Hegal egiten (IX)
Aste honetan albiste izan da Nazio Batuen Erakundeko haur pobreziaren errelatoreak Madrilen aurkeztu dituela Espainian zehar egindako bisitaren ondorioak. Bi aste hauetan ikusitako gabezia batzuk eman zituen ezagutzera.
Egun batzuk lehenago Sanchez Espainiako presidenteak Ernesto Gasco izendatu zuen Haur Pobreziaren kontrako goi mandatari. Uste zabaldua zen Gasco Madrilera joango zela sozialistek gobernua berritu ondoren, baina ni harritu egin ninduen izendapena eremu horretakoa izateak.
Pobrezia dela eta ez dela, atzo txiokatutako egoera bitxi bat.
Etxegabetu batek egunero egiten du lo auzoko kutxazain batean. Diru bila joan naiz gaur eta periodiko piloa zituen lurrean botata. Bera ez zegoen. Lerroburu batek deitu dit atentzioa. pic.twitter.com/5YLeGdDoZ4
— Mikel Iturria (@iturri) February 8, 2020
Astean zehar ere egon da beste ezusteko bat Donostiako sozialisten artean: Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren delegatu berria EAEn. Zergatik? Besteak beste, albisteak berak dioenarengatik. Orain arte askotan kargu hori erretiro moduko bat izan delako eta ez dut uste Denis politikako irteera bidean dagoenik, baina zoaz jakitera, duela aste batzuk Borja Semperrek egindakoa ikusi ondoren.
Ostegun arratsaldean luizia gertatu zen Zaldibarren. Zabortegi batean lanean ari ziren bi langile irentsi zituen lur mugimenduak eta geroztik desagertuta daude. Datua konfirmatzen bada, uste dut jada 11 langile hil direla urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian. Marka (beltza) da gero.
Orduak pasa ahala, ernegagarria izan da irakurtzea txapuza bat bestearen gainean. Adibidez, amiantoa zegoela ez zen berehala jakin, baina horren berri izan ondoren, berehala gelditu ziren erreskate lanak, langileek babes neurriak har zitzaten.
Bikaintasuna dugula helmuga diote agintariek, baina hura gu baino askoz ere azkarragoa da.
Galdera nagusia une honetan da ea autobidea kaltetu izan ez balu segimendu bera izango ote zuen albisteak.
Urkulluk hauteskundeak aurreratuko omen ditu: udazkenean tokatzen ziren, baina badirudi apirilaren hasieran egingo direla. Pasa dadila kaliza ahalik eta azkarren.
Futbola ere topera Euskal Herrian, batez ere Athletic eta Realeko zaleen artean. Asteazkenean txuri-urdinen nesken taldea sailkatu zen Superkopako finala jokatzeko eta gaur, igandea, eguerdiko 12:00etan arituko dira Salamancan Bartzelonaren aurka.
Ostegunean Madril eta Bartzelona kanporatu zituzten gizonezkoen bi taldeek eta gaur igandean dute Anoetan beraien arteko derbia. Datorren astean, gainera, joaneko kopa kanporaketak finala apirilaren 18an Sevillan jokatzeko.
Sevillako aukerak aztertzen egon nintzen ostiral arratsaldean. Bi baldintza jarri nituen hotelak erreserbatzeko aplikazio ezagun batean: aldez aurretik ezer ez pagatu behar izatea eta baliogabetzea debaldekoa izatea. Atera zitzaidan aukerarik merkeena bi gau 800 euro (bi lagunentzat).
Gauzak horrela etxetik jarraitu beharko dugu finala. Baina aldez aurretik Mirandes kanporatu behar da eta hori ez da erraza izango.
Musikarekin amaitu nahi dut. Don Inorrez (Imanol Ubeda) egongo da gaur Victoria Eugenia Club aretoan. Bertara joanez gero, hantxe ikusiko dugu elkar.
Love of 74 lagunak astean zehar berpiztu du bloga. Verde Prato Dabadaban ikusi ondoren hartu zuen erabakia. Espero dezagun jarraitzea idazten, noizbehinka bada ere.
Verde Pratoren (Ana Arsuaga) berri duela aste batzuk izan nuen eta apuntatua nuen haren izena. Lovitoren hitzek areagotu egin dute interesa.
Bixi bizi!
Volando voy (IX), este apunte en castellano.