Txuri-urdinak txapeldun Sevillan
Ez naiz Sevillan egon aste bukaeran. Besteak beste, ezin nuelako. Baina nahi izanez gero ere, ez dut uste joango nintzenik: goi mailako kirol eta kultur jarduera (ebento) horiek zer bihurtu diren gustuko ez dudalako.
La Real Sociedad se trae su cuarta Copa a casa, este apunte en castellano
Atzoko partidaren inguruan irakurri dut antolaketa eskasa egon zela, 25.000 ikusle zeuden lekuan 15.000 lagunentzako edukiera zuen fan zone-a (zaleentzako gunea), prezio izugarri garestiak, eta abar, eta abar.
Realaren kanpoko partidak auzoko taberna batean ikusten ditut eta atzo ere plan berbera egin nuen, gertuko lagunez inguratuta afaldu bainuen bertan.
Sufrituta irabazi zuen Realak eta guk ere ederki sufrituz gozatu genuen.
Realarekiko zaletasuna ez zitzaidan etxetik etorri: ume mokoa nintzela Arconada, Zamora, Lopez Ufarte eta enparauek irabazitako bi liga haiek izango zuten zerikusia.
Gero etorri zen Kopa irabaztea Zaragozan Atletico Madrilen kontra 1987an, 1-0 galtzea Bartzelonaren aurka urtebete beranduago Madrilen, 1992an bazkide bihurtzea, 2003an ia liga irabaztea, 2007an Bigarren Mailako hiru urteko zeharkaldia gainditzea, Lehen Mailarako igoera 2010ean, Championsa 2013an eta 2023an, eta abar, eta abar.
2021eko apirilean, pandemia tarteko, 2020ko Kopa irabazi zuen Realak bostehun lagunen aurrean Sevillako Cartuja estadioan Athleticen aurka. Atzo, aldiz, 25.000 lagunen bultzada izan zuen zelai barruan.
Esan bezala, bigarren aldia da Realak Kopa irabazten diola Atletico Madrid taldeari. Hirugarrena, hobeto esanda, 2019ko maiatzean Zaragozan eskuratu baitzuen garaikurra emakumezkoen taldeak.
Eta hementxe gaude, poz-pozik. Izan ere, futbolaren inguruan gauza nazkagarri asko baitaude, baina baita beste zoragarri batzuk ere.

