Hamabost urte eibar.org-eko blog komunitateak
Tarte luzea pasa dut proiektu batean murgilduta (Ortizen liburua), egunero zer egin behar nuen ondo baino hobeto nekiela. Proiektu horren lanik potoloenak amaitu dira eta orain kostata nabil nire buruaren eta gorputzaren erritmoak egokitu nahian.
Urte garai hau iristen denean askotan gogoratzen dut blog komunitatearen urtebetetzea gerturatzen dela. Hemen elkartearen bi albiste bata bestearen atzetik, hamar urteko aldea badute ere: Eibar.Org blog-komunitatea martxan! eta EibarOrg blog-komunitateak 10 urte beteko ditu. Zatoz gurekin ospatzera!
Nire lehen sarrera 2004ko uztailaren 14koa da eta Herri Irratiko mikrofonoak albo batera utzi zituen Mariano Ferrerri buruzkoa da, uztailaren 9an hartu baitzuen erretreta. Apunte laburra da eta Berriako bi loturak zein Garakoa jada ez dabiltza eta ez dago modurik konpontzeko.
Hauek dira bizirik mantendu diren lehen sarrera batzuk:
Telebistak-edo Donostiako autobusetan
Tira! Hamabost urte pasa badira ere, lerro baldar horietan oraindik ere ikusten dut nire burua eta ez da gutxi.
2005-2006 urteen bueltan ibili zen blogintza puri-purian. Gogoan dut esaten zigutela "exhibizionista" samarrak ginela. Dedio! Ondoren sare sozialetan ikusi dugunarekin alderatuta guk ez genuen ezer erakutsi.
Asier Sarasuak ateratako argazkietatik hauxe da gehien gustatzen zaidana. Gainerako irudiak ikusteko egin klik loturan edo argazkian bertan.
Besarkada berezia urte hauetan hil diren Imanol Trebiño eta Fernando Muniozguren-en gertukoei.
P.S. Atzo ahaztu egin zitzaidan esatea argazki-sorta Luistxok blogei buruz emandako ikastaro bati dagokiola.
Quince años de comunidad bloguera en eibar.org, este apunte en castellano.