Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Eraikuntza nazionala beste zerbait da

Eraikuntza nazionala beste zerbait da

Mikel Iturria 2006/09/12 23:20

En castellano

Iñaki De Juanak hilabete baino gehiago bete du jada gose greban. 93 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Garan plazaratutako bi artikuluengatik. Merkeagoa dirudi norbait akabatzea iritzia ematea baino. Erabaki horren atzean agertzen den estatuak justiziatik gutxi dauka, mendekua baino ez du gustuko, heriotza zigorra du maite.

Iñaki Bilbaok urteak daramatza preso, baina Joxe Aranzabalek blogean azaltzen duen sentimendu bera izan nuen nik ere Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean izandako agerraldia telebistan ikusi nuenean.

Aste Nagusian Uliatik Zorroagara doan mikrobusa erre zuten. Igande arratsaldean, berriz, istiluak egon ziren Donostiako Bulebarrean. Autobus bat kiskalita ikusi dut argazkitan. Asko haserretzen naiz horrelakoetan ere. Herritarraren ipurdiak jasotako ostikoa baita Gobernuari begira emandako abisua.

Presoek jasaten duten tratua ez da zuzena, baina kosta egiten zait ezker abertzaleak deitzen dituen ekitaldietan agertzea. Eta horrelako jende asko ezagutzen dut.

Anoetako espiritua eta prozesua blokeatuta daudela dirudi. Espainiako Gobernuak ez du mugitzeko asmo handirik eta ezker abertzalearen inguruko jendea urduri dago.

Agur esateko azken aukera duina du ETAk oraingoan; Espainiako Gobernuak hartzen duen jarrera aparte utzita, erakundeak herri honi zor dio agurra. Min asko egin diolako eta sufrimendu gehiago sortzearekin ez goaz inora.

Eraikuntza nazionala beste zerbait da.

etiketak: Harrikadak
patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/09/14 21:59

Batzuk oraindino ez dira enteratu su-etenean gagozala, edo ez dabe gustuko egoera hau, edo lehenaldira itzuli nahi dabe. Ezker abertzale zati handi batek ilegalizauta segitzen dau, arrazoi barik. Epaile batzuk jo eta ke dihardute batailatxoak asmatzen eta uritarrak atxilotzen arbitrarioki. "Euskal gazteriak" tinko jarraitzen dau kalean suagaz jolasten. ETAkide horrek epaile horreri egindako mehatxuak ikusi eta entzun ahal izan ditugu...

Lehengo egunean, Jokin Muñoz idazle beti zorrotzak Bolañoren autogola nahiago izeneko artikulua argitaratu eban "Berria"n. Joseba Zulaikaren "ETAren hautsa" liburuaren harira etorren artikulua, eta zehazki Zarraren ez-gola famatuaren harira: Telmo Zarraonaindiak Atletikegaz Malagari parkatu eutsan gola gogorarazten dau Zulaikak bere liburuan eta eredutzat hartzen dau bake prozesuari begira, Malagaren atezain hura lurrean minez egoanez Zarraren eskuzabaltasuna eta parkatzeko gaitasuna azpimarratuz.

Muñozeri, baina, Zarraren keinua harroputzarena iruditzen jako, eta beste bide bat proposatzen dau: Golak parkatu baino, geure buruari gola egin, geure erabakitzeko gaitasuna muturreraino eroanez, independentzia keinu moduan. Bolaño dalako horren berbetan: "Mi experiencia como jugador de fútbol nunca fue del todo comprendida ni por los espectadores ni por mis compañeros de equipo. A mí siempre me pareció más interesante marcar un autogol que un gol. Un gol, salvo si uno se llama Pelé, es algo eminentemente vulgar y muy descortés con el arquero contrario, a quien no conoces y no te ha hecho nada, mientras que un autogol es un gesto de independencia."

Josu martinez
Josu martinez dio:
2006/09/13 01:47

Kaixo,

Niri iruditzen zait, Iñaki Bilbaorenak ez daukala nondik oratu eta horrelako jokabideak ez daukala zer ikusirik kuraiarekin eta duintasunarekin. Errespetuz, burua joan zitzaiola esango nuke.

Komunikabide handiek (ikusten denez) gerra mediatikorako txorakeria txikiena baliatzen duten honetan, arduragabekeria iruditzen zait "borroka armatua jarraituko dugu" esatea. Hori Iñaki Bilbaok berak erabaki du unilateralki? Ez da ari ETAri kalte egiten bere iritzia eta mehatxuak publikatzean? Horregatik bota zituzten Pakito ta konpainia (euren iritzia kontrako zeinukoa izan arren).

Hala ere, pena da honetaz berbetan jardutea. Ze horixe bilatzen zuten komunikabideek, guk honetaz berba egitea eta eskandalizatzea.

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2006/09/14 00:08

> Hala ere, pena da honetaz berbetan jardutea. Ze horixe bilatzen zuten komunikabideek, guk honetaz berba egitea eta eskandalizatzea.

Nik ez dut horrela ikusten, Josu. Pena da zenbait gauza gertatu izana, ez horietaz idaztea. Kasu honetan, Mikelek idatzi du, zuk erantzun diozu, tajuz erantzun ere, eta besteok aberastu egin dugu geure ikuspuntua zuon iritziak irakurrita, inolako eskandalurik gabe. Hor konpon zenbait komunikabidek dituzten asmoak.

Bestela, onartu beharko genuke PPren tesia, zeinaren arabera ezin baita autodeterminazioa defendatu, ETAk berak autodeterminazioa defendatzen duelako. Besarkada bat bioi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter