Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Zumiriki eguna

Mikel Iturria 2020/03/09 21:55
Oskar Alegriak egin duen bigarren film luzea da «Zumiriki». Punto de Vista (Ikuspuntu) jaialdian proiektatu zuten pasa den astelehenean eta zinemaldiaren azken egunean, martxoaren 7an, bigarren proiekzioa egon zen «Zumiriki egunaren» baitan.

Duela hainbat aste gonbidatu ninduen Oskarrek eta, mezu trukaketa errepasatzerakoan, konturatu nintzen 11 mezu zeudela postontzian. Bost batenak, sei bestearenak.

Oskarren hitzetan, 150 naufrago elkartu ginen bazkalorduan Iruñeko Geltokin (deskubrimendu bat niretzat). Erdiarekin beste hainbeste mezu trukatu bazituen, zer esanik ez gonbidatu eta joan ez zirenak aintzat hartuz, gustatuko litzaidake jakitea zenbat mezu pilatu diren Alegriaren postontzian.

Ziklismoaren lengoaia erabiliz, kontrol-itxiera 14:00etan genuen, baina beste ordu erdi bat behar izan genuen bazkaltzen hasteko.

16:15ean abiatu zen Baluarten Amagoia Gurrutxaga eta zinemagilearen arteko proiekzioaren aurreko solasa. Ikus uztail amaieran Berria agerkarian kaleratutako bien arteko elkarrizketa hau: «Arbolak imitatzea da gure erronka». Solasaldia proiekzioaren aurretik jartzearen arrazoia seguruenik izan zen iluntzean bertan Alegriak Siberia aldera bidaiatu behar zuela, 2019ko irailean Veneziako zinemaldian abiatutako bideari jarraipena emateko.

Zumiriki (ibaiaren erdian dagoen irla Jesus Alegria aitaren hiztegiari kasu eginez gero) urpean dago gaur egun, baina zazpi makal (zuhaitzak) azaleratzen dira oraindik. Nagusi, Adarra, Txima Luze, Galtzerdi, Lehorra, Seigarrena eta Eskeintza arbolei begira eraiki zuen 2018ko hasieran oraindik zutik mantentzen den etxola, baina egunen batean urak irentsiko duena.

2018ko udaberrian eta udan grabatu zuen materiala

Oskarren txikitako zorioneko paisaia hartan murgildu da; zorionekoa haur garaiko udako oporrekin lotuta baitago.

Lau hilabeteko egonaldian ahotsa galdu zuen (erabiltzen ez diren ahalmenak galdu egiten baitira). Giltzarik gabe, dirurik gabe, nortasunik gabe. Bi oilo eta baratza. Baita zibilizaziotik eramandako txokolatea eta 70en bat liburu ere.

Behi bat eta hainbat animalia basati ikusiko ditugu filmean zehar.

Pertsonak ere ageri dira: ibaiaren beste aldeko errepidetik pasatzen diren txirrindulariak, neskatoren bat, kanoa baten gainean ibaitik barrena paseoan etorritako gizonezkoa.

Filmaren hasieran txertatu ditu Pirinioetako artzain zahar batzuk, laurogei urteko langa pasatuta mendiko etxolan azken gaua Oskarrekin eta bere kamerarekin igaro zutenak.

Eta 1956ko André Madré jeneralak kolorez egindako Gure sor lekua dokumentaleko irudiren bat ere azaltzen da. Euskarazko lehen film luzea, guregana audiorik gabe iritsi dena. Bitxia Oskarrek lau naufrago edadeturi pelikula horretako paisaia bati soinua jartzeko orduan eginiko eskaera eta horren emaitza.

Euskara. Ume garaian egunero Artazu inguruko bi gizonezkoren arteko solas haiek. Francisco Albistur eta Vicente Barberia.

Horiek buruan iltzatuta geratu zaizkidan film honetako hainbat irudi. Baina askok egin zidaten ihes eta berriro ikusi nahiko nuke, zinema areto batean ahal dela; etxean bestela, Filmin edo antzeko plataforma batean filma ikusgai paratzen dutenean.

Sartu bainaiz jada gauzak behin baino gehiagotan ikusi edo irakurtzen den edade horretan eta Oskarrek filmatzea bitan bizitzea dela esan zuen Iruñeko aurkezpenean.

Gogoratzea recordar da gaztelaniaz eta latinez recordis bihotzetik berriro pasatzea da. Tira, hori lortu du Oskarrek: gure bihotzean geratzeko egina baitago pelikula hau.

El día «Zumiriki», este apunte en castellano.

Galdetu Bezos jaunari ea WhatsApp fidagarria ote den

Mikel Iturria 2020/03/01 11:25
Osoitzen toot bat irakurri nuen Mastodon-en eta hortik sortu da gaurko apuntea.

Ikusten duzuenez, Osoitzek bertan aipatzen du Politicoren albiste bat. Kanpoko komunikazioei dagokienez, Europar Batasuneko Komisioak Signal mezularitza programa erabiltzea jakinarazi diela bere langileei.

Hainbat gorabehera izan ondoren hartu du Komisioak (Europar Batasuneko gobernua finean) erabakia eta laster zehaztuko omen du zibersegurtasun estrategia berria.

Beste albiste baten lotura ere nabarmentzen du Osoitzek. Duela aste batzuetakoa da eta bertan Nazio Batuen Erakundeak WhatsApp ez duela erabiltzen dio.

Erabaki hori hartzeko tenorean Bezos (Amazon) eta MBS (Saudi Arabiako printze ahalguztiduna) afera dago oinarrian. Munduko bi boteretsuen arteko auzia da eta agian ez zaigu gehiegi interesatzen, baina kontatu dutena egia bada, interesgarria da oso.

Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printzeari 2018an AEBetako botere-guneetan zeharreko bira antolatu zioten irudia garbitzeko (Yemengo gudan egindako txikizioak zikintzen zuten gizona). Bertan ezagutu zuten elkar Bezosek eta MBSk.

Amazoneko zuzendari exekutiboa da Jeff Bezos eta duela hainbat urte The Washington Post egunkaria erosi zuen. Munduko gizonik aberatsena, Forbes-en arabera.

Printzearen etsaietako bat Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarra zen. Zergatik zen arriskutsua MBSren begietara? Hiru arrazoi: disidentea zen, ondo ezagutzen zuen Saudi Arabiako errege-gortea (bertan lanean ibili zelako, besteak beste) eta Washington Post egunkarian idazten zuen. Erditik kentzeko erabakia hartua ei zuen MBSk.

Elkar ezagutu ondoren, telefono zenbakiak trukatu zituzten eta 2018ko maiatzean WhatsApp mezua bidali zion Bezos ahalguztidunari printzeak. Honek klik egin zuenean, tranpan erori eta Saudi Arabiak hartu zuen telefonoaren kontrola.

Handik gutxira, Khaxoggi-ren lagun baten telefonoa ere hackeatu zutela dio The Guardian-ek. Omar Abdulaziz zuen izena eta hurrengo asteetan zehar Saudi Arabiak bien arteko mezu asko atzeman ei zituen.

Gogoratu 2018ko urriaren 2an sartu zela Khaxoggi kazetaria Istanbulgo kontsuletxean paperak berritzera eta bertan erail zutela printzearekin lotura zuzena zuten hainbat lagunek.

Jarraitu dezagun Bezosekin. 2019ko urtarrilaren 10ean The National Enriquer izeneko tabloideak argitaratu zuen txutxu-mutxua; hots, kazetari batekin zuela ezkutuko harremana. Dirudienez, emaztea une horretan bertan enteratu zen aferaz.

The New York Times-en arabera, 2017ko irailean izan zuten bilera bat Saudi Arabian MBS eta David Pecker jaunak, AMI korporazioko buruak. Korporazio hau da The National Enquirer komunikabidearen jabea. Pecker Trump-en gertukoa omen da (Trump-ekin orainaldia ez da inoiz finkoa, askotan haserretzen baita gertuko jendearekin).

Diotenez, MBSren zirkuluak Bezos-en telefonoa atzemandakoan izan zuten Lauren Sanchezekin zuen harremanaren berri eta beraiek filtratu zioten The National Enquirer-i.

Tira.

David Fernàndezek hilero La Directan plazaratzen duen zutabea ere irakurri dut astean zehar. Bartzelonan bertan behera geratu den Mobile World Congress du aipagai Davidek. Zutabearen gainean Marta Peiranoren esaldi bat dago itsatsia: «El preu de qualsevol cosa és la quantitat de vida que ofereixes a canvi» (Edozein gauzaren prezioa eskaintzen duzun bizitza-kopurua da).

Marta Peiranoren liburu bat bukatu dut aste honetan. «El enemigo conoce el sistema» (Etsaiak ezagutzen du sistema). Liburuaren aurkezpen biran El Saltok eginiko elkarrizketa honen lerroburuak laburbiltzen ditu gauza asko: «Internet no es el problema, la extracción de datos es el problema» (Internet ez da arazoa; arazoa datuen erauzketa da).

Gogoratu WhatsApp (eta Instagram) Facebook-enak direla. Gogoratu.

Amaitu dezagun kanta batekin. René-k (Calle 13) bere depresioari buruz idatzitako abestia igo zuen ostiralean bertan sarera. 22 milioi ikustaldi ditu une honetan bideoak.

Preguntadle a Bezos qué tal con WhatsApp, este apunte en castellano.

P.S.: 2013ko otsailaren 28an hil zen aita. Martxoaren 1ean, handik ordu batzuetara, Fleya de Ugalde. Biei eskaintzen dizkiet lerro hauek.

Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu

Mikel Iturria 2020/02/22 11:30
Altzako Kiroldegiko obran gertatutakoaz irakurri dut prentsan. Behin eta berriro errepikatzen den egoera da. Enpresa handiek prezioak bota, azpikontratengana jo, soldatak jaitsi, zorrak pilatu langile, ostatu zein inguruko tabernekin, eta abar.

Ostiral goiza. Etxeko atarian dut astero bezala Irutxuloko Hitza, baita Gipuzkoako Hitza ere. Irutxulok azalean dakarrenari erreparatzen diot: «Iruzurra Altzako kiroldegiko lanetan».

Azpian: «Altzako kiroldegiaren eraikuntza lanetan irrregulartasun larriak salatu ditu ELAk. Azpikontrataturiko 'enpresa pirata' batek soldatak zor dizkie horko hamarnaka langileri».

Azken egunetan Twitter-en irakurri ditut gai honi buruzko hainbat txio, baina ez dut orain arte lasai gaiari buruz pulamentuzko ezer irakurtzeko aukerarik izan. Hau da, ez dudala klik egin inongo tokitan albiste eta datu gehiago irakurtzeko.

Altzako kiroldegia obretan. Argazkia: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza)

Argazkia: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza).

Iñaki Agirrek sinatzen du albistea. Ea lerro batzuetan laburbiltzeko gai naizen.

Kiroldegia berritzeko lanak «udalak gehieneko aurrekontuak ezartzen zuena baino ia lau milioi euro gutxiagogatik esleitu zien obra Acciona eta Altuna y Uria enpresei: 12.441.731,70 eurotan».

ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak, Igor San Josek, zera dio: «Accionak eta Altuna y Uriak oso proposamen merkea aurkeztu zuten, eta puntuaziorik onena jaso zuten horregatik».

Beraz, «Kiroldegia prezio horretan eta Gipuzkoako hitzarmena betetzen eraikitzea ezinezkoa dela jakinik, Aldi Baterako Elkarteak (ABEEak) azpikontratengana jo zuen».

Paragrafo hauek:

«Altzako kiroldegiaren obran bi azpikontrata sartu ziren, eta horietako batek, Colaper enpresa galiziarrak, iruzur sistema eraginkor bat muntatu zuen hor. Langileak estatuko beste zonalde batzuetan bilatzen zituen, Ponferradan eta Madrilen batik bat, eta hauei baldintza jakin batzuk eskainiz (1.800 euroko soldata, hamalau paga, etxebizitza, otorduak…), Donostiara etortzeko konbentzitzen zituen. Askok, soilik telefonoz izan zuten harremana haien nagusiarekin, bere aurpegia sekula ikustera iritsi gabe».

«Lanean hasi eta zenbait astera, ordea, langileek argi ikusten zuten jasotako baldintzek ez zutela zerikusirik haiei aurretik promestu zietenarekin, eta gatazka pizten zen. Haien nagusia, baina, ez zen inondik ageri, eta ez zituen euren eskaerak erantzuten. Egoera horretan, eta etxetik urrun, langileek obra utzi eta haien herrietara bueltatzea erabakitzen zuten, zor dieten dirua inoiz berreskuratuko ez dutela asumituta».

«Abuztuaz geroztik, Colaperrek hamar bat langileko lau kuadrilla ekarri ditu obrara, bata bestearen atzetik».

Zera gaineratzen du San Josek: «Obra hasi zutenetik, soilik soldaten zati txiki bat ordaindu diete langileei. Zentzu horretan, orain arte egin den lan guztia ia dohainik atera zaie».

Irutxuloko Hitzak horietako baten testigantza jaso du: Fuenlabradatik urtarrilean etorritako Felix Llorente garabilaria.

Zorrak ez dituzte soilik langileekin pilatu, baita inguruko taberna eta ostatu batzuekin ere. Oraindik ez dago sarean, baina paperean Carrasco Tabernako Pili Veigarekin ere hitz egin zuen Iñaki Agirrek.

«Urtarrilean amaierako 3.671 euro zor zizkidaten, eta otsailagatik, berriz, 2.500 euro baino gehiago. Gaia atera zenean, ABEEkoek (Acciona eta Altuna y Uria) urtarrileko zorra ordaindu zidaten, baina lotsagarria iruditzen zait nola hainbat hedabidetan esan duten jada zor guztiak ordaindu dituztela».

Veigak zehazten du «ez ditut janik gabe utziko, inolaz ere ez, hori gizagabea izango litzatekeelako. (...) Auzoko jendea oso nazkatuta dago kontu honekin. (...) Jendeak ikusten du langileen joan-etorri handia dagoela, eta gainera obrak ez du aurrera egiten. Azken urteetan inguruko saltoki piloa itxi dituzte. Auzoa hiltzen ari dira. Horregatik, kiroldegiaren proiektuak Altza animatzeko nolabaiteko itxaropena eman zigun».

Parentesia zabaldu. Fidel Vicente lankidea (ez zen plantillakoa, baina etxekotzat genuen) hil zenean, hileta Tomasene eta Casares kultur etxeen alboan dagoen Altzako elizan egin zuten, kiroldegitik gertu dagoena. Ez nintzen sartu elizara, baina kanpoan eremua hesituta zegoen, amiantoa aurkitu zutelako bertan. Ongi etorri mezua helarazi zien elizan sartu zien kanpotarrei Javier Hernaez apaizak eta egoera hori gogorarazi. Parentesia itxi.

Ostiralean bertan Noticias de Gipuzkoan irakurri dut enegarrenez atzeratutako Donostiako AHTaren geltokiaren obraren lehiaketa nork irabazi duen. Eskaintzarik onena Moyua, Comsa eta Cycasak egin dutela dio albisteak. Hori bai, «el montante final ascenderá a unos 80 millones de euros, con una rebaja del 17% respecto al precio de licitación, fijado en 97 millones, IVA incluido». 

Altzako eta beste hainbat obretan bezala (Anoeta Estadioan ere makina bat komeria izan ziren) oraingoan ere bertan lanean arituko diren langileek eta beren familiek pagatuko dute obraren zati bat lan baldintza kaskarrekin?

De cómo los obreros pagan las obras del polideportivo de Altza, este apunte en castellano.


Egoera urduriak

Mikel Iturria 2020/02/16 09:50
Urtarrilean irakurritako liburu bati dagokio izenburua. Aste honetan Zaldibar inguruan gertatutakoak hizpide.

William Davies irakasleak idatzitako Estados nerviosos (Egoera urduriak) liburua irakurri nuen urtarrilean. El Salto Diarion Pablo Elorduy kazetariak eginiko elkarrizketa batengatik iritsi nintzen bertara.

Davies-en tesia liburuaren azpitituluan jasota dago: Cómo las emociones se han adueñado de la sociedad (Emozioak nola jabetu diren gizarteaz).

Davies-ek dio Ilustrazioaren ondoren mendebaldeko gizartearen zutabe izandakoak kolokan daudela egun. Gobernuek erabakiak hartzeko orduan estatistika eta, batez ere, adituen autoritatea gainbehera daudela. Gaur egun ez du inporta zer gertatu den benetan, baizik eta jendearen pertzepzioa, gizarteak sentitzen duena. Eta egoera horri etekina ateratzen populismoak dira abilenak.

Emozioen kudeaketa hori, sare sozialen garai histeriko honetan, oso garrantzitsua bihurtu da.

Argazkia: Aritz Loiola (Foku) Berriarentzat.

Liburuko hainbat kontu izan dut buruan duela hamar bat egun Zaldibarko zabortegiko lurrek autobidea blokatu eta bi pertsona irentsi zituztenetik.

Handik hiru bat egunera, suhiltzaile bati irakurri nion Twitter-en hauxe izango zela gure Prestige. Hasiera batean gehiegizkoa iruditu zitzaidan konparazioa, baina ikusirik agintariek zer gaizki egin dioten aurre krisiari, jada ez dakit zer esan.

Ez dut gertu-gertutik jarraitu egun hauetan gertatutakoa, baina harrigarria egiten zait Erkoreka bezalako hain eskarmentu handiko politikari batek Anbotoko puntan ateratako argazkia igotzea larunbatean sareetara (ostegun arratsaldean izan zen Zaldibarkoa). Edo Urkullu lehendakariaren haserre aurpegia kazetari baten galderari erantzuteko orduan astelehen arratsaldean. Segundo asko behar izan zituen bere tonua errekuperatzeko.

Que dice Urkullu que no va a ir a Zaldibar porque se lo digan en twitter...
No merecemos este lehendakari.
Él periodista de @garanet @gara_iiriondo primero en preguntar por el tema de interés. pic.twitter.com/t89CxCntB2

— Igor Meltxor (@IgorMeltxor) February 10, 2020

 

Astelehen horretan, Urkulluk hauteskundeak aurreratu zituen apirilaren 5erako eta hau kanpainaren zentralitatean egon daiteke. Aspaldian ez nituen ikusten jeltzaleak hain gainezka, datorrena aurreratu beharrean besteek markatutako erritmoan dantzan arituz.

EITB Focus delakoaren emaitzak plazaratu ziren ostiralean. Luizia gertatu aurretik egindakoa da, baina kosta egiten da pentsatzea EAJk gora egingo duenik gauzak dauden bezala. Nahikoa lan emaitzak mantentzearekin.

EiTB Focus (13F): el PNV 🍇 ganaría las elecciones en Euskadi con gran ventaja.

--

EITB Focus (13F): EAJk 🍇 abantaila handiarekin irabaziko lituzke hauteskundeak Euskadinhttps://t.co/EqNRLwPZK9 pic.twitter.com/ZnVTzb93X3

— electomania (@electo_mania) February 13, 2020

Askoz ere posibleago iruditzen zait Juanjo Domínguez politologoak plazaratutako estimazioa.

Primera estimación electoral para las elecciones autonómicas en #Euskadi c/ @eajpnv, @ehbildu, @PSOE, @populares, @PODEMOS y @VOX_Congreso #demosgerman pic.twitter.com/nbRHTr0iLD

— Juan José Domínguez (@juanjodom) February 14, 2020

Hor PSOE da egoera honetan hoberen ateratzen dena, nahiz eta jeltzaleekin batera hainbat erakundetan lanean ari aspaldian.

EAJri ez zaio inoiz interesatu koalizioan gobernatu behar zuela iragartzea eta PSEk ere ez du ahalegin handirik egin koalizio horren parte dela aldarrikatzeko. Beraz, hipotesi hau ez da baztergarria batere. 👇🏼 https://t.co/Jmx1DlVaE4

— Katixa Agirre (@katixagirre) February 15, 2020

Egia da oraindik asko gelditzen dela apirilaren 5era iristeko. Baina lan handia egin beharko du EAJk egoera honi buelta emateko, zeren ostiral arratsaldean kaleratutako haizearen kalitateari buruzko emaitzek ekarri dute, besteak beste, igande arratsaldean Ipuruan jokatu beharreko Eibar eta Realaren arteko partida atzeratzea. Eta hor jada gaiak Euskal Herria eta Espainia gainditu eta nazioartera egin du salto.

Egoera baretzeko Jaurlaritzako goi kargu honen moduko adierazpenek ez dute batere laguntzen.

Dieron la rueda de prensa "para transmitir prudencia y tranquilidad" por la contaminación del vertedero derrumbado. Pues solo les faltó gritar: "¡Vamos a morir todos!". pic.twitter.com/RyLt5Tf569

— Ander Izagirre (@anderiza) February 15, 2020

Ezta zabortegia ondo ezagutzen zuen garraiolari honen adierazpenek ere.

Eta txio hau ere...

EAJ-PNVk salatzen du ETAko buru izandako Aitor Elizaranek (@ElizaranAitor) gure batzokiak erasotzeko eta gure alderdikideak jasartzeko kanpaina sortu eta abian jarri duela, bere gizarte sareetan jasota dagoen legez. pic.twitter.com/mIwicOry0F

— EAJ-PNV (@eajpnv) February 12, 2020

Estados nerviosos, este apunte en castellano.

Hegal egiten (IX)

Mikel Iturria 2020/02/09 10:40
Azkar joan da astea eta gauza batzuk utzi nahi nituen idatziz blogean. Politika, kultura, lan mundua, kirola.

Aste honetan albiste izan da Nazio Batuen Erakundeko haur pobreziaren errelatoreak Madrilen aurkeztu dituela Espainian zehar egindako bisitaren ondorioak. Bi aste hauetan ikusitako gabezia batzuk eman zituen ezagutzera.

Egun batzuk lehenago Sanchez Espainiako presidenteak Ernesto Gasco izendatu zuen Haur Pobreziaren kontrako goi mandatari. Uste zabaldua zen Gasco Madrilera joango zela sozialistek gobernua berritu ondoren, baina ni harritu egin ninduen izendapena eremu horretakoa izateak.

Pobrezia dela eta ez dela, atzo txiokatutako egoera bitxi bat.

Etxegabetu batek egunero egiten du lo auzoko kutxazain batean. Diru bila joan naiz gaur eta periodiko piloa zituen lurrean botata. Bera ez zegoen. Lerroburu batek deitu dit atentzioa. pic.twitter.com/5YLeGdDoZ4

— Mikel Iturria (@iturri) February 8, 2020

Astean zehar ere egon da beste ezusteko bat Donostiako sozialisten artean: Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren delegatu berria EAEn. Zergatik? Besteak beste, albisteak berak dioenarengatik. Orain arte askotan kargu hori erretiro moduko bat izan delako eta ez dut uste Denis politikako irteera bidean dagoenik, baina zoaz jakitera, duela aste batzuk Borja Semperrek egindakoa ikusi ondoren.

Ostegun arratsaldean luizia gertatu zen Zaldibarren. Zabortegi batean lanean ari ziren bi langile irentsi zituen lur mugimenduak eta geroztik desagertuta daude. Datua konfirmatzen bada, uste dut jada 11 langile hil direla urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian. Marka (beltza) da gero.

Orduak pasa ahala, ernegagarria izan da irakurtzea txapuza bat bestearen gainean. Adibidez, amiantoa zegoela ez zen berehala jakin, baina horren berri izan ondoren, berehala gelditu ziren erreskate lanak, langileek babes neurriak har zitzaten.

Bikaintasuna dugula helmuga diote agintariek, baina hura gu baino askoz ere azkarragoa da.

Galdera nagusia une honetan da ea autobidea kaltetu izan ez balu segimendu bera izango ote zuen albisteak.

Urkulluk hauteskundeak aurreratuko omen ditu: udazkenean tokatzen ziren, baina badirudi apirilaren hasieran egingo direla. Pasa dadila kaliza ahalik eta azkarren.

Futbola ere topera Euskal Herrian, batez ere Athletic eta Realeko zaleen artean. Asteazkenean txuri-urdinen nesken taldea sailkatu zen Superkopako finala jokatzeko eta gaur, igandea, eguerdiko 12:00etan arituko dira Salamancan Bartzelonaren aurka.

Ostegunean Madril eta Bartzelona kanporatu zituzten gizonezkoen bi taldeek eta gaur igandean dute Anoetan beraien arteko derbia. Datorren astean, gainera, joaneko kopa kanporaketak finala apirilaren 18an Sevillan jokatzeko.

Sevillako aukerak aztertzen egon nintzen ostiral arratsaldean. Bi baldintza jarri nituen hotelak erreserbatzeko aplikazio ezagun batean: aldez aurretik ezer ez pagatu behar izatea eta baliogabetzea debaldekoa izatea. Atera zitzaidan aukerarik merkeena bi gau 800 euro (bi lagunentzat).

Gauzak horrela etxetik jarraitu beharko dugu finala. Baina aldez aurretik Mirandes kanporatu behar da eta hori ez da erraza izango.

Musikarekin amaitu nahi dut. Don Inorrez (Imanol Ubeda) egongo da gaur Victoria Eugenia Club aretoan. Bertara joanez gero, hantxe ikusiko dugu elkar.

Love of 74 lagunak astean zehar berpiztu du bloga. Verde Prato Dabadaban ikusi ondoren hartu zuen erabakia. Espero dezagun jarraitzea idazten, noizbehinka bada ere.

Verde Pratoren (Ana Arsuaga) berri duela aste batzuk izan nuen eta apuntatua nuen haren izena. Lovitoren hitzek areagotu egin dute interesa.

Bixi bizi!

Volando voy (IX), este apunte en castellano.

Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoa

Mikel Iturria 2020/02/02 21:45
Badira liburuak azpimarratzen dituzunak lasai irakurtzen dituzun bitartean. Eta badira liburuak presaka irakurri beharrekoak. Hauetako bat izan da «Bilbao en Mauthausen», Etxahun Galparsorok Marcelino Bilbao osabari buruz idatzitakoa.

Agian ez da liburuaren arabera izaten. Agian norbera da irakurketa mota bat edo bestea behar dituena. Batek daki. Dena den, seguru nago hurrengo batean boligrafoa eskuan bueltatuko naizela.

«Bilbao en Mauthausen» liburuaren berri Alberto Moyanok Etxahun Galparsoro egileari eginiko elkarrizketa baten bidez izan nuen. Iban Zalduak ere txiokatu zuen aldeko beste mezu bat. Bietaz fidatu egiten naiz normalean eta horregatik erosi eta irakurri dut azkar samar.

Lanak, zorionez, izan du oihartzuna komunikabideetan eta amaieran jarriko ditut lotura gehiago. Hona hemen Urtzi Urkizuk Ahoz aho telebista saioan Galparsorori eginiko elkarrizketa.

 

Abandonatutako haurra izan zen Marcelino Bilbao, baina Alonsotegiko erreka batean topatu zuen familiarekin koskortu zen (20 seme-alaba izan zituen bera aurkitu zuen andreak). 1920an jaioa, 16 urte zituen Guda Zibila piztu zenean eta bertan borrokan aritu zen, CNTko anarkistekin. Katalunian bukatu zen bere gerra 1939ko otsailean eta Frantzia aldera egin zuen eskapo (Bartzelona erori ondoren, garai hartan 500.000 lagunek egin bezala). Hainbat kontzentrazio esparrutan egon ondoren, behartu egin zuten Frantziaren alde borrokatzeko II. Mundu Gerran Maginot lerroan, baina 1940ko ekainean atxilotu zuten alemaniarrek.

Estrasburgon bolada bat pasa ondoren, trenez eraman zuten 1940ko abenduan Mauthausen-era, 800dik gora presorekin batera. 1944an mugitu zuten 100 kilometro inguru dagoen Ebensee herrian zegoen kontzentrazio esparru satelitera. 1945eko maiatzean askatu zuten eremua estatu batuarrek eta onik atera zen bertatik. Onik ateratzea bada 45 kilo eskasekin aske geratzea.

Etxahun Galparsorok dioenaren arabera, 200.000 lagun pasa ziren Mauthausen-etik eta erdia, 100.000, hil egin zituzten. Ebensee askatu zutenean, bertan 18.000 preso zeuden (beraz, satelitea bai, baina txikia ez).

14 urte zituela hasi omen zen Galparsoro osabaren kontuak entzuten. 18rekin hartu zuen grabagailua eta, Moyanok dioenaren arabera, hamabost urtez ibili da artxiboetatik barrena paperak arakatuz lan eder hau burutzeko.

Marcelino berak 1960ko hamarkadan idatzitakoak oinarri hartuta izango duzu nazien esku pasatakoaren berri, Galparsoro historialariak emandako esplikazioak eta testuingurua bidelagun. Bi hari horiek ondo baino hobeto uztartzen dira kontakizunak aurrera egin ahal izateko.

Bilbao en MathausenApenas omen dago ezer idatzia Euskal Herrian honi buruz, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Gustatuko litzaidake lan hau euskaraz ikusi ahal izatea. Bitartean gaztelaniaz irakurri beharko duzue.

Barkatuko didazue atrebentzia, baina ia abentura liburu baten moduan irakurri dut Bilbaoren testigantza. Izan ere, zenbat gauza gainditu behar izan zituen gizon honek kartzelaldi hartan. Berak eta, noski, inguruan zituenak ere.

Amaia Ereñagak egindako elkarrizketa honetan, Etxahun Galparsorok dio hiru osaba pasa direla kontzentrazio eremuetatik barrena. Bakoitzak jarrera diferentea izan zuen egonaldi hari aurre egiteko garaian.

Jean Rochers-ek ez zuen ezer kontatu handik irten ondoren.

Markinan jaio eta Irunen koskortutako Jose Maria Agirre Salaberria ere isilik egon zen urte luzez, baina bizitzaren bukaera aldera ohartu ei zen hura kontatu beharra zegoela. Marcelinorekin batera Mauthausen-en (4553 presoa) egondakoa, lagun handiak izan ziren, baita koinatu ere, Bilbao Mercedes Agirrerekin ezkondu baitzen.

Amaitzeko, Marcelino Bilbaok hasieratik izan omen zuen argi Mauthausen eta Ebenseeko heriotza eremuetan bizitutako esperientzia behin eta berriro kontatzea. Beharra ere bazuela dio Galparsorok.

2014an zendu zen gure protagonista, 94 urteak harrapatu ondoren.

Marcelino Bilbao en la cantera de Mauthausen, explicando cómo se suicidaban los judíos para no seguir sufriendo (trabajo realizado por @Baleuko) @Ed_Critica @FAnselmoLorenzo @CNTsindikatua @CNTsindicato @deportado4443 #Mauthausen #Ebensee #Bilbao #Alonsotegi #Rotspanier pic.twitter.com/4PDP61y7Ht

— Etxahun Galparsoro (@Etxahun_) January 20, 2020

Gauza bakarra gehituko dut: liburuan inor gutxi salbatzen da. Are gutxiago erakundeak, Eusko Jaurlaritza barne, garai hartakoa eta gaur egungoa.

Elkarrizketa gehiago: Uxue Gutierrezekin Berrian, Manu Etxezorturekin Faktorian, Eldiario.es-en Juan Miguel Baquerorekin, Roge Blancorekin Radio Euskadin...

Marcelino Bilbao, el preso 4628 de Mauthausen, este apunte en castellano.

Greba

Mikel Iturria 2020/01/29 22:00
Greba orokorraren deialdia urtarrilaren 30ean Euskal Herrian. Aspalditik aurreikusitako bidaia bat medio, kanpoan harrapatuko nau.

Urrutitik ari nintzen jarraitzen grebarena, deitzaileek (Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldeko hainbat kolektiboren izenean ELA eta LABeko idazkari nagusiek) eginiko bilera eskaerari Urkulluk uko egin ziola irakurri nuen arte.

Euskaraz eta gaztelaniaz bidalitako gutunari, gaztelaniaz erantzuna Urkulluk. Hori behintzat ikusi nuen nik lehendakariaren Twitter profilean asteburuan. Nafarroako presidenteak, aldiz, Chivite andereak, baiezkoa erantzun, nahiz gero greba eguna ondoren atzeratu bilera.

Garbi dago biek indar politiko diferenteak dituztela atzean eta horrek eragina duela bakoitzaren jarreran.

Urkulluren gutuna irakurrita, esango nuke aldez aurretik hartu zuela erabakia eta gero zehaztu egin dituela arrazoiak.

Deialdia baino sei egun lehenago, berriz, Urkullu eta EAEko hiru ahaldun nagusiak Donostian Adegik martxan jarri nahi duen Kultura Berriaren Fabrika izeneko eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldian egon ziren. Kontzeptu berriak eta etereoak irakurri ditut. Utz iezadazue eszeptiko izaten. Ez dut proiektua ezagutzen eta hori bakarrik esango dut gaur.

Beraz, Urkullu popa galduz doa enpresarien atzetik, baina prest du bere erantzunik burokratikoena sindikatuen aurrean.

Ez da greba orokorra izango, zioen Hordago-El Salto urtarrileko editorialak (No va a ser una huelga general). Eta hainbat argudio bota bertan tesi hori defendatzeko. Hala eta guztiz ere, beste aukera okerragoa dela adieraziz, deialdia babestu behar zela amaitu.

Greba orokorrak ez dira garai batekoak eta, pena bada ere, asanbladak ez dira jada soberanoak toki askotan. Hots, langile bakoitzari dagokio gero greba egitea edo ez egitea. Emakumezko futbol jokalarien greban hori aurpegiratu nahi izan nion greba egin ez zuen jokalari bakarrari, geure taldekoa gainera. Baina isildu egin nintzen. Hau da, aldagela (asanblada) zela bere postura agertzeko tokia.

Baina gure enpresan ere bakoitzak nahi duena egingo du eta hori ere bada gure puntu ahulenetako bat.

Feministak eta pentsiodunak ari dira ahalduntzen eta besteok ere egin beharko dugu zerbait.

Gako nagusia baita boteredunak antolatuta daudela eta guri kosta egiten zaigula gutxieneko puntu batzuetara iristea.

Amaitzeko, nire soldataren egun bat Gipuzkoako zahar-etxeen gatazkan greban dauden langileei emango diet.

Maiatzaren 1eko oharra: azkenean, lehen aukera hori ez zen gauzatu eta BiziHotsa izeneko egitasmoari egin diot ekarpena.

Huelga, este apunte en castellano.

Óscar Villafañe Merino, birritan ETAren biktima

Mikel Iturria 2020/01/18 10:00
Aste honetan irakurri dudan elkarrizketa esanguratsu bati buruz.

Atzo ostiralean irakurri nuen Ana Iribar, Gregorio Ordóñezen alargunari, eginiko elkarrizketa bat DVn. Datorren astean, urtarrilaren 23an, beteko dira 25 urte haren hilketa gertatu zenetik.

Baina aste honetan bertan atentzio berezia sortu dit Aiurri aldizkariak kaleratutako beste elkarrizketa batek. Xabier Lasa eta Joni Ubeda kazetariek Oscar Villafañe Merinori eginikoa da.

Andoainen jaiotako 41 urteko gizon hau ETAren biktima da birritan. Alde batetik, 1978ko uztailaren 5ean aita hil zioten Zarautzen: Domingo Merino Arévalo zuen izena. Handik bi hilabetera jaio zen bera.

Bestetik, 1996ko irailaren 26an, biktima aitona izan zen, aitaren rola zuena berarentzat: Juvenal Villafañe García. 77 urtekoa, bonba bat lehertu zitzaion autoa martxan jarri zuenean.

Oscar Villafañe Merino. Kreditua: Aiurri.Argazkiaren kreditua: Aiurri.

Bi kontu garrantzitsu elkartzen dira.

Alde batetik, Villafañe ez da komunikabideetan asko atera orain arte. 2017ko urrian elkarrizketa eman zion Diario de León egunkariari: «Es duro, pero se aprende a ser duro» (Gogorra da, baina ikasi egiten da). Duela gutxi beste bat, laburra, eskaini zion COPE irrati kateari. Oraingo hau da luzeena.

Bestetik, bertako euskal prentsa hautatu du hitz egiteko. Hilabeteak eman omen dituzte kazetariek beren atzetik, patxadaz landu dute gaia eta emaitza ona lortu dutela esango nuke. Joni Ubedak kontatzen duenaren arabera, lehen saiakera familiarekin 2017ko azaroan izan zen.

Oscarrek kontatzen dituen gauza batzuk oso bitxiak dira, gehienak oso gogorrak. Ez omen du komunikabideetan agertzeko batere asmorik, nahiz eta aukerak izan dituen horretarako.

Kasu egidazue eta irakurri elkarrizketa.

Itzuli egin dut gaztelaniara eta Pedradas blogean jarri dut: Óscar Villafañe Merino, doble víctima de ETA.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Oscarri hau guztiau kontatu duen bezala eta kontatu duen tokian kontatzeagatik.

Gure (in)dependentziak

Mikel Iturria 2020/01/12 20:50
Larunbat goizeko kontuak.

Eguneko bigarren kafea hartzera joan naiz betiko tabernara. Bertan ohikoa den batekin egin dut topo. Txakolina hartzen ari da, tabernako periodiko bat irakurtzen duen bitartean. Nik beste bat hartu dut, libratu den lehena. Hainbat albiste komentatu ditugu interes berezirik gabe.

Aste honetan bertan ezaguna dudan pertsona bat ikusi dut makina txanponjaleari itsatsita toki horretan bertan. Atentzioa deitu zidan lehen aldiz ikusi nuenean; bigarrenean, aldiz, kezkatu egin nintzen. Nola esan ezagutzen duzun pertsona bati aita halako makina baten aurrean ikusi dudala birritan jada oso denbora gutxian. Jakinaren gainean egongo dira?

Pertsona bat makina txanponjale baten aurrean. Argazkia: UztarriaTaberna horretako beste parrokiano batek inguruko herri bateko apustu etxe batean egiten du lan. Behin, txantxetan, bisita egingo niola esan nion. Hark ezetz, oso toki eskasa dela, jokoarekiko dependentzia duen hainbat lagun dabilela, askotan sesioan beraien artean.

Nire ezagunak duela gutxi gure gertuko baten semea, 18 bat urtekoa, identifikatu zuen lantokian. Handik egun batzuetara mutilaren amari esan zion. «Nire semea antzeko toki batean ikusiko balute eskertuko nuke norbaitek niri horren berri ematea». Eskertu egin zion amak. Zorionez, ez zirudien larritzeko modukoa mutilaren egoera.

Lanegunetan, goizeko bigarren kafea beti kafetxe berean hartzen dut. Bidean badago beste taberna bat, gurearen aldamenean. Noizean behin tipo bat ikusten dut, zurito bat edaten duen bitartean, makinan dirua gastatzen. Bueltan, 20-25 minutu pasa ondoren, bertan jarraitzen du, toki eta postura berean. Auskalo zenbat denbora pasatzen duen egunero horrelakoetan.

Gero eta kontzientzia gehiago ari gara hartzen, gizarte moduan, kontu honekin, baina gaia potoloa da.

Gure (in)dependentziak sakonak dira eta.

Oharra: argazkia Uztarriarena da eta erreportaje honetatik atera dut: Apustu etxeen kontrako dinamikak eraginda, makina txanponjalea kendu dute Azpeitiko taberna batetik.

Nuestras (in)dependencias, este apunte en castellano.

Indarrak hartzen 2020ari begira

Mikel Iturria 2020/01/06 21:35
2020a bihurgunez beteriko gure errepide horietako baten moduan ikusten dut. Baina 2020ari begiratu aurretik, bistadizo bat bota nahi diot 2019ari.

Javier Ortiz maisu eta lagunaren obra haren artikuluen antologia bat jasotzen duen liburu baten bidez ezagutzera emateko urtea izan da, heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen zela gogoratzeko.

1- Maiatzeko kontuak.

2.- Donostiako aurkezpena eta beste zenbait kontu.

3.- Ekaineko aurkezpenak.

4.- Galiziakoak.

Oso ondo pasa nuen, besteak beste, lagun zaharrak agurtzeko aukera izan nuelako, baita berriak egiteko ere.

Lagun, ezagun eta senide batzuk hil egin dira, horietako batzuk gazterik:

1.- Tia Sabina.

2.- Mariano Ferrer.

3.- Iñigo Muguruza: 1 eta 2.

4.- Joserra.

Denok gogoratuko ditut Sabino Ormazabalek Marianoren agurrean esandako hitz hauekin:

«Aquí NO nos gustaría hablar de su muerte, sino de su vida. No ha muerto Mariano Ferrer, baizik eta Ha vivido Mariano Ferrer. Así lo expresa una forma de agradecimiento latina. Celebramos lo vivido con esa persona, no el adiós. ¡Qué suerte haberle conocido! Ha vivido Mariano Ferrer. Ha vivido Mariano Ferrer. Y lo ha hecho con todas y cada una de las personas que estamos aquí. Bakoitzak bere erara. Denok ditugu istorioak berarekin. Mikrofonoa irekia utzi ezkero, gaupasa egingo genuela seguru gaude; guztiok daukagu zerbait kontatzeko, anekdotak edo bizipen mota asko.»

Baina dena ez dut gertukoen heriotzekin lotu nahi. Adibidez, 2019an 15 urte bete zituen eibar.org blog komunitateak, tartean blog honek, eta agur esan nion Facebook-i.

2020ak zer ekarriko digun ez dakit. Hasi ez da oso ondo hasi Trump-ek erabakitako Soulemani-ren hilketarekin eta badirudi ondorio latzak izan ditzakeela.

Bihar bazkalaurretik ikusiko dugu (nik ez dut sorpresarik espero) Sánchez hautatuko dutela presidente. Ezin espektatiba gehiegi izan duela bi hilabete gauza bat esaten zuen eta egun kontrakoa egiten ari den agintari batengandik, baina batek daki. Dagoen panorama honetan, ona izan daiteke eta.

Gauza batek bai deitzen duela atentzioa: Kataluniarekiko Espainiako Justiziako goi instantzietako jujeek hartutako erabakiek ez dutela Europako kotoiaren testa pasatzen eta ez dutela atzera egiten. Hots, itxuraz berdin jarraitzen dutela.

Hegoaldean hauteskundeak izango ditugu Urkulluk nahi duenean, baina aldez aurretik iparraldean izango dira, martxoan.

Politika kontuetatik aparte samar ibili naiz azken bolada honetan, demaseko espektakularizazio bat dagoelako, baina igual kasu gehiago egin beharko diot benetako politikari.

Bitartean, Ondarroan urtarrilaren 1ean ateratako argazki honetan ageri den graffittiak dioen bezala, Gora Euskal Zirkua!

Lotu ondo gerrikoak!

Cogiendo fuerzas para el 2020, este apunte en castellano

Gora Euskal Zirkua

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter