Óscar Villafañe Merino, birritan ETAren biktima
Atzo ostiralean irakurri nuen Ana Iribar, Gregorio Ordóñezen alargunari, eginiko elkarrizketa bat DVn. Datorren astean, urtarrilaren 23an, beteko dira 25 urte haren hilketa gertatu zenetik.
Baina aste honetan bertan atentzio berezia sortu dit Aiurri aldizkariak kaleratutako beste elkarrizketa batek. Xabier Lasa eta Joni Ubeda kazetariek Oscar Villafañe Merinori eginikoa da.
Andoainen jaiotako 41 urteko gizon hau ETAren biktima da birritan. Alde batetik, 1978ko uztailaren 5ean aita hil zioten Zarautzen: Domingo Merino Arévalo zuen izena. Handik bi hilabetera jaio zen bera.
Bestetik, 1996ko irailaren 26an, biktima aitona izan zen, aitaren rola zuena berarentzat: Juvenal Villafañe García. 77 urtekoa, bonba bat lehertu zitzaion autoa martxan jarri zuenean.
Argazkiaren kreditua: Aiurri.
Bi kontu garrantzitsu elkartzen dira.
Alde batetik, Villafañe ez da komunikabideetan asko atera orain arte. 2017ko urrian elkarrizketa eman zion Diario de León egunkariari: «Es duro, pero se aprende a ser duro» (Gogorra da, baina ikasi egiten da). Duela gutxi beste bat, laburra, eskaini zion COPE irrati kateari. Oraingo hau da luzeena.
Bestetik, bertako euskal prentsa hautatu du hitz egiteko. Hilabeteak eman omen dituzte kazetariek beren atzetik, patxadaz landu dute gaia eta emaitza ona lortu dutela esango nuke. Joni Ubedak kontatzen duenaren arabera, lehen saiakera familiarekin 2017ko azaroan izan zen.
Oscarrek kontatzen dituen gauza batzuk oso bitxiak dira, gehienak oso gogorrak. Ez omen du komunikabideetan agertzeko batere asmorik, nahiz eta aukerak izan dituen horretarako.
Kasu egidazue eta irakurri elkarrizketa.
Itzuli egin dut gaztelaniara eta Pedradas blogean jarri dut: Óscar Villafañe Merino, doble víctima de ETA.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Oscarri hau guztiau kontatu duen bezala eta kontatu duen tokian kontatzeagatik.