

Sanmartzial arratsaldea Irunen

Mikel Iturria 2006/06/30 22:43

En castellano

Bazkaltzera joan gara Irunera. Sorkunek eta biok, nire gurasoekin, Munantxo jatetxean. Gauza batek deitu dit atentzioa han barruan nengoela: bi urteko neskato bat kantinera jantziekin danborra jotzen. Alarde tradizionalekoak ziren gurasoen koadrilakoek ez zioten kasurik egiten. Normala. Hamabost urte barru irudikatu dut neska hori egoera berberean. 17 urteko neskari utziko al liokete berdin jokatzen? Gaur egunean ez, hamabost urte barru espero dut baietz.

Bazkaldu ondoren, alardea ikustera joan gara. Ez naiz entsaio-garaian Irunen egoten eta kolpe latza hartu dut alarde berdinzalekoak Kale Nagusitik pasatzen ziren bitartean beste alardeko jarraitzaile askoren irainak eta oihuak entzuterakoan. Eskerrak Balzaren gizon-emakumeak bertan zeudela. Hori da ibilbidearen tramorik gogorrena.

Beraz, Kale Nagusiaren sarreran ikusi ditut lehenengo aldiz desfilean. Ondo, harro, pozik. Denak pasa ondoren, Junkal Elizara daraman maldan ikusi ditut berriro, plazatik sartzen eta ateratzen. Iñaki Altube agurtzeko aukera izan dut. Gustura zegoen. Gero eta jende gehiago biltzen dela, gero eta hobeto pasatzen dutela.

Gorako bidean zihoazela Iker Pou eskalatzailea zegoen nire parean, neska batekin. Harridura aurpegia jartzen zuen kontrako jarrera zuten neska gazteen piurak ikusterakoan. Normala.

Zabaltza plazara joan gara, Colon ibilbidetik. Enparantzan koadrilako lagun bat agurtu dut. Beste alardearen etorrera itxoiten ari zen bera. Juan Etxenike eta batxilergoan nirekin egondako pare bat ikaskide ohi ere saludatu ditut. Trago bat hartu dugu alardeak martxa abiatu aurretik.

Gipuzkoa hiribidetik gora joan da txilibito eta danbor hotsa. Gu, Colon ibilbidea zeharkatu ondoren, Luis Marianotik San Juan plazara hurbildu gara. Bidean jada jubilatuta dagoen lehengusu bat eta bere emaztea agurtu ditut. Goizean lanean egon naizela esan diot, ea nork pagatuko dion berari jubilazioa bestela. Andreari ez zaio gustatu broma.

Ioana ikusi dut San Juan plazan. Jai hartu duela esan dit. Hantxe despeditu ditugu konpainia guztiak, txalo artean. Bukatzeko, trago bat Kabigorrin.

Bertan nengoela amaren deia jaso dut. Bere lehengusu bat ospitaleratu behar dutela. Etxera joan behar izan gara. Lerro hauek Donostian idatziak dira. Amaren lehengusuaren berririk ez dut oraingoz.

Beste mezu batek goibeldu dit kopeta gaurko goizean. Lo-ren sms-ak zioen: "Gixane jun egin da". Pena hartu dut. Gutxi ezagutzen nuen emakumea, baina on puska zela esango nuke. Gixane, mezu hau ere zuretzat.

Bihar zapato azule Ondarroan.

Loretopetik (II) Sedukzioa eta prestigioa

Mikel Iturria 2006/06/28 08:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan ekainaren 28an argitaratutakoa.

John eskoziarra Glasgow-koa da. 1990. hamarkadaren hasieran etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Bergarara. Bere ustez, Espainiara zetorren, eguzkiaren, flamenkoaren eta zezenen eremura. Bergaran pare bat urtez egon ondoren, Donostiara etorri zen. Beti ingeles irakasle gisa.

Glasgow-n pasa zuen uda batean, Malagako Lola ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen duela 10 urte, Andaluziako ekain beroan, koadrodun gona eta artilezko galtzerdiak soinean zituela. Kordobako herri batean bizi ondoren, Malaga, Lisboa eta Caracas izan ziren bikotearen hurrengo geltokiak.

Venezuelan jaio zen familiako ttikiena, Jack. Hango giroa semearentzat egoki ez zela iritzita, Suitzako Geneva ingurutik gertu bizi dira orain, herrixka batean. Ekainaren hasieran etorri dira hiruzpalau egun pasatzera eta ordu erdiz egon nintzen beraiekin.

Jack ondoan nuela bururatu zitzaidan nire (gertuko) familian ez dagoela inor Gipuzkoatik kanpokoa dena, baina ume honek hiru pasaporte ditu: britainiarra, espainiarra eta venezuelarra. Amak ere esaten zuen: "nongoa den galdetzerakoan hamar minutu beharko ditu gizajoak esplikazioak emateko".

Hau da lehen mailako globalizazioa, paperduna.

Aste bukaeran Ondarroan egon naiz. Igande arratsaldean ordubete pasa dugu Alamedan eserita, kafe bat hartzen, kontu kontari. Denbora tarte horretan ume aljeriarrak, nigeriarrak, senegaldarrak, pakistandarrak, uruguaiarrak, txinatarrak… ikusi nituen jolasean.

Euskal Herria kolorea hartzen ari da. Denak erdi-lehengusu ginen garaiak pasatzen ari dira. Globalizazioak, adituen hitzetan, identitate-paradigmen aldaketa dakar, besteak beste.

Luix Baringarrementeriak ekainaren 15eko zutabean Atabal tabernan egitekoa zen Arnaldo eta Mariaren enkontruaren berri ematerakoan, Otegiri hartutako hitzak erabili zituen. Konfrontaziotik sedukziora. Etorkinei begira ere berdin jokatzea izango litzateke kontua. Seduzitu ditzagun.

Hori bai, Manuel Delgado irakasle kataluniarraren hitzak ahaztu gabe. Delgadoren gurasoak Bartzelonara joan ziren bizitzera eta "70. hamarkadan, gurasoek katalana ikastera eramaten ninduten. Zergatik? Kataluniako kulturaz enamoratu zirelako? Ez, seme katalan hiztunak errazago lortuko zuelakoan lana gizarte hartan". Beraz, sedukzioa bai, baina prestigioz blaitu dezagun gure kultura.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter