Norberak markatzen du normaltasuna
Astelehenean, hilak 25, Okendo Kultur Etxean egin zen «Desde el otro lado» liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Bernardo Atxagak argitaratu duen gaztelaniazko libururik berriena da eta Asteasuko idazlearen lau narrazio jasotzen ditu. Bere (eta nire) lagun zahar baten laguntzarekin egin zuen aurkezpena, Jabier Muguruza.
Esango nuke jada idatzi dudala hemen, esan behintzat behin baino gehiagotan, berdin zaidala zein izango den Atxagak jorratuko duen gaia: nire gustatzen zaidana da bera entzutea. Bigarren mailakoa da ados ote nagoen berak dioenarekin.
Publikoaren parte hartzeaz arituko naiz orain. Bertan bildutakooi galderak egiteko aukera eman ziguten. Uste dut lauzpabost lagunek hartu zutela parte. Denak, ni neu bezala, gizonezkoak. Gero eta erreparo gehiago ditut jendeari mikrofonoa emateko garaian horrelako ekitaldi baten ondoren: normalean gizonezkook zabaltzen dugu ahoa, lehenago prestatu dugun zerbait edo hantxe bertan okurritu zaiguna esatea dugu gustuko, gainerakoentzat oso interesgarria izango delakoan, eta ez dugu galderarik egiten, idazleak guk dioguna berrestea bilatzen baitugu. Astelehenean bakarrak bota zuen galdera aurretik ezer esan gabe.
Josulagun batek altxatu zuen eskua. Josulaguna zela dakit berak esan zuelako, baina ez zen zaila hori jakitea bere hitzei erreparatuz gero.
Ignazio Loiolakoa bizitza publikotik desagertu izana zuen kezka. Adibide bat jarri zuen. Donostiako Gipuzkoa plazatik egin ei zuen paseoa apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Bertan liburu dendek jarritako postuetan galdetu eta inork ez omen zuen Loiolakoaren libururik salgai une eta toki hartan. Atxagari galdegin zion ea zein zen bere iritzia.
Atxagak erantzun zion egun batzuk lehenago lagun komunista batek gauza bera esan ziola komunismoari buruz. Ondoren zehaztu zuen agian garai batean San Ignaziok gehiegizko presentzia eduki izana bizitza publikoan, eta orain ez ote diren urak bere bidera bueltatu. Gehitu zuen Imanol Royo zinemagileak egina duela film bat azpeitiarrari buruzkoa. «Ismo» batzuen desagertze azkarraz ere ohartu gintuen. Gutxi gora behera.
Lagun batek esan ohi du gazte denboran berak uste zuela denak bera bezalakoak zirela. Helduaroan ondo sartuta konturatu omen zen bera bezalakoak, kasurik onenean, populazioaren %10a izango direla.
Azken finean, norberak markatzen du normaltasuna zer den.
La normalidad eres tú, este apunte en castellano.
2009ko apirilaren 28a
Javier maitea.
Lerro hauek idazten ditut zure heriotzaren hamahirugarren urteurrenaren bezperan. Erraz esaten da.
Mantso irakurtzen dut berriro, silabak ondo markatuz: ha-ma-hi-ru-ga-rren ur-te-u-rre-na. Bi hitz horiei he-ri-o-tza gehitzen diet. Hamahiru urte ditu gure iloba gazteenak, zu zendu baino hilabete batzuk lehenago jaiotakoa.
dear_jor etiketak zenbat sarrera dituen begiratu dut. 18 testu, idazten ari naizen gutun hau etiketatu aurretik. Azkena 2018ko maiatzaren 1ekoa da. Garai hartan jada ari nintzen zure zutabe, apunte eta gainerako testuak berrirakurtzen, 2019ko apirilean liburuaren emaitza izan zuen ahalegina: Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista.
2009ko udaberrian, lehendakari izateari utzi zion Ibarretxek eta Patxi Lópezek hartu zuen lekukoa. Madrilen, Zapatero zegoen Moncloan eta Juan Carlos I Zarzuelan. Gaur egun EAJk agintzen du Gasteizen, PSE-EE Urkulluren makulu da eta sozialistek agintzen dute Madrilen Podemos-ekin duten gobernu-koalizioan. Ez dakit non zegoen 2009an Pablo Iglesias, ezta zertan zebilen Ayuso ere.
Mendebaldar ikuspegitik, azken bolada honetan gertatu diren bi gauza potoloenak covid-19ak sorturiko pandemia (badirudi gure alde honetan jada hasi garela orrialdea pasatzen; espero ez izatea alferrikakoa) eta errusiarren Ukrainako inbasioa, 2022ko otsailaren 24an gertatutakoa. Itxura guztien arabera bi hauek baino min handia eragingo digu, ustez, hirugarren batek: krisi klimatikoa.
Gustatuko litzaidake zu jotafuego iritzia ematen egotea, orain eta beti, baina jada ez da posible. Zure telefono zenbakia gogoratzeko esfortzua egin dut, alferrik baina: ahaztu egin zait. Ondo legoke zenbaki hori markatzea, gaur egun norena den jakiteko. Tira, zu berrirakurtzea besterik ez zaigu geratzen.
Irakurtzea eta berrirakurtzea gaia atera dudanez, esango dizut gero eta gutxiago irakurtzen dugula Interneten ("habla por ti", esango lidake gertuko batek). Uste dut sare sozialek (ibili zinen Twitter eta Facebook-en saltseatzen?) zerikusi handia dutela.
Zenbait unetan blog hau ixteko garaia iritsi dela bururatzen zait, baina gero ohartzen naiz desagertze garaian dagoen Internet baten seme naizela: Patera edo Eibartarrak bezalako posta-talde zein blogen Internet. Eta orduan diot, erremate moduan, ez dagoela batere gaizki noizean behin lau lerro idazteko txoko burujabea izatea sarean.
Gaurko lerro hauek zuretzat dira.
Asko botatzen zaitut faltan. Asko botatzen zaitugu faltan, Javiertxo.
Besarkada estua.
Iturri.
28 de abril de 2009, este apunte en castellano.
Ukraina: gerra eta propaganda
Azken aste hauetan, Alberto Pirisek Ukraina-Errusia gatazkaz zer argitaratu zain nengoen. Azkenean, hilaren 13an kaleratu zuen Ucrania: guerra y propaganda artikulu laburra Milicia y democracia foroan.
Aurten beteko ditu 90 urte Pirisek (Bilbon jaio zen 1932an), eta 1950eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide militarra Espainiako Armadan. Franco osteko urteetan, 1980ko hamarkadan, nazioarte mailan ibili zen estatu ordezkari gisa Felipe González presidente zen garaian. Armada utzi ondoren hainbat urtez analista lanetan aritu da Centro para la Investigación de la Paz (CIP) izenekoan.
Esan bezala, interes berezia nuen berak idatzitakoarekin. Irakurri eta euskaratzea erabaki dut.
Ukraina: gerra eta propaganda
Los ojos de la guerra izeneko liburuan (Plaza y Janés, 2001, Manuel Leguineche eta Gervasio Sánchez-ek koordinatutakoa), zera idatzi zuen Ryszard Kapuściński kazetari poloniarrak errealitatearen ezagutzari buruz komunikabideek jokatzen duten rolaz: "Gaur egun pantaila txikia historiaren iturri berri bat bihurtu da (...) Telebistak zabaltzen duen bertsioa da, inkonpetentea eta okerra, inposatzen dena, guk kontrastatu ezin duguna". Eta gehitzen du: "Gure arazoa da jakintza zehatza eta sendoa duten liburuak baino abiadura askoz handiagoan biderkatzen direla komunikabideak, eta horregatik erortzen da gero eta gehiago zibilizazioa telebistak ematen duen historiaren bertsioarekiko dependentzian, fikziozko eta ez benetako bertsioa".
Esandako horri gehitzen badiogu, jakina den bezala, gerra orotan propaganda ezinbestekoa dela gerra jardueren garapena errazteko, hobeto uler dezakegu Ukrainako inbasio errusiarrak munduan zehar barreiatu duen informazio kaosa. Batzuentzat gerra propaganda soila dena, besteentzat errealitatea da. Putin presidenteak gatazka honi buruz ematen dituen esplikazioak errusiar herriaren zati batek onartu eta gure komunikabideetan propaganda zabartzat hartzen den bezala, Biden presidentearen eta NATOko idazkari nagusi Stoltenberg-en adierazpenetan murgildurik bizi gara mendebaldearen zati handi bat, haiek ere propagandaren nahitaezko-kuota dutela ohartu gabe.
Oinarrizko bi propaganda klase daude: gezurra eta errealitatearen ezkutatzea. Gezurraren arazoa da beti agertzen dela: "Espainiarrek leherrarazi zuten Maine", "Sadam Husseinek suntsipen handiko armak ditu" eta abar. Soilik berehalako ondorioak lortu nahi badira eta egoki diseinatuta baldin badago da propaganda eraginkorra, ondo faltsututako eta zabaldutako frogetan oinarriturik.
Bigarren klasea maltzurragoa da: errealitateak ezkutatzean datza. "Kantzelatu", gaur egun esaten den bezala. Ez aipatu. Oihal iluna bota zabaldu behar ez denaren aurrean.
Adibidez: 2021eko martxoaren 24an, Zelensky-k Krimea errekuperatzeko presidente-dekretua eman zuen. Ezaguna al zaio hau irakurleari? Baten bat egonez gero, komunikabide gutxik aipatu zuten albistea. Ondoren, tropa mugimenduak egon ziren Ukrainako hego-ekialderantz. Handik gutxira, NATOk maniobrak egin zituen Baltikotik itsaso Beltzera. Errusiar ikuspuntutik, hori mehatxutzat hartzea harrigarria al da?
Beste adibide bat: gaur egungo gerraren zainetan 2014ko Krimeako errusiar anexioa dago. Kievekin baino. Krimea Moskurekin estuago lotzen dituzten erro historiko, sozial eta kulturalak ondo agertuko lituzkete Kapuścińskik penaz gogoratzen dituen liburuek. 1991n, erreferendum baten ondoren, Krimea SESBko errepublika autonomoa bihurtu zen, Ukraina ere independizatu baino sei hilabete lehenago. Kieveko gobernuak Krimea 1995ean inbaditu eta indargabetu egin zuen konstituzioa. Hau ere ez da ezagutzen: "ezkutatze bidezko propaganda" izango ote?
Era berean, ez da oso ezaguna 2014an egindako erreferendumean Errusiar Federaziora elkartzea eskatu zuela Krimeak, 1991ko antzeko emaitzarekin. Ikus ditzagun txanpon bereko bi aldeak: "Errusiak inbaditu eta okupatu du Krimea", propaganda batzuentzat, errealitatea besteentzat; "Krimea Errusian integratu da berriro" bezalaxe.
Harritu beharko liguke albiste bera propaganda izatea batzuentzat eta errealitatea besteentzat? Ez. Indarrean dagoen gerra baten nahitaezko emaitza da.
Soilik Historiak, urte batzuk pasata, emango digu aukera ezagutzeko nolakoa izan zen gatazka; egun Europako estatu batean heriotza eta suntsipena sortzen duen gatazka, nahasmena besteetan; batzuentzat eskasia, besteentzat pobrezia; lukro eta iruzur aukerak; tristezia eta gogo falta gizateriarentzat. Agian errealitateaz jabetzeko Historiak asmatuko du aspaldiko kokteleran gezurrak eta egiak nahasten. Nahiz eta guk ez ikusi.
Oscar Gómez Mata, gure gizona Suitzan...
Denbora pasa da, baina ahaztu aurretik aipatu nahi nuke martxoaren 15ean eta 16an dFERIA barruan, L´Alakran taldearen Makers ikuskizuna izan genuela Donostiako Lugaritz Kultur Etxean. Hilaren 16an hurbildu nintzen bertara.
Bikote bat taula gainean. Juan Loriente zen horietako bat. Ez nuen ezagutzen Kantabriako aktorea. Bestea bai ordea: eta horregatik hurbildu nintzen Lugaritzera.
Bigarrena Oscar Gómez Mata irundarra zen. Oscar egun L'Alakran konpainiako zuzendaria da, baina hastapenak Legaleón-T taldean egin zituen.
Antzerkia egiteagatik ezagutzen nuen? Ez eta bai. Hasiera batean ezagutzen nuen nire auzokoa delako. Bost bat urte zaharragoa, 60 urteko mugarrira hurbiltzen ari da, eta bizitzaren erdia darama jada Genevan, Suitzan.
Bezperan, prentsaurrekoan, agurtu nuen eta bost bat minutuz egon nintzen berarekin solasean.
Kale antzerkiarekin hasi ziren kanpoaldean, jarraitu zuten barruan, aretoaren atarian, eta azkenik oholtzara igo ziren. Geruza asko dituen antzezlana: une barregarriak batzuk, serioak beste batzuk, malkoak botatzekoak ere badira... Oscarren hitzetan, dedikatoriaz, eskaintzaz jositako antzezlana, bi clown metafisikok egina.
Ez dakit eskaintzen kategorian sartzerik ote dugun, baina Lugaritzera etorri zen azken aldian, duela 20 urte inguru, furgoneta erre zioten Oscarri. Zergatik? Matrikula frantsesa zuen autoak eta etxerako bidean soberan izango zuten molotov-koktel bat, eta salida emateko zer hobe titiriteroen furgoneta hura baino, bota zuen Oscarrek, denborak ematen duen umore punttu batekin.
Bi ordu baino gehiago iraun zuen eta gomendatzen dizuet paretik pasatzen bada, haiek ikustera joateko. Adibidez, Errenterian egongo dira, Eztenan, ekainaren 12an.
Halere, bada gauza bat harritu ninduena: Lorientek kontatu zuen 2018an Suitzako Antzerki Sari Nazionala eskuratu zuela Oscarrek. Eta ez nuen honen berri. Google-k informazioa ezkutatu ez badit, Irungo kazetari batek, María José Atienzak, egin zion elkarrizketa Oscarri. Eta kitto.
Harrigarria egiten zait horrelako ibilbidea duen aktore eta zuzendariak gurean ez izatea oihartzun gehiago.
Oscar Gómez Mata, nuestro hombre en Suiza..., este apunte en castellano.
Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan
Muzdharen adierazpen hau asteartean entzun nuen podcast batean. Ez da gaur-gaurkoa: 2021eko urrikoa da saioa. Hibai Arbide eta Adriana Cardosok zuzendu eta aurkezten dute La Internacional irratsaioa hilean behin Radio Primavera Sound-en. Programa hau Afganistani buruzkoa izan zen eta Olga Rodríguez kazetariari eginiko elkarrizketa du ardatz. 9. minututik aurrera entzun dezakezue Candela Malmierca Muzdharen testuari ahotsa jartzen (gaztelaniaz). Nik euskaratu egin dut.
Muzdha naiz
Muzdha naiz, Afganistanen jaioa. 16 urte ditut, eta herritik alde egin izan ez banu, ziur aski orain taliban batekin bortxaz ezkonduta egongo nintzateke. Hori gertatu zitzaion nire izebari.
Talibanek gure herria konkistatu zutenean, bahitu zituzten, eta geroztik haietako baten emaztea da. Talibanek ez zuten konkistatu Afganistan abuztuaren 21ean, jendeak uste bezala: urte luzez konkistatu zuten, Estatu Batuetako soldaduek eragozten ez zuten eta gainerakoei berdin zitzaien bitartean.
Talibanen aurrerapena geldiezina zenean, aita Dilawar-ek eta ama Shafika-k ez zuten arriskatu nahi izan guri ez gertatzeko gure izebari gertatutakoa.
Lau ahizpa ditut (oharra: ez dakit izenak ondo idatzi ditudan): Palwasha, 20 urtekoa, Marwa, 11koa, Jadiya, 10ekoa, eta Jushgu, 7koa. 2019an iritsi ginen Greziara. Beste askok bezala, itsasoan bizitza arriskuan jarri genuen, Turkiatik Samos irlara bitarteko bidaia txalupa batean gurutzatzeko. Lehenengo aldia zen itsasoa ikusten genuela, baina hauxe ez zen izan bidaiaren arriskurik handiena. Europatik ikusten ez den zatia askoz ere okerragoa da, amak beti dioen bezala. Iran autoz zeharkatzea deserosoa izan zen, baina larriena Iran eta Turkia artean hasi zen.
Polizia eta soldadu turkiarren kontrolak saihesteko, mendian gora eta behera ibili ginen astebetez. Egunsenti batean, gidarietako bi borrokan hasi ziren elkarren artean, biek espedizioaren buru izan nahi baitzuten. Eztabaida irabazi zuenak labana sartu zion besteari nire ahizpa txikien aurrean, eta bere atzetik oinez jarraitzeko agindu zigun.
Turkian soilik hamabost egun pasa genituen, baina bi aste horiek hondamendira eramango gaituzte. Greziako asilo lege berriak, 2021eko maiatzean onartu zutena, Turkia herrialde seguru izendatu zuen. Horrek esan nahi du orain ukatu egiten dituztela asilo-eskaera guztiak Turkiatik iritsi bazara Greziara. Eta ez dago iristeko beste modurik.
Gure familiak urteak daramatza errefuxiatu-eremu batean espedientea noiz ebatziko zain. Greziako Gobernuak legea onartu bitartean nahita atzeratu ditu erabaki guztiak, eskabide guztiak atzera bota ahal izateko. Eta esan digute lege berriak Turkia herrialde seguru izendatu duenez, Turkiara bueltatu beharra daukagula, onean edo txarrean.
Oraindik ez dira Turkiako deportazio masiboak hasi, baina horren beldur, errefuxiatu eremuko gure bizilagunetako askok alde egin dute. Balkanak oinez zeharkatu nahi dituzte, Europa erdialdera joateko 2015ean bezala, baina 2015ean ez zegoen gaur egun bezainbeste hesi eta muga-kontrol. Ez dakite ibilbidea posiblea ote den, baina azkenak izateko beldur dira.
Pozik nintzen eskolara bueltatu nintzelako hainbeste bidaiaren ondoren. Iaz nota onarekin gainditu nuen dena. Gero eta hobeto hitz egiten dut grekoz. Uste nuen hemen geratuko nintzela bizitzen.
Orain ez dakit gaurkoa ote den nire azken eguna institutuan.
Solidarité
Badirudi jada pasa dugula Afganistango orrialdea, Putinen esku-hartze kriminalak Ukrainia eta Errusiaren arteko gatazka lehen lerroan jarri duelako, gainerako guda eta gatazka armatuak bigarren maila batean utziz. Datua oker artxibatu ez badut, une honetan laurogei gerra baino gehiago daude planeta osoan.
Otsailaren 24ko inbasioak blokeatuta utzi nau. Ulertzen dut, beraz, beste asko egoera berean egotea.
Duela egun batzuk hogeitaka urteko gizon afganiar baten kasuaren berri izan nuen. Errusian hiruzpalau urte pasa ditu, baina bertako agintariek ez zioten asilo-eskabidea onartu eta 2021eko bukaeratik egoera irregularrean dago. Bere herrialdera deportatua izateko arriskuan, gainera; eta neurri hori heriotza-zigorra izan daiteke berarentzat. Espero hori ez gertatzea eta Europako herrialde batek hura babestea.
Goian aipatutako irratsaioan, kanta bat entzun nuen, buruan bueltaka dabilena azken ordu hauetan. Solidarité du izena eta 2017an M (Mathieu Chedid) zein Toumani eta Sidiki Diabaté-k eginiko Lamomali diskoan ageri da.
Ahora no sé si este es mi último día en el instituto, este apunte en castellano.
Haur ola zirola
1.- Denboraldi honen hasieran, Realak erabaki zuen gizonezkoen lehen taldearen Anoetako hainbat partidatan musika programatzea. Euskal Herriko zenbait musikari (Gorka Urbizu, Xabi Solano), Donostiako Orfeoia eta bertsioak egiten zituen banda baten emanaldiak programatu ditu, oker ez banago.
2.- Zelaian futbolaz harago izaten diren ekitaldietan kosta egiten zaio Realari ondo mugitzea: ohorezko sakeak, intsignia-emateak, bestelako aitortzak...
3.- Aukera bat eman nion Realari partida egunetan zuzeneko musika programatzeko. Musika toki guztietan entzuten dugun garai hauetan, zuzeneko musika gero eta gehiago kostatzen baitzait kultur aretoetatik kanpo entzutea; antzoki, eszenatoki, klub ttiki... hor bai. Ez ditut festibalak maite, adibidez.
4.- Kitto esan nuen Betisen kontrako egunean, Kopako kanporaketan. Egun hauetan guztietan ez diot puntua harrapatu musikari, futbol partida batek beste erritmo batzuk dituelako: zelaira sartzea, taldeak berotzen ikustea, lagunekin hitz egitea, etxeko zale sutsuenek harmailak berotzen ikustea... Eta musikak traba egin dio horri, are gehiago bolumen desegokian (Betisen egunean, adibidez).
5.- Gatibu. Dorpea izan behar da Athletic-en aurkako derbia jokatu eta hamar egunera Athletic-eko jarraitzaile bat buru duen taldea Anoetan programatzeko.
6.- Nekagarria egiten zait bi taldeen zale batzuk elkarri mokoka ikustea Twitter-en. Grazia izango balute sikiera behatza besteari ondo sartzeko.
7.- Realzale batzuei ez zitzaien batere gustatu abeslariak izandako portaera Anoetan urriko derbian. Nik ez dakit zer gertatu zen egun hartan eta zabaldu dien irudiek ez dute inolaz ere argitzen gertatutakoa.
8.- Musikari eta artisten kontrako boikotak ez ditut laket.
9.- Ez dakit nork eman duen pausua kontzertua bertan behera uzteko, baina kluba izan bada, malo. Programazioan hanka sartuz gero, jan egin behar da polboroia.
10.- Futbola maite duen honek Realari partida egunetan soilik futbola eskatzen dio, eta futbola bezain ondo kudeatzen ez dituen kontuetan ez sartzea.
11.- Haur ola zirola.
Zapatero, a tus zapatos, este apunte en castellano.
Zambra
Alguien que es amigo de zambras y carnavales, y gasta en ocasión un humor vagabundo que le empujar a ver las cosas con los ojos entrecerrados de la burla y la perplejidad.
Viaje alrededor de mi cuarto, Miguel Sánchez-Ostiz. 251. orrialdea.
Aurreko batean, Sánchez-Ostizen liburua irakurtzen ari nintzela, zambra hitzarekin egin nuen topo aspaldiko partez. Hori bai, oso ondo gogoratzen dut noiz eta zergatik erreparatu nion hitz honi bere garaian.
Esan bezala, 2002ko irailean Zambra aretoa zabaldu zuten Lesakan. Proiektu erraldoia, hamabost hilabetetan azukrea uretan bezala desegin zena.
2.600 lagunentzako edukiera zuen, garai hartako Lesakako biztanle guztiak zutik kabitzen ziren bertan.
Altzako kultur etxera iritsi berria nintzen eta gurekin harremana zuen pertsona bat zegoen buru-belarri sartuta proiektuan.
Iraileko inauguraziora lankide batekin joan nintzen autoz Donostiatik. Herriarentzat eginiko irekiera ekitaldia izan zen, alkatea tartean. Honek, gutxi gorabehera, zera esan zuen: «Menuda zambra que nos habéis hecho». Asmatu egin zuen bete-betean.
Fermin Muguruzaren kontzertu batean egon nintzen ondoren, oker ez banago 2003ko hasieran.
Berehala arazoak pilatu zitzaizkien bultzatzaileei, ezinezkoa baitzen espektatibak betetzea, eta ahalegin mardul hura pikutara joan zen.
Google-n Zambra eta Lesaka hitzak ipiniz, besteak beste, ondorengo hauek agertu zaizkit:
2002ko iraila: Zambra, Mikel Lizarralde Euskaldunon Egunkarian.
2002ko iraila: El espacio festivo cultural Zambra de Lesaka se inaugura este viernes (Artez).
2006ko abendua: El Ayuntamiento negocia la compra de Zambra y redefine su Casa de Cultura (Diario Vasco).
2009ko apirila: Lesaka mantiene su interés por comprar la sala Zambra (Diario de Navarra).
2011ko urtarrila: El Plan de Inundabilidad obliga a derribar Zambra y siete puentes en Lesaka (Diario de Noticias).
Azken ahalegina egin dut Twitter-en. Bertan txio bakarra dago, 2019ko martxoa, Jon Abrilena. Kontatu didatenez, hartzekodunek ezin dute asumitu eraikina botatzearen gastuak.
Erokeriaren hondarrak #zambra #Lesaka pic.twitter.com/Dtg2lZ9ICU
— Jon Abril (@jonabril) March 30, 2019
Soinu banda. Flaco Jiménez: Don't Worry Baby (feat. Los Lobos).
«Menuda zambra que nos habéis hecho», este apunte en castellano.
Hegal egiten (X)
Rafael Berrio
Harri Fernandezen txio bati esker, irakurri nuen ostiralean Valentziako emakumezko batek idatzitako testua Rafael Berrioren musika deskubritu berritan.
Carta a Rafael Berrio de parte de alguien que lo acaba de conocer y disfrutar https://t.co/hkj2TiciGB
— Harri X. Fernández (@Harrifernandez) February 9, 2022
Emozio hori. Pena Rafa pertsona jada ez dagoela gurean. Musikarekin eta letrekin konformatu behar. Eta ez da gutxi.
CIAk asko daki
Chicagora joatekoa da lagun bat udaberrian. Bertako unibertsitate batean ikastaro bat emateko asmoz. Ez da egonaldi luzea, baina kobratzeko lan baimena du beharrezko, eta horrek esan nahi du bi ordu pasatzea formulario bat betetzen; besteak beste, eskatzen omen dute AEBera egindako azken bost bidaietako sartu-irtenen data zehatzak.
Gainera, Madrileko enbaxadara joan eta bertan elkarrizketa bat gainditu behar du.
CIAk asko dakiela! zioen Normal. Denak ari baikara beraientzat lanean.
Ukrainia eta Otanen krisiaz, irakur dezakezue Piris maisua.
Esaidazu zer ordu den
Astean zehar, Miren Gutierrez eta Daniel Innerarityk Ernest Lluch Kultur Etxean emandako hitzaldia entzun nahi dut: Democracia, datos, algoritmos y robots. Gauzak ondo bidean, laster egongo da podkasten atal honetan.
Cristina Tapiak elkarrizketatu zuen Miren Gutierrez Ispilu Beltzan (42 min. 25 segundu inguruan hasten da). Bukaera aldera zera dio, gutxi gorabehera, Mirenek: «Nunca compraría un asistente de voz: un Alexa, un Siri.... Nunca, nunca. Estaría pagando para tener un espía en casa y sería el colmo, aunque acepto y admito que puede ser muy útil. Pero, ¿qué necesidad he tenido yo hasta ahora de "Siri, dime qué hora es"?»
Erabat ados nago horretan Mirenekin, baina gero kolaboratzen ari naiz Common Voice proiektuarekin. Kasu honetan ere kontzeptua baita garrantzizkoena.
Hots, ez da gauza bera zuk kudeatzen duzun blog batean idaztea edota Facebook-en aritzea.
Isaac Rosarentzat saria
Tira, urtarrila amaieran egun batzuk pasa genituen Sevillan. Bertan bizi da Isaac Rosa idazlea. Geratzeko planen bat egin genuen, baina azkenean ezinezkoa izan zen.
Atzo bukatu zen astean jakin dut haren liburu batek irabazi duela Seix Barral argitaletxearen Biblioteca Breve saria. Asko poztu nintzen.
Muy feliz y emocionado por este #PremioBibliotecaBreve, pero también por todas vuestras felicitaciones, que no conseguiré responder individualmente. Muchas gracias por tanta generosidad y cariño. En marzo, 'Lugar seguro' en librerías, con @Seix_Barral pic.twitter.com/JIPoPrd3lK
— Isaac Rosa (@_isaacrosa) February 7, 2022
Anna Mieke
Pasa den ostegunera arte ez nekien nor zen Anna Mieke. Orain ere aski gutxi dakit. Irlandarra dela eta Idle Mind izeneko lana argitaratu zuela 2019an.
Asteazkenean, hilak 16, arituko da Dabadaba aretoan.
Volando voy (X), este apunte en castellano.
Baziren, badira
San Telmo Museoaren neguko erakusketarik potoloena da «Baginen, Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasuna(eza)ren logikak». Azaroaren 27an zabaldu zen eta lerro hauek idazten ditudan unean bost aste dituzue berau ikusteko.
San Telmoren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetatik abiatu dira Ansa eta Barcenilla, enkargu hori jaso baitzuten museoaren aldetik.
Haizeak gidatutako bisitan hamabost bat lagun elkartu ginen, gehienak emakumezkoak. Ordu eta erdiz adierazi zigun zein izan den azken bi urte hauetan egindako lanaren emaitza.
Ez nuen oharrik hartu eta lerro hauek idazteko garaian jada ez ditut Haizeak esandako hainbat gauza gogoan.
Hori bai, gogoratu naiz Elixabete Garmendia kazetariak Berrian urte hasieran idatzitako Pintorea eta modeloa zutabeaz. Interesik baduzue, irakurri.
Gainera, asteburuan Xole Aramendiren erreportajea bidali dit lagun batek, Gara egunkariko Gaur8 gehigarrian larunbatean kaleratutakoa. Hau ere gomendagarria.
Horietaz gain, aipatu nahi dut astearteetan sarrera debaldekoa dela. Era berean, uste dut komeni dela programatutako bisita gidaturen bat egitea, erakusketa hobeto ulertzeko. Bisita hauek astearteetan (goizez gaztelaniaz, arratsaldez euskaraz) eta larunbatetan (euskaraz goizez, gaztelaniaz arratsaldez) dira: 10:30ean eta 18:00etan, hain zuzen ere. Webgunearen bidez hartu behar da tokia.
Goian esan bezala, asteazkenean, otsailak 9, bi komisarioek hitzaldia emango dute museoan iluntzeko 19:00etan. Bertaratzeko arazorik izanez gero, estekan badago Youtube-n ikusteko lotura, asteazken arratsaldean edota beste edozein unetan.
«Baginen, bagara» erakusketaren atarian Rosa Valverderen koadro bat dago, «Emakumea ohean» izenekoa. Lerro hauen irudia da. Barcenillak "Defendituko dut" leloaren defentsa egin zuen bisitan, ez baitago oso garbi zer defenditzen zuen Valverdek, baina ematen du interpretaziorako aukera polita.
Rosa Valverderen lanaren zati bat bildu da «Arte kaxak» izeneko erakusketan, San Telmoko bigarren solairuan, Laborategia izeneko gelan. Hau ere martxoaren 13ra arte dago bisitatzeko moduan.
Hortik aurrera zuena da erabakia. Hemen Rosa Valverderi buruz Dapak ekoiztutako bideoa.
Eran y son, este apunte en castellano.
Amonaren bizipoza
Igandean Gipuzkoako errepideak zapaldu bezain pronto, txio honekin gogoratu nintzen.
Llevo una hora riéndome con esto y quería que os rieseis vosotros también 😂😂😂. pic.twitter.com/mi0VrJff85
— melani (@melarefanfinfl4) January 23, 2022
Eta ez, ez dut esango betaurrekoak gure amaren etxea bezain garbiak zeudenik, baina tira, bai garbi samarrak.
Tira.
Ama aipatzen dudanez, gaur etxeko ordenagailua piztu dut hau idazteko eta pantaila babesle gisa jarritako amona Ramonaren argazki bat azaldu zait.
1960ko hamarkada amaierako ezkontza batean egindakoa da. Agian nire gurasoena da. Ez dut gogoratzen, amak bai aipatu baitzidan noizkoa den erretratua.
Erdi-erdian ageri da amona.
Eskuin eskuarekin cava botila bat (txanpaina esango zuten beraiek) erakusten dio argazkilariari. Ezkerra seme zaharrenaren sorbalda gainean dauka jarrita. Bien artean, atzean zutik, semearen emaztea ageri da, kopako likidoa irensten.
Beste aldean amonaren beste suhi bat ageri da. Serio.
Amonaren keinuak ematen dit bizipoza. Eta horregatik jarri nuen duela aste batzuk pantaila babesle gisa.
Bizipoza gutxienez ordenagailua piztu eta itzaltzerakoan.
Ezagutzen ez nuen 24 urteko neska gazte baten heriotzari aurre egiteko, adibidez.
Leire Iribarne Olhagarai Diabolo Kiwi taldeko abeslaria zen. Gugan bego.
Las ganas de vivir de mi abuela, estas líneas en castellano.