Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

In memoriam: Joserra Artetxe

Mikel Iturria 2019/10/01 17:40
Joserra Artetxe. 1957 (Ondarroa) - 2019 (Galdakao).

1995eko uda. Donostia

Urte hartako udan ezagutu nuen denborarekin nire familia politikoa izango zena. Alderdi-Ederren geratu ginela dut gogoan eta Gorkak Aitorri (bost urteko bi ume moko orduan) esandako esaldi bat: «Zu kapullu zaz o ze!!!». Haserre, oso haserre esandakoa.

Hori izan zen ondarrutarrekin izandako estreinakoa.

1998ko uda. Lloret del Mar

Denok, Maria Pilar aume barne, astebete pasa genuen Lloreteko hotel batean. Haurrek ez zuten hoteleko igerilekutik atera nahi: hondartza gosea Ondarroan asebeteta zutelako, baina igerilekukoa ez.

Egun hauetan baten batek kontatu du barruko igerilekuan sartu ginela halako batean. Gu bakarrik omen geunden bertan. Hainbeste zarata atera eta salto egin omen zuten haurrek, ezen bertatik kanporatu baikintuzten hotelekoek. Igerilekutik, ez hoteletik.

Zerbitzariek gure mahaira etorri ziren batean gogoan dut batak besteari esan ziola: «Estos son vascos-vascos». Euskaraz egiten genuelako berba.

Datarik ez. Abuztua. Berritxuko (Berriatua) jatetxe bat

Joserraren kuadrillako bat ezkontzekoa zen eta gonbidatu ninduten haren agur-afarira. Ondarroako jaiak zirelako eta ni herrian nengoelako.

Euskadineko batek hartu zuen hitza eta, gaztelaniaz, zera esan zion ezkondu behar zuen hari: «Sé felizzzz. Que los hijos se parezcan a ti. No a tu hermano». Bete-betean asmatu zuen: ez zuen ez bata ez bestea lortu despeditu genuen gizon hark.

Donostia-Ondarroa-Berritxu-Ondarroa-Donostia

Makina bat aldiz egin dugu hilean behin plan bera. Larunbata edo igandea. Bazkaria Berrituako Arriola jatetxean.

Joserra Artetxe eta Marijo Garmendia

Gaixotasuna

Minbiziak pertsona kolpatzen duenean, batzuetan zientzia garaile ateratzen da, eta beste batzuetan medikuek ez dakite nola irabazi.

Galdakaon hiru aste pasatxo, beste hainbeste Gorlizen, berriro Galdakaora bueltatzeko.

Azken bi hilabete horietako asteburuetako oroigarri gisa sudokuak betetzeko koaderno bat etxeratu dut.

Itxoiten. pic.twitter.com/KiSRD9MKrx

— Mikel Iturria (@iturri) August 25, 2019

Amatxure

Gaixoak hitz horiek esaten dituenean, akabo. Pasa den ostiralean gertatu zen hori. Heriotza larunbatean iritsi zen.

Amatxure? Gu bizi garen bitartean zutaz gogoratuko gara. Gizon lasai eta on bat hil da.

In memoriam: Joserra Artetxe, este apunte en castellano

Saravá eta agur, Galiza!

Mikel Iturria 2019/09/28 00:07
Javier Ortizen liburua aurkezteko gonbita jaso nuen Galiziatik. Irailaren 19an eta 20an egon ginen Ourensen eta Pontevedran, hurrenez hurren.

Maiatzeko kontuak eta ekainekoak gogoratu ondoren, esan beharra daukat bikain tratatu gintuztela lagun galegoek.

Gonbidapena Vicente Risco Fundazioak luzatu zidan eta bertan rol ezinbestekoa jokatu du Celia Pereira eta Xosé Xepe Rodríguez bikoteak. Egoitza Allariz herrian dute eta hantxe egon ginen, bisitan, irailaren 18an.

Era berean, azpimarratzekoa ere Libraria Pazeko Cano, Helena eta enparauek eskainitako arreta.

Colexio de Xornalistas erakundea aritu da laguntzaile gisa. Bereziki Paco G. Sarria presidentea gogoratu nahiko nuke hemen eta orain.

Ourenseko Lizeoak, 1850 urtean sortutako erakundeak, ateak zabaldu zizkigun irailaren 19an ekitaldia bertan egiteko. Ia 50 lagun bildu ginen eta Xepe Rodríguezek egin zituen aurkezle lanak. José Luis Fernández Carnicero pianista eta konpositoreak berak sortutako hiru pieza jo zituen ekitaldiaren beste hainbat unetan. Liburu salmenta Punto e Coma liburu dendak egin zuen.

«Javier Ortiz: talento y oficio de un periodista»

Hurrengo egunean, hilak 20, Pontevedra aldera jo genuen, Libraria Paz-era. 14 bat lagun elkartu ginen eta oraingoan ere Xepe Rodríguez izan nuen alboan.

«Javier Ortiz: talento y oficio de un periodista»

Lotura esanguratsuak:

1.- Paco Sarriak hamabost minutuko elkarrizketa egin zidan Ourenseko Onda Ceron.

2.- Diana Pastorizak Ourenseko aurkezpenean esandakoak marrazki batean laburbildu zituen.

Un pracer aprender na xornada de onte dos grandes @clia_g, Sorkunde, @iturri, @alvorota, @manu_delorenzo e Paco Gzlez Sarria ao fío do libro “Javier Ortiz. Talento y oficio de un periodista” #apuntamentosvisuais ⬇️ pic.twitter.com/CgSEef3QYh

— Diana Pastoriza (@diana_pastoriza) September 20, 2019

3.- José Luis Fernández Carnicero musikariak Ourenseko ekitaldiaren kronika egin zuen blogean eta La Región egunkariak errepikatu zuen ondoren.

Lagun galegoei beste behin eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen. Une zailetan joan nintzen eta kosta egingo da egun horiek ahaztea.

Musika: Kabilia hautsi da Coraçao. Beñat Muguruzaren Hautsia da coraçao artikuluagatik.

Ourense y Pontevedra: saravá y agur, este apunte en castellano.

Oharra: apuntearen izenburuak Xepe Rodriguezen aurkezpenaren oihartzunak jasotzen ditu.

Izan gaitezen geurekoiak!

Mikel Iturria 2019/09/14 11:45
Astean zehar buruan bueltaka izan ditudan ideia batzuk.

60 urteren bueltan dabilen gizon bat ospitaleko korridorean ari da solasean. Denak entzuteko moduan ari da hizketan. Norbait bisitatzera etorri den gizona, Australian bizi omen da eta bi alaben aita da. Batak ezin izan du seme-alabarik izan, nahiz eta lauzpabost aldiz saiatu eta beste hainbeste abortu izan. Bigarren alabak, berriz, ez du seme-alabarik izateko intentziorik. «Oso berekoia» dela dio.

Hizketaldia duela egun batzuk entzun nuen eta hortxe geratu da nire buruan itsatsita. Harrigarria iruditu zitzaidalako gizon haren erretolika.

Euskal Herrian jaiotze-tasa aspaldiko minimo historikoetan da. Ez dugu haurrik izan nahi edo ezin dugu. Era berean, ez dugu kanpoko jendea gurean nahi. Eta dena ezin da.

Joxe Aranzabali irakurri diot aste honetan bertan mahai baten bueltan izandako solasaldi batean Arrasateren gainbeheraz kezkatuta agertu zirela hainbat mahaikide.

Irakurri nuenean pentsatu nuen: Arrasate bakarrik? Europa dago gainbehera eta gu, euskal herritarrak, zer esanik ez.

Aste honetan bertan Dani Alvarezen txio batek soka ekarri du. EAEko eta Nafarroako gizarte zerbitzuen ereduari buruzkoa zen.

Gasto social por habitante: Euskadi 1, Navarra 2.
Madrid la última, Catalunya penúltima. Cuando buscamos modelos fuera, no deberíamos olvidar que tenemos uno, que no parece malo del todo. Y es mérito de ayuntamientos, diputaciones y gobiernos. https://t.co/8W8kb689Ft pic.twitter.com/rx5Y0GHoMo

— Dani Álvarez (@DaniAlvarezEiTB) September 10, 2019

Jule Goikoetxeak erantzun zion, ikuspuntu feminista batetik datuak ez direla hain onak.

Egun on Dani. Nosotras tenemos otros datos, de Eustat y de Eurostat. Y contradicen la interpretacion patriarcal que estais haciendo. Si nos invitais, os lo explicamos :) Aqui van algunos👇 https://t.co/lQLqTGL27r

— Jule Goikoetxea (@JuleGoi) September 11, 2019

Hari horretan bertan Pedro Ugartek zioen Bilboko bere lagun eta ezagun askoren seme-alabak kanpoan ari direla lanean eta oporretan soilik bueltatzen direla etxera.

Repaso tu gráfico y confirmo la impresión: encabeza la lista la "España vaciada". Y que Euskadi aún no entre en ese concepto es un espejismo total: mira el cierre de aulas en primaria. Tengo decenas de amigos y conocidos que dicen siempre lo mismo: "mi hijo trabaja en Madrid".

— Pedro Ugarte (@PedroUgarte6) September 10, 2019

Inoiz ez gara lehen mailan egon Europan, baina orain jada bigarren mailan mantentzeko arazoak ez ote ditugun.

Afrikatik datozen errefuxiatu eta etorkinen alde egiteko arrazoi humanitarioek ez badute balio, uste dut jendeari esan behar zaiola gure sistema hau (ongizateaz ari naiz: Osakidetza, pentsioak...) mantentzeko derrigorrezkoa dela kanpotik jende gaztea erakartzea.

Izan gaitezen berekoiak!

¡Seamos egoístas!, este apunte en castellano

In memoriam: Iñigo Muguruza

Mikel Iturria 2019/09/05 17:35
Gaur, 2019ko irailaren 5ean, zendu da Irunen. Gugan bego.

Marivi Ibarrolaren argazkia

Argazkia: Marivi Ibarrola. Iñigo Muguruza (erdian). Gidari Fermin. Alboan Poch.

Gaur blogean idazteko asmoa nuen. Atzoko kontu batzuei tiraka, goizaren erdian haizea biratu eta kontra hasi da. Nire kontra. Gure kontra.

Lagun batek esan dit Iñigo Muguruza zendu dela.

Eta hitzik gabe geratu naiz.

Iñigoren berbak topatu behar izan ditut esklerosi anizkoitzaren berri ematen duen blog batean. 2016ko irailaren 30ekoak dira. Nire ikuspuntua gaur egun, zioen Muguruza anaietako txikienak, gaixotasuna atzeman eta urtebetera edo.

Zati hauxe lapurtuko diot gaur:

"Atzo lagun batek Snoopy-ren tira bat bidali zidan whatsapp-etik: Snoopy eta Charlie Brown hondartzako petril batean daude eserita.

-Charlie: badakizu? Egun batean hilko gara.

-Snoopy: bai, baina gainontzekoetan ez".

Eta kantu bat. Joxe Ripiau garaikoa. Bizitza triste eta ederra.

Gugan bego, Iñigo.

Eguneratzea: Joni Ubedak bidali dit Iñigo Muguruzak zuen blog baten lotura. Keawe zen bere ezizena.

In memoriam: Iñigo Muguruza. Este apunte en castellano.

Abuztuko polaroidak

Mikel Iturria 2019/08/26 22:15
Abuztuko hirugarren astean pilatu zaizkidan hainbat irudi bata bestearen atzetik.

Baga

Bidegorria. 100 metroko zatian bospasei lagunez osatutako bi oinezko taldexka aurreratu ditut. Ni bezala txirrina jotzen dute beste hainbat ziklistak. Amaieran dagoen aita bati esaten diot hori ez dela oinezkoentzako tokia, are gutxiago alboan dagoenean espaloia. Bizikleta asko dabilela behar ez duen tokitik erantzun dit berak agur esanez. Pa botatzen diot eskuaz.

Biga

Espaloia. Bi turista datoz bizikletan. Beste pare bat txirrindulari kontrako zentzuan. Kasu honetan ni naiz oinezkoa. Haserretu egin naiz nire baitan beraiekin, are gehiago bi kale harago dagoelako bidegorria.

Higa

Gasolindegia. Larunbata. Goizean goiz. Bete dut jada autoaren depositua eta pagatzera hurbiltzen naiz. Irribarre potoloarekin egiten dit diosala bertako langile batek. «Number one» esaten diot. Berak ea nola esaten den «número» euskaraz. «Zenbakia». «Zenbakia bat». «Bat zenbakia, bi zenbakia... hobe», nire erantzuna. Nongoa den galdetzen diot. Senegalgoa. Ea ezagutzen ote dudan herrialdea. Ezetz. Ba bertara joan beharra dagoela. «Youssou N'Dour» esanez agurtzen dut. Alaitu dit gizonak goiz petrala.

Laga

Itxoiten. pic.twitter.com/KiSRD9MKrx

— Mikel Iturria (@iturri) August 25, 2019

 

Ospitalea. Bista politak daude, pena hesiaren alde honetan gaudela. Txorakerietarako toki gutxi bertan.

Duela aste batzuk esan zidan pertsona batek: «Denok bizi beharko genuke menpeko bolada batez. Jakiteko egoera hori zer den. Pazientzia lantzeko ariketa bikaina da, besteak beste».

Ez, ez nago ni menpeko egoeran, baina bai senide bat.

Boga

Lau gaixo dago gela bakoitzean. Ostiralean iritsi zen senidea bertara. Konfiantza apurra hartutakoan, besteek bere egoeraren berri ematen dizute.

Sega

Kanariar uharteetan zegoela aorta lehertu egin zitzaiola eta 17 kilo galdu dituela ospitaleko egonaldian. Eskapada polita, dio berak. Gauzak ondo bidean astean zehar jasoko du mediku-agiria.

Zai

Giltzurruneko kiste batzuen presiopean lehertu egin zitzaiola barea beste batek. Maiatzean. Odol mordoa galdu zuela. Beste hiruzpalau hilabeterako egonaldia aurreikusten du. «Hemen planak epe luzera egin behar dira».

Zoi

Bizitzak emandako bigarren aukera aprobetxatu nahi biek ala biek.

Bele

43 urterekin zendu da lankide baten senidea. Hilberria gaurko prentsan.

Arma

Maggie O'Farrell idazlearen Sigo aquí liburua amaitu nuen igandean. Bizitzan zehar heriotzarekin izandako hamazazpi pasarte kontatzen ditu egileak. Brönte liburu-dendako Yleniak gomendatu zidan eta nik berresten dut haren gomendioa.

Tiro

#G7Biarritz pic.twitter.com/3tx0TFnedp

— javi etxezarreta (@etxezarreta) August 25, 2019

G7aren gailurra Miarritzen. Geratu dadila bizitza munduko boteretsuak baitatoz. Ze nezesidade! Salbuespen egoera hori agertzen da Javier Etxezarretaren argazkian eta gustatzen zait ez baita batere esplizitua.

Pum

Fermin Muguruza eta Jone Unanua Monterreyko zinema jaialdian egon dira Black is Beltzarekin eta bertan jaso dute nazioarte mailako animaziozko filmaren sari nagusia. Zorionak!

Beraien bidez jakin nuen Monterreyko Celso Piña musikaria zendu zela abuztuaren 21ean. Ez nuen ezagutzen, baina ikusi dut sarean instituzio bat zela.

Polaroids de agosto, este apunte en castellano.

Adiós Celso Piña...
Así te despide la banda, raspando el piso, sacándole brillo al tacón, moviendo el puerquecito... #QEPD #CelsoPorSiempre pic.twitter.com/mqIhSc2VLG

— Miguel Bennetts ® (@MiguelBennetts) August 22, 2019

Murió CELSO PIÑA, 66 años. Maestro mexicano del acordeón, tocaba esencialmente su particular cumbia callera. Aquí nos llegó "Barrio bravo", el disco donde tenía como cómplices a Café Tacvuba, El Gran Silencio, Control Machete, Santa Sabina... https://t.co/eyUzHd1fwF pic.twitter.com/Cnoro909jw

— Diego A. Manrique (@DiegoAManrique) August 26, 2019

Propina

Etxarte aita-semeen arteko elkarrizketa.

Gabriel Aresti Hernanin

Mikel Iturria 2019/08/19 20:20
1967ko uztailaren 29an Gabriel Arestik Hernanin emandako hitzaldiaren («Euskal literaturaren izen poetikoak») pasarte batzuk transkribatu ditut.

Duela aste batzuk Gabriel Arestiren hitzaldi bat bota zuen Lizardiren Baratza irratsaioak, Jose Luis Padronek poesiari buruz astean behin Euskadi Irratian zuzentzen duen saioan. Ez nuen modu konbentzionalean entzun: hau da, irratitik.

Aurreko batean, audioa (podcast artxiboa) nuen telefonoan eta bide hori erabiliz entzun nuen.

Berehala harrapatu ninduen Arestiren ahotsak; nik dakidala inoiz entzun gabe bainuen poeta bilbotarra.

Igande goizean berriro entzun nuen, autoz bidaiatzen nuen bitartean. Igande eta astelehen arratsaldean hainbat pasarte transkribatu ditut, baina komeni da irakurtzea Arestiren ahotsa entzuten den bitartean.

Guregana iritsi da Jesus Mari Olano euskaltzaleak 150 orduko zintak gorde zituelako eta orain errekuperatzen ari dira Hernani aldean.

Honela aurkezten du Urtzi Urkizuk Arestiren hitzaldia:

Euskal literaturako izen poetikoak izenburupean, 1967ko uztailaren 29an eman zuen Bilboko idazleak hitzaldia, Hernaniko udal areto nagusian. Zenbait entzuleren eta hizlariaren artean iritzi truke sutsuak izan ziren. Saizarbitoria ere han zen, eta giroa lasaitzen ahalegindu zen.

Esan bezala, honela hasi zen hitzaldia.

Gabriel Aresti

Agurra

Jaun-andreak, hernaniar bihotzekoak, lagunak.

Euskal Herriaren aurrean mintzatu nintzen azkenean, okasio eta parada eder batean, egokituera egoki batean mintzatu nintzen, ez hemendik hain urrun, Gipuzkoako probintzia beneragarri honetako hiriburu zaharrean, Tolosa maitagarrian. Orduan hitz egiteko baneukan pizgarri bortitza, legamina altxagarria, gure pintorerik handienaren pinturaz inguraturik aurkitzen nintzelako eta honek, ingurutasun hark, kemen eta adore, aitzakia eta estakuru ematen zidan nire barruan dauden eta dirakiten egia biribil guztiak kanporatzeko, jendearen aurrean agertzeko. Baina orduko pintore hura, gure Agustin Ibarrola maitatu hura, urrun dago guregandik, iluntasun sarri batean dago amildurik, eta haren adiskideak umezurtz eta alargun bezala aurkitzen gara desorientazio zoro batean itsumustuan, nora jo jakin gabe, galduta. Horregatik, gaurko nire hitza, gaurko nire solasa, gaurko nire elea, baldin eta dorpea bada, ez nazazue zigorka. Arren eta mesedez pentsatu behar duzue gizon ahul bat dagoela zuen aurrean, bere mihiari indar guztia kendu zaiona. Disimula ezazue, ez ikusia egizue, barka, barka eta barka ezazue. Azken finean, zuen artean gehienak kristauak zarete oraindik eta hori da kristau bertuterik ederrena: barkazioa.

Orain hamar urte inguru, poema luze bat idatzi nuen, Maldan behera. Poema hargatik sari bat eman zidan Euskaltzaindiak, euskal akademiak, Loramendiren omenez. Orduan, poeta sentitu nintzen horrekin, batez ere sariketa hartara hirurogei olerkari presentatu zirelako. Baina, beraren oroitzapena datorkidan momentu triste honetan, profeta sentitzen naiz: ni ere maldan behera erpin eta arin batean ikusten naizelako. Nintzena ez naiz. Denbora zaharretako itzal eta gerizerik ezkor baten modukoa nakusate eta hala dakusat nik ere nire burua. Herririk herri ogiaren bila, ezin dudan pisu eta karga astuna eraman eta jaso beharrez, nire ahuleriaren kontrako borroka batean.

(...)

Bilbo, 1933

Besteez mintzatzeko, nik niregandik hitz egin behar dut. Eta besteez daukadan iritzia konpreni dezazuen, ni konpreni behar nauzue lehenik.

Nik hiru urte konplitu nituenean Espainian gerra zen. Ni orduan erdalduna nintzen, ez beste arrazoirengatik ez bada nire gurasoek, nahiz eta euskal apelliduak izan, euskaraz ez zekitelako, erdal herri batean jaio nintzelako, Bilbaon, Bizkaiko hiriburu berrian.

Gizonak asko sufritzen du, baina are gehiago sufritzen du haurrak, gerra batean bizi den haurrak, nahikoa alimenturik, nahikoa elikadurarik ez duen haurrak. Eta hala genbiltzan gu, haur flakoak; lur zigorkatu hartan ikatza lapurtzen genuen, garia eta ogia ostutzen genuen, tabakoa eta ardoa ebasten genuen, lortu genuen kultura apurra ere haginka eta ukabilka hartu genuen liburu debekatuetatik.

Axularren Gero eta Altuberen Erderismos eskuz

(...) Eta horrela etorri ginen gizon izatera. Bitartean, gizon ikasiek ikasi behar dituzten hizkuntzak estudiatu genituen: frantsesa, ingelesa, aleman pixka bat, orduan modan zegoelako esperantoa... Eta, gainera, gure asaben eta aurrekoen mintzaera zelako baita euskara ere.

Euskara salbatu behar zela, eta salbatu behar zela... sakonki estudiatu genuen. Altuberen eta Azkueren eskola nagusietan amildu ginen, lehengo eskritore zaharrak irakurri genituen. Oraindik gogoratzen naiz zenbat ordu galdu nituen, urrikari honek, Axularren Gero Errebista Internazionaletik eskuz kopiatzen. Auskalo non aurkituko den nire eskuzko kopia hura, baina sinetsi nahi ez didanari Altuberen Erderismos-ena erakuts diezaioket.

Madarikatua

(...) Orduko haiek, nire mutil denborako behi sakratu haiek, euskaltzale garbiak ziren, behin ere bekatu egin gabekoak, gure ohitura zaharrak, gure fede sendoa eta beste gainerako lelo aspergarri guztiak egunero ahoan zeuzkatenak ziren. Baina haientzat ere zigorra izanen da.

Beti bakarrik, euskararen mamia eta errail sekretuak gozatu nituen. Komediak eskribitu nituen, inork eraman nahi izan ez zituenak teatrora.

Nire lehenbizikoa, laster Hernani honetan estreinaldiz emango duzuena, Tobera hura, eskandalagarria zen. Tirioek eta troianoek deskomekatu ninduten.

Badago, edo bazegoen orduan, Bilbaon liburu sorta bat Enbor izenekoa, euzkotar integristena. Nire Toberagatik esateko guztiak esan zituena. Erdal egunkari La Gaceta del Norte ere ez zen atzera gelditu. Biok hain etsai izanik, euzkotar integristak eta gaztelatar integristak, zergatik firmatzen zituzten bakeak euskaldun poeta eta teatrolari zoro honen kontra?

Zenbait urte iragan arte ez nuen erantzunik bilatu: gizonari ahoa tapatu nahi zioten.

Ez ezazue tapa gizonaren ahoa, defendi dadin, hainbeste bidegabe egin zaio azken ehun mila urte honetan. Orain besoak indargabeturik ditu, burua erdi bitan, ez diozue kopetan adarrik ernaltzen utzi, ebaki dizkiozue eskuak ez dezan ezpatarik astindu. Hor datza, ezin defendi daiteke indarrez. Bakar-bakar-bakarrik geratzen zaio hitza.

Baina ez ezazue, ez ezazue, ez ezazue tapa gizonaren ahoa, hitzaz balia dadin, hitzaz zerbitza dadin, honela konpreni dezazuen zertarako jaiotzen den mundura. Ez, ezazue tapa gizonaren ahoa.

Erosteko ahaleginak

Baina geroago, nire ahoa handiegia zelako edo euren eskuak eta mordazak txikiegiak zirelako ez ninduten isilarazi. Batzuek niregan sinetsi zuten eta nire Harri eta Herri agertu zen. Bertan nire olerki bakan batzuk atera ziren argitara. Gehienak etxean geratu ziren gordeta, gainerako guztiak.

Baina atera zen apurra nahikoa zen eta harriak ere enteratu ziren Bilbaon poeta ero bat bizi zela.

Eta orduan nirekin adiskidetu ziren. Bilbaoko La Bilbaína burges elkartera ere gonbidatu ninduten behin. Argazkia ere badago zein kariño ederrarekin tratatu ninduten. Honela esaten zidatela zirudien: «Bueno, mutil, orain nahikoa duk, gizondu haiz, familia daukak eta lehengo zoroaldiak alde batera utzi behar dituk. Orain gure tarteko bat izan hinteke

Oso errezelo handiarekin erretiratu nintzen etxera. «Hau nintzenean etsai nituen haiek orain adiskide ditut. Zergatik izanen da?» Hala pentsatzen nuen, baina erantzuna laster etorri zitzaidan.

Bartzelonara deitu zidaten euskal estudianteek. Gero Tolosara, Ibarrolaren pintura erakusketaren inauguraziora. Eta bertan aurkitu nuen erantzuna, bertan kausitu nuen ihardespena, bertan topatu nuen arrapostua: euskaldun gazteria nirekin zegoen, nire poesian gauza berri eta desiatu asko ikusten zituen. Eta gazteria haren gurasoak bide onera ekarri nahi zuen, euren seme-alaben sinbolo bat zen hura. Eskua luzatu zidaten, baina ni ez nintzen konforme geratu eta bizkarra itzuli egin nien.

Umeengana oldartu nintzen eta horrela esan nuen: «Hartutako bidea ez da lehen pausua baizik. Kontent zaudete nirekin, baina hemendik gutxira ez zarete kontent egonen. Gizonduko zarete, elkarrekin ezkonduko zarete, eta bizi beharraren apuru zorrotza sentituko duzue giltzurrunetan. Orduan etorriko zaizkizu gurasoak beso zabalik. Hauek gazte denborako zorakeriak izan dira eta artegira bihurtu behar duzue. Ez zabiltzate txantxetan. Euskararen salbazio hori alferrikako gauza da. Hori ondo dago gure negozioak zilegiztatzeko, aitzakia bezala, baina egin dezagun dirua, zabal ditzagun fabrikak, zabal ditzagun komertzioak, asko dibertitu zarete orain artean.

Eta nik esan nien neska-mutilei: Hartutako bidea ez da txantxetakoa, benetakoa baizik. Ideal bat daukagu eta azkeneko kontsekuentzietaraino joan behar dugu. Har ezazue nire ejenploa.

Klasea

(...) Askotan galdetu diot ene buruari ea zer den lehenago: arrautza ala oiloa. Ea pentsatzen dudan bezala pentsatzen dudalako naizen naizen bezala ala naizen bezala naizelako pentsatzen dudan pentsatzen dudan bezala. Baina egia ongi azterturik, ezagutzera iritsi naiz arrautza dela oiloa baino lehenagokoa. Gizona bere inguruak egiten duela.

Nire adiskide bat, oso nire lagun maitea, oso mutil prestua, txit ikasia, nik bezala pentsatzen omen du orain. Lanaren Deretxoa ikasi eta irakatsi du Bartzelonan. Orain, pioi dago fabrika batean, lanaren munduarekin bere lokarriak estuagoak egitearren. Baina jaietan Sopelanara doa beraneatzera, familiarekin, kotxe ederrean.

Duda sortzen zait niri barrenean: ez den hori izanen bere hobby bat, bere deporte bat.

Niretzat, berriz, oso aldrebes da mundua. Zerua goian eta lurra behean, Jesukristok pobre deitu zidan eta Marxek proletario. Nire klasearen eskubideak defenditu behar ditut. Eta nire herrian, nire herri artean, defenditu behar ditut.

Azken finean hemengo estrukturak aldatzen ez diren bitartean biok izanen gara euskaltzale, baina beharbada hura, nire lagun hura, okasioa horrela suertatzen baldin bada, hura izango da patroia eta ni jornalekoa, hura aberats eta ni pobre, hura burges eta ni proletario.

Eta badakizue azken konklusio batean Jesukristoren doktrina eta Marxena berdinak direla, zeren gogora ekarri zuek beraren hitzak: lehenago sartuko dela kablea orratzaren begitik burgesa zeruko erreinuan baino.

Halako gauzak erakusten dizkiet ene alabei.

Gatzaren gerra eta foruak

(...) Begirada bat eman dezagun gure historiara. Konparazio baterako, orain hirurehun urte Bizkaian zer gertatu zen. Zer izen zen Bizkaiko Gatzaren Erreboluzioa (...) Gaztelako erregeak zerga, petxa, jarri nahi zion Bizkaian gatzaren merkataritzari (...) Gatza ez zen orduan gaurko gauza merkea, oraindik jakintsuek ez zuten industrializatu itsasoko ura, ebaporazioaren metodo errez eta moderno hau. Gatz guztia meatzetatik ateratzen zen (...) Gainera, inportantzia handia zeukan, hori baitzen janaria kontserbatzeko ezagutzen zen metodo bakarra.

Baina hori ez zen inportanteena: erdaraz esaten den bezala, no es por el huevo, es por el fuero (...) Orduan galdu zen betirako euskaldunaren libertatea. Jende asko engainatzen baita. Ordurarte ez zen foru idatzirik gure artean. Orduan eman zigun Alemaniako enperadoreak gure forua, orduan inposatu zigun bere legislazioa, Mexikon Hernan Cortesek trasaltekei jarri zienaren kopia erraza eta merkea.

Zeren Sagarminagak dioskun bezala seiehun urte lehenago euskaldun baserritarrek geziekin eta baleztekin zebiltzan hirietako kaleetatik eta baserrietako soro artean.

Eta zer dago gauza libreagorik armetan dagoen herri bat baizik? Orduan kendu zizkiguten armak, orduan eman zizkiguten foruak, orduan hasi zen gure maldan behera egoera triste eta larri honetara heldu arte, non ez dakigun euskaldunaren izenak zer esan nahi duen ere.

Eta gainera, irainaren gaineko iraina, gatzaren zerga, gatzaren petxa. Aiorabide etorri zen herriaren buruan. Hura zen herri sanoa eta hura zen Aiorabide buruzagi braboa.

Gernikako juntetan galtza beltzen erreteiala eskatzen zuten (galtza beltzak aberatsen ezaugarriak ziren orduan) eta euskaraz egin zezaten arbolaren inguruan eta ez erdaraz. Orduan hasi zen gure ohiturarik itsusiena. Lehengo ohitura guztiak ez baitira garbiak. Gernikako juntetara herrietako izen ekarleak zetortzan auzo guztiek elizaldean librero hautatuak. Eta erdaraz ez zekien euskaldun huts bat agertzen zenean kartzelara sartzen zuten hamabost egunerako, multa ederra jarri ondoren.

Eta hainbeste doilorkeriaren kontra jazartu zen Bizkaiko herria. Azkenean, Bilboko plazan urkatu zuten Aiorabide. Urkatu arazi zuenaren izena Duque de Ciudad Real da. Ciudad Realeko dukea.

Zuen artean modu erromantikoan baten batek pentsatuko du: eta nola diren atzerritarrak gurekin aldrebesak eta gorrotagarriak. Ikusten duzue nondik datozen gure gaitz guztiak? Ciudad Realetik.

Eta ez. Halakoa ez dadila engaina. Halakoa ez dadila tontoa izan, zeren Ciudad Realekoa ez zen Ciudad Realekoa, dukea baizik. Deitura euzkotarra zeukan. Jaiotetxea Bizkaian. Hizkuntza naturaltzat gure euskara. Eta akats handi bat: dirua. Diruagatik traizionatu zuen herria. Eta horrela hasi zen suge klase hori, euskaldun burges edo aberatsen kasta higuingarria.

Gure leinua galtzen doa. Euskera util bat ez dute nahi. Deskomekatzen gaituzte.

Agonia puntu batean gaude. Euskara harri bat da. Asko maitatzen dut euskal harria, baina euskaldun klase hori itoginaren parekoa da eta urteen buruan, mendeen eta mendeen buruan, ur tantak harria jaten du.

(...)

Publiko arteko norbaitekin eztabaidan

-Aresti: (...) Burgesiaren kontzesio bakarra hori da, ongi egotea. Gainerako gauza guztiak burgesentzat alferrikakoak dira. Hori argi eta garbi dago. Kultura... Jende zertarako doa zinera edo teatrora? Ikasteko edo? Ez, dibertitzeko.... Dibertitzea. Horregatik nik diot esperantoa edo euskara ikastea, hau da, dirurik ematen ez duten gauzak, halako gauzetan dabilena, burgesen iritzian zoroa da. Niri askotan deitu didate zoro. Eta nik sanbenito hori onartzen dut. Bai, zoroa naiz, eta zer?

(...)

-Aresti: Orain beste pregunta bat permititzen badidazu. Nik esan dut zer naizen ni. Eta orain zu zer zara?

-Ni zer naizen?

-Aresti: Bai.

-Ni? Gizona, euskalduna...

-Aresti: Zer gehiago?

-Zer gehiago?

-Aresti: Bai. Nola pentsatzen duzun. Nik argi eta garbi esan dut. Orain baldin bazatozkit esaten... Zu, ez dakit nolakoa zaren, ez zaitut ezertarako ezagutzen... Eta badiostazu burgesa naizela... Goazen hortik zehar txikito batzuk hartzera eta horrelako gauzen gainean ez dezagun berba egin. Akordio batera ez gara ailegatuko eta.

-Izan liteke euskalduna eta burgesa... Eta beste batzuk izan daitezke euskaldunak eta obreroak... Hemen ez esan euskalduna naizelako burgesa ote naizen...

-Aresti: Ez, nik galdetu dut zure kondizioa... Etorri zara hona ni akusatzen... Zuk zelan pentsatzen duzu, kontradikzioak botatzen dituzu....

-Langile euskalduna...

-Aresti: Bale. Konforme. Orduan ez dut konprenitzen nola zure klasearen kontra zoazen...

-Nik ez dut konprenitzen zure nahaspila eta hemen esan dituzunak...

-Aresti: Bueno... beste gauza bat... Nahaspila nire mingainean egon daiteke, baina baita zure buru barnean ere...

-Ez, ez, ez... nik gauzak momentu honetan...

-Aresti: Ah! Orduan zu baldin bazara munduko gizonik argiena, orduan ni izango naiz tontoena...

-Ez, ez daukat kontraesanik. Nahaspila baldin badaukazu zuk, esan nahaspila duzula...

-Aresti: Bueno, ni zikina naiz... Hori aldez aurretik esan dut... Ni zikina naiz... Eta garbiak badakigu nortzuk diren... Beste galderaren bat?

Jose Luis Padronek horrela bukatzen du irratsaioa: Gora gizona, gora poeta, gora Gabriel Aresti... eta Imanolen Gabriel Aresti kanta entzuten da.

Lotura batzuk:

Gabriel Aresti, Hernanin, Lizardiren baratza irratsaioa (Euskadi Irratia).

Hernanin entzundako «herri bizitzaren musika eta hotsak», Jesus Mari Olano Fondoan bilduak (Kronika).

Ondare bat ahotsez betea (Berria).

Azken euskalduna (Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak liburutik).

Bizi al zara Gabriel? (Argia).

Gabriel Aresti (Angel Zelaietak 2000an idatzitako biografia).

Zer dakigu trap musikaz?

Mikel Iturria 2019/08/11 12:20
C. Tangana traperoak Bilboko Aste Nagusian zuen emanaldia bertan behera utzi du Udalak.

Zalaparta handia sortu du astean zehar gaiak: Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren eskaerak kontzertua bertan behera uzteko, plataforma digital batean milaka sinadura ordu gutxitan...

Egia da giroa ez dela samurra Bilbo aldean, duela astebete inguru neska batek salatu baitu sei gizonezkok bortxatu zutela.

Irakurri ditut hainbat iritzi (laburrak gehienak, luzeak gutxi batzuk), hainbat lagunekin egin dut berba, zerbait hausnartu eta zuentzat beste munduko ezer izango ez diren lerro hauek idatzi ditut, baina niri ideiak ordenatzeko balio izan didatenak.

Ez zaizkit zerrenda beltzak batere gustatzen eta uste dut bide arriskutsua zabaltzen dela hortik. Zuriak ere, zer nahi duzue esatea? Nork eginak, ze irizpiderekin eta abar.

Kulturaren eremu instituzionalean aritzen naiz lanean eta askotan aipatu izan dugu apenas eskaintzen zaiela ezer eremu horretan gazteei. Kultur programazio orokorraz ari naiz: antzerkia, dantza, zinema, musika. Horrela jarraitzen badugu, presta gaitezen.

Iritsi da beraz gure buruari galdetzeko zer dakigu trap musikaz? Nik ezer ere ez. Eta nire kintako, baita ni baino dezente gazteagoa den jendea entzunez, esango nuke orokorra dela ezjakintasuna. Gure garaikoa bai ona marmita nostalgikotik atera ezinik, makina bati entzun diot (eta ni ere erori naiz gaitz horretan hainbat aldiz) reggaetoia eta trap-a ez direla ez musika eta ez ezer. Gure gurasoak bezala: kanpotik begira, behiak trena nola, trapa eta reggaetoia.

Gustatuko litzaidake une batez 15-16 urte izatea eta jakitea zer pentsatzen duten adin horietako gazteek piztu den polemika honen inguruan.

Bi musika mota daude: ona eta txarra. Eta hor ez da estilo konturik. Hots, estilo guztietan daudela musika txarrak eta onak.

Musika ona zer den guk erakutsiko diegu gazteei? Guk badakigulako? Eseri eta atera palomitak gure porrotaren tamaina ikusteko.

Podiotik jaitsiko bagina, agian inguruan ditugun gazteek erakutsiko ligukete badaudela kontuan hartzeko artistak eta musikak.

Argazkia: Gorpuzkingz.

Euskal trap musikaz gauza gutxi topatu ditut sarean: 2017an agertu zen Gorpuzkingz (duela gutxi elkarrizketa bat irakurri nuen, Argian bertan, oker ez banago, baina bilatzaileak ez du topatzen) eta 2018ko urrian Sad Nigiri ezizena erabiltzen zuen norbait.

Estatura (chez Borboia) salto eginez gero, bi neska trapera hemen: lehena Bad Gyal, bigarrena La Zowi.

Entzun dituzue neskak? Ados. Goazen orain C. Tanganarekin. Kontatu didatenaren arabera Habanan eginiko bideo hau Havana Club konpainiak pagatu du. Hau da, Kubako gobernuak. Omara Portuondo eta Eliades Ochoa (Cuarteto Patria) musikari beteranoak agertzen dira bertan. Hainbat aldiz ikusi dut bideoa eta trapa zein doinu kubatarrak nahasten dituen kanta ederra iruditzen zait.

Jarraitu beharko dugu gehiago entzuten, gazteei hau kaka dela esanez ez baitugu ezer lortuko.

Egun hauetako txio eta artikulu esanguratsu batzuk.

Clara Serra.

Eduardo Maura.

Nuria Alabao.

Borja Crespo.

Samara Velte.

Aixa de la Cruz.

Fermin Muguruza.

Igor Elortza.

Jule Goikotxea: Te puedes acostumbrar a la guerra, pero Tangana, siempre hay.

Lorena G. Maldonado: Podemos, deja de hacer el ridículo: C. Tangana es un chulo, no un violador.

Alberto Moyano: La censura subrogada.

Juan G. Andres-ek C. Tanganari duela urtebete eginiko elkarrizketa.

El trap, la música que odian los padres (2015ekoa da).

¿Qué sabemos de la música trap? Este apunte en castellano

Eguneratzeak: hainbat komentarioetan utzitako estekak jarriko ditut hemen.

Gorka Erostarbek Nizuri Tazuneri taldea aipatu du, euskaraz aritzen dena. Gaur bertan, hilak 13, Piraten Flamenka gunean arituko da Donostian.

Erostarbek berak Le Fay-ren bideo hau gehitu zuen.

Gorka Bereziartuak G.A.Z LIMBOren lotura hau jarri zuen txio batean.

Luistxok beheko komentarioan dioena ulertzeko: La Basurekin Bilbon gertatutakoa, abeslariaren txioak hasitako kate bat.

Laura Macaya: No me irriten el pussy.

Oskar Alegriaren zumirikia

Mikel Iturria 2019/07/28 21:30
«Zumiriki. Ibai erdian dagoen irla».

Karlos Zurutuza kazetariak dio kobertura baten ondoren (gerra eremuetan ibiltzen da normalean) etxean ezer egin gabe egotera behartzen duela bere burua.

Oskar Alegria zinemagileak hainbat hilabete pasa zituen txikitako paraje basa eta mitifikatu batean inorekin hitz egin gabe. Bertara bi oilo eta 70 liburu eraman zituen.

Orain izan dugu haren berri Zumiriki izeneko filma aukeratu berri baitu Veneziako zinema jaialdiak Orizzonti sailean proiektatzeko.

Horren ondoren hainbat elkarrizketa eta albiste atera da Euskal Herriko prentsan, baina onena igandean argitaratu du Berria egunkariak eta Amagoia Gurrutxagarena da: «Arbolak imitatzea da gure erronka»

Oskar Alegria. Argazkiaren egilea: Idoia Zabaleta (Foku), Berriarentzat

Argazkia: Idoia Zabaleta (Foku) Berriarentzat.

Zati nabarmen batzuk hemen:

«Gaston Bachelardek erraten zuen: 'Gure lehendabiziko irudiak, beti, hiru dira: etxe bat, bide bat eta arbola bat. Badut etxe bat, badut arbola bat». Emak Bakia baita sarituan (2012) altxatu zuen etxea; Zumiriki-n, arbola jaso. «Biak lotuko dituen bideari buruzkoa egitea falta zait, trilogia osatzeko. Zumiriki trilogiako hirugarren alea da. Emak Bakia baita, lehena».

(...)

Animaliak imitatzeaz ari gara beti, baina arbolak imitatzea behar luke gure erronka, ezinezkoa zaigun arren. Arbolek badakite auzolanaz, eta badakite zatika hiltzen —arbolak parte bat edo bi hilak izan ditzake, baina beste bat ez—. Arbolek ez dute ihes egiten. Ezin dutelako. Beren defentsa guztia, beraz, pazientzian dago. Etsaiak etorriko direla badakite, eta beti zain daude. Problema bat dutenean, ez dute ospa egiten. Animaliokin, problema ez da bukatzen; atzean uzten dugu problema. «Problema hemen dago, eta hemen bukatuko dugu», esaten dute arbolek.

(...)

Hiztegi guztia ezin da, baina azken hitza gurea da. Eta, ze kasualitate, nire aitak idatzi zuen hiztegi bat eta hango azken hitza Zumiriki zen, naufragio batetik salbatzen ahal dudan azken hitza.

Nortasun agiria bidoi batean abandonatu nuen, lurpean, oihanean. Nire nortasuna oihanaren bihotzean zegoela pentsatzen nuen. Giltzik, dirurik eta nortasun agiririk gabe bizitzea... Interesgarria da gogoeta egiteko. Behar ditugu giltzak? Behar dugu dirua? Behar dugu nortasun bat? Hor dago gakoa.

Horrez gain filmean katajineta bat, Francisco Albisturren behi bat, Jesus Alegria aita, Pirinioetako artzain batzuk... ageri omen dira.

Esan bezala, hobe elkarrizketa osoa irakurtzea Berrian: «Arbolak imitatzea da gure erronka».

Igande arratsaldean gaztelaniara itzuli eta Pedradas blogean eskegi dut: Entrevista de Amagoia Gurrutxaga a Oskar Alegria.

Filmaren esperoan geratuko gara. Ahal bada ezer egin gabe, baina zaila dago.

Abuztuaren 3an hartuko du erretiroa Markel Irizar txirrindulariak

Mikel Iturria 2019/07/23 20:57
Hamasei urteko ibilbideari agur esango dio Oñatiko txirrindulariak abuztu hasieran. 7k aldizkarian kaleratutako elkarrizketa aipagai.

Igandean Gara erosi nuen eta 7k aldizkariak azalean Joseba Iturriak Markel Irizarri eginiko elkarrizketa zekarren. Bizipoz ezizenez ezaguna da oñatiarra eta Donostiako Klasikoa korritu ondoren agur esango dio 16 urteko ibilbideari. Ez dut haren karrera gertutik jarraitu, baina badakit gregario ona izan dela, zaleek asko estimatzen duten horietakoa, gainera.

Markel Irizarrek emandako erantzun batzuk itzuli ditut jarraian, baina lehenik eta behin bera agertzen den Marea Naranjaren bideo labur bat ipiniko dut.

Zabaldu parentesia. Marea Naranja egitasmoaren xede nagusia Euskaltel Euskadi taldearen historia kontatzea da. Irailean emango dituzte xehetasun gehiago plazaratu nahi duten liburuari buruz. Itxi parentesia.

Aitaren heriotza

Aseguru eta bidai agentzia bat genuen eta aitak jendetasun handia zuen eta oso ondo zihoakigun. Baina egoera okertu egin zen: bulegoan apenas egoten zen, bazkari eta afari mordoa... Alkoholarekin arazoak zituen eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Nik topatu nuen (Markelek 18 urte zituen), balkoitik egin zuen salto eta niri tokatu zitzaidan egoerari aurre egitea: Ertzaintzari deitzea, familiari (...) Asko ikasi nuen prozesu horretan eta ez dut inolako gorrotorik aitarekiko.

Alaitz

Elkar ezagutzen ari ginela, nobio hasiberriak, gaur egun nire emaztea den Alaitzekin joan nintzen afaltzera. Aitarekin bizitutakoa kontatu nion eta Alaitzek esan zidan berak 4 urte zituenean GAL-ek berea hil ziola (Xabier Perez de Arenaza, 1984ko martxoaren 23an) Miarritzeko gasolindegi batean. Bi seme/alaba bakar elkartu ginen, alargundutako bi amekin, modu dramatikoz betetako motxila soinean. Asko ikasi dut Alaitzengandik; buelta eman eta uneaz, bizitzaz gozatuko genuela erabaki genuen. Gure seme-alabek txiki-txikitandik dute suizidioaren, alkoholaren, indarkeriaren... berri. Jakin badakite Aitona Xabi nola hil zen, erakutsi diegu ez dela inor gorrotatu behar, besteen ideologiak errespetatu behar direla, eta gure gizarteak garai bateko akatsetatik ikasi behar duela datozen belaunaldiek geure gurasoek eta guk geuk pairatutakoak ez errepikatzeko.

Minbizia

2002ko irailean okertu zen gauza, Goierriko Itzulian koskorra atzeman zidatenean. Hasiera batean ez zen hainbesterako, baina pixkanaka aldrebestu zen egoera. Lehenik eta behin esan zidaten barrabila galduko nuela, aztertu beharra zegoelako. Txarra zela esan zidaten, baina kimioterapiaz libratuko nintzela. Gero ezetz, ez nintzela libratuko (...) Bakar-bakarrik joan nintzen urologoarengana, itxura txarrik ez zuelako, baina shock-ean geratu eta lur jota bueltatu nintzen. Alaitzi esan nion ulertuko nuela berak ni utzi nahi izatea. Hil ezkero, ez nuen nahi hura "X-en alarguna" eta "X-en alaba" izatea (...) 2003ko otsailaren 1ean pasa nuen azken kimioterapia saioa. Maiatzean auto batek harrapatu ninduen, baina hilabete bukaeran hasi nintzen berriro lehiatzen eta ekainaren 3an, gurasoen zilarrezko ezteiak ziren egunean bertan, erlojuz kontrako Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen.

Beste susto bat

Nire lehen Vueltan (2005), dopatzearen aurkako odol-kontrol batean, zerbait arraroa atzeman zuten. Etxera bidali ninduten eta konturatu ziren aortaren alboan tumorea nuela. Sabeletik beheraino zabaldu ninduten. Ona zen eta aurrera egin nuen, baina susto ikaragarria izan zen.

Laisekaren aholkuak

Euskaltel taldean asko markatu ninduen Roberto Laisekak. Lehen afarian nire aldamenean eseri eta esan zidan: ‘Hi, hiru aholkua emango dizkiat. Lehena, inoiz ez kexatzea’. Trek taldean diote hori dela Markelen lehen araua, ez kexatzea; edozein tokira bidalita ere, kexarik ez. Emandako bigarren aholkua zerbaitetan ona bihurtzea izan zen: ‘Esprinterra ez bahaiz, eskalatzailea; gainerakoan, bidoiak eramaten. Saiatu naiz gregario ona izaten, taldea animatu eta kapitainaren rola betetzen. Eta hirugarrena: ‘Ez bota dirua autotan eta erosi etxebizitza bat. Bizikleta utzitakoan edo profesionaletan hamar urte betetzerakoan, etxebizitza baten jabe bahaiz, aurreko bi arauak ondo bete ditualako izango da’. Hitzez hitz bete nituen.

Hiru seme-alaba

Seme-alabak izatearekin obsesionatuta nengoen eta, gutxienez, hiru nahi genituen. Uste dut planto egingo dugula (...) Etxean hiru arau idatzita ditut (jatorrizkoan euskaraz): ‘Familia honetan ez da anai arteko liskar, haserre eta errespetu faltarik onartuko’; ‘Pertsona baten ezaugarri garrantzitsuenak errespetua eta edukazioa dira’; ‘Familia eta lagunak altxor bat dira. Zaindu ditzagun’. Azkena aitarena da. Gaizki jokatzen dutenean, irakurtzeko esaten diet. Eta nire filosofia da beti egon beharra dagoela ahularen aldamenean. Edozein mugidatan behartsuena babestea gustatzen zait, esku bat botatzea.

Donostiako klasikoa

Topera prestatu dut nire burua ondo amaitzeko eta, Igeldon nagoela, zalegoarekin gozatu ahal izateko. Horregatik erabaki genuen Donostian agur esatea, nire jendearen aurrean. Klasikoaren ondoren, taldekideekin Oñatira etorriko gara, bizikleta eskegi, afaldu eta parranda botako dugu  (...) Zaleek merezi baino gehiago estimatu naute. Ondo baino hobeto portatu dira eta eskertuta nago oso. Askotan esan izan dut: ona izan gabe, ona izan banintz bezala maitatu naute. Horregatik da polita etxean agur esatea, nire jendearekin.

Argazkia: Conny Beyreuther 7K-rentzat (Gara).

Elkarrizketa oso-osorik irakurtzeko, Markel Irizar: «Si algún día a alguno de mis hijos les dicen que su padre fue una buena persona, será más importante que decir que gané veinte monumentos».

El ciclista Markel Irizar se retira el 3 de agosto, este apunte en castellano.

Hil da Mariano Ferrer

Mikel Iturria 2019/07/14 19:25
Gaur hil da Mariano. Ze pena!

Ez dakit zenbat aldiz jaiki ote den Gipuzkoa (zentzu guztietan) Mariano Ferrer entzuten. Herri Irratian berak urte luzez gidatutako El kiosko de la Rosi baitzen hainbat gipuzkoarren iratzargailua. Eta gure etxean ere ohitura zen Mariano entzutea.

Garai predigitalak izaki, irratsaioak hamabost egunez gordetzen zituzten soilik. Hau da, ez dakit zer sistema erabiltzen zuten programak gordetzeko, baina gainean grabatzen zuten eta jada ez da ezer gordeta izango, baldin eta entzule finek ez badute kasetetan haren ahotsa gorde.

Ttarttalo-k Imanol Murua kazetariak egindako antologia argitaratu zuen 2011n: "Mariano Ferrer. Lo que dije y digo. Artículos de prensa 1991-2010". Tartean elkarrizketa bat dago, Imanolek berak egindakoa. Honen pasarte bat dago sarean. Lau minutuko kortea da, baina esanguratsua:

Hainbat lagun saiatu ginen bere artikuluekin webgune bat sortzen, baina ezin izan genuen aurrera eraman eta egitasmoa ideia mortuen hilerrian dago.

Kaleratu den azken elkarrizketa Ivan Gimenezek egin zion ELA sindikatuaren Alda aldizkarirako. Zehatz-mehatz bi izan ziren elkarrizketatuak: Mirentxu Purroy eta Mariano Ferrer. Euskaraz argitaratu zuen Argiak: Independentziaren bermea.

Javier Ortizen liburuaren ale bat nuen berarentzat gordeta, esku bat bota zigulako 2010ean Donostian lagunari egin genion omenaldian. Idatzi nion posta elektronikora eta ez zuen erantzun. Bizpahiru aste pasa zirenean, telefonoz hots egin nion. Ospitalean zegoela esan zidan. Lerro hauek idatzi nituen orduan, bere izena aipatu gabe, baina gaur bai, gaur bera izan zela aipatuko dut: Menpekotasuna «dastatzen».

Kasualitatea da, baina duela hamabost urte, gaurko egunez, eman nion hasiera blogari Mariano Ferrer-en agurra sarreratxoarekin. 2004ko uztailean utzi baitzituen Herri Irratiko mikrofonoak erretiroa hartzeko. Gaur, tamalez, agur esan digu betirako.

Gugan bego Mariano maitea. Kazetari eta pertsona puska!

Ha muerto Mariano Ferrer, este apunte en castellano.

Uztailaren 15eko eguneratzea. |en "El Kiosko de la Rosi" hemen: Xabier Lasak grabatu kasetean, -k pasa gaur arratsaldean eta orain sarean dago. Argazkia -rentzat Dani Blancok eta nik bidez eskuratu dut.

 

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter