Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Ukraina: gerra eta propaganda

Ukraina: gerra eta propaganda

Mikel Iturria 2022/04/18 20:00
Alberto Piris-en zutabe bat euskaratu dut.

Azken aste hauetan, Alberto Pirisek Ukraina-Errusia gatazkaz zer argitaratu zain nengoen. Azkenean, hilaren 13an kaleratu zuen Ucrania: guerra y propaganda artikulu laburra Milicia y democracia foroan.

Aurten beteko ditu 90 urte Pirisek (Bilbon jaio zen 1932an), eta 1950eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide militarra Espainiako Armadan. Franco osteko urteetan, 1980ko hamarkadan, nazioarte mailan ibili zen estatu ordezkari gisa Felipe González presidente zen garaian. Armada utzi ondoren hainbat urtez analista lanetan aritu da Centro para la Investigación de la Paz (CIP) izenekoan.

Esan bezala, interes berezia nuen berak idatzitakoarekin. Irakurri eta euskaratzea erabaki dut.

Ukraina: gerra eta propaganda

Los ojos de la guerra izeneko liburuan (Plaza y Janés, 2001, Manuel Leguineche eta Gervasio Sánchez-ek koordinatutakoa), zera idatzi zuen Ryszard Kapuściński kazetari poloniarrak errealitatearen ezagutzari buruz komunikabideek jokatzen duten rolaz: "Gaur egun pantaila txikia historiaren iturri berri bat bihurtu da (...) Telebistak zabaltzen duen bertsioa da, inkonpetentea eta okerra, inposatzen dena, guk kontrastatu ezin duguna". Eta gehitzen du: "Gure arazoa da jakintza zehatza eta sendoa duten liburuak baino abiadura askoz handiagoan biderkatzen direla komunikabideak, eta horregatik erortzen da gero eta gehiago zibilizazioa telebistak ematen duen historiaren bertsioarekiko dependentzian, fikziozko eta ez benetako bertsioa".

Esandako horri gehitzen badiogu, jakina den bezala, gerra orotan propaganda ezinbestekoa dela gerra jardueren garapena errazteko, hobeto uler dezakegu Ukrainako inbasio errusiarrak munduan zehar barreiatu duen informazio kaosa. Batzuentzat gerra propaganda soila dena, besteentzat errealitatea da. Putin presidenteak gatazka honi buruz ematen dituen esplikazioak errusiar herriaren zati batek onartu eta gure komunikabideetan propaganda zabartzat hartzen den bezala, Biden presidentearen eta NATOko idazkari nagusi Stoltenberg-en adierazpenetan murgildurik bizi gara mendebaldearen zati handi bat, haiek ere propagandaren nahitaezko-kuota dutela ohartu gabe.

Oinarrizko bi propaganda klase daude: gezurra eta errealitatearen ezkutatzea. Gezurraren arazoa da beti agertzen dela: "Espainiarrek leherrarazi zuten Maine", "Sadam Husseinek suntsipen handiko armak ditu" eta abar. Soilik berehalako ondorioak lortu nahi badira eta egoki diseinatuta baldin badago da propaganda eraginkorra, ondo faltsututako eta zabaldutako frogetan oinarriturik.

Bigarren klasea maltzurragoa da: errealitateak ezkutatzean datza. "Kantzelatu", gaur egun esaten den bezala. Ez aipatu. Oihal iluna bota zabaldu behar ez denaren aurrean.

Adibidez: 2021eko martxoaren 24an, Zelensky-k Krimea errekuperatzeko presidente-dekretua eman zuen. Ezaguna al zaio hau irakurleari? Baten bat egonez gero, komunikabide gutxik aipatu zuten albistea. Ondoren, tropa mugimenduak egon ziren Ukrainako hego-ekialderantz. Handik gutxira, NATOk maniobrak egin zituen Baltikotik itsaso Beltzera. Errusiar ikuspuntutik, hori mehatxutzat hartzea harrigarria al da?

Beste adibide bat: gaur egungo gerraren zainetan 2014ko Krimeako errusiar anexioa dago. Kievekin baino. Krimea Moskurekin estuago lotzen dituzten erro historiko, sozial eta kulturalak ondo agertuko lituzkete Kapuścińskik penaz gogoratzen dituen liburuek. 1991n, erreferendum baten ondoren, Krimea SESBko errepublika autonomoa bihurtu zen, Ukraina ere independizatu baino sei hilabete lehenago. Kieveko gobernuak Krimea 1995ean inbaditu eta indargabetu egin zuen konstituzioa. Hau ere ez da ezagutzen: "ezkutatze bidezko propaganda" izango ote?

Era berean, ez da oso ezaguna 2014an egindako erreferendumean Errusiar Federaziora elkartzea eskatu zuela Krimeak, 1991ko antzeko emaitzarekin. Ikus ditzagun txanpon bereko bi aldeak: "Errusiak inbaditu eta okupatu du Krimea", propaganda batzuentzat, errealitatea besteentzat; "Krimea Errusian integratu da berriro" bezalaxe.

Harritu beharko liguke albiste bera propaganda izatea batzuentzat eta errealitatea besteentzat? Ez. Indarrean dagoen gerra baten nahitaezko emaitza da.

Soilik Historiak, urte batzuk pasata, emango digu aukera ezagutzeko nolakoa izan zen gatazka; egun Europako estatu batean heriotza eta suntsipena sortzen duen gatazka, nahasmena besteetan; batzuentzat eskasia, besteentzat pobrezia; lukro eta iruzur aukerak; tristezia eta gogo falta gizateriarentzat. Agian errealitateaz jabetzeko Historiak asmatuko du aspaldiko kokteleran gezurrak eta egiak nahasten. Nahiz eta guk ez ikusi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter